239. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BARAÑAIN

Barañaingo Udaltzaingoko kabo lanpostu bat mailaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko deialdia. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendaren onespena

2018ko azaroaren 16an, Barañaingo Udaleko alkate udalburuak 1220/2018 zenbakiko Ebazpena eman zuen. Hona hemen:

Ikusirik Tokiko Gobernu Batzarrak 2018ko urriaren 5eko bilkuran hartutako erabakia, Barañaingo Udaltzaingoko kabo lanpostu bat mailaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarri arautzaileak onesten zituena.

Hautapen prozesuan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukaturik, eskaera bakarra dago, D 15 identifikazio zenbakia duen Barañaingo Udaltzaingoko agenteak aurkeztua. Udalak dituen datuak egiaztaturik, ikusi da interesdunak betetzen dituela eskatzen diren baldintzak, jarduneko zerbitzuan baitago, Udalean hiru urtetik gorako antzinatasuna baitu udaltzain lanean, eta B2 mailako hizkuntza eskakizuna egiaztatu baitu. Era berean, deialdian eskatzen diren betekizun formalak bete dira, parte hartzeko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu baita, hartan eskatzen diren agiriekin batera.

Kontuan hartuz Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 36.4. artikuluak honako hau ezartzen duela: “Izangai bat ere baztertu ez bada, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da”, eta tokiko administrazioen jardueren oinarrian egon behar duten ekonomiaren eta eraginkortasunaren printzipioekin bat, hautapen prozesuan interesa izan dezakeen inor kaltetzen edo babesgabe uzten ez dela ikusirik, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Onestea Barañaingo Udaltzaingoko kabo lanpostu bat mailaz igotzeko lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartu eta baztertu diren izangaien behin betiko zerrenda.

Bigarrena.–Onartutako izangaien behin betiko zerrendan sartzea D 15 identifikazio zenbakia duen Barañaingo Udaltzaingoko agentea; deialdian ez da inor baztertu.

Hirugarrena.–Ebazpen hau epaimahaiko kideei igortzea, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Barañaingo Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitara dadila agintzea.

Aditzera ematen da, ondorioak izan ditzan. Halaber, ohartarazten da erabaki horren aurka errekurtso hauetako bat para daitekeela:

1.–Aukerako berraztertzeko errekurtsoa, ebazpena eman duen udal organo berari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpenaren biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Foru Legearen 123. eta 124. artikuluetan xedatuari jarraikiz.

2.–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, arlo bereko epaitegiari edo salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak 8.1 artikuluan agintzen duenaren arabera.

3.–Orobat, eta hautara, zuzenean gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Barañainen, 2018ko azaroaren 19an.–Alkate udalburua, Oihane Indakoetxea Barberia.

Iragarkiaren kodea: L1814207