29. ALDIZKARIA - 2018ko otsailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

318E/2017 EBAZPENA, abenduaren 5ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena “Interkonexiorako hodiak, AP-15 Castejón” proiekturako, Castejongo udal-mugartean. Sustatzailea Castejongo Udala da.

2017ko azaroaren 13an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean dago sartua (komunikazio instalazioak). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

2017-2019rako Toki Inbertsioen Planaren berrikuntzen artean berariazko lerro bat dago telekomunikazio azpiegituretan egiten diren inbertsioetarako: zuntz optikoaren sareak hedatzeko erabiltzen ahal diren hodiak jartzea. Baimen honen xedeko proiektua esparru horretan dago.

Proiektatutako jarduketaren helburua kanalizazio bat egitea da, Castejongo herria Nafarroako Gobernuaren zuntz sare nagusiarekin lotzeko, etorkizunean telekomunikazio sareak herri horretan hedatzea errazagoa izan dadin.

Sare nagusiarekin lotzeko puntua AP 15-6700-AU-HF / ARQT660 kutxatila izanen da, AP-15 autopistan. Hoditeria lurzoru urbanizaezinean barna joanen da, herriko hiri lurzoruraino, zehazki, Larrad doktorearen kaleko 38raino, Castejón DBHIaren parean.

Lanen funtsa hau da: mikrozanga bat egitea 0,08 x 0,40 m eta 2.475 m luze, eta horren barrenean 7 hodia eta Ø40 mm-ko monotuboa instalatzea. Mikrozanga, azkenean, hormigoiz beteko da. Gainera, pasoko 6 kutxatila egitea aurreikusten da, 60x60 cm-koak.

Proiektuarekin batera, Ingurumen ukipenen azterlana aurkeztu da. Hartan, balizko ingurumen ukipenak identifikatu eta baloratzen dira, eta horietarako prebentzio eta zuzenketa neurriak ezartzen, baita ingurumen zaintzarako plan bat ere.

Proiektuaren jarduketa eremua herrigunearen hego-ekialdean kokatzen da, AP-15 autopistaren eta hiri lurzoruaren mugaren artean, nahiko antropizatuta dagoen eremu batean, non ureztaketako alorrak eta lur elkorrak nagusitzen diren.

Lurzoru urbanizaezinean, hoditeria, batez ere, eginak dauden bideetatik joanen da, salbu eta landare belarkarak dituen gune txiki bati eragiten zaion afekzio puntual bat, 15 bat metro luze den tarte batean, bideen artean dagoen ezponda batean, Castejongo 2. poligonoko 221A lurzatian.

Proiektua naturagune babestuen saretik, 2000 Natura Saretik eta hegaztientzako babes bereziko eremuetatik kanpo gelditzen da, eta ez du sare hidrografikoaren ur-ibilgurik ukituko, ez eta abelbiderik ere. Proiektuaren txikia eta ukitutako ingurunearen ezaugarriak ikusita, obrek ez diote ia ukipenik eraginen ingurune naturalari.

Hortaz, Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena eman du.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak aldeko txostena eman du 2017ko azaroaren 27an, baina baldintza batzuk ezarrita, lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerei dagokienez. Espedientean, Castejongo Udalak 2017ko irailaren 28an proiektuaren alde egindako txostena bildu da, proiektuaren hirigintzako bateragarritasunari buruzkoa.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Interkonexiorako hodiak, AP-15 Castejón” proiekturako, Castejongo udal-mugartean. Sustatzailea Castejongo Udala da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Hoditeria Castejongo 2. poligonoko 221A lurzatian larrez beteta dagoen ezpondatik eramateko tartean, lan eremua ahalik eta txikiena izanen da, eta inguruko zuhaitzak ukitzea saihestuko da.

–Lanak bukatuta, proiektuak ukitzen dituen eremu guztiak obra-hondakinik gabe utziko dira, eta behar bezala leheneratuak.

–Hondeatze lanetatik sobran gelditzen diren lurrak eta aglomeratuaren fresaketaren hondakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.

Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluan ezartzen diren ondorioetarako:

–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, kondukzioa Soria-Castejón trenbideko azpiko pasabide baten azpitik igarotzen denez, zerbitzurik gabe baitago, sustatzaileak ADIFi (Administrador de Infraestructuras Ferroviarias) eskatu beharko dio horren inguruko baimena.

–Castejongo Udalak okupazio espediente bat tramitatu beharko du sarea handitzeko, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 2/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarri bezala.

–Sustatzaileak behar den baimena eskatu beharko du 2/234 lurzatitik igarotzeko. Lurzati horren jabea Nafarroako Foru Komunitatea da (Autopista de Navarra).

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduera zehatzak telekomunikazio sarera lotzea.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Castejongo Udalari, Basozaintzari (Tuterako barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko abenduaren 5ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1714150