239. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

855E/2018 EBAZPENA, azaroaren 7koa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, ingurumen baimen integratua ematen duena zerriak elikatzeko pentsu konposatuak fabrikatzeko instalazio baterako. Instalazioa Caparrosoko udal-mugartean dago eta titularra Piensos de Caparroso SL da.

Instalazio horrek, gaur egun lanean ari denak, badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak otsailaren 22ko 391/2010 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 8ko 363E/2014 Ebazpenaren bidez aldatua.

Titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen: pentsu-pikorrak egiteko makina berri bat jartzea, garraiorako siloak handitzea eta garraiorako tunel berri bat egitea. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak funtsezko aldaketatzat jo zuen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Hortaz, beharrezkoa da beste ingurumen baimen integratu bat ematea instalazio osorako, martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 24. artikuluarekin bat.

Instalazio hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 2A eranskineko 2. epigrafean dago jasota, hots, “Animalia eta landare produktuak ontziratzeko industria instalazioak. Animalietatik ateratako lehengaiak, esnea izan ezik, erabiltzen dituzten instalazioak, produktu bukatuak ekoizteko ahalmena egunean 75 tonatik gorakoa badute; eta landareetatik ateratako lehengaiak erabiltzen dituztenak, produktu bukatuak ekoizteko ahalmena egunean 300 tonatik gorakoa badute (hiru hilabeteko batez besteko balioak)” izenekoan. Horren ondorioz, ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago, baita ingurumen eraginaren ebaluazioaren menpe ere, aplikatzen diren mugen eta irizpideen arabera. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen. Ildo horretan, erregelamendu horren 3C eranskinean jasotako irizpideak aplikatuta, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 8ko 398E/2018 Ebazpenaren bidez, erabaki zuen proiektuak ez zuela bete behar ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozedura.

Instalazioa, orobat, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren I. eranskineko 9.1.b) iii) epigrafean dago jasoa, hots, “Aldez aurretik tratatuak izan edo ez, honako lehengai hauen tratamendurako edo eraldaketarako (ontziratzeaz landara) diren instalazioak, gero landare eta animalietatik soilik ateratako lehengaiak erabiliz elikagaiak edo pentsuak fabrikatzeko direnak, hala produktu konbinatuetan nola bereiz, baldin eta produktu bukatuak ekoizteko ahalmena, egunean eta tonatan neurtua, atalasetik gorakoa bada”; baita Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako emisioei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 6.4.b)iii) epigrafean ere (testu bategina): “Aldez aurretik tratatuak izan edo ez, honako lehengai hauen tratamendua edo eraldaketa (ontziratzeaz landara), gero landare eta animalietatik ateratako lehengaiak erabiliz elikagaiak edo pentsuak ekoizteko direnak, hala produktu konbinatuetan nola bereiz, baldin eta produktu bukatuak ekoizteko ahalmena, egunean eta tonatan neurtua, atalasetik gorakoa bada.

Instalazioa, orobat, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 2. multzoko b) atalean dago sartuta.

Baimen honek lurgaineko uretan zeharka isurtzeko baimena dakar, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluaren aplikazioan eskatutakoa.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara emisioak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan ezarritakoarekin bat tramitatu da espedientea (erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta prozeduran sartu dira Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean aurreikusita dauden ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegazio bakarrik ere aurkeztu.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzuteko tramitean egon da hamabost egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu aipatu epean.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.g) artikuluan aurreikusitakoarekin bat,

EBATZI DUT:

Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea zerriak elikatzeko pentsu konposatuak fabrikatzeko Caparrosoko udal-mugartean dagoen instalazio baterako. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak. Instalazioaren titularra Piensos de Caparroso SL da.

Bigarrena.–Hondakin urak udalaren kolektore sarean isurtzeko baimena ere ematea, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen testu bateginaren (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) hamargarren xedapen gehigarrian eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta, une oro eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, besterik gabe berrituko da bost urtetik bost urtera.

Hirugarrena.–Atmosferara emisioak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer emisio egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren emisioetan izandako edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio.

Laugarrena.–Baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, arau hauetan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikulua.

Bosgarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta eskura dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiaren gainean eskura dauden hobekuntza teknikoei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikuluarekin bat.

Seigarrena.–Instalazioa edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Zazpigarrena.–Instalazioan zabaldutako eremua funtzionatzen jarri baino lehen, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Zortzigarrena.–Ingurumen baimen integratu honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak handitzeko proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunean, edo, betiere, aldaketa martxan jartzen den egunean. Bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hamargarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamaikagarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau Piensos de Caparroso SLi, Caparrosoko Udalari, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari, NILSAri eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko azaroaren 7an.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1813687