239. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

332E/2018 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena “Goi hornidura, Mendinueta konponbidea, 6. fasea, Itzagaondoa eta Lizoaingo hodiak” proiekturako, Lizoain-Arriasgoitiko eta Itzagaondoko udal-mugarteetan. Sustatzailea Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatea da.

2018ko abuztuaren 23an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hodiak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

“Goi hornidura, Mendinueta konponbidea, 6. fasea, Itzagaondoa eta Lizoaingo hodiak” proiektuaren xedea da Leiun, Iriso eta Turrillas udalerriak hornitzea, horietan dauden ur biltegietaraino iritsiko diren hodi berriak jarrita. Mendinuetako konponbidearen xedea da uraren hargune bat jartzea Nafarroako Ubidean, Mendinuetako jaurerriaren ondoan (hortik datorkio izena) eta, ponpatuta, ura eramatea Urrozko ur biltegi orokor batera, eta handik banatzea, lurpeko hodien bidez, herri desberdinetara. Proiektu hau Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren Tokiko Inbertsioen Planean sartuta dago, eta diru kopuru bat erreserbatuta dago hori finantzatzeko.

Proiektu honek bi jarduketa bereizi ditu:

–Hodi nagusia Lizoaingo udal-mugartean: Leiunerako adarra.

Lizoaingo hodi nagusiaren Leiunerako adarra Zalba udalerrian hasten da, eta Leiunen bukatzen. 2.230 metroko luzera du; lehen zatian, 310 metrotan, burdinurtu nodularrezko Ø 100 mm-ko diametro izendatuko hodia jarriko da, eta Leiunerako adarrean, 1.920 metrotan, dentsitate handiko polietilenozko Ø 90 mm-ko hodia. Zati honetan desbideratze kutxatila bat eraikitzea ere planteatzen da, baita 4 bentosa eta 5 hondoko hustubide ere. Tarte horretako hodia Leiunerako errepidearen paraleloan doa zati handi batean eta laborantzarako alorrak, ezpondak, bideak eta sastrakaz eta zuhaitzez betetako baso eremuak zeharkatzen ditu, baita Erro ibaia, NA-2330 errepidea eta Belokain edo Leiun erreka ere. Erro ibaia Natura 2000 Sareko ES200025 KBEan zeharkatzen du, “Irati, Urrobi eta Erro ugaldeen sistema”-ren barruan (54/2014 Foru Dekretuak deklaratua eta arautua), eta hodiaren ukipen zerrendak Nafarroako Baso Ondareko lurrak okupatzen ditu aldi baterako; zehazki, 11. poligonoko 19. lurzatia eta 12. poligonoko 79. lurzatia.

–Hodi nagusia Itzagaondoa udalerriko zatian: Iriso eta Turrillaserako adarrak.

Aurreko faseetan instalatutako Itzagaondoa haraneko hodi nagusiaren jarraipena da. Polietilenozko Ø 100 mm-ko hodia da; Ardatzen hasten da eta NA-2400 errepidearen ondotik jarraitzen du, gero errepide hori zeharkatu eta Iriso eta Turrillaserantz egiten du. Hor bi adar eginen dira bertako ur biltegietaraino, polietilenozko Ø 90 mm-ko hodia erabiliz. Horrez gain, desbideratze kutxatilak eta hondoko hustubideak ere eginen dira. Hodi nagusiaren luzera 5.340 metro ingurukoa da eta Iriso eta Turrillaserako bi adarrek 250 eta 350 metro inguru dituzte, hurrenez hurren. Hodia laborantzarako alorretatik igarotzen da nagusiki, baina sastraka eta zuhaitzak ere zeharkatzen ditu ur biltegietarako sarbideetan, Itzagaondoa eta Itzaga erreken gurutzaguneetan eta erreten eta arroiletan.

Espedientean aldeko txostena dago jasota, baina ezartzen du zenbait zehaztapen sartu behar direla Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Ataleko Landa Lurzoruaren Bulegoak 2018ko urriaren 22an emandako baimenean.

Espedientean jasota dago Lizoain-Arriasgoitiko Udalak eginiko hirigintzarekiko bateragarritasunari buruzko txostena, 2018ko irailaren 19koa. Bertan adierazten denez, hodia Udal Planean produktibitate ertaineko eta/edo basoko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatutako lurzorutik igarotzen da gehienbat, eta lurzoru horietan erabilera bateragarri eta baimengarriak dira azpiegitura eta zerbitzuen obrak; hortaz, obra hori bateragarria da Lizoaingo hirigintza planeamenduarekin.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, baldin eta betetzen badira prebentzio eta zuzenketa neurriak eta ingurumena zaintzeko plana, zeinak jaso baitira proiektuaren ingurumen ukipenen azterlanean eta ebazpen honen ebazpen zatiko baldintzetan.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Goi hornidura, Mendinueta konponbidea, 6. fasea, Itzagaondoa eta Lizoaingo hodiak” proiekturako, Lizoain-Arriasgoitiko eta Itzagaondoko udal-mugarteetan. Sustatzailea Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitatea da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Zanga egitean, landare lurra kendu eta behar den moduan bilduko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran erabili ahal izateko zangaren goiko bete-lanetan eta obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko orduan.

–Okupatu beharreko eremua ahalik eta gehien murriztuko da. Lanak hasi baino lehen, lanerako kalearen zabalera eta trazadura zehaztu eta mugatuko dira, baita materialak metatzeko puntuak, makinak tarte desberdinetara sartzeko bideak eta makinak aparkatzeko tokiak ere.

–Ez dago baimendurik obrako materialak pilatzea, ezta makinak izateko lekua ingurumenaren aldetik sentikorrak diren tokietan kokatzea ere (naturgune babestuak edo Natura 2000 Sarea, arboladi naturalak eta ibai bazterrak).

–Zalba inguruan, Erro ibaia eta ES2200025 KBEa (“Irati, Urrobi eta Erro ugaldeen sistema”) zeharkatzeko, lehendik dagoen pasabidea erabiliko da. Horretarako, hodiaren trazadura 20-25 metro lekualdatuko da hegoalderantz, eta bi ibaiertzetan dauden bideak aprobetxatuko dira, baita ibilguko hartxintxar ohearen gaineko pasabidea ere (UTM ETRS89 koordenatu hauen arteko gurutzagunea: X: 626.577 - Y: 4.743.331 eta X: 626.559 - Z: 4.743.289). Puntu honetan, obrak agorraldi garaian eginen dira, salmonidoen eta beste espezie batzuen errute eta ugalketa alditik kanpo; alegia, ekainetik azarora bitartean, biak barne. Uztailaren 2ko 54/2014 Foru Dekretuaren bidez onartutako KBEaren Kudeaketa Planean xedatutakoari jarraituko zaio.

–Obrak hasi eta ibilgua desbideratzeko elementuak jarri baino berrogeita zortzi ordu lehenago, harremanetan jarri beharko da Agoizko barrutiko Basozaintzarekin (telefonoa: 948 33 42 13 edo 608 062 669; ogfoaoiz8@navarra.es) eta Basozaintzaren Erronda Zentralarekin (telefonoa: 948 18 84 95; ogfocentral@navarra.es), ukitutako zatian arrantza elektrikoa egin eta ukitzen ahal den fauna atera behar bada ere.

–Ur-ibilguaren oheko kota ez da aldatuko hasierakoaren aldean, eta goiko 50 zentimetroetan, gutxienez, hasieran zegoen materiala jarriko da berriro, ibaiaren ekosistema zatitzea eragozteko asmoz. Ohearen granulometria naturala errespetatuko da eta jatorrizko ezpondak lehengoratu eginen dira.

–Espresuki debekatuta dago ibai-ibilguan edonolako isuriak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak edo hormigoia. Hormigoi freskoa ibilguan botaz gero, fauna piszikola berehala hilko da.

–Belokain edo Leiun errekaren gurutzagunean, eskuineko ertzean dagoen ametz ilaunduna (Quercus pubescens) ukitzea saihestu beharko da.

–Ardatz eta Iriso arteko Itzagaondoa erreka UTM 30T koordinatuen araberako puntu honetatik zeharkatuko da: X: 629.691 eta Y: 4.733.226; zehazki, eskuineko ertzeko finken mugatik 30 metro hego-mendebaldera dagoen puntu batetik, ertzek malda gutxiago duten eremu bat aprobetxatuz, makinak errazago hel daitezen.

–Obrak egitean, zuhaitz eta/edo zuhaixkak moztu, inausi edo sasiak kendu behar badira, horren berri eman eta baimena eskatu behar zaio aldez aurretik Basozaintzari, bat etorriz Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean zehaztutakoarekin (otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak eta hori garatzen duen araudiak aldatua).

–Lanek adarretan eta enborretan eragindako ebakiak eta urradurak errepasatu eginen dira lanak bukatutakoan, eta, hala, mozketa garbiak eta inausketa ongi eginak geldituko dira, zuhaitzek ez dezaten osasun problemarik izan.

–Lehengoratze lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu beharko dira.

–Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondar eta zabor guztiak kentzeko.

–Proiektua exekutatu ondoren, obrek ukitutako gainazal guztiak lehengoratu eginen dira. Landare lurra zabaldu ondoren, eremua profilatu eta lurra findu eginen da, inguruko lurrekin modu egokian bat egin arte alderdi fisiografikoari dagokionez. Geroago, belardietan landareak jarriko dira berriro, eremuak berezko dituen espezie belarkara eta zurkaren ereite edo hidroereite bidez. Horrez gain, kendutako hesi, zuhaixka eta zuhaitz autoktono isolatuak berriro jarriko dira, espezie autoktonoak landatuz, multzo irregularretan edo arboladi txikitan antolatuta.

–Ereitea edo hidroeitea ukitutako landaredi gainazal guztietan eginen da, eta aukeratutako nahasketa zerbitzu honekin kontsultatuko da lehengoratze lanak hasi baino lehen.

–Erro ibaiaren gurutzaguneetan eta erreketan, landare hauek landatuko dira ukitutako edo higadura geldiarazteko sortutako ezpondetan: lizarrak (Fraxinus excelsior eta F.angustifolia), zuhandorrak (Cornus sanguinea) eta iparraldeko edo hegoaldeko elorri zuria (Crataegus monogyna).

–Hondeatze lanetatik sobran gelditzen diren lurrak eta gainerako eraikitze eta eraiste hondakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.

–Obrak irauten duen bitartean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, ondare historiko eta arkeologikoaren arloan eskumena duen departamentuari horren berri emanen zaio, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 63. artikuluari jarraikiz.

–Baldin inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, landaredia naturala ukitzea, elementu bereziak aurkitu direla, eta abar) abisua eman behar bazaio basozaintzari, Agoizko barrutiko Basozaintzari emanen zaio (telefonoa: 948 33 42 13; ogfoaoiz8@navarra.es).

Hirigintzako kontuetarako, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioei jarraituko zaie.

–Bideei dagokienez, lur berdinketa eta lehengoratzea bermatuko dira, eta hodiarekin lotutako lurraren sestraren gainean elementurik egonez gero, 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dute bide publikoaren kanpoko ertzetik (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 art.).

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea.

–Egin diren eta espedientean jaso diren txosten sektorialetan xedatutakoari jarraituko zaio, edo kasuan kasuko baimenetan xedatzen denari.

–Herri-lurra ukitzeari dagokionez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean ezarritakoa beteko da, aintzat hartuz Herri-lurren Atalak 2018ko urriaren 8an emandako txostenean adierazitakoa (dokumentu honi erantsi zaio).

–Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehatzago, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren baimena, ukitutako errepideari dagokionez, Nafarroako Errepideei buruzko 5/2007 Foru Legean ezarritakoarekin bat, eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena ibilguen ukipenari dagokionez, urei buruzko indarreko legedian ezarritakoarekin bat.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, gehienez bi urteko epea ezartzen da ebazpen honen babespeko jarduketak egin edo abian jartzeko, baimena ematen denetik hasita. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak iraungiko dira zuzenean, eta baliorik gabe geldituko da. Baimendutako jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Baimen honek izanen ditu, orobat, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari dagokionez); aipatutako arau horrek onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Lizoain-Arriasgoitiko eta Itzagaondoko udalei, Basozaintzari (Agoizko barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urriaren 30ean.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1813353