239. ALDIZKARIA - 2018ko abenduaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

339E/2018 EBAZPENA, urriaren 31koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena aldatzen duena Cordovilla-Recajo 66 kV-ko aireko linean, 330. eta 332. euskarrien artean (Lizarran), trazadura aldatzeko proiekturako, Lizarrako udal-mugartean. Sustatzailea Iberdrola Distribución SAU da.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 19ko 165E/2018 Ebazpenaren bitartez, ingurumen ukipenetarako baimena eman zen linearen aldagai proposamen baterako. Proposamen horretan, lurzoru urbanizagarrian eginiko aldaketez gain, lurzoru urbanizezinaren zati bat sartzen zen, Lizarrako 5. poligonoko 402 A azpilurzatian 331 zenbakiko euskarri berri bat behar zuena, eta Lizarrako 5. poligonoko 1062 B azpilurzatian 330. euskarria aldatzen zen.

2018ko ekainaren 25ean, sustatzaileak aldaketa eskaera aurkeztu zuen, eta arrazoi teknikoengatik 331. euskarria gune altuago batean jarri behar dela adierazi zuen (Lizarrako 5. poligonoko 406 C azpilurzatia; lehorreko laborantzarako erabiltzen da) eta egungoaren ondoko 330. euskarria ordezkatu behar dela. Altitude handiagoa izanen duenez, ez da beharrezkoa izanen linea berriak zeharkatutako baso lurzatietako zuhaitzak botatzea.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak proposamenaren txostena egin zuen 2018ko uztailaren 27an, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena) 117. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta adierazi zuen aldatzea proposatu den baimen espedientean proposatutako baldintzak mantentzen direla.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak jakinarazi du aldaketak ez dakarrela aldatu nahi den baimen espedientean adierazitako ingurumen ukipenez bestelakorik, eta, beraz, proiektuaren aldeko txostena egiten duela, aldatuko den ebazpenean adierazitako baldintza berberetan (Lizarrako 5. poligonoko 402 A azpilurzatiko euskarri berriaren kokapenari buruzkoa izan ezik, ez baita aplikagarria).

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena aldatzea Cordovilla-Recajo 66 kV-ko aireko linean, 330. eta 332. euskarrien artean (Lizarran), trazadura aldatzeko proiekturako, Lizarrako udal-mugartean. Sustatzailea Iberdrola Distribución SAU da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Zerbitzurik gabe gelditzen diren azpiegitura guztiak desmuntatu eginen dira.

–Lehen euskarrian (330.ean) aldaketak egitean eta linea berria instalatzean euskarri horren inguruan (Lizarrako 5. poligonoko 1062 B azpilurzatia) hazten den landaretza naturalaren gaineko ukipena ahalik eta txikiena izatea bilatuko da.

–Behin azpiegitura instalatzeko beharrezko lanak bukatuta, ukitutako guneak lehengoratzeari ekinen zaio eta, hala badagokio, baso-erabilera berrezarriko da Lizarrako 5. poligonoko 1062 B azpilurzatian hondatu ahal izan diren guneetan.

Hirigintza arlokoak:

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, instalazioaren edo azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak linea elektrikora lotzea.

–Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren gainerako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen dugu ezen, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko direla, foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera baimena eman eta bi urteko epean egin edo abian jarri beharko da gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 2.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek izanen ditu, orobat, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan (lurzoru urbanizaezinean jarduerak gauzatzeko baimena eskuratzeko prozedurari buruzkoa) ezarritako ondorioak.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Azpiegitura Energetikoen Atalari, Lizarrako Udalari, Basozaintzari (9. barrutia, Lizarrako iparraldea) eta interesdunari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko urriaren 31n.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1813360