239. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

856E/2018 EBAZPENA, azaroaren 6koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita “Ultzamako Udal Planaren egiturazko aldaketa: Urritzola-Galaingo hiri lurzorua handitzea” espedienteari buruz, Urritzola-Galaingo Kontzejuak (Ultzama) sustaturik.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, planen aldaketa ez-nabarmenek ingurumen ebaluazio estrategiko erraztua behar dute.

Espedienteari hasiera emateko, Udalak “Ultzamako Udal Planaren egiturazko aldaketa: Urritzola-Galaingo hiri lurzorua handitzea” gaiaren gaineko dokumentazioa bidali zuen 2018ko irailaren 17an.

Aldaketa 2018ko irailaren 6an hasiera batez onetsita, jendaurrean jarri da iragarki bat argitaratuz 2018ko 186. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 25ekoan. Gero, lurzatiaren identifikazio datuetan eta ukitutako azaleraren gaineko datuetan akats bat egin zela ikusirik, 2018ko irailaren 25ean berriz onetsi zen hasiera batez, eta iragarkia 2018ko 203. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 19koan, argitaratu.

Aldaketa txikia da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 5. artikuluan xedatutakoaren arabera. Legearen aplikazio esparruari dagokionez 6. artikuluan ezartzen denaren arabera, halakoetan, ingurumen ebaluazio erraztuaren prozedura segitu behar da. Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei dagokienez, identifikatu den administrazio publiko bakarra Ultzamako Udala da, eta Urritzola-Galaingo Kontzejua.

Aldaketaren helburua da hiri lurzorua handitzea, 7. poligonoko 437G azpilurzatitik hartutako 602,33 m² gehituz, erabilera anitzeko plaza bat sortzeko, Urritzola-Galainen hauteman den espazio publikoen eta komunitate-ekipamenduen gabezia estali ahal izateko.

Espazio publiko berria honako hauek mugatuko dute: Jasokunde kaleak, mendebaldetik, herriguneak, hegoaldetik, eta biltegiko bideak. Jarduketa-eremua landa espazio bat da, baso-lurzoru urbanizaezin gisa sailkatua, herrigunearekin mugakidea; herriguneak bezala, Arañoz mendiaren hegoaldeko mazelan dagoenez, oso aldapa pikoa du, iparraldetik hegoalderako orientazioa duena.

Jarduketaren ondorioz, lurzoruaren sailkapena aldatuko da; izan ere, lurzoru urbanizaezin izatetik hiri-lurzoru izatera igaroko da, eta topografia eta erabilera ere nabarmen aldatuko dira, gaur egungo larreak eta lizar bakanak kendu, eta hiri giroko ezaugarriak eta bestelako profil topografiko bat izanen dituen eremu bat sortuko baita. Aldaketaren ezaugarriak eta jarduketa eremua azterturik, ondorioztatu da, kontuan harturik azalera txikia ukitzen dela, aldaketak ez duela ondorio nabarmenik izanen ingurumenean.

Herria Ultzamako eta Basaburuko Hariztiek osatzen duten paisaia babestuaren eremu sentikorraren barruan kokatzen da. Hala ere, orain proposatzen den erabilera aldaketak ez ditu ukitzen naturagune babestu gisa deklaratzeko aintzat hartu ziren paisaia-balioak. Kotaz den bezainbatean, Urritzola-Galaingo herrigunea Gelbentzutik eta herrira iristeko errepidetik ikus daiteke, eta ez da paisaiaren gaineko ukipen nabarmenik aurreikusten.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak egindako txostenean adierazi du ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egin dela, eta aldeko txostena eman du.

Kontuan harturik ingurumen ebaluazio estrategiko laburtuaren prozedura egoki bete dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuak esleitu dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura ez erabiltzea “Ultzamako Udal Planaren egiturazko aldaketa: Urritzola-Galaingo hiri lurzorua handitzea” espedienteari dagokionez.

2. Aldeko ingurumen txosten estrategikoa ematea “Ultzamako Udal Planaren egiturazko aldaketa: Urritzola-Galaingo hiri lurzorua handitzea” espedienteari, ingurumenaren gainean ondorio nabarmenik ez duelakoan. Espedientearen sustatzailea Urritzola-Galaingo Kontzejua da.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluan aurreikusten denari jarraikiz, “ingurumen txosten estrategikoaren aurka ezinen da errekurtsorik jarri, deusetan galarazi gabe plan orokorraren egiturazko aldaketa onetsi zuen xedapen orokorraren aurka auzibidean jar daitezkeen errekurtsoak, edota Ultzamako Plan Orokorraren egiturazko aldaketa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jar daitezkeenak.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Ultzamako Udalari, Urritzola-Galaingo Kontzejuari eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko azaroaren 6an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1813688