239. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

376E/2018 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak emana, baimena ematen duena Deierriko udal-mugartean oilaskoak gizentzeko dagoen hegazti ustiategi batean aldaketa nabarmen bat egiteko. Instalazioaren titularra Gonzalo Azcona Vidaurre da.

Instalazio honek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak ekainaren 2ko 243E/2014 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 8ko 238E/2016 Ebazpenaren bidez aldatua.

2018ko otsailaren 7an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, gizentzeko diren 35.000 oilaskorentzako tokia izanen duen nabe berri bat ezarri ahal izateko (guztirako ahalmena: 139.900 toki). Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak 2018ko martxoaren 5ean emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez funtsezkoa zen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berririk ematea. Baina aldaketa “nabarmena” zela zioen, aldaketa garrantzitsuak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu-baldintzetan. Hortaz, aldaketak ingurumen baimen integratuan jaso behar dira, eta hura aldatu.

2018ko apirilaren 3an, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko, hau da, gizentzeko diren 35.000 oilaskorentzako tokia izanen duen nabe berri bat eraikitzeko (guztirako ahalmena: 139.900 toki).

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, atmosferara emisioak egiteko baimena sartu da, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, kapitulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat garatzen duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpenaren proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.–Baimena ematea Deierriko udal-mugartean oilaskoak gizentzeko dagoen hegazti ustiategi batean aldaketa nabarmen bat egiteko, hots: gizentzeko diren 35.000 oilaskorentzako tokia izanen duen nabe berri baten proiektua gauzatzea (guztirako ahalmena: 139.900 toki). Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Gonzalo Azcona Vidaurre da.

Bigarrena.–Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera. Ebazpen honek babesten duen jardueraren exekuzioa edo abian jartzea jakinarazpena egiten denetik bi urteko epean gauzatu beharko da gehienez ere; epe hori amaituta, automatikoki agortuko dira baimenaren ondorioak, eta eraginkortasunik gabe geldituko da.

Hirugarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan hondakin arriskutsuen ekoizle gisa zentroak 15P02260090102014 zenbakiarekin duen inskripzioa mantentzea, eta hondakin ez-arriskutsuen ekoizle gisa inskribatzea, 15P03260090102018 zenbakiarekin. Ekoizten ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinen ekoizpenean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Laugarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 2600210609/1/5 plana onestea.

Bosgarrena.–Atmosferara emisioak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer emisio egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren emisioetan izandako edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio.

Seigarrena.–Aldaketa funtzionamenduan hasi baino lehenago, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Zazpigarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Zortzigarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamargarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

Hamaikagarrena.–Ebazpen hau Azcona Vidaurre, Gonzalori, Deierriko Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko azaroaren 8an.–Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendaria, César Pérez Martín.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1813739