214. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Udal ordenantza, Lizarrako hirigune historikora eta komertzialera ibilgailuak sartzeko sistema arautzen duena. Sartu eta aparkatzeko kamera bidezko kontrola. Behin betiko onespena

Lizarrako Udalak, 2018ko uztailaren 5ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Lizarrako hirigune historikora eta komertzialera ibilgailuak sartzeko sistema arautzen duen udal ordenantza. Sartu eta aparkatzeko kamera bidezko kontrola.

Onesteko erabakia 2018ko 145. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 27an, eta jendaurreko epean aurkeztu diren alegazioak ebatzi dira; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen.

Lizarran, 2018ko urriaren 5ean.–Alkatea, Koldo Leoz Garciandía.

UDAL ORDENANTZA, LIZARRAKO HIRIGUNE HISTORIKORA ETA KOMERTZIALERA IBILGAILUAK SARTZEKO SISTEMA ARAUTZEN DUENA. SARTU ETA APARKATZEKO KAMERA BIDEZKO KONTROLA

HITZAURREA

Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako errege-dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, eta Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.g artikuluan ezarritakoa betez, udalerriei esleitzen zaie, besteak beste, trafikoaren antolamendua eta kontrola beren titulartasuneko hiri bideetan, halaber, udalei dagokie Zirkulazioari buruzko udal ordenantzen bidez arautzea hiri bideen erabilera, aparkalekuen banaketa orekatua ahalbidetuz erabiltzaile guztien artean, kontuan hartuz ibilgailuen zirkulazioan beharrezkoa den arintasuna eta oinezkoen joan-etorria, hiri bideak ixtea beharrezkoa denean, eta zenbait ibilgailuren zirkulazioa mugatzea hiri bideetan.

Era berean, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 139. artikuluan xedatzen da “Zenbait arlotako arau-hauste eta zehapenen tipifikazioa”:

“Herriko interesekoak diren bizikidetza harremanak eta zerbitzuen, ekipamenduen, azpiegituren, instalazioen, eta espazio publikoen erabilera behar bezala antolatzeko, sektoreko berariazko araudirik egon ezean, toki entitateek ezarri ahalko dute arau-hausteen eta zehapenen tipifikazioa, betetzen ez direnean ordenantzetan ezarritako betebeharrak, debekuak edo mugatzeak, ondoko artikuluetan ezarritako irizpideekin bat”.

Aipatu xedapenetan ezarritakoaren babesean, Lizarrako Udalaren ordenantza honen xedea da hiriko eremu berezienak babestea eta, hartara, helburu nagusia da alde zaharraren eta hirigune komertzialaren babesa.

Horretarako, bere kaleetako bide azpiegituraren berezitasunak kontuan hartuz, beharrezkoa da bide horiei tratamendu berezia ematea.

Udal administrazioak, honako araudi honen bidez, berariaz arautzen du ibilgailu motordunen sarbidea, egonaldia eta zirkulazioa hiriaren alde zaharrean barna, eta kontuan hartzen da kaleak oso estuak direla, saltoki edo negozio gehienen berezitasuna, egon ohi den oinezkoen trafiko handia, aparkatzeko beharra edo gune monumental guztien berariazko ezaugarriak, baita merkataritza handiagoko haren aldameneko kaleetan ere, bereziki Sorkunde Garbiaren pasealekuan eta hori Los Llanos parkearen eremuarekin lotzen duten kaleetan, orain arte hiriaren eremu urdina osatzen dutenak; eremu hori desagertu egingo da, aparkalekuen arautze berriaren ondorioz, egonaldiaren denbora kontrolatzera mugatuko baita, irudiak baliabide teknikoen bidez hartuta eta aldez aurretik ordaindu beharrik gabe.

Horregatik guztiagatik, Lizarrako hirigune historikora eta komertzialera ibilgailu motordunak sartzeko eta aparkatzeko sistema arautzen duten artikuluak ezartzen dira.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak indarra hartzean berrikuntza garrantzitsua ekarri du ordenantzen esparrura, estreinakoz ezarri baitira erregelamenduak egitean bete beharreko printzipioak eta organo eskudunek nahitaez bete beharreko hainbat gai.

Hala, erregelamenduak egitean ohiko mugak (legezkotasun printzipioa, arau-hierarkiaren printzipioa, publizitate printzipioa) ezartzeaz gainera, legegintza berriak “erregulazio onaren printzipioak” izenekoak ezartzen ditu, eta izen horren azpian biltzen dira “premia, efikazia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia” printzipioak, eta horiek bete beharra –Legearen 129. artikuluaren arabera– xedapen orokorraren hitzaurrean justifikatua egon behar da.

Aurreko paragrafoen bidez justifikatzen da premiaren, efikaziaren eta gardentasunaren printzipioak betetzen direla, eta haietan argi frogatzen da ekimena arrazoitzen duen interes orokorra justifikatua dagoela eta zalantzarik gabe identifikatuak daudela lortu nahi den helburua eta horretarako hautatu den tresnaren egokitasuna.

Espedientean jasotzen diren aurrekarietan ikusten denez, arau honen xede diren pertsonek eta taldeek modu aktiboan parte hartu dute arauaren prestakuntzan, ukitutako sektoreek ekarpenak egin baitituzte, eta arazoa aztertzeko bilerak eta abar egin baitira.

Ordenantza honetan jasotzen den erregulazioa da justu ezinbestekoa haren xedeari erantzuteko –bateragarri egitea, batetik, hiriaren alde jakin batean ibilgailu motordunekin sartu eta ibiltzeko eskubidea; bestetik, eremu horren kontserbazioa bermatzea, dituen ezaugarri bereziengatik eta, azkenik, joan-etorrien arintasuna bermatzea–. Ezin da jardun modu eraginkorragoan, ez eta ere eskubideak gutxiago murriztuz edo erabiltzaileei betebehar gutxiago ezarriz.

Gainera, irudiak hartzeko erabiltzen diren elementuek betetzen dituzte datu pertsonalak babesteko erregulazio-arauetan aplikagarriak diren mugak eta ordenantza honetan ezarritako helburua besterik ez dute, alde batera utzita arau-hausteak eta delituak atzemateko erabil daitezkeela, beharrezkoa bada, aplikagarriak diren xedapenetan ezarri bezala.

Segurtasun juridikoa berez dagokio honelako xedapen bat aplikatzeari, erregulazio-esparru egonkorra ezartzen baitu, aurreikus daitekeena, integratua, argia eta ziurtasunekoa eta, hartara, arauaren erabiltzaileek ez dute izango nahieran sorturiko administrazio jarduera bat, ordenamendu juridikoak jabari publikoko ondasunei dagokienez toki entitateei ematen dieten ahalen neurriz kanpoko erabileraren ondoriozkoa.

Azkenik, Lizarrako alde zaharrera eta ibilgailuen zirkulazioa arautu beharreko gainerako kaleetara sarbidea edukitzeko araubidea eta baimen prozedura, irudiak atzemateko elementuen bidez; arautzea erabat eraginkorra da, interesdunei ezartzen zaizkien karga administratiboen eta baliabide publikoen kudeaketaren ikuspegitik.

Aurrekontuaren ikuspegitik, begibistakoa da ordenantza aplikatzeak duen eragin ekonomikoa Udalaren aurrekontuan, lehenik eta behin, osagai teknikoez hornitzeko egin behar den inbertsioagatik eta, bigarrenik, desagertu egiten direlako eremu urdinaren zerbitzuak sorrarazitako diru-sarrerak, araudi berriaren aginduak ez betetzetik ezartzen diren zehapenetatik ateratzen den diru-bilketa mantentzen den arren.

Ezarri beharreko sistema berriak dakarren gastu gehikuntzari dagokionez, honek toki ogasunean duen inpaktua kalkulatzeko, gaur egun sarbide kontrolerako dauden instalazioen mantentze-lanen kostua kendu behar zaio.

I. TITULUA

Eskumena, helburuak, ukitutako eremua

1. artikulua. Eskumenak.

Ibilgailuen zirkulaziorako diren espazio publikoen erabilera arautzeari dagokionez, ordenantza hau onetsi da Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legea onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako errege-dekretuaren babesean, udalei dagozkien eskumenak erabiliz.

2. artikulua. Helburuak.

Xedapen honek, araututako eremuan ibilgailu motordunen sarbidea kontrolatzeko sistema ezartzearen bidez, honako helburu hauek ditu:

1. Oinezkoen eta txirrindularien joan-etorri segurua bermatzea Lizarrako alde zaharreko kaleetan zehar.

2. Hiritarren sarbide ordenatua eta baketsua ahalbidetzea alde zaharrean dauden saltoki, etxebizitza, kultur etxe eta ikastetxe, erakunde publiko eta gune monumentaletaraino.

3. Eremu horretako ekonomia eta garapena sustatzea.

4. Alde zaharrean dabiltzan ibilgailu motordunen kopurua murriztea.

5. Hiri barneko kalitate handiagoa lortzea eremu horretan, estetika hobetuz eta ibilgailu motordunek sorrarazitako zaratak eta keak murriztuz.

6. Hiriaren monumentu ondarea babestea ibilgailuen zirkulazioak eragindako emisioen kalteetatik.

7. Ordenantza honetan mugatzen den alde zaharraren ondoko eremu komertzialean, indarrean den eremu urdina ordeztea sarbideetan irudiak hartzen dituen sistema arautzaile berri baten bidez, egonaldiaren gehieneko denbora kontrolatzen duena eta aparkaleku eremuen etengabeko errotazioa ahalbidetzen duena.

3. artikulua. Ordenantzaren aplikazio eremua.

Trafikoaren erregulazio berezi honek ukitzen duen eremua hiriaren alde zaharrari eta gune komertzialari dagokie, eta kaleen zerrendak honela eransten dira: “I. eremuko eranskina/Alde zaharra” eta “II. eremuko eranskina/Gune komertziala”. Horien planoa xedapen honetan honela eransten da: “III. eranskina/Mugatze grafikoa eta kameren kokapena”.

I. eremua, “Alde zaharra”, Sarbide kontrolatuko eremu (SKE) gisa definitua dago eta honako kale hauek osatzen duten perimetroaren barnean: Sorkunde Garbiaren pasealekua, Deierri etorbidea, Entrañas aldapa, Zezenen kalexka, Nabarreria kalea, Merkatu Zaharra kalea eta Asteria kalea.

Perimetro horretatik kanpo, era berean sarturik daude San Nikolas kalea, Rúa kalea eta San Martin plaza.

III. eranskineko planoaren arabera, II. eremua “Gune komertziala”, Aparkatze mugatuko eremu (AME) gisa definitua dago eta honako kale hauei dagokie: Sorkunde Garbiaren pasealekua, San Veremundo, Jaun Gartzia Berrezarle (alde bat), Karlos II. Gaiztoa, San Andres, Vianako Printzea, Gustavo de Maeztu eta Aralar Mendia plaza, egungo eremu urdinaren mugaketarekin bat etorriz eta, hortaz, hark arautzen dituen eremu pribatuak barne hartzen dituela.

II. TITULUA

Sarbidea: lekuak eta baldintzak

I. KAPITULUA

I. eremua, “Alde zaharra”

4. artikulua. Seinaleztapena.

1. Ibilgailuak eremu kontrolatuan sartzeko sarbide gune guztietan, bide-seinale bertikalak egongo dira, baimenik ez duten ibilgailu motordun guztiek zirkulatzea debekatua dutela adierazten dutenak, bizitegi-kalearen (S-28) seinale orokor bat egoteaz gainera, honako hau adierazten duena:

–Ibilgailuen gehieneko abiadura 20 km/h da.

–Gidariek lehentasuna eman behar diete oinezkoei.

–Ibilgailu motordunek ezin dute aparkatu zamalanak egiteko behar den denbora baino luzeagoan, eta inolaz ere 30 minututik gora.

–Oinezkoak zirkulazio eremu osoan ibil daitezke.

–Jolasak baimenduak daude oinezkoen edo ibilgailuen zirkulazioa eragozten ez duten artean, bizikidetza arauak bete behar diren arren.

–Oinezkoek ez diete alferrik traba egin behar gidariei.

–Bizikletak, patinak, “segway” izenekoak, patin elektrikoak edo antzekoak eremu horietatik ibili ahalko dira oinezkoen zirkulazioa errespetatuz eta beren abiadura bidearen ezaugarrietara egokituz.

Era berean, sarbide kontrolatuko eremutik ateratzeko guneetan, bizitegi-kalea (S-29) bukatzen dela eta aurreko guneetan jasotako murrizketak bukatzen direla adierazten duten bide-seinale bertikalak egongo dira, zirkulazioko arau orokorrak berriz aplikatzen direla adierazten dutenak.

2. Sarbide kontrolatuko eremuan sartzeko eta handik ateratzeko guneetan instalatuak egongo dira irudiak hartuta matrikulak irakurtzeko gailuak, eta hala ere, kontrolerako beste edozein bitarteko erabili ahalko da.

5. artikulua. Sarrera eta irteera guneak. Matrikulen egiaztapena.

Sarbide kontrolatuko eremurako sarrera/irteera soilik egingo da sarbide kontrolerako guneetan zehar, honako kale hauetan daudenak:

–Sarrera/irteera:

  • Santiago plaza - Entrañas aldapa.
  • Foruen plaza - Sorkunde Garbiaren pasealekua.
  • La Imprenta kalea - Merkatu Zaharra.
  • La Rúa kalea - Curtidores.
  • San Martin plaza - Fray Diego kalea.

–Sarrera soilik:

  • Ruiz de Alda kalea - Espoz y Mina.
  • Nabarreria kalea - Lizarra pilotalekua.

–Irteera soilik:

  • San Nikolas kalea.
  • Antso Ramirez kalea.

Halako eran non, xede edo jatorriko kalearen arabera, sarrera edo irteera handik hurbilen dagoen kontroletik zehar egingo da.

6. artikulua. Ibilgailuen sarbidea Alde zaharreko Sarbide kontrolatuko eremuan (SKE), eta zirkulazioko arau orokorrak.

1. Sarbidea:

–Baimena eskatzetik salbuetsirik daude bizikletak, “segway”, patin elektrikoak edo antzekoak.

–Gainerako ibilgailuak sarbide kontrolatuko eremuan sartzeko, banakako baimena eduki behar dute, sarbide eskubidea ematen diena eta haren baldintzak zehazturik dituena, sarrera/irteera lekua, barnean egoteko denbora eta baimenaren iraupenari dagokienez.

–Eremu kontrolatuan sarrera zehatz bat behar den kasuetan, banakako eskaera egin beharko da sarrera hori egiteko. Interesdunak sartu behar duen ibilgailuaren matrikula eta data, gertaera hori gertatu aurretik, zuzenean sartuko ditu bitarteko telematikoen bidez sarbide kontrolerako sisteman, edo Udaltzaingoaren bidez tramitatuko du. Oinezkoen eremuan igaroteko gehieneko denbora 30 minutu da, eta ezin izango da 15 minututik gora aparkaturik egon.

–Premiazko sarrera bat gertatuz gero, ondoren gehienez ere 72 orduko epea edukiko da sarrera egin dela jakinarazteko.

2. Zirkulatzeko arau orokorrak:

–Sarbide kontrolatuko eremuetara sartzea eskatzen duten ibilgailuek indarrean eduki behar dituzte aseguru poliza eta IATren aldeko txostena.

–Sarbide kontrolatuko eremuetan ibiltzeko baimena eskuratzeko, ibilgailuei baimendutako gehieneko masa (BGM) 3,5 tonakoa da. BGM handiagoa duten ibilgailuen sarrera murriztua dago Herritarren Segurtasunaren eta Bizikidetza Arloko zuzendaritzaren baimenetara eta hark adierazten dituen mugak beteko dira.

–Gidariek beren ibilgailuak aparkatu ahalko dituzte soilik pertsonak beren etxebizitzetara eramateko eta zamalanak egiteko edo berariazko baimena duten bestelako jarduerak egiteko, eta honako baldintza hauek betetzen badira:

  • Ezinbesteko denbora besterik ez da erabiliko eta, nolanahi, baimen bakoitzaren berariazko baldintzak beteko dira.
  • Ibilgailuaren eta fatxadaren artean gutxienez metro bateko distantzia utzi behar da.
  • Ezingo da oinezkoen eta ibilgailuen ibilia eragotzi edo oztopatu, ezta atari, saltoki edo pasabide baimenduen sarbideak ere.
  • Neurri txikia duten kaleetan, ezin badira aurreko puntuak bete, aparkatzea debekatua dago.
  • Norabide bakarreko kaleetan araua da zamalanak eskuin aldean egitea hilabete bikoitietan (otsaila, apirila, ekaina, abuztua, urria eta abendua) eta ezkerraldean hilabete bakoitietan (urtarrila, martxoa, maiatza, uztaila, iraila eta azaroa).

Nolanahi den, baimena edukita ere, sarrera arrazoitua izan behar da, eta Udaltzaingoaren alorretik geroago eskatu ahalko da egindako sarrerak justifikatzen dituen dokumentazioa.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, sarrera ez badago justifikatua, Udaltzaingoak abian jarriko du dagokion zehapen-espedientea.

Dela berez jendea joan delako dela galtzadan jarduerak daudelako, oinezkoen dentsitateak ahalbidetzen ez badu pertsonendako arriskurik gabe sartzea, ezin izango da sartu egoera horrek irauten duen artean.

Horretarako, sartzea eragotzi ahalko da beste bitarteko batzuen bidez (hesiak, zutoinak, etab.) eta, nolanahi, Udaltzaingoaren jarraibideak beteko dira eta harekin harremanean jarri beharko da telefonoz edo eskura dagoen beste edozein modutara.

II. KAPITULUA

II. eremua, “Eremu komertziala”

7. artikulua. Seinaleztapena.

Erabiltzaileek errazago identifika dezaten, Aparkatze mugatuko eremua (AME) osatzen duten bideetako tarteak, behar bezala seinaleztatuko dira, bai horizontalean bai bertikalean, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu artikuludunean xedatutakoaren arabera.

8. artikulua. Sarrera eta irteera. Kontrola, aparkatzeko.

Eremu hau osatzen duten kaleetan ibilgailuen zirkulazioa librea da, hiri barruko bideetan zehar ibilgailuen zirkulazioa arautzen duten arauak besterik ez baituzte bete behar; salbuespena da horietan aparkatzeko egokitutako eremuetan aparkatzea, honako muga hauen arabera arautua baitago:

1. Ibilgailuak aparkatu ahalko dira kaleetan horretarako mugaturiko eta aurretik deskribaturiko guneetan, honako aldi eta ordutegi hauen arabera:

a) Aparketzeko 90 minutu izango dira, gehienez ere.

b) Ordutegia izango da astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, jaiegunak izan ezik, eta larunbatetan 9:00etatik 14:00etara.

c) Aparkatze mugatuko eremuan baimendutako gehieneko denbora bukatu aurretik, ibilgailua handik kendu behar da, eta nahitaez atera behar da araututako eremutik.

Aparkatze mugatuari dagokionez, ordenantza honetan xedatutakoa betetzen ote den kontrolatuko da matrikulak irakurtzen dituzten kamarak instalatuz AMEn sartzeko guneetan, alde batera utzita Udaltzaingoaren bidez erabil daitezkeen kontrolerako bestelako bitartekoak.

III. TITULUA

Sarbide kontrolatuko eremuan (SKE) eta Aparkatze mugatuko eremuan (AME) sartzeko, bertan egoteko eta funtzionatzeko irizpideak

I. KAPITULUA

Sarbide kontrolatuko eremua

9. artikulua. Baimenak.

1. Baimen motaren arabera ezarritako irizpideei jarraikiz eskatuko eta emango dira baimenak. Honako baimen mota hauek daude:

A. Baimenak SKEren perimetroan helbideraturik dauden ibilgailuendako.

1.–Automatikoki ofizioz sartuko dira ibilgailua helbideraturik duten eta sarbide kontrolatuko eremuko egoiliar diren pertsona guztiak.

2.–Sarbide kontrolatuko eremu osoan zehar ibiltzea eta kontrol gune guztietatik ibiltzea ahalbidetuko du.

3.–Egonaldia honakoa izango da sarbide kontrolatuko eremuan:

–Mugagabea, ibilgailua aparkaleku (garaje) batean aparkatzen bada.

–Ibilgailua aparkaleku batean aparkatzen ez bada, zamalan txikiak egin ahalko ditu bere egoitzatik hurbilen dagoen lekuan, ezinbesteko denboran, eta ez da 15 minututik gora egongo. Kasu horretan, sarbide kontrolatuko eremuan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da.

B. Sarbide kontrolatuko eremuan kokatua dagoen helbidea duten bizilagunak.

Baimen hau honako hauei zuzentzen zaie:

B.1.–Ibilgailua jabetzan, “renting”, “leasing” edo antzeko formula baten bidez duten bizilagunak, SKEren perimetroan helbideraturik ez daudenak.

B.2.–Aldi baterako mugitzeko ezintasuna izanik, beren kabuz mugitzeko gai ez diren edo mendekotasun egoeran dauden bizilagunak. Gehienez ere bi ibilgailu, eta inoiz beste ibilgailu batzuekin sartzeko beharra edukiz gero, berariazko baimena beharrezkoa da.

Sarbide kontrolatuko eremuan noizean behin sartu behar den egunari eta ibilgailuari buruzko informazioa, baimenaren titularrak zuzenean sartuko du horretarako ezarritako bitarteko telematikoen bidezko sarbide-kontrolerako sisteman, zac@estella-lizarra.com posta elektronikoan edo Udaltzaingoaren bidez. Tramite hori gertaeraren aurretik egin behar da, eta ez bada posible, ondoren gehienez ere 72 orduko epea edukiko da sarrera egin dela jakinarazteko.

B.3.–70 urtez gorako bizilagunak, gehienez ere bi ibilgailu dituztenak.

Inoiz beste ibilgailu batekin sartzeko beharra edukiz gero, baimena eskatu beharko da, B.2 kasuan araututako prozedura berari jarraikiz.

B.4.–Ibilgailua jabetzan ez duten bizilagunak eta, inoiz, beren etxebizitzan zamalan handiren bat, izaera pribatukoa, egin behar dutenak.

Baimena lortzeko prozedura, aurreko B.2 eta B.3 apartatuetan araututakoa izango da; hala ere, kasu horretan interesdunak behar bezala arrazoitu behar du SKEra sartzeko beharra.

2. Baimen hauetakoren bat lortzeko, eskabidearekin batera honako agiri hauek erantsi behar dira:

B.1.

–Sarbide kontrolatuko eremuan erroldaturik dauden bizilagunak, ofizioz egiaztatuko da. Erroldaturik ez daudenak, sarbide kontrolatuko eremuan bizilekua dutela frogatzen duen dokumentazioa eta NANaren fotokopia.

–Ibilgailua eskatzailearen izenean eta Lizarran helbideratua badago, dokumentazioa ofizioz egiaztatuko da. Lizarran helbideratua ez badago, “renting”, “leasing” edo antzeko formula baten bidez badago, hori frogatzen duen dokumentazioa erantsi behar da.

B.2.

–Sarbide kontrolatuko eremuan erroldaturik dauden bizilagunak, ofizioz egiaztatuko da. Erroldaturik ez daudenak, sarbide kontrolatuko eremuan bizilekua dutela frogatzen duen dokumentazioa eta NANaren fotokopia.

–Mugikortasun murriztua duten pertsonen aparkatzeko behin-behineko txartelaren fotokopia edo mendekotasun balorazioaren ebazpena, edo egoera hori frogatzen duen agiria.

–Ibilgailu motordunaren matrikula.

–Baimenerako kalkulatzen den iraupena.

B.3.

–Sarbide kontrolatuko eremuan erroldaturik dauden bizilagunak, ofizioz egiaztatuko da.

Erroldaturik ez daudenak, sarbide kontrolatuko eremuan bizilekua dutela frogatzen duen dokumentazioa eta NANaren fotokopia.

–Noizbehinkako ibilgailuaren matrikula.

B.4.

–Sarbide kontrolatuko eremuan erroldaturik dauden bizilagunak, ofizioz egiaztatuko da.

Erroldaturik ez daudenak, sarbide kontrolatuko eremuan bizilekua dutela frogatzen duen dokumentazioa eta NANaren fotokopia.

–Sartzeko eskaera egiten duen ibilgailu motordunaren matrikula.

3. Baimen hauen bidez ahalbidetzen da sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea etxebizitzatik hurbilen dagoen ibilbidetik salgaien zamalanak egiteko, eta B.2 eta B.3 kasuetan, baimena duten pertsonak beren helbideetara eramateko, ezinbesteko denboran, eta ezin izango da 15 minututik gora aparkaturik egon. Sarbide kontrolatuko eremuan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da.

Sarbide kontrolatuko eremuan, aldi berean, soilik egon ahalko da baimendutako ibilgailuetako bat.

4. Jabetzako ibilgailua sartzeko baimena iraunkorra edo aldi baterakoa izango da, “renting”, “leasing” edo antzeko kontratuaren iraupenaren arabera.

Mugitzeko ezintasuna duten bizilagunen kasuan, baimena urtebetekoa izango da, gehienez ere. Baimena iraungi ondoren, bizilagunak mugitzeko zailtasunekin jarraitzen badu, aldi baterako beste baimen bat eskatu beharko du eta, horretarako, dagokion medikuaren txostena erantsi behar du.

Mendekotasuna duten pertsonen kasuan, baimena iraunkorra izango da.

70 urtez gorako pertsonen kasuan, baimena iraunkorra izango da.

Nolanahi, baimen horretarako eskubidea galduko da sarbide kontrolatuko eremuan bizitzeari uzten zaionean.

5. Motozikleta edo ziklomotor bat denean, sarbide kontrolatuko eremu osoan zehar ibili ahalko du, edozein kontrolgunetik pasatu eta egonaldi mugagabea izango du horretarako egokituriko leku (garaje) batean aparkatzen badu.

C. Sarbide kontrolatuko eremuan dagoen garaje baten titularrak edo erabiltzaileak.

1.–Sarbide kontrolatuko eremuan dagoen garaje baten titularrari edo erabiltzaileari zuzendua.

2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera honako agiri hauek erantsi behar dituzte:

–Haren jabetza edo erabiltzeko eskubidea frogatzen duen agiria.

3.–Sarbide kontrolatuko eremuan zehar ibiltzea ahalbidetzen du, garajeraino dagoen ibilbide hurbilekoenetik, eta soilik garaje horretan aparkatzeko xedez.

Ez dio gidariari baimenik ematen bere ibilgailua sarbide kontrolatuko eremuan aparkatzeko.

4.–Garajeko aparkaleku hori hainbat pertsonek erabiltzen badute, baimendutako ibilgailu bakar bat egon ahalko da, aldi berean, eremu kontrolatuan.

D. Sarbide kontrolatuko eremuan kokaturiko saltegien titularrak.

1.–Baimena, jendearetzat zabalik dagoen eta sarbide kontrolatuko eremuan kokaturik dagoen baimendutako saltegi baten titularrarentzat.

2.–Baimen hori lortzeko, eskabidea besterik ez dute aurkeztu behar.

3.–Establezimenduaren titulartasuna duenak bi ibilgailu ere sartu ahalko ditu baimen horrekin. Ibilgailu horiek ezingo dute eremu kontrolatuan aldi berean ibili, berariazko baimena izan ezean.

4.–Ahalbidetuko du sarbide kontrolatuko eremuan ibiltzea 08:00etatik 21:00etara, establezimendutik hurbilen dagoen ibilbidean zehar, saltegia irekitzen den egunetan eta zamalan txikiak egiteko ezinbesteko denboran, eta ezin izango da 15 minututik gora aparkaturik egon.

Sarbide kontrolatuko eremuan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da.

5.–Saltegiko titularrak aldian behingo baimenak eskatu ahalko ditu establezimenduko bezero direnen ibilgailuetarako, sarbide kontrolatuko eremuan sartu behar badute, salgaiaren bolumena, pisua edo beste edozein inguruabar dela eta, zamalanak egiteko beharrezkoa denean. Eskabidearekin batera, ibilgailua identifikatzeko datuak erantsiko ditu. Egoteko denbora ezinbestekoa izango da, eta ezin izango da 15 minututik gora aparkaturik egon.

Oinezkoen eremuan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da.

Sarbide kontrolatuko eremuan noizean behin sartu behar den egunari eta ibilgailuari buruzko informazioa, establezimenduaren titularrak zuzenean sartuko du horretarako ezarritako bitarteko telematikoen bidezko sarbide-kontrolerako sisteman edo Udaltzaingoaren bidez.

Tramite hori gertaeraren aurretik egin behar da, eta ez bada posible, ondoren, gehienez ere 72 orduko epea edukiko da sarrera egin dela jakinarazteko.

6.–Zamalanak, ahal den neurrian, jatorriko edo xedeko establezimendutik edo higiezinetik hurbilen dagoen eremuan egingo dira. Inolaz ere ez dira lurzoruan pilatuko edo utziko.

E. Zamalanak.

1.–Baimena, zirkulaziorako sarbide kontrolatuko eremuan zamalanak egiten dituzten ibilgailu industrialak eta komertzialak dituen enpresa baten titularrarentzat.

2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera erantsi behar dute:

–Administrazio eskudunak emandako garraiorako administrazio baimenaren kopia, nahitaezkoa denean.

–Garraiorako baimena nahitaezkoa ez denean, interesdunak frogatu beharko du Ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) alta emana duela.

3.–Sarbide kontrolatuko eremuan zehar ibiltzea ahalbidetuko du astegunetan 08:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Larunbat eta jaiegunetan, 08:00etatik 11:00etara.

4.–Sarbide kontrolatuko eremuan egoteko denbora zamalanak egiteko izango da, horretarako ezinbestekoa den denboran, eta denbora hori ez da bestelako zereginetan aritzeko erabiliko.

5.–Zamalanak, ahal den neurrian, jatorriko edo xedeko establezimendutik edo higiezinetik hurbilen dagoen eremuan egingo dira. Inolaz ere ez dira lurzoruan pilatuko edo utziko. Norabide bakarreko kaleetan araua da zamalanak eskuin aldean egitea hilabete bikoitietan (otsaila, apirila, ekaina, abuztua, urria eta abendua) eta ezkerraldean hilabete bakoitietan (urtarrila, martxoa, maiatza, uztaila, iraila eta azaroa).

F. Lanak, aldairak eta etxeko konponketak.

1.–Baimena, zirkulaziorako sarbide kontrolatuko eremuan lanak, aldairak eta etxeko konponketak egiten dituzten ibilgailu industrialak eta komertzialak dituen enpresa baten titularrarentzat.

2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera erantsi behar dute:

–Administrazio eskudunak emandako garraiorako administrazio baimenaren fotokopia, nahitaezkoa denean.

–Garraiorako baimena nahitaezkoa ez denean, interesdunak frogatu beharko du Ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) alta emana duela.

–Obra lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren kopia.

3.–Sarbide kontrolatuko eremuan sartu eta ibiltzea ahalbidetuko du astegunetan 08:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:30era. Jaiegun ez diren larunbatetan 08:00etatik 11:00etara.

4.–Sarbide kontrolatuko eremuan zamalanak egiteko ordutegitik kanpo egon behar bada, sarrera zehatz baterako eskaera egin beharko dute, eta hartan justifikatuko dute arrazoia, iraupena eta zamalanak egiteko ordutegitik kanpo sartzeko beharra.

Eskaera hori bitarteko telematikoen bidez edo Udaltzaingoaren bidez tramitatu beharko da, gertaeraren aurretik.

5.–Sarbide kontrolatuko eremuan egoteko denbora zamalanak egiteko izango da, horretarako ezinbestekoa den denboran, eta denbora hori ez da bestelako zereginetan aritzeko erabiliko.

6.–Zamalanak, ahal den neurrian, jatorriko edo xedeko establezimendutik edo higiezinetik hurbilen dagoen eremuan egingo dira. Inolaz ere ez dira lurzoruan pilatuko edo utziko. Norabide bakarreko kaleetan araua da zamalanak eskuin aldean egitea hilabete bikoitietan (otsaila, apirila, ekaina, abuztua, urria eta abendua) eta ezkerraldean hilabete bakoitietan (urtarrila, martxoa, maiatza, uztaila, iraila eta azaroa).

G. Larrialdietako ibilgailuak.

1.–Osasun zerbitzuak, su-itzaltzekoak, polizia, babes zibila eta anbulantzia zerbitzuetarako ibilgailuendako baimena.

2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera honako informazio hau erantsi behar dute:

–Ahal dela, zerbitzuetatik bertatik emango dituzte matrikulen zerrendak, eta matrikula sisteman irauliko dira.

–Halakorik ezean, ibiligailuak behar bezala errotulaturik eta atzealdean identifikatuak badaude, egiten diren sarrerak ofizioz baimenduko dira.

3.–Ahalbidetuko du egunaren edozein unetan eta kontrol gune guztietatik sartzea eta sarbide kontrolatuko eremuan egotea, larrialdietako lanak edo esleitutako zaintza lanak egiten ari badira.

H. Taxiak.

1.–Automobilean bidaiariak eramateko zerbitzu publikoari atxikitako ibilgailu baten titularrendako baimena.

2.–Hona hemen baimena lortzeko prozedura:

–Lizarrako Udalaren lizentzien erregistroan dauden lizentziadun ibilgailuen datuak automatikoki irauliko dira matrikulak irakurtzeko sisteman.

–Interesa duten eta aurreko puntuan sartzen ez diren gainerako pertsonek eskabide bat aurkeztu beharko dute administrazio eskudunak emandako administrazio baimenaren fotokopiarekin batera eta ibilgailuaren matrikula adierazi.

3.–Ahalbidetuko du egunaren edozein unetan eta kontrol gune guztietatik sartzea, zerbitzuan badaude eta zerbitzuaren jatorria edo xedea sarbide kontrolatuko eremuan badago. Sarbide kontrolatuko eremuan ezin izango du egon beharrezkoa baino denbora luzeagoan, eta inolaz ere ez du gaindituko 20 minutuko epea.

I. Administrazio publikoen ibilgailu ofizialak.

1.–Baimen hori Lizarrako Udalarentzat, Jurramendiko Mankomunitatearentzat, Nafarroako Gobernuarentzat eta ibilgailu ofizialak dauzkaten gainerako administrazio publikoentzat da, sartzeko beharra arrazoituz frogatzen bada.

2.–Administrazioetatik bertatik emango dituzte matrikulen zerrendak, eta matrikula sisteman irauliko dira.

3.–Baimen honen bidez ahalbidetzen da sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidetik mantentze-lanak egiteko, salgaien zamalan txikiak egiteko, eta egun eta orduen mugarik gabe pertsonak beren helbideetara eramateko, ezinbesteko denboran, eta ezin izango da 15 minututik gora aparkaturik egon. Oinezkoen eremuan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da.

J. Lizarrako Udalean zerbitzuak egiteko enpresa emakidadunen ibilgailuak.

1.–Baimen hori Lizarrako Udalaren enpresa emakidadun baten titularrarentzat da, ibilgailuak Udalaren logotipoarekin errotulaturik dituena, sartzeko beharra arrazoituz frogatzen bada.

2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera erantsi behar dute:

–Sarbide kontrolatuko eremuan sartzeko beharraren azalpen arrazoitua.

3.–Ahalbidetzen da sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidetik, baimenean zehazturiko mugarekin eta ezinbesteko denboran. Ibilgailua ezin da egon sarbide kontrolatuko eremuan, egiten diren lanetarako beharrezkoa ez bada.

4.–Baimenaren indarraldia emakidaren epearekin bat etorriko da.

K. Mugikortasun murriztua duten pertsonek aparkatzeko txartelen titularrak.

1.–Baimen hori Mugikortasun murriztua duten pertsonek aparkatzeko txartelen titularrentzat da.

2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera erantsi behar dute:

–Mugikortasun murriztua duten pertsonek aparkatzeko txartelaren fotokopia.

3.–Ahalbidetzen da sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidean zehar. Txartela ikusteko moduko lekuan jarriko da. Eremuan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da.

4.–Alta eman ahalko diete bi ibilgailuri. Aldian behin beste ibilgailu batzuekin sartu behar badute, eskaera egin beharko dute, ibilgailu zehatzaren matrikula adierazita.

Sarbide kontrolatuko eremuan noizean behin sartu behar den ibilgailuari buruzko informazioa (data eta matrikula), baimenaren titularrak zuzenean sartuko du horretarako ezarritako bitarteko telematikoen bidezko sarbide-kontrolerako sisteman, zac@estella-lizarra.com posta elektronikoan edo Udaltzaingoaren bidez. Tramite hori gertaeraren aurretik egin behar da, eta ez bada posible, ondoren gehienez ere 72 orduko epea edukiko da sarrera egin dela jakinarazteko. Sarbide kontrolatuko eremuan, aldi berean, soilik egon ahalko da baimendutako ibilgailuetako bat.

5.–Sarbide kontrolatuko eremuan sartzeko baimenen indarraldia txartelaren indarraldiaren epearekin bat etorriko da, 5 urtekoa gehienez ere.

L. Hotel-establezimenduak.

1.–Baimena, sarbide kontrolatuko eremuan kokaturik dagoen ostatu baten titularrarentzat da, bezeroak sartzeko behar badute.

2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera honako agiri hauek erantsi behar dituzte:

–Aparkaleku bat eskatuz gero, titulartasuna eta plaza kopurua frogatzen dituen agiria.

3.–Ahalbidetzen da sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidetik, ostaturako erreserba epearen denboran.

Sarbide kontrolatuko eremuan sartu eta egon ahalko da ekipajearen zamalanak egiteko establezimenduaren ondoan, ezinbesteko denboran, eta ez da inolaz ere 30 minututik gora egongo. Ez dio gidariari baimenik ematen bere ibilgailua sarbide kontrolatuko eremuaren beste leku batean aparkatzeko. Aparkaleku plaza bat daukan establezimendua bada, ez du mugarik izango sarrera kopuruari eta egonaldiari dagokienez; azken hau, dagokion garaje plazan aparkatzen badu.

4.–Sarbide kontrolatuko eremuan noizean behin sartu behar den ibilgailuari buruzko informazioa (data eta matrikula), hotel-establezimenduak zuzenean sartuko du horretarako ezarritako bitarteko telematikoen bidezko sarbide-kontrolerako sisteman, zac@estella-lizarra.com posta elektronikoan edo Udaltzaingoaren bidez. Tramite hori gertaeraren aurretik egin behar da, eta ez bada posible, ondoren, gehienez ere 72 orduko epea edukiko da sarrera egin dela jakinarazteko.

5.–Establezimenduaren titularrak bi ibilgailu ere sartu ahalko ditu baimen horrekin. Ibilgailu horiek ezingo dute aldi berean egon sarbide kontrolatuko eremuan.

Ahalbidetuko du sarbide kontrolatuko eremuan ibiltzea establezimendutik hurbilen dagoen ibilbidean zehar, zamalan txikiak egiteko ezinbesteko denboran, eta ezin izango da 15 minututik gora aparkaturik egon. Sarbide kontrolatuko eremuan egoteko gehieneko denbora 30 minutukoa da.

M. Larrialdietarako zerbitzu teknikoa.

1.–Larrialdietarako zerbitzu teknikoko enpresarentzat, bere eragiketak zamalanetarako ordutegian ezin baditu egin eta larrialdiak presazko esku-hartzea eskatzen badu.

2.–Baimen hau lortzeko, aldez aurretik (Lanak, aldairak eta etxeko konponketak) egiteko baimena eduki behar da.

3.–Ahalbidetzen du sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidetik, eta zamalanetarako ordutegitik kanpo eremuan egotea, larrialdi zerbitzua bukatu arte.

4.–Sarbide kontrolatuko eremuan sartu den egunari eta ibilgailuari buruzko informazioa, baimenaren titularrak zuzenean sartuko du horretarako ezarritako bitarteko telematikoen bidezko sarbide-kontrolerako sisteman, zac@estella-lizarra.com posta elektronikoan edo Udaltzaingoaren bidez. Tramite hori gertaeraren aurretik egin behar da, eta ez bada posible, ondoren, gehienez ere 72 orduko epea edukiko da sarrera egin dela jakinarazteko.

Sarbidea eskatuko da larrialdi zerbitzu bakoitzerako, eta egindako zerbitzuaren faktura edo albarana eskatu ahalko da.

N. Etxez etxeko janari banaketa.

1.–Baimen hori ibilgailuen bidez etxez etxeko janari banaketa egiten duten enpresentzat da.

2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera erantsi behar dute:

–Administrazio eskudunak emandako garraiorako administrazio baimenaren fotokopia, nahitaezkoa denean.

–Garraiorako baimena nahitaezkoa ez denean, interesdunak frogatu beharko du Ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) alta emana duela.

3.–Ahalbidetzen du egunaren edozein unetan kontrol gune guztietatik sartzea edo ateratzea, eta xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidetik zirkulatzea, egin beharreko zerbitzua sarbide kontrolatuko eremuan badago. Sarbide kontrolatuko eremuan ezin izango du egon beharrezkoa baino denbora luzeagoan, eta inolaz ere ez du gaindituko 20 minutuko epea.

O. Ekitaldiak egiteko behar den baimena.

1.–Ekitaldi erlijioso edo zibiletan eta erakusketa, azoka, ekitaldi ludiko edo kulturaletan parte hartzen dutenentzat da.

2.–Baimen hori lortzeko, eskabidearekin batera erantsi behar dute:

–Sarbidea justifikatzen duen dokumentazioa ulergarria.

3.–Ahalbidetzen da sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea, xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidetik eta ezinbesteko denboran.

4.–Eskabidea tramitatzeko, horretarako ezarritako bitarteko telematikoen bidez egingo da, zac@estella-lizarra.com posta elektronikoan edo Udaltzaingoaren bidez, eta hori gutxienez 72 ordu lehenago gertaeraren aurretik egin behar da, eta eskatzaileak baimenaren berrespena jaso arte ez du sartzeko baimenik izango.

P. Guardiako farmaziak.

1.–Baimena, sarbide kontrolatuko eremuan kokaturik dagoen farmazia baten titularrarentzat, salmenta orduetatik kanpo guardian daudenean, bezeroak beren ibilgailuekin farmaziaraino hurbiltzea errazteko.

2.–Sarbide kontrolatuko eremuan noizean behin sartu behar den ibilgailuari buruzko informazioa (data eta matrikula), farmaziaren titularrak zuzenean sartuko du horretarako ezarritako bitarteko telematikoen bidezko sarbide-kontrolerako sisteman, zac@estella-lizarra.com posta elektronikoan edo Udaltzaingoaren bidez. Tramite hori gertaeraren aurretik egin behar da, eta ez bada posible, ondoren, gehienez ere 72 orduko epea edukiko da sarrera egin dela jakinarazteko.

3.–Ahalbidetzen da sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzea, guardiako farmazia dagoen xede puntutik hurbilen dagoen ibilbidetik eta ezinbesteko denboran, eta ezin izango da 30 minututik gora sarbide kontrolatuko eremuan egon.

Q. Zirkulatzeko txartel bereziak dituzten ibilgailuak.

Eman zitzaizkien baldintza berberekin arautuko dira.

R. Egoera bereziak:

Udalak ulertzen du gerta daitezkeela aurreko puntuetan jaso gabeko egoerak, beren berezitasunagatik jaso ez direnak baimen zehatz batean. Horregatik, salbuespen moduan, egoera berezietarako baimen bereziak eman ahalko dira sarbide kontrolatuko eremuan zirkulatzeko.

Interesdunak arrazoituko ditu sarbiderako beharra eta inguruabar bereziak, berariaz araututakoak ez bezalakoak, haren ustez eskatutako baimena justifikatzen dutenak.

Eskabidea edozein erregistroren bidez tramitatu eta Udaltzaingoaren Alorreko zuzendaritzara zuzendu behar da. Eskatzaileak baimenaren berrespena jaso arte ez du sartzeko baimenik izango, eta ebazpenik ezean ulertuko da eskaera ezetsi egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren arabera.

II. KAPITULUA

Aparkatze mugatuko eremua

10. artikulua. Salbuespenak.

Ordenantza honetan araututako iraupen mugatuko aparkatzetik salbuesten dira, eta beharrezko baimenak ezertan galarazi gabe, honako ibilgailu hauek:

a) Udal lizentzia Lizarran duten auto-taxi ibilgailuak.

b) Estatuaren, autonomia erkidegoen, edo bestelako erakunde publikoen jabetzako ibilgailu ofizialak, beren eskumeneko zerbitzuak emateko erabiltzen badira, eman bitartean eta behar bezala identifikaturik badaude.

c) Osasun laguntza emateko direnak, Gizarte Segurantzaren jabetzakoak, larrialdi zerbitzuetakoak eta anbulantziak.

d) AME aparkatze mugatuko eremua osatzen duten kaleetako batetik garaje bateko aparkalekura sartu behar duten ibilgailuak, garaje barruan badaude.

e) AME barruan baimendutako denbora baino luzeagoan egon behar duten ibilgailuak (aldairak, obrak, etab.), baimena jaso ondoren.

IV. TITULUA

Kontrola, zaintza eta eskabideak

I. KAPITULUA

Sarbide kontrolatuko eremua

11. artikulua. Baimenen jarraipena eta kontrola.

1. Baimen iraunkorrak emateko alderdi tekniko eta administratiboak Lizarrako Udaltzaingoaren Alorrari dagozkio.

2. Era berean, Udaltzaingoak emango ditu behin-behineko baimenak eta zainduko ditu diziplina eta matrikulak irakurtzeko gailuen erabilera.

3. Aldizkako kontrolak egingo dira alde zaharreko Sarbide kontrolatuko eremuan (SKE) sartzeko baldintzak betetzen ote diren egiaztatzeko. Horretarako, eskatzaileei edo baimena ematea proposatzen duten erakundeei eskatu ahalko zaie baldintzak betetzen dituztela justifikatzen duten agiriak.

12. artikulua. Baimen eskaerak eta berritzeak.

1. Interesa duten pertsona fisiko edo juridiko guztiek, edozein baimen eskatu baino lehen, alta eman behar dute, beren burua identifikatu eta autentikatu behar dute Lizarrako Udalak komunikazio pertsonal eta pribaturako hiritarren eskura jartzen duen bitarteko birtualean.

Eragiketa hori egiteko, Lizarrako Udalak onartutako sinadura elektronikoko sistema bat eduki behar dute pertsona juridikoek.

Sinadura elektronikorik ez duten eta interesa duten pertsona fisikoen eskura prozedura bat jarriko da, eta horretan behar bezala identifikatu ahalko dira.

2. Sisteman alta emateko eta baimen iraunkorretarako edo noizbehinkako baimenerako eskaerak, xedapen honetan kasu bakoitzean ezarritako dokumentazioarekin batera aurkeztuko dira, honako online bitarteko hauen bidez:

–Horretarako egokitu den posta elektronikoan.

–Udalak bihar edo etzi ezartzen dituen bitartekoetan.

Baimenak online kudeatu ezin direnean, interesdunak egin ahalko du Herritarrendako Laguntza Zerbitzuarekin telefono bidez (948 548226 zenbakian) edo bestela, Udaltzaingoaren Alorreko Bulegora, Antso Azkarra kaleko 2ra bertaratuz, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:30era.

3. Premiazko, behin-behineko edo noizbehinkako eskabideak, arrazoi justifikatua izanik, ezin badira 2. puntuan ezarritako bideetatik egin, salbuespen moduan, egin ahalko dira Lizarrako Udaltzaingoaren bidez.

13. artikulua. Baimena galtzea.

1. Une jakin batean baimena emateko oinarritzat hartutako datuak edo baldintzak aldatuz gero, titularra behartua dago hori jakinaraztera, egiaztatu ondoren, baimena luzatu edo eteteko. Hala ere, ahal dela, egiaztapen hori ofizioz egingo da aldian behin, eta indargabetu egingo dira eskatutako baldintzak jada betetzen ez dituzten baimenak. Egiaztapena ofizioz egiteak ez du salbuesten baimenaren titularra aipatu aldaketak jakinarazteko duen betebeharraz.

2. Eremu horietako funtzionamenduaren arauak behin eta berriz ez-betetzeak espedienterako bidea emango du eta, ondorioz, baimena ezeztatu ahalko da, aldi baterako edo behin betiko.

14. artikulua. Baimen eskabideak eta horiek ematea.

Aparkatze mugatuko eremuan garaje plaza bat duten erabiltzaileek zerrenda zuri batean sartzeko eskatu behar dute, eta ibilgailuaren matrikularekin batera, ibilgailua gordetzeko lokala non dagoen adierazi.

Baimen horren bidez ibilgailua aparkatu ahalko da denbora mugarik gabe, garajearen barruan beti, eta araubide orokorrari lotuko zaio handik kanpo aparkatzen duenean.

Zerrendan soilik onartuko da matrikula bat aparkatzeko plaza bakoitzeko, eta baimena baliozkoa izango da emateko betetzen ziren baldintzak betetzen jarraitzen duten artean.

Baimendutako ibilgailuaren titularraren betebeharra da gertatzen diren aldaketen eta emateko betetzen ziren baldintzen aldaketen berri ematea.

Eskaera egin daiteke zac@estella-lizarra.com posta elektronikoan edo Udaltzaingoaren bidez.

f) apartatuan ezarritako noizbehinkako baimenetarako, eskabidea egin behar da zac@estella-lizarra.com posta elektronikoan edo Udaltzaingoaren bidez, eta azaldu gorabehera mota (aldairak, obrak, etab.), kalea eta ekintza egiteko data.

Tramite hori gertaeraren aurretik egin behar da, eta ez bada posible, ondoren gehienez ere 72 orduko epea edukiko da sarrera egin dela jakinarazteko.

V. TITULUA

Zehapen araubidea

15. artikulua. Arau-hausteak.

1. Araututako eremuetan sartzeko eta haietan aparkatzeko arauak ez betetzetik datozen arau-hausteak, arau-hauste arintzat hartuko dira eta 80 euroko isunarekin zehatuko dira baimenik gabe sartzeagatik, eta 60,00 euroko isunarekin aparkatzeko arauak ez betetzeagatik. Ehuneko berrogeita hamarreko hobaria egingo da ordainketa egiten bada jakinarazten denetik hogei eguneko epean; murriztapen hori egingo da zehapenaren aurka inolako ekintza edo errekurtso administratibo aurkezteari uko egiten bazaio edo halakoetan atzera egiten bada.

2. Arau-hauste larritzat hartuko da araututako eremuetan sartzeko eta haietan aparkatzeko arauak behin eta berriz betetzen ez direnean. Arau-hauste larriak 200 euroko isunarekin zehatuko dira eta ehuneko berrogeita hamarreko hobaria egingo da ordainketa egiten bada jakinarazten denetik hogei eguneko epean; murriztapen hori egingo da zehapenaren aurka inolako ekintza edo errekurtso administratibo aurkezteari uko egiten bazaio edo halakoetan atzera egiten bada.

3. Gainerako arau-hausteak Trafikoari buruzko Legearen eta Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren edo Eremu publikoaren txukuntasunaren gaineko udal ordenantzaren arabera kalifikatuko dira, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean araututako prozedurari jarraikiz tramitatuko dira.

4. Azaldutakoa ezartzen da ezertan galarazi gabe jabari publikoko ondasunetan egin daitezkeen kalte-galerak ordaintzeko dagoen betebeharra, ordenantza hau betetzeari lotuta egon edo ez.

16. artikulua. Organo eskudunak.

Prozedura irekitzeko eta hura ebazteko erabakia hartzeko organo eskuduna Lizarra Udaleko Alkatetza da eta Lizarrako Udaltzaingoko buruari dagokio prozedura instruitzea.

17. artikulua. Subjektu erantzuleak.

Ordenantza honi dagokionez, egiten diren arau-hausteen erantzule dira sarbideen kontrolerako ezarritako irudiak atzemateko sistemek identifikatzen dituzten ibilgailuen titularrak.

Beharrezkoa bada, titularren erantzukizuna da identifikatzea une horretan ibilgailua gidatzen zuen pertsona, hura izango baita salatutako arau-haustearen erantzulea.

Ordenantza honen xedapenen arau-hausteengatik Lizarrako Udaltzainek berek ezartzen dituzten salaketen erantzule izango dira une horretan ibilgailua gidatzen duten pertsonak.

18. artikulua. Sartzeko eta aparkatzeko baimenak baliogabetzea.

Arau-haustea behin eta berriz egiten bada, emandako baimenak baliogabetu ahalko dira, Udaltzaingoaren Alorreko aurretiko txosten proposamena edukita.

Ondorio guztietarako, behin eta berriz egiten dela ulertuko da interesdunak urte natural batean zehapena jaso badu ordenantza honen xedapenen aurka egindako bi arau-hauste baino gehiagorengatik.

Baliogabetzea arrazoitu egin behar da, eta nolanahi ere, entzunaldia emango zaio interesdunari, hamabost egun balioduneko epean, bere eskubideak defendatzeko alegazioak aurkez ditzan.

19. artikulua. Zehapen prozedura.

Jasotako zehapenak ezarriko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Lege eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Lege indardunetan jasotako printzipio eta zehapen prozedurei hertsiki lotuz, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruz kasu bakoitzean aplikagarriak diren xedapenetatik ezar daitezkeen berezitasunak kontuan hartuta.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 96.5 artikuluan xedatutakoarekin bat, alkateak zehapen prozeduraren izapidetze erraztua adostu ahalko du ulertzen duenean badaudela aski irizpide zehapena arin gisa kalifikatzeko, eta interesdunak ezin izango dio berariaz horri kontra egin.

Xedapen iragankorra.–Ordenantza honek indarra hartzen duenean eta sarbide sistemaren konektagarritasuna ahalbidetzen duten bitarteko tekniko guztiak gaitzen ez diren artean, baimenak zuzenean tramitatuko dira Lizarrako Udaltzaingoaren bulegoetan edo Udal Erregistroaren bulegoetan.

Xedapen indargabetzailea.–Foru dekretu honek indarra hartzen duenean, indarrik gabe geldituko dira haren edukiaren kontra dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapena.–Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izango harik eta testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabete iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari dagokionez.

Iragarkiaren kodea: L1812136