240. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

857E/2018 EBAZPENA, azaroaren 6koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ingurumen eraginaren txostena ematen duena Luzaideko udal-mugartean Granada zentral hidroelektrikoa birgaitzeko proiekturako. Sustatzailea Andueza Generación Eléctrica SL da.

2018ko apirilaren 25ean, Azpiegitura Energetikoen Atalak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuari hasiera emateko eskaera igorri zion Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4.d) multzoan.

Proiektatutako jarduketaren helburua da dauden azpiegiturak berregokitzea (Granada zentral hidroelektrikoaren presa txikiak, ubideak, sifoiak, karga-ganberak eta gainerako sistemak) eta zenbait ibilgutako emariak jaistea (Luzaide, Martxarreta, Xapitel, Nabarlaz I, Nabarlas II), guztira 747 l/s-koak, Luzaideko udal-mugartean.

Hauek dira aurreikusitako obrak:

–Deribazio ubidea: ubideko arraildurak aurkitu eta konpontzea. Zati handi batean, lur azpitik edo tunelaren barrutik joanen dira.

–Txirriskingo presa txikia: presa txikian dauden arraildurak konpontzea, hargunearen sareta horizontala aldatzea altzairu herdoilgaitzezko beste bat jartzeko eta, eskuineko bazterrean, altzairu galbanizatuzko arrain-eskala bat jartzea, Denil motakoa.

–Martxarretako hargunea: hargune berri bat egitea, ubide gisa erabiltzen den hodi galbanizatutik 15 edo 20 metrora. Xafla zulatu bat jartzea aurreikusi da, ura iragazteko, hodi edo ubide nagusiarekin lotzeko deribazio edo hodiraino. Aho bidezko sistema bat instalatzea aurreikusi da, urteko sasoi bakoitzean emari ekologikoak betetzeko.

–Xapitelgo presa txikia: dagoen hargunea moldatzea eta garraiatutako jalkinak presatik kentzea, bete-betea baitago, bukaerako uhatea irekiz. Dikean, hareari bidea ixteko uhate bat instalatzea, aho bidezko sistema bat izanen duena.

–Nabarlaz I hargunea: ubide nagusiak ibilgua gurutzatzen du. Hortaz, xafla zulatu bat jarriko da, ura igarotzen utziko duena ura ubide nagusira eramateko dagoen kondukzioraino. Aho bidezko sistema bera izanen du, maila ezberdinetan jarriak.

–Nabarlaz II hargunea: dagoen hargunea moldatzea. Hargunearen hasieran, harri-hormaz sendotuta dagoen jauzi natural baten goiko ezpaina aprobetxatzen da. Hargunetik 10 bat metrora, uhate bat dago, urak ibilgura ateratzeko gainezkabide gisa erabiltzen dena. Bai jarriko den xafla zulatuak edo saretak, bai emari ekologikoak bermatzeko uhateak, maila ezberdinetako ahoen bidezko sistema bera izanen dute.

–Xapitelgo sifoia: konponketa obrek 200 metro inguruko tartea hartuko dute, hargunetik hasita. Tarte horretara, oinez iristeko asmoa dago, ondoko baserritik, eta lauzak eskuz mugituko dira. Eragiten diren kalteak ikusi ahala konponduko dira. Arraildurak konpontzeko, morteroa erabiliko da, eta haritzen bat edo beste bota beharko da, edo haien erro batzuk atera, behinik behin.

–Karga-ganbera: dauden bi biltegietako zola hormigoi armatuz sendotuko da, 12 cm inguruko lodierakoa. Jauziaren hasieran, presioak konpentsatzeko bi tximinia kokatuko dira. Nolanahi ere, ez da 3 metroko altuera gaindituko.

–Hodi behartua: karga-ganberatik errepidera arteko tarteak ez du inolako konponketa lanik behar. Errepidetik makinen etxolara doan tartean, hodia jana dago toki batzuetan, eta saneatu beharko da. Ostiko bat eraikitzea ere aurreikusi da, presioa orekatzeko bi tximinia instalatzeko (150 mm-ko diametroa x 3,2 metroko altuera, hodiaren gainaldetik neurtua; lurzoru mailatik 1-1,5 metro aterako da) hoditerien abiapuntuan. Neurri horiek hartzeaz gainera, hodien erresistentzia eta estankotasuna hobetuko dira.

–Granada zentral hidroelektrikoa: Birgaitzea.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren txostena eman aurretik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. 20 kontsulta egin dira, honako hauei hain zuzen: Sustrai Erakuntza Fundazioa, Luzaideko Udala, Herri Lan Zuzendaritza Nagusia, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Arkeologia Atala, Nafarroako Arrantza Federazioa, Gurelur, Ekologistak Martxan, Cederna Garalur Elkartea, ELA, UGT, CCOO, LAB, NUP, Nafarroako Unibertsitatea, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa eta Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoa. 3 erantzun jaso dira, hots, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuarena, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalarena eta Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoarena. Haien edukia ebazpen honen baldintza zatian txertatu da.

Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalak, bere eskumeneko gaiei dagokienez, adierazi du proiektuak ez duela abelbideen gaineko ukipenik ekarriko.

Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoaren txostena ere badago. Bertan, aztergai jarritako dokumentazioaren gainean gogoeta batzuk azaldu ditu, eta, horren ondorioz, zuzenketa batzuk egin beharko zaizkio aprobetxamendu hidroelektrikorako uren kontzesio espedientea izapidatzen denean. Hidrologiaren gaineko kalteak saihesteko prebentzio eta zuzenketa neurriei buruzko azalpen batzuk ere egin ditu, eta kontuan hartu dira ebazpen hau idatzi denean.

Espedientean Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuaren txostena jaso da. Aipatzen da berrikusi egin direla Txapitel, Matxarreta, Navarlas eta Infernuko erreketako harguneentzat eskatutako emariak, zeinak Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoak 2017ko uztailaren 13an egindako bateragarritasun txostenaren araberakoak baitira; hala, erreka bakoitzaren emaria, behin emari ekologikoak kenduta, Q80 eta Q100 indizeen artean kokatzen da emari sailkatuen kurban. Halaber, proiektuaren ukipenak gutxitzeko kontuan hartu beharko liratekeen zenbait alderdi aipatzen ditu, eta ebazpen honen baldintza zatian jaso dira.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak egindako txostenean adierazi du Granada zentral hidroelektrikoaren birgaitzeari lotutako obrek ez dutela ondorio nabarmenik izanen ingurumenean, ebazpen honetan ezarri bezala, betiere proiektuan sartutako prebentzio eta zuzenketa neurri guztiak eta xedapen zatian ezarritako baldintzak betetzen badira, hori guztia deusetan galarazi gabe indarreko legediaren arabera behar diren beste baimen batzuk lortu beharra, batez ere, uren kontzesioari eta bere eskumeneko gainerako arloei dagokienez Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoak eman beharreko baimena.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura osatuta dagoela iritzita, eta azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen eraginaren txostena ematea Luzaideko udal-mugartean Granada zentral hidroelektrikoa birgaitzeko proiekturako, Andueza Generación Eléctrica SLk sustaturik. Horren arabera, proiektuak ez du ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenik izanen, betiere ere proiektuan jasotako prebentzio eta zuzenketa neurriak betetzen badira, eta, orobat, honako hauek:

–Obrak hasi baino 72 ordu lehenago, gutxienez, Aezkoa-Kintoa barrutiko Basozaintzari abisatu beharko zaio ( 686 502 927 telefonoa; emaila: ogfoaequ2@cavarra.es), obrak ikuska ditzan, eta, egokia bada, zuhaitzak markatu eta arrainak kendu.

–Ibilgua eta haren inguruak ukitzen dituzten lanak ekainetik azaroa bitartean eginen dira, salmonidoen ugaltze aldia ez oztopatzeko.

–Arrainak edo bestelako fauna sartzea galaraziko duten gailuak jarri beharko dira ubide guztietan.

–Ibaian egiten diren obrak, batez ere presa txikian egiten direnak, batere urik gabe egin beharko dira. Behar diren neurri guztiak hartuko dira hormigoi freskoa ibaiarekin kontaktuan egon ez dadin, ibaian behera dagoen fauna hil ez dadin.

–Deskargatzeko ubidea diseinatzean, ibilgailua higatzen ahal duen zurrunbilorik ez sortzea begiratuko da.

–Obrak egin aurretik, inbentario botaniko bat prestatu beharko da, Soldanella villosa, Vandenboschia speciosa, Stegnogramma pozoi, Cystopteris diaphana, Hymenophyllum tumbrigense edo Carex strigosa espezierik ote dagoen ikusteko eta, baldin badago, neurri osagarriak hartu behar diren jakiteko.

–Kargatzeko ganberan, arrapala bat eraiki beharko da bertara erortzen diren animaliak atera ahal izateko.

–Emaria eta emariaren bariazioak neurtu eta erregistratzeko gailuak ezarri beharko dira, proiektatutako lagin guztiak azkar egiaztatu ahal izateko. Gainera, abenduaren 20ko 344/1990 Foru Dekretuan adierazitakoa bete beharko da, izan ere, foru dekretu horren bidez zentral hidroelektriko txikiak instalatzeko proiektuek jaso beharreko ingurumen neurriak zehazten dira, eta ezartzen dira ukitutako ibaietako ibilguetan errespetatu beharreko gutxieneko emariak, ingurumena babesteko beste neurri batzuekin batera.

–Jarduera inoiz ere bertan behera uzten bada, kontuan hartu beharko da Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 89. artikuluan ezarritakoa, baita Basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legean ezarritakoa ere, 40. artikuluan adierazten baitu oztopoak kentzearen eta pasabideak eraikitzearen ondoriozko gastuak kasuan kasuko aprobetxamendu hidraulikoen kontzesio-hartzaileek ordaindu beharko dituztela.

–Obra hondakin guztiak hondakinen kudeatzaile baimendu baten eskura jarri beharko dira, araudian bertan ezarritako moduan.

2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, proiektua onesteko egintzaren aurka bide administratibo edo judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Azpiegitura Energetikoen Atalari, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari, Luzaideko Udalari, Basozaintzari (Aezkoa-Kintoa barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko azaroaren 6an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1813689