239. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

340E/2018 EBAZPENA, urriaren 31koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona 13,2 kV-ko aireko linearen eta etxalderako kanpoko transformazio zentroaren eraldaketa proiektuari, Alesbesko udal-mugartean. Sustatzailea Transportes Maitxene SL da.

2018ko maiatzaren 9an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela. Testu bategina uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen. Baimena 2018ko ekainaren 5ean eskatu zen.

Proposamenak erlazionatutako bi proiektu jasotzen ditu. Lehenengo proiektua 13,2 kV-ko erdi tentsioko aireko linearen lehen lau euskarriak (1.201etik 1.204ra) berritzean datza. Linea horrek energia ematen die eremu horretako hainbat instalaziori, eta Alesbes-Cadreita 4616-02 erdi tentsioko aireko lineatik eratortzen da. Horren jabea Iberdrola Distribución Eléctrica SAU da.

Bigarren proiektua 80 m inguruko baoa berritzeari, hobetzeari eta isolatzeari buruzkoa da. Bao hori aurreko linearen amaieratik 1.205. euskarrira doa. Linea amaiera horrek energia ematen dio jardueraren sustatzaileak Alesbesko 2. poligonoko 1.031., 1.032., 679. eta 525. lurzatietan duen abeltzaintza jarduerari. Egungo transformazio zentroari eusten dion egungo euskarria ordezkatuko da, eta bertan, beste aireko kanpoko transformazio zentro bat jarriko da (100 KVA-ko potentziakoa). Gainera, profil edo gurutzetetan kanporatzeko zirkuitu etengailuen joko bat, ebakigailu bat eta tximistorratz autobalbulen joko bat jarriko dira.

Lehenengo proiektuaren linea Iberdrola Distribución Eléctrica SAUrena izatera igaroko da, eta bigarrenari dagokiona, hain zuzen ere linea amaierako euskarrira iristen den gunean eta transformazio zentroan, etxaldeko titularraren titulartasunekoa izanen da.

Berritzeak egungo erdi tentsioko linearen jatorri eta ibilbide berdera izanen ditu. Iberdrola Distribución Eléctrica SAUren jabetzako Alesbes-Cadreita 4616-02 erdi tentsioko aireko linearen 32. euskarrian gurutzeta metaliko berri bat jarriko da, proiektuan adierazitako desbideratzea egiteko. Hortik hasita, egungo euskarri hauen gurutzetak eta lokailuak aldatuko dira: 1.201. 1.202, 1.203; eta 1.204. euskarria ordezkatuko da. Berritzeko tartearen luzera 268 m-koa izanen da.

1.204 euskarri berriak egungo banaketa edo izardurari eutsiko dio linearen bi noranzkoetan. Bertan, gurutzetak eta ebakigailuak jarriko dira, izardura hori egiteko. Noranzko bat izapidetze honen xede da, eta beste noranzkoa, berriz, hego-mendebalderantz doa, beste jarduera batzuei zerbitzua emateko.

Hala zerbitzu ematen dion ustiategiaren eraikinaren mutur bat, nola linearen zati bat eta 1.204 eta 1.205 euskarriak Alesbesko 2. poligonoko 525. lurzatian daude; hain zuzen, zeharkako 5. errege altxonbidean, udalerri horretako mugatik ateratzean. Ordezkatuko den linea eta instalazioak mugatze hori baino lehenagotik daude han.

Proiektuaren helburuetako bat da abifauna talka egitetik eta elektrokutatzeko arriskutik babesteko neurriak ezartzea hala 32. euskarrian nahiz aldatu beharreko linearen gainerakoan.

Linea berriak zerbitzu emanen dien instalazioek jarduera sailkatuaren proiektuaren aldeko txostena dute. Hori udal ebazpenaren aurretik eman zen Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 25eko 89E/2018 Ebazpenaren bitartez. Ebazpen horretan, aplikazio baldintzak jasotzen dira, eta horien artean daude Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalak (VP035-17 espedientea) izapide horretan igorritako txostenean jasotakoak, abelbideak babestearekin eta errege altxonbidea okupatzeagatiko ordainketarekin lotuta.

2018ko abuztuaren 22an, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalak txostena egin zuen eta adierazi zuen proiektua bateragarria zela Nafarroako abelbideak babestearekin. Gainera, aipatu zuen abeltzaintzako jarduerari buruz txostena egin zela VP035-17 espedientearen barruan, eta bertako gogoetak kontuan izan behar direla. Halaber, Nafarroako abelbideak babestearekin lotuta aplikatzen ahal den legedia betez aplikatu beharreko beste baldintza orokor batzuk bete behar dira.

2018ko urriaren 15ean, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalaren txostena jaso zen, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioetarako.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proposamenaren aldeko txostena egin zuen, baldin eta aurkeztutako dokumentazioan abifauna babesteko ezarritako neurriak betetzen badira eta espedientean jasotako txostenak kontuan izaten badira.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea berritze proiektu honetarako: aireko linea elektrikoa, 13,2 kV-koa, eta etxalderako kanpoko transformazio zentroa, Alesbesko udal-mugartean. Transportes Maitxene SL enpresak sustatu du proiektua.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

• Lokailu guztietarako U70YB20-AL + PECA 1000 isolagailua erabili behar da.

• Deribazioko euskarrietan deribazioko zubi lasai guztiak erabat isolatuko dira, bai eta linea nagusiko zubi lasaiak ere. Kable eroaleen finkatzeko grapak isolatu beharko dira grapa estalki aurreformatuen bidez.

• Linea amaierako euskarrietan elektrokuzio arriskua murrizteko, erabat isolatuko dira lineako eroaleak eta tximistorratz autobalbulak lotzen dituzten zubiak, ebakigailuak (halakorik bada) zein konexioko botilak. Isolamenduan erabilitako materiala egokia izan beharko da goi tentsioko lanetarako eta hegaztiak babesteko. Bestetik, tximistorratz autobalbulak BCAC (“Bushing Connection Animal Cover”) aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.

• Lerrokadura euskarrietan, eroale zentrala isolatu egin beharko da metro batez albo bakoitzean eta finkatzeko grapa estalki aurreformatuen bidez estali beharko da.

• Obren fasea amaitu ondoren, lanen soberakinak garbituko eta kaltetutako eremuak lehengoratuko dira, proiektua gauzatu aurretik zeuden egoeran uzteko.

• Abelbidea okupatzearekin lotuta, Ingurune Naturalaren Zerbitzuak 2018ko uztailaren 27an igorritako txostenean adierazitakoa hartuko da aintzat (ebazpen honen jakinarazpenari erantsi zaio).

Hirigintza arloari dagokionez, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioetarako:

• Baimena emateko, zerbitzua ematen dien erabilerek eta eraikuntzek Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuaren zuzendariaren apirilaren 25eko baimenean (89E/2018 Ebazpena) ezarritako xedapenak bete beharko dituzte.

• Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu nahi diren beste jarduera batzuk azpiegitura honekin lotzea.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 112.2 artikuluaren arabera, azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.

• Herri-lurren gaineko ukipenari dagokionez, Herri-lurren Atalaren 2018ko uztailaren 20ko txostenean adierazitako baldintzak beteko dira (erantsi egin da).

• Egin gogo diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen (abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea) 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Ingurune Naturalaren Plangintza Estrategikorako Atalari, Alesbesko Udalari, Basozaintzari (12. barrutia, Tutera) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urriaren 31n.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1813361