213. ALDIZKARIA - 2018ko azaroaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TAFALLA

Administrazio prozedura erkide elektronikoa arautzen
duen ordenantza. Behin betiko onespena

Tafallako Udalak, 2018ko uztailaren 31n egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Tafallako Udalaren administrazio prozedura erkide elektronikoa arautzen duen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, erabaki hori 2017ko 163. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 23an, baita Tafallako Udaleko iragarki-taulan ere.

Jendaurrean egoteko epea bururatu ondoan, eta hasiera batean onetsitako testuari alegaziorik inork aurkeztu ez dionez, behin betiko onetsi da Tafallako Udalaren administrazio prozedura erkide elektronikoa arautzen duen ordenantzaren testua; Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da behar diren ondorioak izan ditzan.

Argitara ematen da aipatu agindua bete beharrez, eta ohartarazten ezen honako ordenantza honen aurka –xedapen administratiboa baita– ezin dela administrazio bidean errekurtsorik paratu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legeko 112.3 artikuluari jarraikiz. Hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideetakoren bat erabiltzen ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa aurkeztuz, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Tafallan, 2018ko urriaren 8an.–Alkatea, Arturo Goldaracena Asa.

TAFALLAKO UDALEAN ADMINISTRAZIO PROZEDURA ERKIDE ELEKTRONIKOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

ATARIKOA

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 40/2015 Legea 2015eko urriaren 2an jarri ziren indarrean, eta lege horiek behartzen dute tokiko ordenantza eta erregelamenduak egokitzera administrazio prozedura elektronikoaren arloan. Europako Batzordeak honela definitzen du administrazio prozedura elektronikoa: “administrazio publikoetan IKTak erabiltzea, eta, horiekin batera, antolakuntzan aldaketak egitea eta gaitasun berriak bereganatzea, zerbitzu publikoak eta prozesu demokratikoak hobetzeko eta politika publikoen babesa indartzeko”.

Izan ere, herritarren ikuspegitik, zenbait “pertsonen eskubide” aitortzen dira, eta administrazioarekin harremanetan egoteko bidea aukeratzea da horietan garrantzitsuena. Pertsona juridikoen eta pertsona fisiko jakin batzuen kasuan, bide hori elektronikoa izango da derrigor. Administrazioa sinplifikatzea da lege erreforma egiteko beste arrazoietako bat, eta funtsean, erantzukizunpeko adierazpenak aurkezteko aukera eta edozein administrazio publikotan egindako edozein agiri ez aurkezteko eskubidea dira horren isla. Zalantzarik gabe, sinplifikatzeko beste moduetako bat izan da administrazioaren eta herritarren harremanetan identifikazio elektronikoko sistemak orokortzea –ahal den heinean–, sinadura legeak zorrozki murriztutako kasuetan baino ez baita behar.

Tafallako Udalaren ikuspegitik, eskubideak eraginkor bihurtzeko mekanismoak ezarri behar dira, ororen gainetik. Barnera begira, prozedura erabat elektronikoa izan behar denean: erregistroa elektronikoa eta bakarra izango da, eta agiri original elektronikoen edo paperezko originalen egiazko kopien sarrera erregistratuko du; espedientea ofizioz eta bitarteko elektronikoekin irekiko da, eta elektronikoki izapidetu eta sinatu diren agiri elektronikoez osatutako indizea izango da (frogak, txostenak, irizpenak...); artxiboa Segurtasun Eskema Nazionalak iragaziko du, bakarra ere izango da eta sortutako agiri administratibo guztiak bitarteko elektroniko, seguru eta konfidentzialen bidez gordetzeko balioko du. Espediente horiek izapidetzeari dagokionez, sinadura elektronikoa da gakoa, eta sinadura ziurtagiria izan behar dute prozedura izapidetzean erantzukizunen bat duten langile publiko guztiek, sinatzeko, zentzu hertsienean, zein informazioa izapidetzeko edo bidaltzeko. Pertsonari zuzenean lotutako sinadura elektronikoaz gain, azpimarratzekoa da administrazio jarduketa automatizatua orokortu dela, entitate, organo eta denbora zigiluei esker, nagusiki.

Aipatutakoaz gain, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legera eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko 19/2013 Legera egokitu beharrak ere justifikatzen du ordenantza honen onespena.

Egiturari dagokionez, ordenantza hau zortzi titulutan antolatuta dago, eta xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak eta azken xedapenak ere baditu.

I. tituluak xedapen orokorrak jaso, ordenantzaren xedea eta aplikazio eremua arautu, eta administrazio prozedura elektronikoa zuzen ezartzeko sostengu eta laguntza eman behar duten zenbait printzipio garatzen ditu. Azkenik, herritarren eskubideak eta betebeharrak arautzen ditu.

II. tituluak prozedura izapidetzean gakoak ezartzen ditu, administrazioaren alderdi guztien sinplifikazioa oinarri hartuta, administrazio publikoaren funtzionamenduaren ardatz izan behar baitu. Atal honetan, bereziki garrantzitsuak dira jakinarazpen elektronikoa arautzen duten alderdiak, herritarrentzat berme handia baitira prozeduran, eta artxibo elektronikoa, toki entitateek administrazio elektronikoa ezartzean aurre egin beharreko erronka nagusietakoa baita. Izan ere, toki entitateek ez dute gaiari buruzko berezko arauketarik, eta, beraz, titulu honetan jasotako antolamenduak gabezia hori bete eta berezitasun horri irtenbidea eman nahi dio.

III. tituluak egoitza elektronikoa tokiko eremuan arautzea du xede, eta, horretarako, honako hauek garatzen ditu: hura sortzeko prozedura, haren ezaugarriak eta gutxieneko edukia, eta egoitzaren segurtasunari eta erantzukizunari buruzko gaiak.

Bestalde, IV. tituluak identifikazio eta sinadura elektronikoa arautzen ditu, bai zerbitzu elektronikoen kanpo erabiltzaile diren herritarren eta enpresen kasuan, bai langile publikoen kasuan. Halaber, administrazio-eguneratze automatizatuaren beste ziurtagiri batzuk ere arautzen ditu. Ikuspegi teknikotik, beharbada, titulurik konplexuena da, eta, nolanahi ere, 39/2015 Legera eta eIDAS europar erregelamendura egokitu behar da. Lehenik, Udalak honako lege betebehar hau gauzatu behar du: “administrazio publiko bakoitzak erabiltzen dituen zigilu elektronikoen zerrenda (ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak eta horiek ematen dituztenen ezaugarriak barne) publikoa izango da eta bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko modukoa”. Gainera, “administrazio publiko bakoitzak bere zigilu elektronikoak egiaztatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu”. Horrenbestez, ordenantzaren puntu honek Estatuko Administrazio Orokorraren sinadurari buruzko politikaren ziurtagiri profilak jasotzen dituen eranskinak ezarritakoa betetzen du, berezko zigiluen ziurtagiriak egiteari dagokionez. Edonola ere, zigiluen zerrendaren publizitatea arautzeko beharrari eutsiko zaio, eta batez ere adierazteko egoitza elektronikoan argitaratu behar direla, dagokion tituluan ezarritakoari jarraikiz. Bestalde, operatibitatearen mesedetan arautu dugu sarbide-puntu elektroniko bakoitzak Udalaren egoitza elektronikoa jasoko duela. Kasu honetan, beharrezkoa denez egoitzak webguneen autentifikazio-ziurtagiri kalifikatua edo bitarteko baliokideren bat izatea (40/2015 Legearen 38.6 artikulua), onartzen ahal da informazio hori berriz autentifikatu behar ez izatea. Nolanahi ere, tabletan eskuz idatzitako sinadura elektronikoa gaitzen ahalko du Udalak, herritarrentzat ere aurreikusita dagoena, beharrezkoa izango dena, besteak beste, bulegotik kanpo egiten diren ikuskapenen aktak sinatzeko. Horrez gain, elektronikoki sinatzeko beste sistema batzuk ere gaitzen ahalko ditu.

Interesdunen sinadurari dagokionez, ezarri da onartzen diren identifikazio elektronikoko sistemek Segurtasun Eskema Nazionalak informazio sistema bakoitzerako xedatzen duenarekin bat etorri behar dutela. Gainera, ordezkariaren figura gorantz doala ikusita, pertsona juridikoen edo izaera juridikorik gabeko entitateen ordezkari diren pertsona fisikoen ziurtagiriak onartzen dira berariaz. “Gako itunduaren sistemei eta administrazio publikoek ezarritako baldintzetan baliozkotzat hartzen duten beste sistemei” dagokienez, Cl@ve barruko identifikazio sistemak erabiltzea onartzen da, horiei atxiki ondoren: Cl@ve Iraunkorra, Cl@ve PINa eta Cl@ve Sinadura (Polizia Zuzendaritza Nagusiak egindako e-NANa ziurtagiria, gako zentralizatuarekin). Horrez gain, onartu egingo da, dagokion prozedura gauzatu ondoren eta segurtasun mailaren arabera, beste edozein identifikazio sistema publiko edo pribatu, betiere Segurtasun Eskema Nazionala eta eIDAS betetzen direla bermatzen badu.

Edonola ere, 39/2015 Legearen 9.3 artikuluaren arabera, Udalak Estatuko Administrazio Orokorrak onartzen dituen identifikazio sistema guztiak onartzen ditu, baina egoki diren izapideetarako erabiltzen ahalko dira, segurtasun maila kontuan izanik, eta Segurtasun Eskema Nazionalean eta, igorpenez, eIDAS erregelamenduan ezarritakoa betez. Horregatik:

a) Zigilu elektronikoa erabiltzeak dakar pertsona juridikoari zuzenean, ordezkaririk gabe, egozten zaiola jarduketa.

b) Zigilu elektronikoa mugarik gabe erabiltzen ahal da, onartzen den izapide multzoaren barruan.

c) Ordezkari ari diren pertsona fisikoek zigilu elektronikoa erabiltzen ahal dute sinadura elektronikoko sistemaren ordez, baina sistema bat nahiz bestea erabiltzen ahal da, interesdunaren erabakiaren arabera.

Identifikatu eta sinatzeko bestelako sistemei dagokienez, tabletan atzitutako eskuzko sinadura elektronikoa (sinadura biometrikoa) ere badugu, herritarren arreta-bulegoan buruz buruko eragiketetan erabiltzeko.

Gardentasunaren eta administrazio elektronikoaren arteko konexioa oinarrizko harremana da, gardentasuna ezartzeko helburua eraginkortasunez lortzeko, gardentasuna erakundeen kalitate demokratikoa hobetzeko tresna baita. Hortaz, V. tituluak bi nozioen arteko elkarrekintza arautzen du, administrazio elektronikoa tresnatzat hartuta, eta gardentasunak biltzen dituen bi alderdietan: publizitate aktiboa eta informazioa eskuratzeko eskubidea. Orobat, balio publikoa sortzeko hurrengo urratsa ere hartzen du kontuan, hots, informazioa berrerabiltzea, baita ediktu- eta iragarki-taula (orain, eremu elektronikoan) hedatzeko tresna gisa duen balioa ere.

Nolanahi ere, titulu horretako arauketa Tafallako Udalak, behar denean, onesten duen arauketaren osagarri izango da.

VI. tituluak honako hau du xede: Udalaren eta harekin lotutako edo haren mendeko erakundeen Erregistro Elektroniko Orokorra sortzea eta arautzea, baita laguntza bulegoek beren zerbitzuan eta herritarrei laguntza ematean betetzen duten eginkizuna arautzea ere. Horrez gain, erregistroko epeen zenbaketa eta herritarrek administrazio prozeduretarako agiriak ematea arautuko dira, burokrazia ezabatzea eta gizarteak administrazio zama txikiagoa izatea izanik helburu.

VII. tituluak antolakuntza eta eskumenen gaikuntza jorratzen ditu, eta ordenantza hau, zehazki, eta, oro har, administrazio elektronikoa ezartzearen ondorioz sortzen diren antolakuntza alderdi oso praktikoei erantzuna ematen saiatzen da. Azpimarratzekoa da alkateak Elkarreragingarritasun Arau Teknikoekin lotutako soft law arauak emateko eskumena duela, hala nola agiriak sinatzeko eta kudeatzeko politikak eta segurtasun agiria.

Azkenik, VIII. titulua komunikazioen gainekoa da, eta Udalaren barne funtzionamendu korporatiboa hobetzea du xede, bitarteko elektronikoen erabilera orokortuz.

Ordenantzari bukaera emateko, xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak eta azken xedapenak ditu; azpimarratzekoa da grabatu eta sinatzeko sistema baten erabilera aurreikusten dela ikus-entzunezko agiriak sortzeko, akta gisa eta haren balioarekin –ikus-entzunezko akta–. Halaber, Udalak bi urteko epe iragankorra izango du gehienez, beren antolakuntza eta funtzionamendua bitarteko elektronikoen bidezko izapidetzera egokitzeko, ekonomia, eraginkortasun, eta efizientziaren printzipioekin bat eginez.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak.

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantzak honako hau du helburu: Tafallako Udalaren kudeaketarako administrazio prozedura erkidea garatzea, eta kasu orotan, izapidetze hori bitarteko elektronikoen bidez egingo da, 39/2015 Legea eta 40/2015 Legea betez.

2. Horretarako, ordenantzak honako xede hau izango du: batetik, baldintza eta ondorio juridikoak arautzea administrazio jardueran informazioaren teknologiak erabiltzeko, Tafallako Udalaren eta sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateen arteko harremanetan, bai eta herritarrekiko harremanetan ere, betiere haien eskubideak berma daitezen, eta, bestetik, eta, bereziki, administrazio prozedurak izapidetzean bitarteko elektronikoak erabiltzeak dituen ondorio juridikoak eta baldintzak arautzea.

3. Halaber, ordenantza honek oinarri arautzaileak xedatzen ditu Udalaren administrazio-izapideak eta -prozedurak izapidetze elektronikoan txertatzeko.

4. Ordenantza hau Udalak arauak emateko eta bere burua antolatzeko ahalmenaren babesean eman da; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.bis.3 eta 4. artikuluek aitortzen dute ahalmen hori.

2. artikulua. Aplikazio eremu subjektiboa.

1. Ordenantza hau ondoko entitateei aplikatuko zaie:

a) Tafallako Udaleko administrazio organoak.

b) Haren mendeko edo harekin lotutako erakunde publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak.

c) Haren mendeko edo hari lotutako merkataritza enpresak eta zuzenbide pribatuko beste entitateak, administrazio ahalmenak gauzatzen badituzte eta ordenantza hau zehazki horiei buruz ari denean.

2. Horrez gain, Udaleko zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuen adjudikazio-hartzaileei aplikatuko zaie, lizitazio pleguek edo kontratu agiriek hala ezartzen dutenean, Tafallako Udalarekin, eta erabiltzaileekin eta herritarrekin dituzten harremanetan, eta dagozkion zerbitzu publikoak emateko jardueren barnean.

3. Ordenantza hau herritarrei ere aplikatuko zaie. Horrelakotzat hartuko dira administrazio publikoekin jarduteko gaitasuna dutenak, Tafallako Udalarekiko eta 1. apartatuan adierazitako beste entitateekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzen dituztenean.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 3. artikuluaren arabera, honako hauek dute administrazioekin jarduteko gaitasuna:

a) Arau zibilen arabera jarduteko gaitasuna duten pertsona juridiko edo fisikoak.

b) Adingabekoak, beren eskubideak eta interesak gauzatu eta defendatzeko, antolamendu juridikoak baimena ematen badu jarduketa horiek guraso-ahala, zaintza edo kuradoretza gauzatzen duen pertsonaren laguntzarik gabe gauzatzeko. Salbuetsita daude adingabeko ezinduak, ezintasun mailak dagozkion eskubideak edo interesak gauzatu edo defendatzeari eragiten badio.

c) Ukitutakoen taldeak, nortasun juridikorik ez duten elkarte eta entitateak, eta ondare independente edo autonomoak, lege batek berariaz hala adierazten badu.

3. artikulua. Aplikazio eremu objektiboa.

1. Tafallako Udalak parte hartzen duen jardueretan aplikatuko da ordenantza hau. Zehatz-mehatz, hauetan:

a) Herritarrekiko harremanetan, izaera juridiko administratiboa badute.

b) Herritarrak Udalaren eskuan dagoen informazio publiko administratiboaren eta datu administratiboen kontsulta egitean.

c) Administrazio izapide eta prozedurak egitean, ordenantza honetan ezarri bezala.

d) Udalak bere ahalmenak erabiliz eskuratutako informazioaren trataeran.

2. Halaber, ordenantza honetako printzipio orokorrak prozedura administratiboaren arauen mende ez dauden herritarraren komunikazioei aplikatuko zaizkie, eta bereziki, abisuak eta gorabeherak jakinarazteari, erreklamazioak eta kexak egiteari, iradokizunak aurkezteari, toki organoei galderak egiteari eta eskaerei eta bestelako partaidetza moduei, berariaz arautzen ez diren bitartean.

3. Tafallako Udalak bermatuko du herritarrak zerbitzu elektronikoak erabiltzea, hainbat komunikazio-kanaletako sistemaren bidez, honako baliabide hauek izan ditzakeena:

a) Buruz buruko harrera-bulegoak (zehazten direnak): ordenantza honetan aitortzen diren eskubideak erabiltzeko baliabide eta tresnak herritarraren eskura jarriko dituzte, libreki eta dohainik jarri ere. Laguntza eta orientabidea izan beharko dute haien erabileraz, dela kokatuta dauden bulegoetako langileek emanda dela baliabide edo tresnari berari gehitutako sistemen bidez.

b) Tafallako Udaleko eta haren mendeko edo hari lotutako erakundeen organoetarako sarbide elektroniko orokorrak, komunikazio sareen bidez herritarren eskura daudenak.

c) Telefonoz harrera egiteko zerbitzuak: aukera ematen dute, segurtasun irizpideek eta aukera teknikoek horretarako bidea ematen duten heinean, herritarrari aurreko apartatuetan aipatu diren informazio eta zerbitzu elektronikoak erabiltzeko.

4. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Tafallako Udalak eta haren mendeko erakundeek 40/2015 Legearen 3. artikuluan zerrendatutako printzipioak errespetatu beharko dituzte beren antolakuntzan, jarduketetan eta sektore publikoko gainontzeko entitateekiko eta herritarrekiko harremanetan.

2. Era berean, tokian administrazio prozedura elektronikoaren ezarpena indartzeko, garatzeko eta xehatzeko helburuz, ondorengo artikuluetan jasotzen diren printzipioen arabera jardun beharko dute.

5. artikulua. Administrazio elektronikoaren antolakuntza printzipioak.

a) Herritarrendako zerbitzuaren printzipioa.

Informazioa, eta tramite eta prozedura administratiboak elektronikoki jasotzea bultzatuko duena, printzipio konstituzional hauek modu eraginkorragoan gauzatzeko: administrazioaren gardentasuna, hurbiltasuna eta herritarrendako zerbitzua.

b) Sinplifikazio administratiboaren printzipioa.

Prozesu, prozedura eta tramite administratiboen sinplifikazioa eta integrazioa lortzea, eta herritarrarentzako zerbitzua hobetzea xede izango dituena; horretarako, administrazio elektronikoaren teknikak erabiltzeak dakarren efizientzia aprobetxatuko da eta, bereziki, garrantzitsutzat hartzen ez diren tramite edo jarduera guztiak baztertuko dira, eta prozesu eta prozedura administratiboak birdiseinatuko, araudi aplikagarriarekin bat, informazioaren eta komunikazioaren teknologietatik etorritako aukerak ahalik eta hobekien erabiliz.

c) Bitarteko elektronikoak bultzatzeko printzipioa.

Bitarteko elektronikoen benetako erabilera bultzatuko duena Udalaren jarduera guztietan, eta, bereziki, herritarrarekiko harremanetan; horretarako, behar diren giza baliabide eta baliabide materialak erabiliko dira, eraginkorrak izan daitezen, eta herritarrek bitarteko elektronikoak erabiltzea bultzatzeko pizgarriak ezarriko dira.

d) Neutraltasun teknologikoaren printzipioa.

Ordenantza honetan araututako jardueren gauzatzea bermatuko duena, zein diren ere erabiltzen diren tresna teknologikoak. Hala, garapen teknologikoak berak eta teknologien gizarteratzeak erakutsiko dute une bakoitzean zein diren baliabide teknologiko egokienak, eta bereziki saihestuko da interes orokorretik aldentzen diren sektore pribatuarekiko kontzertazioak. Bereziki sustatuko da kode irekiko softwarearen erabilera administrazio elektronikoan.

e) Elkarreragingarritasunaren printzipioa.

Elkarreragingarritasun estandarren erabilera bermatuko duena, eta begiratuko, erabiltzen diren informazio sistemak bateragarriak izan daitezen herritarrenekin eta beste administrazioenekin, betiere irizpide hauek kontuan hartuta: segurtasuna, egokitasun teknikoa eta baliabideen ekonomia. Ordenantza honen 96. artikuluan ezarritakoaren arabera, Alkatetzak beharrezkoak diren Elkarreragingarritasun Arau Tekniko guztiak onetsiko ditu, ordenantza hau behar bezala garatzeko, betiere Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

f) Datuen konfidentzialtasunaren, segurtasunaren eta babesaren printzipioa.

Herritarren datuen konfidentzialtasunaren babesa eta segurtasuna bermatzen ditu, datuen babesari buruzko araudian eta datuen konfidentzialtasuna babesteari buruzko gainerako arauetan zehaztutako baldintzetan.

Udaleko organoek eta departamentuek batera erabiltzen duten informazioan jasotako herritarren datu pertsonalek babes berezia jasoko dute. Ordenantza honen 96. artikuluan ezarritakoaren arabera, Alkatetzak informazioaren segurtasunerako politikaren agiria eta behar diren segurtasuneko arau teknikoak onetsiko ditu, hura behar bezala garatzeko, betiere Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

g) Gardentasun printzipioa.

Haren artxiboetan dagoen informazioaren eta administrazio jardueren hedapen, publizitate eta gardentasunik handiena erraztuko da, sektore publikoaren gardentasunari buruzko legeriarekin eta gainerako ordenamendu juridikoarekin eta ordenantza honetan ezarritako printzipioekin bat.

h) Eraginkortasunaren, efizientziaren eta ekonomiaren printzipioak.

Printzipio horiek zuzenduko dute bitarteko elektronikoen ezarpena, eta irizpide hauen arabera egingo da:

–Ukitutako udal zerbitzuek herritarrengan duten eragina eta horien erabilera.

–Zein populazio sektoretarako den.

–Zerbitzuaren prestaziorako lortzen ahal diren hobekuntzak.

–Herritarrekiko harreman sistemak integratzea gainerako udal antolakuntzarekin eta Udalaren informazio sistemekin.

–Beharrezkoak diren ahalegin teknikoen, antolakuntza ahaleginen eta ahalegin ekonomikoen maila.

–Teknologien heldutasuna eta eskuragarritasuna.

i) Lankidetza printzipioa.

Herritarrekiko zerbitzua eta kudeaketaren efizientzia hobetzea da helburua, eta, horretarako, hitzarmenak, akordioak eta kontratuak egingo dira elkargo profesionalekin, elkarteekin eta beste entitate batzuekin, haien bazkideek eta bezeroek administrazioarekin duten harremana errazteko.

j) Parte hartze printzipioa.

Parte hartzeko eskubideak gauzatzean bitarteko elektronikoen erabilera sustatzera behartzen du, bitarteko elektronikoen berezko tresnen bidez eta fede onaren eta erabilera arduratsuaren printzipioak errespetatuz; bereziki honako eskubide hauek: eskatzeko eskubidea; entzunaldiko eta informazio publikorako eskubideak; herritarren ekimena; kontsultak egitea eta kexak, erreklamazioak eta iradokizunak aurkeztea eta ideiak eta iritziak jendaurrean eztabaidatzea eta adieraztea.

6. artikulua. Informazio administratibo elektronikoa zabaltzeko printzipioak.

a) Eskuragarritasunaren eta erabilgarritasunaren printzipioa.

Honako hauek bermatzen ditu:

–Sistema errazak erabiltzea, herritarrarentzako interesa duen informazioa modu azkar, seguru eta ulergarrian lortu ahal izateko.

–Irizpide bateratuak erabiltzea, informazioa ikertzeko eta ikusteko, informazioa ahalik eta hobekien hedatzeko, eskuragarritasun eta dokumentuen tratamenduaren nazioarteko eta Europako irizpide eta estandarrei jarraikiz.

–Administrazio egintzak eta agiriak ulergarriak izatea, ahal den heinean, hizkuntza erraza eta kulturalki irisgarria erabiliz agiri horiek pertsona gehienek intelektualki ulertzeko modukoak izateko.

–Desgaitasunak edo zailtasun handiak dituzten herritarren eskura jartzea pertsona horiek Administrazioaren inguruko informazioa bitarteko elektronikoen bidez lortzeko beharrezko diren baliabideak, orokorrean aitortutako irizpide eta estandarrei jarraikiz.

b) Udalak argitaratzen duen informazioaren zehaztasunaren printzipioa.

Informazioa bitarteko elektronikoen bidez lortzen denean, bermatzen du dokumentuak paperean edo jatorrizko dokumentua egin den euskarrian duen eduki bera, egiazkoa, zehatza eta doia izatea. Informazioa formatu elektronikoan edukitzeak ez du galarazi edo zaildu behar bulego publikoetan buruz buru egiten den harrera edo beste baliabide tradizionalen bidez egiten dena.

c) Eguneratzearen printzipioa.

Kanal elektronikoetatik eskuratzen ahal den administrazio-informazioa eguneratzea bermatzen du.

Argitalpen elektronikoetan eguneratze datak azalduko dira.

d) Datu pertsonalak babesteko bermearen printzipioa.

Beharrezko egiten du une bakoitzean eskura dagoen teknologia baliatzea, datu pertsonalen babesari datxezkion eskubideak ziurtatzeko, eta xedeak edo adostasunak babestu gabeko edozein trazabilitate pertsonal galarazteko segurtasun neurriak bermatzea.

e) Kontsulta irekiaren printzipioa, denen eskura eta irekia dagoen informazio baliabideei dagokienez.

Honako hauek bermatzen ditu:

–Indarreko legeriaren arabera denen eskura dagoen informazio administratiboa eskuragarria izatea, aldez aurretik inolako identifikaziorik eskatu gabe.

–Indarreko legeriaren arabera publikoa eta orokorra den informazioa doakoa izatea, zerga ordenantzetan ezarritakoa eragotzi gabe.

7. artikulua. Herritarrak prozedura administratiboetan elektronikoki sartzearen printzipioak.

a) Legezkotasunaren printzipioa.

39/2015 Legean ezarritako berme juridikoen osotasuna mantentzea bermatzen du.

b) Bitarteko elektronikoak erabiltzeagatik ez diskriminatzearen printzipioa.

Eragozten du bitarteko elektronikoak erabiltzeak Udalarekiko harremanetan erabiltzen dituenei bazterkeriarik edo kalterik ekartzea.

c) Prozedura eta dokumentu administratiboen trazabilitatearen printzipioa.

Behar diren ekintzak egitera behartzen du trazabilitate sistema eta prozedura egokiak eta ulergarriak ezartzeko, herritarrak noiznahi, eta bitarteko elektronikoen bidez, tramitazioaren egoeraren eta prozedura eta dokumentu administratiboen historialaren berri izan dezan, deusetan ukatu gabe ukitutako pertsonen intimitatea eta datu pertsonalen babesa bermatzeko behar diren baliabide teknikoak aplikatzea.

d) Bitartekoen intermodalitatearen printzipioa.

Horren arabera, ordenantza honetan eta hura hedatzen duten arauetan ezarri bezala, bitarteko baten bidez hasitako prozedurak beste baten bidez jarraitu ahal izango du, baldin eta prozedura osoaren osotasuna eta segurtasun juridikoa segurtatzen badira.

Bide elektronikotik sarbidea duten izapideak eta prozedurak Udalak zehazten dituen kanal eta bitarteko elektronikoen bidez gauzatzen ahalko dira.

e) Proportzionaltasun printzipioa.

Honako hauek bermatzen ditu:

–Izapide eta jarduketa bakoitza eta haren inguruabarrak nolakoak, haien araberakoak baizik ez direla izango eskatzen diren berme eta segurtasun neurriak.

–Helbururako beharrezkoak diren datuak baizik ez zaizkiela eskatuko herritarrei.

8. artikulua. Administrazioen arteko lankidetza sustatzeko printzipioak, administrazio elektronikoaren arloan.

a) Administrazio arteko lankidetza eta elkarlanaren printzipioa.

Herritarrendako zerbitzua eta baliabide publikoen kudeaketan efizientzia hobetzeko xedez, gainerako administrazio publikoekin batera, behar diren hitzarmen eta akordio guztiak sinatzea bultzatuko duena, ordenantza honetan ezarritakoak gauzatze aldera, besteak beste, estandar teknikoak finkatzea eta informazioa, datuak, prozesuak eta aplikazioak trukatu eta partekatzeko mekanismoak ezartzea helburu dutenak.

Horretaz gainera, printzipio hau betetzeko, Udalak:

–Erkidegoaren esku eta, bereziki, toki entitateen eta gainerako administrazio publikoen esku jarriko du elkarreragingarritasuna bere administrazio elektronikoko aplikazioekin.

–Argitara emango ditu beste administrazio batzuekin sinatutako akordio eta hitzarmenak.

b) Sarbide eta erabilgarritasun mugatuaren printzipioa.

Udalak beste administrazio publikoei erraztu behar die euskarri elektronikoan dituen interesdunei buruzko datuak atzitzea, eta aipatutako datuetan segurtasuna eta osotasuna izateko berme handienekin sartzeko behar diren baldintza, protokolo eta irizpide funtzional edo teknikoak zehaztuko ditu.

Aurreko atalean aipatutako datuen eskuragarritasuna hertsiki mugatuko da Administrazio Publikoek, beren eginkizunetan ari direnean, beren eskumeneko prozedurak tramitatu eta erabakitzeko eskatzen dituztenetara.

9. artikulua. Herritarren eskubideak.

Ordenantza honen esparruan, herritarrei aitortzen zaizkie 39/2015 Legearen 13. artikuluan adierazitako eskubideak, bai eta beste arau batzuetan aitortzen zaizkienak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Udalarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzeko eskubidea.

b) Udalari bitarteko horien bidezko harremana exijitzeko eskubidea, eta agiriak formatu elektronikoen bidez jasotzeko eskubidea.

c) Kalitatezko eduki elektronikoak, eskuragarriak, gardenak eta ulergarriak izateko eskubidea.

d) Informazio administratiboa, erregistroak eta artxiboak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko eskubidea.

e) Udalaren erabakiak hartzeko prozesuetan eta haren kudeaketa hobetzean bitarteko elektronikoen bidez parte hartzeko eskubidea, eta egindako eskaera eta kontsulten erantzuna jasotzekoa.

f) Administrazio elektronikoa erabiltzean formakuntza eta euskarria eskura izateko eskubidea.

g) Administrazio elektronikoan sartu eta hura erabiltzeko eskubidea, zein diren ere erabiltzen diren tresna teknologikoak.

h) Datu pertsonalen konfidentzialtasunerako eta babeserako eskubidea, eta datuen babeserako araudiak ematen dizkion gainerako eskubideak, bereziki, emandako informazio pertsonala beste xede batzuetarako ez erabiltzekoa.

i) Udalarekiko komunikazioen pribatutasunerako eta segurtasunerako eskubidea, bai eta Udalak egin ditzakeen komunikazioena ere, horietan herritarren datuak agertzen badira.

j) Espediente baten barnean dauden dokumentu elektronikoak Udalak formatu elektronikoan kontserbatzeko eskubidea.

10. artikulua. Herritarren betebeharrak.

1. Administrazioaren jardueran eta Tafallako Udalarekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzearen esparruan, eta administrazio elektronikoaren informazioaren, komunikazioen, prozesuen eta aplikazioen funtzionamendu eta kudeaketa egokia bermatzeko asmoz, herritarren jarduketan, aplikaziozkoa den Estatuko oinarrizko legeria eta Nafarroako Foru Komunitateko legeria bete beharko dira, eta, bereziki, honako betebehar hauek izango dira:

a) Fede onez erabili behar ditu administrazio elektronikoaren zerbitzu eta prozedurak eta gehiegikeriak ekidingo dira.

b) Udalari informazio egiazkoa, osoa eta egokia eman behar dio, zertarako eskatzen den, horren araberakoa.

c) Udalarekin bitarteko elektronikoen bidez dituen administrazio harremanetan, bere burua identifikatu behar du, indarreko araudiak hala eskatzen badu.

d) Zaindu egin behar ditu bitarteko elektronikoen bidez Udalarekin administrazio harremanak izatean erabiltzen dituen elementu identifikagarri pertsonal edo besterenezinak.

e) Begiratu behar ditu pribatutasunerako, konfidentzialtasunerako eta segurtasunerako eskubideak, baita datuen babesaren arloko gainerako eskubideak ere.

2. Gainera, pertsona juridikoek eta 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan aipatutako beste pertsonek eta entitateek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte Udalarekin harremanetan egoteko.

II. TITULUA

Administrazio prozedura elektronikoa

I. KAPITULUA

Administrazio prozedura elektronikoen tramitazioa

11. artikulua. Administrazio efizientziaren printzipioa: analisia, sinplifikazioa eta aurretiazko hobekuntza.

1. Arauketa onaren efizientziaren printzipioa aplikatuz, Tafallako Udalak berrikuntza prozesua gauzatuko du bere administrazio jarduketan, balio publikoa sortzeko, eta prozesu horrek bektore hauek jasoko ditu: balio analisia, ideiak sortzea, berriz diseinatzea, optimizatzea, sinplifikatzea, irekitzea eta administrazio zamak ezabatzea. Informazio-aplikazioak eta -sistemak toki entitatearen administrazio jarduketan erabili eta txertatu aurretik gauzatuko da prozesu hori.

2. Aipatutako berrikuntza prozesua administrazio- eta antolakuntza-eremu hauetan gauzatuko da:

a) Prozeduren eremuan.

b) Arauen eremuan.

c) Antolakuntzaren eremuan.

12. artikulua. Prozeduren eremuko berrikuntza eta sinplifikazioa.

1. Tafallako Udalak herritarren zama murriztuko du, eta, hartara, administrazio prozedurak abiaraztean, honako agiri hauek ez dira beharrezkoak izango, aplikaziozko araudi erregulatzaileak salbuespenez kontrakoa ezartzen ez badu:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo identifikazio agiri baliokidearen kopia.

b) Toki entitateak berak eskakizun jakinak betetzen direla egiaztatzeko eman behar duen edozein ziurtagiri edo agiri.

c) Toki entitateak berak aurretiaz egin eta/edo igorri duen edozein agiri.

d) Beste administrazio publiko batek egin eta/edo igorri duen edozein agiri, sektore publikoko datu-bitartekaritzarako plataformen bidez eskuratzen ahal bada.

e) Aplikaziozkoa den araudi erregulatzaileak eskatzen ez duen edozein datu edo agiri.

f) Interesdunek aurretiaz edozein administrazio publikotan eman dituzten datuak edo agiriak, administrazio horrek datu-bitartekaritzarako plataformetan besteen eskura jartzen baditu eta interesdunak adierazten badu noiz eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen datu edo agiri horiek.

Kasu horretan, kontsulta egiteko baimena ematen duela jotzen da, baldin eta berriz erabiltzeari berariaz kontra egiten ez badio edo berariazko baimena ematea exijitzen duen lege berezirik ez badago.

g) Beharrezko informazioa izanik ere, interesdunak hala eskatuta, datu edo metadatu gisa sartzen ahal den edozein agiri edo agiriren kopia.

Herritarrendako zama murrizteko helburu berarekin:

a) Administrazio prozeduretako eskaera- eta abiarazte-betebeharren maiztasuna murriztuko du.

b) Erantzukizunpeko adierazpenei eta aurretiazko komunikazioei lehentasuna emango die, bai eta aurretiaz eman diren baimenen eta lizentzien berritze automatikoei ere.

c) Etengabeko hobekuntza eta berrikuntza sustatuko ditu, arauetan ezarritako erantzun epeak eta denborak murrizteko.

2. Tafallako Udalak, aurreko apartatuaren arabera, aldizka berrikusi eta aztertuko du sektore publikoko datu-bitartekaritzarako plataformetan zama murriztea ahalbidetzen duten zerbitzu berriak agertzeak ukitutako administrazio prozeduren multzoa. Nolanahi ere, interesdunek ez dituzte aurkeztu beharko toki entitateek datu-bitartekaritzarako plataformen bidez aipatu zerbitzuak martxan jarri eta hilabetera lortzen ahal diren agiriak.

3. Tafallako Udalak bideragarritasuna aztertuko du, eta administrazio prozeduraren izapidetze sinplifikatuaren alde egingo du, ahal denean. Bere egoitza elektronikoak eguneratuta mantenduko ditu izapidetze sinplifikatuaren eredu hori aplikagarri duten administrazio prozedurak. Hala ere, interesdunak eskubidea izango du berariaz horri kontra egiteko eta izapidetze arrunta aukeratzeko.

13. artikulua. Arauketaren eremuko berrikuntza, irekitzea eta parte-hartzea.

1. Tafallako Udalak gobernu irekiaren printzipio hauek aplikatuko ditu bere ahalmenak eta jarduera egikaritzean indarrean dituen ordenantzak eta erregelamenduak jendaurrean jarri, egin eta horien kontu ematen dituenean:

a) Gardentasuna indarreko eta etorkizuneko arauetan eta erregelamenduetan.

b) Herritarrek ordenantzak eta erregelamenduak egiten eta hobetzen parte hartzea eta laguntzea.

c) Indarreko ordenantzen eta erregelamenduen emaitzen eta eraginen kontuak ematea.

2. Tafallako Udalak gardentasun aktiboa emango dio eta Gardentasun Atariko araudiaren atalean argitaratuko du informazio hau:

a) Aplikaziozko araudia, toki entitatearen eremuan indarrean dauden ordenantzen eta erregelamenduen multzoa barne.

b) Erregelamenduen proiektuak, berari badagokio horiek abiaraztea.

c) Sektoreko legeria indardunaren arabera, izapidetzean zehar epe batez jendaurrean egon behar duten agiriak.

d) Onetsitako urteko araugintza plana, hurrengo urtean onesteko aurkeztuko diren erregelamendu ekimenak jasoko dituena. Horrela, tokiko segurtasun juridikoa ikusgai egongo da.

3. Tafallako Udalak sustatuko du herritarrek parte hartzea erregelamenduak eta ordenantzak egitean. Horretarako, lehenbizi, kontsulta publikoa egingo du, ukitzen ahal diren subjektu eta erakunde esanguratsuenen iritzia biltzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133. artikuluaren esparrua eta zuzentarauak betez. Kontsulta publiko horren analisia jasotzen duen agiria erregelamendu edo ordenantzaren proiektuaren zati izango da, eta erregelamendu edo ordenantza izapidetu bitartean argitaratuko da.

Agiri horretan, aurkeztutako proposamenak onartu edo ukatu izana arrazoituko da, eta prozedurarekin jarraitzea beharrezkoa den ala ez adieraziko da.

Nolanahi ere, espedientean, honako informazio hau jasoko da:

a) Ekimenarekin konpondu nahi diren arazoak.

b) Zergatik den beharrezkoa eta egokia araua onestea.

c) Lortu beharreko helburuak zein diren, eta helburu horiek benetan betetzen direla egiaztatzeko eta ebaluatzeko eta gizarteari kontuak emateko sistema.

d) Kontsulta publikoan atera diren arauzko eta ez arauzko aukerako irtenbideak baztertu izanaren arrazoiak.

4. Herritarrek dauden ekimen arautzaileen hobekuntzan parte hartzea sustatuko du Tafallako Udalak. Horretarako, bideak sortuko ditu herritarrek unean indarrean dauden ordenantzetan eta erregelamenduetan hobetzen ahal diren edo funtzionatzen ez duten alderdiei buruzko iritzia emateko.

5. Tafallako Udalak onetsitako ordenantzen eta erregelamenduen oinarrizko helburuen ebaluazio adierazleak argitaratuko ditu, bere Gardentasun Atariko Zerbitzu Publikoen Kalitatea kategorian. Konpromisoa hartuko du erregelamendu ekimenak hobetzeko eta sinplifikatzeko, baita helburuen betetze mailan ebaluazio ona ez dutenak baliogabetzeko ere, gizartearendako ahalik eta administrazio zamarik txikiena duen indarreko arau eredu iraunkor baten alde.

14. artikulua. Antolakuntzaren eremuko berrikuntza eta sinplifikazioa.

Tafallako Udalak berrikuntzaren eta sinplifikazioren printzipioak aplikatuko ditu antolakuntzaren eremuan, efizientziaren mesedetan eta herritarrei bideratuta, eta honako irizpide eta berrikuntza hauei lehentasuna emango die, besteak beste:

a) Gobernu organoen artean, erabakiak eraginkortasunez hartzera bideratutako ordezkaritza araubidea ezartzea, eta pertsona bakarreko organoek erabakitzen ahal dutena kide anitzeko organoen esku ez uztea.

b) Zerbitzu maila handiko herritarrendako arreta bulegoak sortzea, berehalako erantzuna eman ahal izateko eta arreta ematen den unean bertan izapidetze proaktiboa egin ahal izateko.

c) Prozesuetan eta zeharkakotasunean oinarritutako antolakuntza ereduak, lantaldeetan sormena eta talentua bultzatzeko.

d) Erregistro osagarriak edo departamentuetako erregistroak ezabatzea eta administrazio kudeaketaren informazio aplikazioek eta sistemek eskaintzen duten trazabilitatearekin ordeztea.

e) Administrazioaren jarduketa fluxuen gaineko balio erantsia analizatzeko teknikak erabiltzea, herritarrei eta toki erakundeari balioa eransten dioten antolakuntza unitateak identifikatzeko, sustatzeko eta optimizatzeko, helburua izanik eraginkortasun publikoa lortzea eta analisi horren arabera alferrikakoak diren gainerako unitateak ezabatzea.

15. artikulua. Administrazio prozedura erkidearen izapidetze erraztuaren berezitasunak.

1. Tafallako Udalak, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta, administrazio prozedura erkidearen izapidetze erraztura jotzen ahal du, interes publikoko arrazoiengatik edo prozedura konplexua ez izateagatik komenigarria bada. Kasu horretan, dagokion egoitza elektronikoak argitaratuko du zer prozedura izapidetuko diren bide horretatik. Hala ere, ahalik eta informazio gehiena emateko eta eskuratzeko aukera errazteko asmoz, informazio hori Gardentasun Atarian ere argitaratzen ahal da.

Iritziko zaio prozedura ez dela konplexua honako kasu hauetan:

a) Instrukzioan bi administrazio unitatek parte hartzea gehienez edo

b) Ebazteko epea hiru hilabetekoa izatea gehienez.

2. Prozedura ebatzi aurretik edozein unetan, hura izapidetzeko eskumena duen organoak erabakitzen ahal du izapidetze arruntarekin jarraitzea, baldin eta espedientean erabaki hori hartzea aholkatzen duten arrazoiak nahikoa egiaztatzen badira eta, interesdunak izapidetze erraztua eskatu badu ere, erabaki horren aurka ez badago.

3. Tafallako Udalak ofizioz erabakitzen badu prozeduraren izapidetze erraztua egingo duela, interesdunei jakinarazi beharko die.

Horietakoren batek, jakinarazpena jaso eta bost eguneko epean, horri kontra egiten badio, udalak izapidetze arruntari jarraitu beharko dio.

4. Interesdunek prozeduraren izapidetze erraztua eskatzen ahal dute. Izapidetzeko eskumena duen organoak uste badu ez dela 1. apartatuan ezarritako arrazoietako bat betetzen, eskaera horri uko egiten ahal dio, eskaera aurkeztu eta hurrengo bost egunetan, eta interesdunak ezin izango du errekurtsorik jarri. Bost eguneko epe hori igarota, eskaera ezetsitzat joko da.

5. Izapidetze arrunta burutzeko denbora gutxiago falta den kasuetan izan ezik, modu erraztuan izapidetutako administrazio prozedurak hogeita hamar egunean ebatzi beharko dira, interesdunari izapidetze erraztua egingo dela jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Honako izapide hauek izango dituzte soil-soilik:

a) Prozedura abiaraztea, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta.

b) Eskaera zuzentzea, hala badagokio.

c) Prozeduraren hasieran egindako alegazioak, bost eguneko epean.

d) Entzunaldia, ebazpena interesdunaren kalterako izatekoa denean soilik.

e) Kasu bakoitzari aplikatzen zaion araudi espezifikoaren arabera dagozkion txostenak.

f) Ebazpena.

6. Prozeduraren batean aurreko apartatuan jaso ez den izapideren bat egin behar bada, prozedura modu arruntean izapidetuko da, salbu eta izapide hori bost egun balioduneko epean ebazten ahal bada; azken kasu horretan, izapidetze erraztuarekin jarraitzen ahal du udalak.

II. KAPITULUA

Administrazio prozedura elektronikoen jakinarazpena

16. artikulua. Jakinarazteko organo eskuduna.

1. Ebazpenak eta administrazio egintzak ematen dituen organoak egingo die jakinarazpena ukitutako eskubideak eta interesak dituzten interesdunei. Jakinarazpena era automatizatuan egingo da lehentasunez, eskura jartzeko sistema elektronikoaren bidez.

2. Dena dela, Idazkaritzak emango du kide anitzeko organoen erabakien berri, horiek egiaztatu ondoren. Jakinarazpena era automatizatuan egingo da lehentasunez, duen sinadura elektronikoko sistemaren bidez.

17. artikulua. Jakinarazteko epea.

1. Jakinarazpen oro hamar eguneko epean egin behar da, egintza egin den egunetik aurrera. Ebazpenaren testu osoa ekarriko dute, eta adieraziko bide administratiboari amaiera ematen dion ala ez, zer errekurtso den bidezko bide administratiboan zein judizialean, zer organori zuzendu behar zaion eta zer epe dagoen haiek jartzeko, ukatu gabe interesdunek baliatzen ahal dutela, hala badagokio, bidezkotzat jotzen duten beste edozein.

2. Jakinarazpen elektronikoaren sistemaren barnean dauden interesdunek (derrigor edo beren borondatez sartu) 30 egun aukeratzen ahalko dituzte, urte natural bakoitzean, Udalak egun horietan jakinarazpenak sistema horren bidez ez egiteko, salbu Udalak arrazoibidez frogatzen badu aipatu sistema erabili behar duela administrazio jarduketak bere eraginkortasuna bermatzeko eskatzen duen berehalakotasun edo bizkortasunagatik.

3. Aurreko apartatutan xedatutakoaren arabera interesdunak egindako hautaketak atzerapena sortzen badu jakinarazpenean, administrazioa ez da horren errudun izango, aplikaziozkoa den araudian ezarritako baldintzetan.

18. artikulua. Datuen babesa eta jakinarazpenaren beste muga batzuk.

1. Tafallako Udalak beharrezko neurriak hartuko ditu ebazpenetan eta administrazio egintzetan jasotako datu pertsonalak babesteko, interesdun bat baino gehiago direnean jakinarazpenaren hartzaile, eta, hala badagokio, gardentasun legerian ezarritako beste muga batzuk aplikatuko ditu.

2. Neurriek honako hauek hartzen ahal dituzte barne, besteak beste: transkripzioa, erabakien eta ebazpenen egiaztapen partziala egiteko, zeina automatikoki egingo baita metadatuak erabiliz, hala badagokio, eta egiaztatu eta jakinarazi behar ez diren eranskinak erabiltzea.

3. Edonola ere, datuak eskuratzeko mugak badaude, hala adierazi beharko da, gardentasun legeriak ezarritako baldintzetan.

19. artikulua. Jakinarazpenen abisuak jasotzeko gailu elektronikoa eta/edo helbide elektronikoa.

1. Interesdunak edo haren ordezkariak gailu elektronikoa eta/edo helbide elektronikoa aukeratzen ahal du, jakinarazpenak egin izanaren abisuak jasotzeko. Jakinarazpenak edozein modutara eginda ere, Tafallako Udalak zehaztuko du zer gailu elektroniko onartzen dituen baliozkotzat artikulu honetan araututako abisua egiteko.

2. Horretarako, interesdunak edo haren ordezkariak bere burua identifikatu beharko du, Udalak horretarako onartu duen sistemaren bidez, eta dagozkion datuak bete beharko ditu.

3. Interesduna edo haren ordezkaria izango da informazio hori eguneratuta izatearen erantzule bakarra.

20. artikulua. Jakinarazpena elektronikoki egin eta gauzatzea.

1. Jakinarazpena idatziz eta euskarri elektroniko originalean sortuko da beti, eta administrazio prozedura erkidearen legerian ezarritako metadatuak eta bestelako edukiak jasoko ditu. Halaber, hurrengo apartatuetan ezarritakoaren arabera egingo da.

2. Jakinarazpen elektronikoa egiteko, baliozkotzat hartzen dira gaitutako helbide elektronikoa eta Udalaren egoitza elektronikoan agertzean jakinarazpena jasotzea.

3. Jakinarazpena, hala ere, interesdunaren edo haren ordezkariaren esku jarriko da Udalaren egoitza elektronikoan, eta abisua bidaliko da interesdunak edo haren ordezkariak hautatutako gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora.

4. Elektronikoki agertzean jakinarazpena gauzatu ahal izateko, erabilitako sistemak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Jakinarazpena atzitzen duen pertsonaren identifikazioa egiaztatuta gelditu behar da, Udalak ordenantza honetako baldintzen arabera ezarritako moduan.

b) Argi eta garbi adierazi beharko da interesdunak edukiak atzitu izana jakinarazpentzat hartuko dela, dagozkion lege ondorioetarako.

c) Jasota geratu beharko da interesdunak edo haren ordezkariak jakinarazpenaren edukia atzitu izana, eta zer egunetan eta ordutan atzitu duten ere bai.

5. Horrez gain, interesdunak edo haren ordezkariak borondatez hala eskatu badu edo legez edo arauz jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez jasotzeko obligazioa badu, Udalak gaitutako helbide elektroniko bakarrean jartzen ahal du jakinarazpena interesdunaren edo haren ordezkariaren eskura, araudi erregulatzaileak xedatutako baldintzetan.

21. artikulua. Jakinarazpena paperezko euskarriaren bidez egitea.

1. Administrazio prozedura erkidearen legerian ezarritako kasuetan, Tafallako Udalak paperezko euskarrian egin beharko du jakinarazpena. Horretarako, posta zerbitzuen legeriak ezarritako mekanismoak erabiltzen ahal ditu, haren zerbitzuko langile publiko baten bitartez eman jakinarazpena, edo interesdunari edo haren ordezkariari Udalaren bulegoetara edo horretarako gaitutako tokira agertzeko eskatu.

2. Kasu horretan, egoitza elektronikoan eskura jarritako jakinarazpenaren egiazko kopia bat sortu beharko da paperean, modu automatizatuan. Horretarako, jakinarazpena egiten duen organoaren egiaztapen-kode segurua edo Udalaren kode orokorra erabiliko dira.

3. Posta zerbitzuaren bidezko jakinarazpenak unean indarrean dagoen araudiak ezarri bezala egingo dira.

4. Bulegoetan agertuta edo langile publikoen bitartez ematen diren paperezko jakinarazpenak egitean, idatziz eta elektronikoki jasota utzi behar da interesdunak edo haren ordezkariak jakinarazpena jaso dutela. Jakinarazpena, halaber, digitalizatuko da, egiazko kopia elektronikoa eginez, espedientean sartzeko.

5. Paperez egiten diren jakinarazpen guztiak interesdunaren eskura jarri behar dira Udalaren egoitza elektronikoan, aukera izan dezan horien edukia borondatez atzitzeko.

22. artikulua. Jakinarazi ezin izan diren iragarkiak argitaratzea.

1. Jakinarazpena ezin izan denean aurreko artikuluen baldintzetan gauzatu, Estatuko Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratuko da.

Horretarako, banakako iragarkiak edo jakinarazpena jasotzeko agertzekoak argitaratzen ahal dira, eranskin gisa.

2. Tafallako Udalak taulan argitaratzeko beste administrazio publiko batzuek igorritako jakinarazpenen iragarkiak jasotzen baditu, argitalpen hori Udalaren bulegoetan eskuratzen ahal den taula fisikoan edo elektronikoan soilik argitaratuko da.

III. KAPITULUA

Artxibo elektronikoa

23. artikulua. Dokumentuen artxibo elektronikoa.

1. Agiriak eta jarduketak edozein artxibo elektronikotan jasotzean, gardentasun obligazioak betetzea erraztu behar da, eta aukera eman behar du herritarrei informazioa garaiz, azkar eta eguneratuta emateko.

2. Administrazio jarduketetan erabilitako agiri guztiak bitarteko elektronikoen bidez gordeko dira, salbu eta ezin bada eta modu arrazoituan egiaztatzen bada ezinezkoa dela.

Jatorrizko euskarrian gordeko dira egiazko kopia elektroniko bidez espediente elektronikoan gorde ezin diren euskarri fisikoko agiriak, legeak ezarritako baldintzetan.

3. Nolanahi ere, Tafallako Udalak agiriak hobeki jaso eta kudeatzeko beharrezkoa duen eta egoki deritzon agiri elektronikoen artxiboa izaten ahalko du, ordenantza honetan aipatzen den Dokumentazioa eta artxibo elektronikoa kudeatzeko politikaren agiriak ezarritakoaren arabera.

4. Aurreko apartatuan ezarritakoa alde batera utzi gabe, Tafallako Udalak artxibo elektroniko bakarra izan beharko du, bukatutako prozedurei dagozkion agiri elektronikoekin, aplikaziozkoa den araudi erregulatzailean ezarritako baldintzetan.

24. artikulua. Kontserbatzeko formatuak eta euskarriak.

1. Partikularren eskubideak edo interesak ukitzen dituzten administrazio egintzak dituzten dokumentu elektronikoak halako euskarrietan kontserbatuko dira ezinbestean, bai formatu berean dokumentua sortu zenetik abiatuta edo behar den informazioaren berdintasuna eta osotasuna segurtatuko duen beste edozeinetan erreproduzitu ahal izateko.

2. Amaitutako prozedurei dagozkien agiri elektronikoak honako hau ahalbidetzen duen formatu batean gorde beharko dira: agiriaren egiazkotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatzea, baita kontsultatzeko moduan daudela bermatzea ere eman zirenetik edozer denbora igaro dela ere. Horretarako, jatorrizko formatua kontserbazio formatura aldatzen ahal da, egiazko kopia elektronikoa sortuz.

3. Aurreko apartatuetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, frogagiri izaten jarraitzen duten bitartean, agiri elektronikoak beren formatu originalean gorde beharko dira ahal bada, sinadura elektronikoarekin eta metadatuekin batera.

4. Tafallako Udalak datuak aplikazio desberdinetatik atzitzeko aukera ematen duten formatuetara eta euskarrietara aldatzeko prozedurak ezarriko ditu, hala beharrezkoa denean.

25. artikulua. Artxibo elektronikoen bermeak eta segurtasun neurriak.

1. Dokumentuak gordetzeko bitarteko edo euskarriek segurtasun neurriak bete beharko dituzte, Segurtasun Eskema Nazionalean ezarritakoarekin bat, bermatu ahal izateko gordetako dokumentuen osotasuna, egiazkotasuna, konfidentzialtasuna, kalitatea, babesa eta kontserbazioa.

2. Bereziki, artxibo elektroniko guztiek bermatuko dute erabiltzaileen identifikazioa eta sarbideen kontrola, bai eta datuak babesteari buruzko legerian ezarritako bermeak betetzen direla ere, eta administrazio publikoek sortutako agiri elektronikoak berreskuratu eta luzaroan kontserbatzen dituztela, hala behar den kasuetan, erabilitako zerbitzu eta sistemen bizi zikloari buruzko berezitasunekin bat.

3. Agiriak kudeatzeko politikak, Udalak Dokumentazioa eta artxibo elektronikoa kudeatzeko politikaren agirian zehaztutako segurtasun politikarekin batera, agiri elektronikoei aplikatzen zaizkien segurtasun neurriak ezarriko ditu.

26. artikulua. Artxiboen kudeaketa erregulatzen duen araudia betetzea.

1. Artxibo elektronikoen eta, bereziki, bukatutako prozedurei dagokien agiri elektronikoen artxibo bakarraren ezarpena indarreko legeriak ezartzen dituen beste sistemekin eta artxibo sareekin bateragarria izango da, eta dagozkion zaintza- edo eskualdaketa-erantzukizunen banaketa errespetatu beharko du.

2. Halaber, artxibo elektroniko bakarra bateragarria izango da artxibo historikoa jarraitzearekin, Estatuko eta Nafarroako Foru Komunitateko dagokion araudiaren arabera.

3. Agiri elektroniko horiek ezabatzeko, baimena beharko da, aplikatzekoa den araudian xedatuarekin bat.

27. artikulua. Artxibo elektronikoetan sartzea.

1. Herritarrak artxibo elektronikoetan sartzea Estatuko eta Nafarroako Foru Komunitateko gardentasun legeriak ezarritakoaren arabera arautuko da.

2. Gainerako administrazio publikoak ordenantza honetan araututako agiri eta artxibo elektronikoetan sartzeari dagokionez, baldin eta eskatzaileak Udalari aurretiaz emandako agiriak ez emateko eskubidea gauzatzen badu, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea arautzen duen legeriak ezarritako mugen barruan jardun behar da, dokumentazioa araudi erregulatzaileak xedatutakoaren arabera ezabatu ez bada.

III. TITULUA

Egoitza elektronikoa

28. artikulua. Egoitza elektronikoa.

1. Egoitza elektronikoa telekomunikazio sareen bidez herritarren eskura dagoen helbide elektronikoa da, betiere titularra toki entitate hau edo haren mendeko entitate bat bada.

Egoitza elektroniko bakarra egongo da Udaleko organo guztietarako, eta entitate eta erakunde publikoak zein haren mende dauden kapital erabat publikoko toki entitateak eta entitate mistoak sartzen ahal dira hor.

2. Egoitza elektronikoak printzipio hauek bete behar ditu: gardentasuna, publizitatea, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, erabilgarritasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna.

29. artikulua. Egoitza elektronikoa sortzea.

1. Organo eskudunaren ebazpen edo erabakiaren bidez sortuko da egoitza elektronikoa. Dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko da, eta gutxienez honako eduki hauek izango ditu:

a) Egoitza aplikatzeko eremua; gutxienez Tafallako Udalaren berezkoa izango da, eta, halaber, bere mendeko entitate, erakunde eta sozietateak bil ditzake.

b) Egoitzaren erreferentziazko helbide elektronikoaren identifikazioa.

c) Titularraren identifikazioa, egoitza elektronikoa kudeatu eta administratzeko organoa(k) eta herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuak.

d) Egoitzan eskura dauden zerbitzuetan sartzeko kanalak identifikatzea, zehaztuz, behar denean, aipatutakoez gain horietan sartzeko zer telefono eta bulego dauden.

e) Iradokizunak eta kexak egiteko bitartekoak.

f) Egoitza zuzen identifikatzeko eta haren fidagarritasuna bermatzeko komenigarritzat jotzen den beste edozein inguruabar.

2. Egoitza elektroniko nagusitik eratorritako egoitza elektroniko bat edo batzuk (azpiegoitzak) sor daitezke.

Egoitza nagusiaren helbide elektronikotik sartzen ahalko da eratorritako egoitza elektronikoetan, eta zuzeneko sarbide elektronikoa izatea ere posible izango da. Eratorritako egoitza elektronikoak egoitza elektroniko nagusiaren baldintza berak bete beharko ditu, salbu hura sortzeko ebazpen edo erabakia argitaratzeko tokia, bere nagusi den egoitzan egingo baita.

3. Egoitza partekatuak ere sor daitezke, beste administrazio publikoekin sinatutako lankidetza-hitzarmenen bidez; kasu horretan, dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko beharko da, sinatzaileen lurralde-eremua kontuan harturik. Halaber, lankidetza-hitzarmenetan xedatzen ahal da lehendik dagoen egoitza batean sartzea.

30. artikulua. Egoitza elektronikoen ezaugarriak.

1. Jarduketak, prozedurak eta zerbitzuak egoitza elektronikoaren bitartez egingo dira, beharrezkoa denean Udalak, beste administrazio publikoek edo herritarrek bitarteko elektronikoekin autentifikatzea. Halaber, organo eskudunak zerbitzuen eraginkortasunaren eta kalitatearen mesederako ezartzen dituen jarduketak, prozedurak eta zerbitzuak egiten ahalko dira, bai eta kontratistek eta emakidadunek emandako zerbitzuak ere, dagozkion kontratu agirietan ezarritako baldintzetan.

2. Egoitza elektronikoaren bidez lortzen ahal diren zerbitzuen eta informazioaren osotasuna, egiazkotasuna eta eguneratzea bermatu behar dira.

3. Egoitza elektronikoetan informazioak, zerbitzuak eta transakzioak argitaratzean, irisgarritasun eta erabilgarritasun printzipioak errespetatuko dira, horri dagokionez ezarritako arauekin bat, baita estandar irekiak eta, hala behar badu, herritarrek erabili ohi dituztenak ere.

4. Egoitza elektronikoak komunikazio seguruak ezartzea ahalbidetzen duten sistemak izango ditu, baldin eta beharrezkoak badira.

5. Egoitza elektronikoek webguneen autentifikazio-ziurtagiri kalifikatuak edo bitarteko baliokideak erabiliko dituzte identifikatzeko eta haiekin komunikazio segurua bermatzeko.

6. Egoitza elektronikoko zerbitzuak egunaren 24 orduetan eta urteko egun guztietan egonen dira erabiltzeko maneran.

Arrazoi teknikoak direla-eta aurreikusten bada egoitza elektronikoa edo bere zerbitzuetariko bat beharbada ez dela egonen erabiltzeko maneran, horren berri eman beharko zaie erabiltzaileei, ahalik eta azkarren, kontsultatzeko eskura dauden ordezko baliabideak zein diren adierazita.

31. artikulua. Egoitza elektronikoa identifikatzeko baldintzak eta haien komunikazioen segurtasuna.

1. Tafallako Udalaren eta harekin lotutako edo haren mendeko erakunde publikoen helbide elektronikoak egoitza elektroniko badira, erabat argi eta garbi adierazi beharko dute hori.

2. Egoitza elektronikoak eskuragarri izango du bera sortzeko erabilitako tresna, zuzenean edo Nafarroako Aldizkari Ofizialeko argitalpenaren esteka jarrita.

3. Egoitza elektronikoen euskarri diren informazio sistemek esku artean duten informazioaren konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna eta osotasuna ziurtatu beharko dituzte, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalari eta Segurtasun Eskema Nazionalari jarraikiz.

32. artikulua. Egoitza elektronikoaren edukiak.

1. Egoitzak elektronikoak gutxienez honako eduki hauek izango ditu:

a) Egoitzaren identifikazioa, erreferentziazko helbide elektronikoa zehaztuta.

b) Egoitza kudeatu eta administratzeko ardura duen organoaren (edo organoen) identifikazioa.

c) Egoitza sortzeko ebazpen edo erabakia, eta, hala bada, eratorritako azpiegoitzena.

d) Egoitzaren eremu subjektiboa, eta, hala bada, eratorritako azpiegoitzena.

e) Egoitza elektronikoan eskura dauden zerbitzuen zerrenda.

f) Egoitza behar bezala erabiltzeko beharrezko informazioa, egoitza elektronikoaren mapa edo horren baliokidea den informazioa barne, nabigazio egitura eta eskuragarri dauden atalak zehaztuz, bai eta jabetza intelektualarekin lotutako informazioa ere.

g) Egoitza zuzen erabiltzeko aholkularitza zerbitzuak (elektronikoak eta telefonikoak).

h) Egoitzako ziurtagiriak egiaztatzeko sistema; zuzenean eta doan eskuragarri egon beharko da.

i) Egoitzan onartu edo erabilitako sinadura elektronikoko sistemen zerrenda.

j) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa, Datuak Babesteko Espainiako Bulegoaren egoitza elektronikoaren esteka barne.

k) Udalaren eta haren mendeko erakundeen organo, zentro eta unitate administratiboak identifikatzeko kodeen zerrenda eguneratua.

l) Agiriak elektronikoki aurkezteko laguntza ematen duten bulegoen zerrenda eguneratua, direktorio geografikoa izango duena interesdunak erregistro arloko laguntza-bulego hurbilena identifika dezan.

m) Data eta ordu ofiziala.

2. Egoitza elektronikoak honako hauek izango ditu herritarren eskura:

a) Tafallako Udalaren eta hari lotuta edo haren mende dauden entitate eta erakundeen sarbide-puntu nagusi elektronikoa.

b) Herritarrak Tafallako Udalarekin komunikatzeko duen eskubideaz baliatzean erabiltzen ahal dituen bitarteko elektroniko, telefoniko eta buruz burukoen zerrenda.

c) Kasu bakoitzean eskumena duten organoei iradokizunak eta kexak adierazteko esteka.

d) Eskabide ereduak.

e) Erregistro orokor elektronikoa sortzeko ebazpen, erabaki edo xedapena.

f) Erregistro orokor elektronikoan abiarazten ahal diren tramiteen zerrenda eguneratua.

g) Egun baliogabeen zerrenda, erregistro elektronikoan epeak zenbatzeko aplikatuko dena.

h) Epeak luzatzea ekartzen duten gorabehera teknikoen identifikazioa.

i) Udalaren eta haren mendeko erakundeen iragarki edo ediktuen taula elektronikoa (ediktuen taula), adierazita argitalpen elektronikoa ordezkagarri edo osagarri den.

j) Sarbidea aldizkari eta egunkari ofizialen argitalpenera.

k) Jakinarazpen elektronikoen zerbitzua.

l) Interesdunak identifikatu eta sinatzeko sistemak.

m) Egoitza elektronikoan sartuta dauden organo edo erakundeen zigilu elektronikoen zerrenda, ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak, horiek egiten dituztenak eta egiaztatzeko neurriak zehaztuta.

n) Udalak eta haren mendeko erakundeek erabiltzen dituzten egiaztapen-kode seguruen zerrenda, horrela sortu edo autentifikatzen diren agirien egiazkotasuna eta osotasuna egiaztatzeko.

o) Apud acta ahalordetze sistema, egoitza elektronikoan agertzearen bidez.

p) Ahalordetzeen erregistro elektronikoa.

q) Interesdunei bitarteko elektronikoen erabilerari buruz aholkularitza emateko eta egiazko kopiak luzatzeko gaitutako funtzionarioen erregistroa.

r) Udalaren eta haren mendeko entitateen Gardentasun Ataria, edo, halakorik ez bada, publizitate aktiboaren xede den informazioa, Gardentasunari, informazio publikoaren eskuragarritasunari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearekin, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearekin eta haiek garatzeko araudiarekin bat.

s) Kontratatzailearen profila.

t) Zerbitzu elektronikoen gutuna, hala bada.

u) Legez edo erregelamenduz eskatzen ahal diren bestelako eduki, informazio edo zerbitzuak, eta egoitzaren ardura duen organo titularrak eransten dituen informazio edo zerbitzuak.

3. Aurreko apartatuetan aipatutako informazio eta zerbitzuak ez dira azpiegoitzetan jaso behar, baldin eta nagusi den egoitzan jasota badaude.

33. artikulua. Erantzukizuneko arau bereziak.

1. Egoitza elektroniko bat sortuz gero, haren titularrak izango du ardura egoitza elektroniko horren bidez eskuratzen ahal diren informazio eta zerbitzuen osotasunaz, egiazkotasunaz eta eguneratzeaz.

Egoitza elektronikoak beste organo edo administrazio publiko baten erantzukizunpeko egoitza elektronikoaren esteka badu, egoitza elektronikoaren titularra ez da azken horren osotasunaren, egiazkotasunaren eta eguneratzearen erantzule izango.

Egoitzak beharrezko bitartekoak ezarriko ditu herritarrek jakin dezaten eskuratzen duten informazioa edo zerbitzua egoitzarena den, egoitza ez den sarbide-puntu batena den edo hirugarren batena den.

2. Egoitza elektronikoen titular diren organo edo erakunde publikoek erantzukizuna izango dute beren eduki propioez eta, solidarioki, eduki komunez ere bai.

IV. TITULUA

Identifikazio eta sinadura elektronikoa

I. KAPITULUA

Interesdunen identifikazio eta sinadura elektronikoa

34. artikulua. Identifikazio elektronikoari buruzko arau orokorrak.

1. Interesdunak elektronikoki identifikatzen ahalko dira udal honetan, beren nortasuna behar bezala ziurtatzeko erabiltzaileen aldez aurreko erregistroa duen edozein sistema erabiliz, dagokion jarduketarako eskatutako segurtasun maila kontuan hartuta, aplikaziozko legerian eta, bereziki, Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuan ezarritako baldintzetan.

2. Ondorio horietarako, zilegi da Estatuko Administrazio Orokorrak onartutako identifikazio elektronikoko sistemak erabiltzea, 39/2015 Legearen 9.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, aurreko lerroaldean ezarritako baldintza beretan.

3. Identifikazio elektronikoko edozein sistema erabiltzeak doakoa izan behar du Udalarentzat, eta Estatuko eta Europar Batasuneko elkarreragingarritasun arauak bete beharko ditu.

4. Tafallako Udalak, Alkatetzaren dekretu bidez, gako itunduen sistema propioa egin eta kudeatzen ahal du, eta, dekretu horretan, gakoak erabiltzeko zehaztapenak eta baldintzak arautuko dira. Halaber, bermatu behar duen segurtasun mailaren arabera, Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretua eta Batzordearen 2015eko irailaren 8ko 2015/1502 (EB) Exekuzio Erregelamendua bete beharko ditu. Erregelamendu horrek identifikazio elektronikoko bitartekoen segurtasun mailetarako zehaztapen eta prozedura minimoak ezartzen ditu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 910/2014 (EB) Erregelamenduaren (barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoari eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa) 8. artikuluko 3. apartatuan ezarritakoa betez.

5. Tafallako Udalak onartzen diren identifikazio elektronikoko sistemak jakitera eman beharko ditu bere egoitza elektronikoan.

35. artikulua. Sinadura edo zigilu elektronikoari buruzko arau orokorrak.

1. Legez hala eskatzen ahal denean, interesdunek elektronikoki sinatzen ahalko dute, identifikazio elektronikoko edozein bitarteko eta konfiantzazko zerbitzuen legerian ezarritako edozein bitarteko erabiliz, haien borondatea eta baimena egiazkoak direla elektronikoki egiaztatzeko aukera ematen badu, dagokion jarduketarako eskatutako segurtasun mailaren arabera eta aplikaziozko legerian eta, bereziki, Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuan ezarritako baldintzetan.

2. Konfiantzazko edozein sistema erabiltzeak doakoa izan behar du Udalarentzat, eta Estatuko eta Europar Batasuneko elkarreragingarritasun arauak bete beharko ditu.

3. Udalak, Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak jasotako arauak aplikatuz, ezin izango du identifikazio elektronikoko sistema erabili interesdunari honako hauek erabiltzeko eskatu behar badio: sinadura edo zigilu elektroniko aurreratua, ziurtagiri kalifikatuan oinarritutako sinadura edo zigilu elektroniko aurreratua edo sinadura edo zigilu elektroniko kalifikatua.

4. Kasu horretan, mugaz gaindiko jarduketa bada, Europar Batasuneko gainerako estatu kideetan bizilekua duten interesdunek honako hauek erabiltzen ahal dituzte, baina Batzordearen 2015eko irailaren 8ko 2015/1506 (EB) Exekuzio Erabakiak zehaztutako formatuetan soil-soilik: sinadura edo zigilu elektroniko aurreratua, ziurtagiri kalifikatuan oinarritutako sinadura edo zigilu elektroniko aurreratua edo sinadura edo zigilu elektroniko kalifikatua. Erabaki horrek ezartzen du zer zehaztapen izan behar dituzten sektore publikoko erakundeek aitortu behar dituzten sinadura elektroniko aurreratuen eta zigilu aurreratuen formatuek, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 910/2014 (EB) Erregelamenduaren (barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoari eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa) 27. artikuluaren 5. apartatuari eta 37. artikuluaren 5. apartatuari jarraikiz.

Espainian bizilekua duten interesdunek ere erabiltzen ahal dituzte aipatutako formatuak.

5. Udalak ez du inolaz ere eskatuko sinadura edo zigilu elektroniko kalifikatua baino berme maila handiagoa duen sinadura edo zigilu elektronikoko sistema bat erabiltzeko.

6. Sinatzeko erabiltzen den identifikazio sistemak ez badu aukera ematen agiria osorik dagoela eta aldatu ezin dela egiaztatzeko, udalak alderdi horiek ziurtatzeko mekanismo teknikoak ezarri beharko ditu bere identifikazioko eta sinadura elektronikoko politikan.

7. Tafallako Udalak jarduketa bakoitzean onartzen diren sinadura elektronikoko sistemak jakitera emango ditu bere egoitza elektronikoan.

36. artikulua. Pertsona fisikoen identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemak.

1. Pertsona fisikoek, elektronikoki identifikatu eta sinatzeko, gako itunduetako Cl@ve sistema erabiltzen ahalko dute. Estatuko Administrazio Orokorrekoa da sistema, eta erabiltzeko hiru modalitate ditu: Cl@ve aldizkakoa (Cl@ve PINa), Cl@ve iraunkorra eta Cl@ve sinadura.

Identifikazio eta sinadurako sistema horiek egin eta kudeatzen dituen organo titularrak xedatutakoaren arabera erabiliko dira, baita Udalaren identifikazio eta sinadura elektronikoko politikaren arabera ere.

2. Pertsona fisikoek, aurrekoez gain, ziurtagiri elektroniko kalifikatuan oinarritutako zigilu elektronikoko sistemak edo zigilu elektroniko kalifikatua erabiltzen ahalko dituzte, emaile kalifikatuek emanak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. 910/2014 Erregelamendua barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa da, eta 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen.

3. Tafallako Udalak, horiez gain, pertsona juridikoen edo izaera juridikorik gabeko entitateen ordezkari diren pertsona fisikoen ziurtagiri elektroniko kalifikatuetan oinarritutako sistemak onartuko ditu, betiere Estatuko Administrazio Orokorraren sinadura elektroniko eta ziurtagirien politikako II. eranskinean ezarritakoarekin bat badatoz. Politika hori urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuan (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duena) ezarritakoaren arabera onetsi zen.

Kasu horretan, ordezkaritza erabat egiaztatuko da, dagozkion lege ondorioetarako.

4. Tafallako Udalak eskuzko sinadura elektronikoko mekanismoak ezartzen ahal ditu, pertsona fisikoek buruz buruko harremanetan erabiltzeko. Nolanahi ere, mekanismo horiek bermatu beharko dute sinaduraren ordezkaritza datuak konfidentzialak direla, Udalak edo hirugarrenek ez dituztela berrerabiliko eta sinatutako datuak osorik daudela eta ezin direla aldatu.

37. artikulua. Pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemak.

1. Pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko entitateek, aurrekoez gain, ziurtagiri elektroniko kalifikatuan oinarritutako identifikazio eta zigilu elektronikoko sistemak edo zigilu elektroniko kalifikatuko sistemak erabiltzen ahalko dituzte, emaile kalifikatuek emanak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. 910/2014 Erregelamendua barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa da, eta 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen.

2. Zigilu elektronikoa onartzeko, baldintza hauek bete behar ditu:

a) Zigilu elektronikoa erabiltzeak dakar pertsona juridikoari edo nortasun juridikorik gabeko entitateari zuzenean egozten zaiola jarduketa, eta ordezkaritza ez da egiaztatu behar.

b) Zigilu elektronikoa mugarik gabe erabiltzen ahal da, onartzen den izapide multzoaren barruan.

c) Ordezkari ari diren pertsona fisikoek zigilu elektronikoa erabiltzen ahal dute sinadura elektronikoko sistemaren ordez, baina sistema bat nahiz bestea erabiltzen ahal da, interesdunaren erabakiaren arabera.

3. Jarduketa batean zigilu elektronikoaren erabilera onartzeko, behar bezala bermatu behar da datuen jatorria zuzena dela eta datuak osorik daudela.

II. KAPITULUA

Udalaren identifikazio eta sinadura elektronikoa

38. artikulua. Identifikazio eta sinadura elektroniko automatizatuko sistemak.

1. Tafallako Udalak modu automatizatuan elektronikoki sinatzen ahal du, bai eta identifikatu ere, ziurtagiri elektroniko kalifikatuan oinarritutako zigilu elektronikoko sistemak edo zigilu elektroniko kalifikatua erabiliz, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. 910/2014 Erregelamendua barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa da eta 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen. Erabili beharreko zigilu horiek emaile kalifikatuek emango dituzte, jarduketa bakoitzak behar duen segurtasun maila aintzat hartuta, indarreko legeak eta, bereziki, urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duena) ezarritakoa betez.

2. Ahal dela, Udalaren zigilu elektronikoko ziurtagiri kalifikatuak haren organoei emango zaizkie, legez ezarrita dituzten eskumenak bete ditzaten. Hala ere, Udalak aukera du zigilu elektronikoko ziurtagiri kalifikatua izateko bere izenean.

Organo administratiboei egindako zigilu elektronikoko ziurtagiri kalifikatuek organo horien titularren identifikazio pertsonaleko datuak jasoko dituzte, Nortasun Agiri Nazionala edo baliokidea izan ezik, ez baita beharrezkoa izango.

3. Tafallako Udalak une bakoitzean dituen zigilu elektronikoko ziurtagiri kalifikatuak aditzera emango ditu bere egoitza elektronikoan.

4. Era berean, Tafallako Udalak egiaztapen-kode seguruko sistemak erabiltzen ahal ditu modu automatizatuan sinatzeko, eta, ahal dela, Udaleko organoei emango zaizkie, legez ezarrita dituzten eskumenak gauza ditzaten. Dena dela, Udalak egiaztapen-kode seguruko sistema ere izaten ahal du bere izenean.

Udalaren egiaztapen-kode seguruko sistema orokorra agiri elektronikoen paperezko kopiak egiazkoak direla bermatzeko erabiltzen ahal da.

Nolanahi ere, egiaztapen-kode seguruak nahikoa berme tekniko eman beharko ditu, dagokion jarduketarako eskatzen den segurtasun mailarekin betez, aplikaziozko legeriak eta, bereziki, Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak ezarritako baldintzetan.

5. Organo eskudunaren ebazpen edo erabakiaren bidez baimenduko da egiaztapen-kode seguruak sortzeko sistema. Dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko da, eta gutxienez honako eduki hauek izango ditu:

a) Agiri bakoitzerako sortutako kodea eta igorlearekin duen lotura bakarra eta ausazkoa izatea.

b) Ziurtagiri kalifikatuan oinarritutako zigilu elektroniko aurreratuaren baliokidea den segurtasun kriptografikoa izatea.

c) Kode bidez autentifikatutako agiria egoitza elektronikoaren bidez eskuratzea –eta, hala badagokio, hura gordetzen duen artxibo elektronikoa–, agiriak lege ondorioak sortzen dituen epealdi osoan zehar. Pertsonek berehala eta doan eskuratzen ahalko dute agiria.

6. Udalak identifikatutzat ulertuko da, Interneten duen webgunean edo bestelako sarbide-puntuan bere izenean argitara ematen den informazioari dagokionez, horiek legez egoitza elektronikoak badira.

7. Egoitza elektronikotik kanpo informazioa argitaratzen bada, Udalak autentifikatu beharko du, kapitulu honetan xedatutako identifikazio- eta sinadura-sistemetako edozein erabiliz.

39. artikulua. Udaleko langileen identifikazio eta sinadura elektronikoa.

1. Tafallako Udaleko organoen titularrek edo kideek eta Udalaren zerbitzuko langileek ziurtagiri elektroniko kalifikatuan oinarritutako zigilu elektronikoko sistemak edo zigilu elektroniko kalifikatua erabiltzen ahalko dituzte, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. 910/2014 Erregelamendua barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoei eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa da eta 1999/93/EE Zuzentaraua baliogabetu zuen. Erabili beharreko zigilu horiek emaile kalifikatuek emango dituzte, jarduketa bakoitzak behar duen segurtasun maila aintzat hartuta, indarreko legeak eta, bereziki, urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuak (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duena) ezarritakoa betez.

2. Udalak emango dizkiete ziurtagiri horiek beren zerbitzuko langileei. Hala ere, Identifikazioko eta sinadura elektronikoko politikaren agirian, baimena ematen ahal dute pertsona horiek borondatez erabiltzeko pertsonalak soilik diren ziurtagiri kalifikatuak. Ziurtagiriek informazio osagarria izaten ahal dute, pertsonari dagokion organoa, unitatea edo kargua edo lanpostua identifikatzeko, neurriz eta gardentasunari eta datu pertsonalen babesari buruzko legeriak ezarritako mugak errespetatuz.

3. Goitizena darabilten sinadura elektronikoko ziurtagiri kalifikatuak ematen ahal dira, indarreko legeriak mugak ezartzen baditu agiriak sinatzen dituzten pertsonak identifikatzeko. Goitizena osatzeko, lanbide identifikazioko zenbakia edo haren baliokidea erabiliko da.

Organo judizialek edo legitimazioa duten beste organo eta pertsonek eskatzen ahal dute goitizena darabilten ziurtagiri kalifikatuak dituzten sinatzaileen nortasuna jakinarazteko, Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2 artikuluak xedatutako kasuetan.

4. Tafallako Udalak, Alkatetzaren dekretu bidez, gako itunduen sistema propioa egin eta kudeatzen ahal du bere langile publikoendako, eta, dekretu horretan, gakoak erabiltzeko zehaztapenak eta baldintzak arautuko dira. Halaber, bermatu behar duen segurtasun mailaren arabera, Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretua eta Batzordearen 2015eko irailaren 8ko 2015/1502 (EB) Exekuzio Erregelamendua bete beharko ditu. Erregelamendu horrek identifikazio elektronikoko bitartekoen segurtasun mailetarako zehaztapen eta prozedura minimoak ezartzen ditu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 910/2014 (EB) Erregelamenduaren (barne merkatuan transakzio elektronikoak egiteko identifikazio elektronikoari eta konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa) 8. artikuluko 3. apartatuan ezarritakoa betez. Halaber, Udala beste administrazio publikoek gako itunduetan oinarrituz eskaintzen dituzten identifikazio eta sinadura sistemei atxikitzen ahal zaie, baldin eta segurtasun maila nahikoa badute.

5. Tafallako Udalak eskuzko sinadura elektronikoko mekanismoak ezartzen ahal ditu, haren zerbitzuko pertsonek buruz buruko harremanetan erabiltzeko. Mekanismo horiek bermatu beharko dute sinaduraren ordezkaritza datuak konfidentzialak direla, Udalak edo hirugarrenek ez dituztela berrerabiliko eta sinatutako datuak osorik daudela eta ezin direla aldatu.

40. artikulua. Aurreko artikuluetarako arau komunak.

1. Udalak erabiltzen dituen zigilu eta sinadura elektronikoko ziurtagiri kalifikatuek Estatuko Administrazio Orokorraren sinadura elektronikoaren eta ziurtagirien politikaren II. eranskinean jasotakoa beteko dute. Politika hori honako hauetan ezarritakoaren arabera onetsi da: urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuaren (Segurtasun Eskema Nazionala administrazio elektronikoaren eremuan arautzen duena) 18. artikulua eta azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretuaren (herritarrek zerbitzu publikoetan elektronikoki sartzea arautzen duen ekainaren 22ko 11/2007 Legea partzialki garatzen duena) 24. artikulua.

2. Tafallako Udalak ziurtagirietan oinarritutako sinadura edo zigilu elektronikoko sistemak ezartzea sustatuko du, sinadura edo zigilua sortzeko gailuen eta datuen kudeaketa zentralizatua eginez.

3. Elkarreragingarritasuna bultzatzeko eta ziurtagiri kalifikatuetan oinarritzen ez diren sistemekin autentifikatutako agiri elektronikoen sinadura elektronikoa automatikoki egiaztatzea ahalbidetzeko, Tafallako Udalak ziurtagiri elektroniko kalifikatuan oinarritutako zigilu elektroniko propioa gainezartzen ahal du agirietan, beste organo, erakunde publiko, zuzenbide publikoko entitate edo administrazio publiko batzuei bidaltzeko edo haien eskura jartzeko.

V. TITULUA

Informazio administratiboa hedatzea eta eskuratzea
bitarteko elektronikoen bidez

I. KAPITULUA

Publizitate aktiboa

41. artikulua. Publizitate aktiboaren betebeharren esparrua.

1. Tafallako Udalaren publizitate aktiboko betebeharrak bide elektronikotik gauzatu beharko dira, ahal bada egoitza elektronikoaren bidez, informazio publikoaren osotasuna, egiazkotasuna eta eguneratzea bermatzen duen kanala baita.

2. Administrazio elektronikoa behin betiko ezartzearekin batera, Tafallako Udalak bere artxiboetan eta administrazio jarduketetan jasotako informazioaren hedapen, publizitate eta gardentasun ahalik eta handienak sustatuko ditu, antolamendu juridikoa eta aitortutako jardunbide onak betez.

3. Tafallako Udalak bere ekimenez argitaratuko du bere ezaugarri bereziengatik gardentasuna sustatzen duen, kontuak hobeki ematea ahalbidetzen duen eta herritarren eskubideak gauzatzea errazten duen informazioa, baita gizartearendako eta jarduera ekonomikoaren sustapen eta garapenerako erabilgarriena dena ere.

42. artikulua. Administrazio prozedura elektronikoaren eta gardentasunaren arteko loturak.

1. Administrazio prozedura elektronikoaren ezarpenak bermatu behar du informazioa formatu egokian sortuko dela, hura publizitatu ahal izateko, eskuragarria izateko, eta, bereziki, balio publikoa emateko berrerabilia izateko. Horretarako, dokumentazioa kudeatzeko politikarako estrategia gauzatuko da. Estrategia Alkatetza udalburutzak onetsitako agiri batean zehaztuko da, ordenantza honek xedatutakoari jarraikiz, eta bermatu behar du agiri elektronikoaren bizi ziklo osoan kudeaketa eredua eraginkorra izango dela.

Bereziki, estrategia horrek honako hauek bete beharko ditu:

a) Gardentasun Atarian informazioa iraultzean, automatismo maila handiagoa bermatzeko sistemak eta mekanismoak ezarriko ditu, eta informazioa ahalik eta eguneratuen mantenduko.

b) Gardentasunaren gaineko lege obligazioak betetzearen ondorioz izapide berriak txertatzea eta administrazio izapidetzea konplexuago bihurtzea ekidingo du.

c) Argitalpenean adieraziko du zein unitatek duen informazioaren ardura eta noiz eguneratu zen azkenekoz.

d) Herritarrei arreta emateko sistemak gainerako udal antolakundearekin eta informazio udal sistemekin integratuko ditu.

2. Prozedurak errazteko printzipioa aplikatuz, publizitate aktiboari buruzko informazioa eskuratzeak errazago izan behar luke, lehenago aipatutakoari jarraituz.

43. artikulua. Informazioaren kalitatea eta eskuragarritasuna.

1. Informazio administratiboa eta interes orokorreko informazioa egunean 24 orduz eta urteko 365 egunez izango da eskuragarri egoitza elektronikoan, kalitatearekin, eta horien edukiaren ulergarritasuna bermatu beharko da, Europako eta nazioarteko irizpide eta estandarrei jarraikiz. Informazioaren publizitateak sistema errazen erabilera bermatuko du, herritarrendako interesa duen informazioa modu azkar, seguru eta ulergarrian lortu ahal izateko.

2. Egoitza elektronikoetan edo beste edozein formatu motatan jasotzen den informazioak egiazkoa izan beharko du, erraz eskuratzekoa, ez-baztertzailea, argia, erraza eta zehatza. Halaber, herritarrek ulertzeko moduko mezu eta hizkuntzarekin egituratu beharko da eta, bereziki, herritarrei emandako informazioaren irismena hobeki ulertzen laguntzen ahal dieten bideoak, grafikoak, argazkiak, irudiak eta orriaren edo agiri euskarriaren konposiziorako beste edozein bitarteko erabiliko dira.

3. Publizitate aktiboaren adierazpen grafikoak izango dira lehentasunezko bitartekoa konplexutasun handiko gaien edo datuen publizitate aktiboa egiteko.

Lehentasun hori aplikatu ahalko da informazio ekonomiko-finantzarioaren kasuan, bereziki, baita honako helburu hauek dituen informazio guztian ere: baliabide publikoak erabiltzea, politika publikoak lehenestea, herritarrak zerbitzu publikoekin asebeteta gelditzea edo estatistiken edo ehunekoen bidez erakusten ahal den beste edozein.

4. Tafallako Udalak desgaitasun edo dibertsitate funtzionalen bat duten herritarren eskura jarriko ditu egoitza elektronikoko informazio guztia eskuratzeko beharrezko baliabideak, Udalaren baliabide teknologikoak eta ekonomikoak zein diren.

5. Udalak zuzenean edo hirugarrenen edo entitateen bitartez sortzen dituen agirietan eta euskarrietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista bermatuko da, hizkera mota guztietan.

44. artikulua. Kanal ez-elektronikoak erabiltzea.

1. Herritarrek informazioa formatu elektronikoan eskuragarri izateak ez du inola ere ordezkatu behar Tafallako Udalak bere egoitzetan edo beste kanal batzuen bidez (hala nola telefonoan) ematen duen arreta pertsonalizatua.

2. Irisgarritasun unibertsalaren printzipioa bermatzeko, Tafallako Udalak beste baliabide batzuen bidez hedatu beharko du informazioa, bitarteko elektronikoak eskuratu ezin dituzten herritarrek ezagutu dezaten eta, bereziki, Interneten nabigatzeko baliabideak, bitartekoak edo ezagutzak ez dituzten herritar taldeek edo pertsonek. Pertsona eta talde horiei guztiei publizitate aktiboko baliabideak edo informazio bera eskuratzeko tresnak emango zaizkie, beste pertsonek edo taldeek eskuratzen ahal duten informazio bera lortu eta eskubide berak gauzatu ditzaten, Udalaren baliabide teknologikoak eta ekonomikoak aintzat hartuta.

45. artikulua. Publizitate aktiboaren mugak.

1. Informazioa eskuratzeko eskubidea gauzatzeko eta datuen babesari buruzko gatazkak ebazteko legezko mugak aplikatuko zaizkie publizitate aktiboa egiteko lege betebeharrei eta Tafallako Udalak bitarteko elektronikoen bidez hedatzen duen gainontzeko informazioari, indarreko araudiak ezarritako baldintzetan.

2. Informazioa hedatzean berdintasun printzipioa eta ahalik eta gardentasunik handiena bermatzeko, Tafallako Udalak haztapen irizpideak onetsiko ditu gertatzen ahal diren gatazkak ebazteko prozesuetarako, kontrol organoek ematen ahal dituzten irizpenen informazio balioa baztertu gabe.

46. artikulua. Datuak irekitzea.

1. Tafallako Udalak informazio publikoa berrerabiltzea sustatuko du, sektore publikoko informazioa berrerabiltzearen gaineko oinarrizko legeria betez. Udalak aske erabiltzeko dituen datuak herritarrek erabili ahal izatea da helburua.

2. Administrazio elektronikoaren garapenaren esparruan, Tafallako Udalak beharrezko neurriak jarriko ditu bere esku dauden datuak irekitzeko, horiek berrerabiltze aldera eta pribatutasunaren, segurtasunaren edo jabetzaren mugak erabat errespetatuz. Honako honetan datza datuak irekitzea: datuak web bidez eskuratzen ahal den formatu digital, estandarizatu eta irekian eskuragarri jartzea, herritarrek eta eragile konputazionalek horiek ulertzea eta berrerabiltzea ahalbidetzen duen egitura argia eta esplizitua erabiliz.

47. artikulua. Herritarrek publizitate aktiboan parte hartzea.

Tafallako Udaleko egoitza elektronikoan, espazio bat gaituko da herritarrek proposamenak eta iradokizunak egin ditzaten, eskatutako informazioari buruz zein haien eskura jarritako informazioari buruz, eta erabilitako formatu, programa edo lengoaia informatikoei dagokionez.

Espazio horrek datuak irekitzeko eta berrerabiltzeko aplikazio informatikoen garapenean parte hartzea ere gaitzen ahal du.

II. KAPITULUA

Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea

1. ATALA

Araubide juridikoa

48. artikulua. Informazio publikoaren eskuragarritasunaren aldeko printzipio orokorra.

Oro har, informazio publikoaren eskuragarritasuna sustatuko da. Eskuratzeko mugarik edo eskuratzeko eskabidea ez onartzeko arrazoirik badago, erantzuna edo ebazpena arrazoitu beharko da, eta, halaber, erabat edo partzialki ez onartzea justifikatzen duten oinarriak adierazi beharko dira, baita, hala badagokio, eskuratzeko eta publizitatzeko ezintasunaren epea ere.

49. artikulua. Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

1. Informazio publikoa eskuratzeko eskubideak honako arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio: Gardentasunari, informazio publikoaren eskuragarritasunari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legea, lege horiek garatzeko araudia eta ordenantza hau.

2. Ez da araubide hori aplikatuko, eskuratzeko eskubideari buruzko arauketa berezia badago edo eskatzaileak martxan dagoen prozesu bateko agiriak eskuratu nahi baditu eta prozesu horretan interesdun ere bada. Kasu horretan, informazioa eskuratzeko, dagokion administrazio prozedura erregulatzen duen araudiari jarraituko zaio.

Burututako espedientea bada, informazioa modu iraunkorrean eskuratzeko printzipioaren arabera, informazioa bere zaintzapean duenak espedientea zuzenean eskuratzeko aukera bermatuko beharko du, dagokion prozedura erregulatutako arauek ezartzen dutenaren arabera, eta interesdunak interesdun izaera egiaztatu beharko du lehenbizi, aipatutako espedientean jasotako dokumentuen kopia lortzeko eskubideari kalterik egin gabe.

50. artikulua. Eskubidearen titulartasuna.

39/2015 Legearen 13.d) artikuluak xedatutakoa aintzat hartuz, lege horren 3. artikuluaren arabera administrazio publikoetan jarduteko gaitasuna dutenak dira lege berak xedatzen duen informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen titularrak.

Eskubide hori nazionalitate, auzotasun edo antzeko baldintzarik eskatu gabe gauzatuko da, eta prestakuntza, baliabideak, egoera pertsonalak edo baldintza edo egoera soziala edozein dela ere, hori guztia legeek kasu bakoitzean ezartzen dituzten baldintzak eragotzi gabe.

51. artikulua. Informazio publikoa.

1. Kapitulu honen ondorioetarako, informazio publikotzat hartzen dira hurrengo apartatuan zerrendatutako subjektuetako batek dituen edukiak edo agiriak, formatua edo euskarria edozein dela ere, beren eginkizunak gauzatzean sortu edo lortu badituzte, informazioa zer datatan sortu den alde batera utzita.

2. Hauek dira aurreko apartatuak aipatzen dituen subjektuak:

a) Tafallako Udala.

b) Erakunde autonomoak, enpresa entitate publikoak eta nortasun juridiko propioa duten zuzenbide publikoko entitateak, Udalarekin lotutakoak edo haren mendeko direnak.

c) Merkataritza sozietateak, baldin eta kapital sozialean aurreko bi letretan aipatutako entitateen partaidetza, zuzena edo ez-zuzena,%50etik gorakoa bada.

d) Tafallako Udalaren mendeko edo harekin lotutako fundazioak eta elkarteak.

Horiek guztiak daude behartuta kapitulu honetan ezarritakoa betetzera.

52. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

1. Kapitulu honetan ezarritakoa bete behar duten subjektuek informazio publikoa ahalik eta gehien hedatzea edo eskuragarri egotea sustatuko dute, datu pertsonalak babesteko eskubidea inolaz ere eragotzi gabe.

2. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea gauzatzean, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen 24. artikuluan arautzen diren datu pertsonalen babesaren ondoriozko mugak aplikatuko dira. Informazioak bereziki babestutako datuak dituenean, publizitatea aurrez disoziazio eginez soilik gauzatuko da.

3. Informazio publikoa eskuratzeko eskaerak ebaztean, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 15.1 artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen 24.1 artikuluan ezarritako baldintzak bete ostean soilik emango da datu bereziki babestuak dituen informazioa.

Informazioak identifikaziorako baino ez diren datuak baditu, organoaren antolakuntzarekin, funtzionamenduarekin edo jarduera publikoarekin lotuak, eskuratzeko aukera oro har emango da, baldin eta, kasu zehatz horretan, datu pertsonalen babesa edo konstituzionalki babestutako beste eskubide batzuk gailentzen ez badira.

Informazioak ez badu bereziki babestutako daturik, eskuratzeko baimena ematen ahal da, informazioa hedatzearen interes publikoa eta ukitutakoen datuen babesaren eskubidea haztatu ondoren. Horretarako, 11/2012 Legeak, 11/2012 Foru Legeak, eta Gardentasun eta Gobernu Onaren Kontseiluak eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziak batera ezarritako irizpideak aplikatuko dituzte, besteak beste. Haztapen horren ostean, datu pertsonalak dituen informazioa eman nahi bada, aipatu araudian ezarritako alegazio izapidea egin beharko da aurrena.

4. Ukitutako pertsonak identifikatzea eragotzi ahal izateko informazioa bereizita ematen bada, ez da 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoa aplikatuko.

5. Oro har, informazioa eskuratzeko ebazpenetan, eskatzaileari berariaz adieraziko zaio datu pertsonalak babesteko araudia aplikatuko dela informazioa eskuratzeko eskubidea gauzatzearen bidez lortutako datuen geroko tratamenduan.

6. Ordenantza honen esparruan eskumena duten organoek artikulu honetan ezarritakoari buruzko kontsultak egiten ahal dizkiote Udalean datuak babesteko eskumena duen unitateari.

7. Artikulu honetan jasotzen ez diren kasuetan, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta Datuen babeserako erregelamendu orokorraren 95/46/EE Zuzentaraua baliogabetzen duena; eta, bestetik, Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa.

53. artikulua. Beste muga batzuk.

1. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea gauzatzean, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 14. artikuluan, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen 23. artikuluan eta dagokion sektoreko legerian ezarritako mugak aplikatuko dira.

2. Muga horien interpretazioa ez da hedadurazkoa izango, Nafarroako Gardentasun eta Gobernu Onaren Kontseiluak edo Gardentasuna eta Gobernu Irekia ezartzeko Jarraipen Batzordeak (2016ko otsailaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) ezarritako irizpideak betez, eta informazio publikoa ahalik eta gehien hedatzea eta ahalik eta eskuragarrien egotea sustatuko du, muga horiek kaltetu gabe. Edonola ere, ezarritako mugak modu arrazoituan eta neurriz aplikatuko dira, mugaren bidez babestu nahi den interes publikoa eta hedapenerako interes publikoa kontuan hartuta.

2. ATALA

Prozedura

1. AZPIATALA

Ebazteko eskumena

54. artikulua. Organo eskudunak.

1. Tafallako Udalak informazio publikoa eskuratzeko eskaerak ebazteko eskumena duten organoei buruzko informazioa identifikatuko du eta publizitate nahikoa emango dio. Ahalik eta espezializazio handiena sustatuko du, eta eskumenak sakabanatzea ekidingo, eraginkortasunaren printzipioa eta eskubide hori hobeki babestea ziurtatzeko.

Edonola ere, Tafallako Udaleko organo eskudunei dagokie informazioa eskuratzeko eskaerak ebaztea, baldin eta ordenantza honen 51.2 artikuluaren b), c) eta d) letretan zerrendatzen diren erakundeen edo entitateen esku edo kapitulu honek behartutako subjektuek sinatu duten kontratu baten adjudikaziodunen esku badago.

2. Informazioa eskuratzeko eskaerak jasotzen dituzten organoak inhibitu egingo dira, nahiz eta beren esku dagoen informazio publikoa izan, baldin beste batek prestatu edo sortu badu, osorik edo nagusiki. Kasu horretan, eskuduntzat jotzen den organoari igorriko diote eskaera, eta eskatzaileari jakinaraziko diote hori.

Modu berean jokatuko dute aurreko apartatuaren bigarren paragrafoan aipatzen diren erakundeek eta entitateek, jasotzen dituzten informazio eskaerei dagokienez.

2. AZPIATALA

Eskatzailea aurretiaz identifikatu gabe eskuratzeko prozedura

55. artikulua. Tramitazioa eta ebazpena.

1. Kapitulu honek behartzen dituen subjektuek informazio publikoa eskuratzeko bide bat ezartzen ahalko dute, eskatzailearen nortasuna egiaztatzea eskatzen ez duena, eta, horren bidez, jada argitaratu den informazioa edo baldintza hauek betetzen dituena emango zaie soilik:

a) Abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 14. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen 23. artikuluan zerrendatutako mugetako bat bera ere aplikaziozkoa ez izatea.

b) Datu pertsonalaren babesari ez eragitea, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen 24. artikuluan xedatutako baldintzetan.

c) Ez onartzeko kausetako bat bera ere aplikaziozkoa ez izatea.

a) eta b) paragrafoetako mugetako bat, ez onartzeko kausaren bat edo eskuratzeko araubide juridiko espezifikoren bat aplikatzen ahal bada, eskaerak ebazteko eskumena duen organoak informazioa eskuratzeko eskaerari uko egingo dio. Eskatzaileari jakinaraziko dio hori, hark egoki baderitzo ordenantza honetako 52. artikuluan eta hurrengoetan araututako prozedura abiarazteko.

2. Eskatzaileak helbide elektroniko bat eman beharko du, informazioa edo argitaratutako informazioaren kokalekua ematen zaiola bermatu ahal izateko.

3. Eskatutako informazioa honako egoera hauetako batean dauden pertsona juridikoen edo fisikoen esku badago, ebazteko eskumena duen organoak hari eskatuko dio informazioa: zerbitzu publikoak ematea, administrazio ahalmenak gauzatzea edo kapitulu honek behartutako subjektuek sinatutako sektore publikoko kontratu baten adjudikaziodun izatea.

Errekerimenduan, informazioa bidaltzeko epea adieraziko da; gehienez, 15 egun naturalekoa izango da epe hori.

Epe hori bete ezean, isun hertsatzaileak jartzen ahal dira, baldin legeak horretarako baimena ematen badu.

4. Bide horretatik egindako informazio eskaeren erantzuna hilabeteko epean bidali behar da, ebazteko eskumena duen organoari hura izapidetzea esleitu zaion egunetik zenbatzen hasita.

Emandako informazioa ez bada aurretiaz argitaratu, garrantzitsua bada eta hura hedatzea interes orokorrekoa bada, Gardentasun Atarian argitaratuko da, eta informazioaren kokaleku zehatzaren berri emango zaio eskatzaileari.

5. Artikulu horien arabera onartu edo ukatzen diren informazio eskuratzeei ez zaie abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 24. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen 33.bis artikuluan jasotako aurkaratze araubidea aplikatuko.

6. Informazioa eskuratzeko bide hori aurretiaz erabili arren, eskuratzeko eskabidea egin ahal izango da, ordenantza honen 56. artikuluan ezarritakoa betez, baldin eta eskatzaileak uste badu organo eskudunak emandako erantzuna ez dela nahikoa edo egokia, edo administrazio ebazpena lortu nahi badu Gardentasunari, informazio publikoaren eskuragarritasunari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen ezarritako edukiarekin eta bermeekin.

3. AZPIATALA

Eskatzailea aurretiaz identifikatuta eskuratzeko prozedura

56. artikulua. Eskaera.

1. Informazio publikoa eskuratzeko eskaerak ebazteko eskumena duten organoek eskatzaileei ez diete nortasunari buruzko datu gehiagorik eskatuko, ebazteko eta jakinarazteko behar-beharrezkoak direnak baino.

Ordenantza honi lotutako entitateen zerbitzuko langileek laguntza eta informazioa eman behar diete hala eskatzen duten pertsonei, beren eskabideak aurkezteko moduari eta lekuari buruz, eta, batez ere, desgaitasunen bat edo informazioa eskuratzea zailtzen duten egoera pertsonalen bat dutenei.

2. Informazioa eskuratzeko eskabidea urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako bitartekoetako edozeinen bidez aurkezten ahal da, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 17.2 artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen 26.3 artikuluan aipatzen diren datuak jasota uzteko aukera ematen badu.

Informazio publikoa eskuratzeko eskabideak aurkeztean, ahalik baldintza gutxien eskatuko dira eskatzailearen nortasuna bitarteko elektronikoen bidez egiaztatzeko, 39/2015 Legeak eta hura garatzen duten arauek hala ahalbidetzen duten heinean.

Eskabidea egitea errazagoa izan dadin, eredu normalizatua onetsiko da, eta herritarren eskura jarri.

3. Informazio publikoa eskuratzeko, ez da beharrezkoa izango eskaera arrazoitzea. Nolanahi ere, interesdunak adierazitako interesa edo motibazioa kontuan hartzen ahalko da haztatzeko, kasua bada, informazioa zabaltzearen interes publikoa eta eskatutako informazioan agertzen diren datuen titular diren ukituen eskubideak.

4. Eskaeraren aurkezpena ez dago epeen mende.

5. Eskabidea jaso eta hurrengo bost egunetan, ebazteko eskumena duen organoak ebazpena eman eta jakinarazteko ezarrita dagoen gehieneko epearen berri emango dio eskatzaileari, bai eta adierazi ere administrazio-isiltasunak izan dezakeen ondorioa, administrazio prozeduraren gaineko araudiak xedatutako baldintzetan.

57. artikulua. Ez onartzea.

1. Ebazteko eskumena duen organoak ebazten ahalko du ez onartzea informazioa eskuratzeko eskabidea, ebazpen arrazoitu bidez, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 18. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen 28. artikuluan zerrendatutako kausetako bat gertatzen bada. Abiapuntutzat hartuko da informazioaren eskuragarritasuna ahalik eta gehien erraztearen aldeko printzipio orokorra, eta Gardentasun eta Gobernu Onaren Kontseiluak eta Nafarroako Foru Komunitatearen organo baliokideak onartutako irizpideei jarraituko zaie.

2. Ondorio horietarako, ez onartzeko kausak irizpide hauen arabera aplikatuko dira:

a) Informazioa prestatzeko edo argitaratzeko fasean badago, eskatzaileari jakinaraziko zaio zer epetan aurreikusten den erabilgarri izango dela eta zer organori dagokion informazioa prestatzea edo argitaratzea.

b) Ohiko tratamendu informatikoa ez da berregitetzat hartuko.

c) Aginduzko txostenak eta aginduzkoak izan ez arren ebazpenen zioetan zuzenean ala zeharka erabili diren agiriak ez dira osagarritzat edo lagungarritzat hartuko.

58. artikulua. Izapidetzea.

1. Prozedura bitarteko elektronikoen bidez izapidetuko da.

2. Eskatutako informazioa honako egoera hauetako batean dauden pertsona juridikoen edo fisikoen esku badago, ebazteko eskumena duen organoak hari eskatuko dio informazioa: zerbitzu publikoak ematea, administrazio ahalmenak gauzatzea edo kapitulu honek behartutako subjektuek sinatutako sektore publikoko kontratu baten adjudikaziodun izatea.

Errekerimenduan, informazioa bidaltzeko epea adieraziko da; gehienez, 15 egun naturalekoa izango da epe hori.

Epe hori bete ezean, isun hertsatzaileak jartzen ahal dira, baldin legeak horretarako baimena ematen badu.

3. Informazio eskabidea zuzentzeko izapideak, baldin informazioa behar bezala identifikatu ez bada, eta behar bezala identifikatutako eskubide eta interesen titularren entzunaldi izapideak ebazpena emateko epea eten egingo dute, abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 19. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen 29. artikuluan ezarritako moduan.

4. Eskatzaileari emango zaio aurreko apartatuan jasotako etetearen eta etenaren bukaeraren berri, jakin dezan nola zenbatu ebazteko epea.

59. artikulua. Ebazpena eta jakinarazpena.

1. Ebazpena eta jakinarazpena hilabeteko epean egingo dira gehienez ere, eskabidea Udalaren erregistroan sartzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori beste hilabete batez luzatzen ahal da, eskatzaileari jakinarazi ostean, eskatutako informazioa bolumen handikoa edo konplexua bada. Ebazpena emateko gehieneko epea iraganik berariaz ebazpena eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Jakinarazpena eskatzaileari eta prozeduran parte hartu duten hirugarren interesdunei jakinaraziko zaie, eta han emango zaie ebazpenaren kontra jartzen ahal dituzten errekurtsoen eta erreklamazioen berri.

2. Ebazteko eskumena duen organoak uste badu informazioa garrantzitsua dela eta interes orokorrekoa dela hura hedatzea, Gardentasun Atarian argitaratzea aginduko du, datu pertsonalak bereizi ondoren. Argitaratze hori informazioaren eskuragarritasuna formalizatzeko modalitatetzat hartzen ahal da. Kasu horretan, ebazpenaren jakinarazpenean, informazioaren kokaleku zehatza adieraziko da.

3. Abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 14. artikulua eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen 31. artikulua (5/2016 Foru Legeak aldatua) aplikatuz ematen den ebazpena publiko egingo da, datu pertsonalak bereizirik eta interesdunei jakinarazi ondoren.

Aipatutako artikulua betez eskabideari uko eginez gero, epe bat igarotzearen menpe egoten ahal da informazioaren eskuragarritasuna, baldin eta ukoaren arrazoia loturik baldin badago udal eskuduna bakar-bakarrik ukitzen duen interes batekin.

Kasu horretan, gaitzesteko ebazpenean, epe horren eta epea igaro ondoren beste eskabide bat egiteko aukeraren berri emango zaio eskatzaileari.

60. artikulua. Informazioa materialki eskuratzea.

1. Informazioa eskuratzea abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 22. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen 32. artikuluan xedatutakoaren arabera formalizatuko da. Lehentasunez, bide elektronikoz gauzatuko da, salbu eta posible ez denean.

2. Ebazpenaren informazio iturrietara, artxiboetara edo espedienteetara zuzenean sartzeko eskabideen kasuan, bermatu behar da eskuratzeko baimena ematen denean zerbitzuari ez zaiola eragozten. Kasu horietan, eskuratzeko eskaerari uko egiten ahal dio ebazpenak, lekuaren eta agirien edo informazioaren euskarri originalen zaintzarako eta kontserbaziorako segurtasun baldintzak horretarako aukera ematen ez badute.

3. ATALA

Aurkaratze araubidea

61. artikulua. Aurkaratzeko legezko bideak.

Informazio publikoa eskuratzeko prozedura bati bukaera ematen dion ebazpen espresuen zein presuntziozkoen kontra, erreklamazioa aurkezten ahal da Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluan, aukeran eta administrazioarekiko auzibidean aurkaratu aurretik, bat etorririk abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 24. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen 33. artikuluan xedatuarekin.

62. artikulua. Kexak eta erreklamazioak.

Edozein pertsonak erabiltzen ahal du kexen eta iradokizunen sistema adierazteko ez dagoela ados informazio publikoa eskuratzeko eskabidea izapidetzearekin edo horren gaineko ebazpenarekin. Bide hori erabiltzeak ez ditu aurkaratzeko lege baliabideak aurkezteko epeak etengo.

III. KAPITULUA

Informazioa berrerabiltzea

1. ATALA

Xedapen orokorrak

63. artikulua. Berrerabiltzearen helburuak.

1. Udalak eta ordenantza honen aplikazio esparruan eta hari lotuta edo haren mende dauden entitateek beren jardunean sortutako informazioaren berrerabiltzeak erakusten du sektore publikoak duen elkarlaneko gardentasuna, eta funtsezko helburu du gizartean balio publikoa sortzea.

2. Tafallako Udalak eta ordenantza honen aplikazio esparruko erakundeek behar diren eginahalak egingo dituzte beren informazio publiko berrerabilgarriaren katalogoa federa dadin sektore publikoko gainerako entitateen katalogoekin batera, modu erantsian, plataforma komunetan, helburu bakarra izanik laguntza ematea informazio publiko berrerabilgarriaren katalogo bakar bat sortzeko, gizartearen sektore berrerabiltzailearen jarduera erraztea, eta, hala, sektore publikoaren elkarlaneko gardentasunak sortutako balio sozial, berritzaile eta ekonomikoa handitzea.

64. artikulua. Jabetza intelektualaren eta eskubide esklusiboen mende dauden agiriak berrerabiltzeari aplikatzeko araubidea.

1. Jabetza intelektualaren edo industrialaren eskubideen mende dauden dokumentuei ez zaie aplikatzen ordenantza honetan araututako informazioaren berrerabilpena, bereziki hirugarrenena denean. Ordenantza honen ondorioetarako, jabetza intelektualeko eskubidetzat jotzen dira egile eskubideak eta antzekoak, barnean direla babesteko modu espezifikoak.

2. Ordenantza honek ez du galarazten bere aplikazio-eremuko erakundeek jabetza intelektualeko eskubideak izatea.

3. Ordenantza honen aplikazio esparruan sartutako entitateek beren jabetza intelektualeko eskubideak berrerabiltzea errazteko moduan erabiliko dituzte beti ere.

65. artikulua. Irizpide orokorrak.

1. Aurreko artikuluetan aipatzen den informazio publikoa berrerabiltzen ahalko da, sektore publikoko informazioa berrerabiltzearen arloko indarreko araudian ezarritako mugen barnean.

2. Oro har, argitaratutako edo herritarren eskura utzitako informazio guztia izango da berrerabilgarria eta eskuragarria, aldez aurreko baimen beharrik gabe eta doan, salbu hartan berariaz kontrakorik adierazten bada.

3. Bereziki, bai ordenantza honetan bai abenduaren 9ko 19/2013 Legean eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legean publizitate aktibotzat jotzen den informazioa berrerabiltzeko ez da inoiz aldez aurreko baimenik eta/edo baldintza espezifikorik beharko, eta makinek irakurtzeko moduko formatu elektronikoetan eskainiko da, formatu irekietan, aukera izan dadin zabaltzeko, berrerabiltzeko eta aprobetxatzeko, betiere 39/2015 Legean ezarritako moduan, baita informazio baliabideak berrerabiltzeari buruzko Elkarreragingarritasuneko Arau Teknikoan ezarritako moduan ere (arau hori Administrazio Publikoen Estatu Idazkaritzak 2013ko otsailaren 19an emandako Ebazpenaren bidez onetsi zen), edo haiek ordezten eta/edo garatzen duten Estatuko arauetan edo foru arauetan ezarritako moduan.

4. Datu pertsonalak dituzten agiriak berrerabiltzean, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa bete beharko da.

66. artikulua. Berrerabiltzeko baldintzak.

1. Informazioa berrerabiltzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Informazioaren edukia, metadatuak barne, ez aldatzea.

b) Informazioaren esanahia ez desitxuratzea.

c) Iturria aipatzea.

d) Azken eguneraketaren data aipatzea.

e) Informazioak datu pertsonalak dituenean, datu horiek etorkizunean zer helbururekin berrerabiltzen ahal diren aintzat hartzea.

f) Bereizita eman arren informazioak berrerabiltzeko prozesuan interesdunak identifikatu ahal izateko elementu nahikoak baditu, bereizteko prozedura beste iturri batzuetako datuak erantsiz leheneratzeko debekua.

2. Informazio publikoa argitaratzeak edo eskuragarri uzteak berarekin dakar informazioa jatorrian argitaratu duen entitateak doan lagatzen dituela, eta ez esklusiboki, berrerabiltzea gauzatzeko beharrezkoak diren jabetza intelektualeko eskubideak, izaera unibertsalarekin eta Legeak baimentzen duen gehieneko eperako.

3. Informazioa argitaratzen den atal, web-orri edo egoitza elektroniko berean, berrerabiltzeko baldintza orokorrak argitaratuko dira.

67. artikulua. Tarifak.

1. Tafallako Udalak, dagokion zerga ordenantza onetsi ondoren, sortutako informazioa berrerabiltzeko tarifak eskatzen ahal ditu, eta horien zenbatekoak ezin izango du informazioa erreproduzitu, eskura jarri eta hedatzeko kostu marjinalen guztizkoa gainditu.

2. Udalarekin lotuta edo haren mende dauden eta ordenantza honen aplikazio eremukoak diren entitateek eta erakundeek sortutako informazioa berrerabiltzeko tarifak eskatzen ahal dituzte, eta tarifa horiek informazioa erreproduzitu, eskura jarri eta hedatzeko kostu marjinaletara mugatuko dira.

Ez zaio muga hori honako hauei aplikatuko:

a) Zerbitzu publikoko helburuak gauzatzearen kostuen zati handi bat estaltzeko diru-sarrerak sortu behar dituzten entitateak eta erakundeak.

b) Liburutegiak, museoak eta artxiboak.

Muga hori ez zaio agirien berrerabiltzeari ere aplikatuko baldin eta entitate eta erakunde horiei eskatzen bazaie diru-sarrera nahikoak sortzea agiriak jasotzeko, sortzeko, erreproduzitzeko eta hedatzeko kostuen zati handi bat estaltzeko. Aurretiaz zehaztuko da zer agiri motari ez zaion mugarik ezarriko, eta bitarteko elektronikoen bidez argitaratuko dira, posible eta egokia denean.

Aurretiaz ezarritakoarekin bat etorriz muga hori aplikaziozkoa ez denean, sektore publikoko informazioa berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legearen 7. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan xedatutakoaren arabera ezarriko da berrerabiltzeko prezioa.

3. Tarifa desberdinak aplikatzen ahal dira, helburu komertzialetarako edo ez-komertzialetarako berrerabiltzen den.

4. Posible eta egokia den guztietan, bitarteko elektronikoen bidez argitaratuko dira ordenantza honen aplikazio eremuaren barneko entitateen esku dauden agiriak berrerabiltzeko tarifak, aplikatzen ahal diren baldintzak eta horien benetako zenbatekoa, baita kalkulurako erabilitako oinarria ere.

5. Tarifa bat aplikatzen den gainerako kasuetan, ordenantza honen aplikazio eremuko entitateek aurretiaz adieraziko dute zer faktore hartuko diren kontuan hura kalkulatzeko.

Hala eskatzen zaienean, entitateek azalduko dute, halaber, nola kalkulatu duten berrerabiltze zehatzerako tarifa hori.

68. artikulua. Eskubide esklusiboak debekatzea.

1. Oro har, debekatua da informazioa berrerabiltzearen arloan akordio esklusiboak izatea. Merkatuko eragile potentzial guztientzat irekia dago agiriak berrerabiltzea, baita eragile batek edo gehiagok jadanik balio erantsiko produktuak ustiatzen badituzte ere agiri horietan oinarriturik. Agirietan eta hirugarrenetan jasotzen ahal diren sektore publikoko erakundeen arteko bestelako kontratu edo akordioek ez dute eskubide esklusiborik emango.

2. Nolanahi ere, interes publikoko zerbitzu bat emateko eskubide esklusibo bat behar denean, ordenantza honen aplikazio eremuko entitateak aldian behin berrikusiko du, gehienez ere hiru urtetik behin, eskubide esklusiboa onartzea justifikatu zuen arrazoiaren balioa.

3. Salbuespenez, baliabide kulturalak digitalizatzearekin lotutako akordio esklusiboa badago, esklusibotasunak ez ditu hamar urte baino gehiago iraunen, oro har. Gehiago iraungo balu, hamaikagarren urtean berrikusiko litzateke, eta, hala badagokio, zazpi urtetik behin, hortik aurrera. Akordio horiek gardenak ere izan behar dute, eta jendaurrean jarriko dira.

4. Aurreko paragrafoaren ildotik ezarritako akordio esklusiborik badago, administrazioari edo dagokion sektore publikoko erakundeari, akordio horren barnean, digitalizatutako baliabide kulturalaren kopia emango zaio, originalaren kalitate eta ezaugarri berekin (formatua, bereizmena, kolore gama, etab.), haren metadatuekin eta dagozkion arau nazionaletan eta nazioartekoetan ezarritako digitalizazio baldintza teknikoekin. Kopia hori berrerabiltzeko eskuragarri egongo da esklusibotasun epealdia bukatu ondoren.

69. artikulua. Informazioa berrerabiltzeko modalitateak.

1. Tafallako Udalak sailkatuko du beren esku dagoen informazio guztiaren berrerabiltzea, berrerabiltzeko modalitate hauetako batean argitaratzen bada:

a) Publikoaren eskura jarritako agiriak berrerabiltzea, baldintzarik gabe.

b) Publikoaren eskura jarritako agiriak berrerabiltzea, ereduzko lizentzietan ezarritako baldintzekin.

c) Agiriak aurrez eskatuta berrerabiltzea, ordenantza honen 70. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera eta kasu horietan lizentzia batean ezarritako baldintzak txertatuz.

d) Ordenantza honen 68. artikuluan xedatutako kasuen araberako akordio esklusiboak.

2. Lizentzietan jasotako baldintzek honako irizpide hauek errespetatu beharko dituzte:

a) Argiak, bidezkoak eta gardenak izan beharko dute.

b) Ez dute murriztuko berrerabiltzeko aukera, ezta lehia mugatuko ere.

c) Ez dute bereizkeriarik egingo berrerabiltzeko antzeko kategorien artean.

2.a. Nolanahi, erabilera modu mugatuak ahalik eta gutxien erabiliko dira baldintza espezifikoak dituzten berrerabiltze kasuak arautzeko, eta beti eskura egongo dira formatu digitalean, irekian eta elektronikoki prozesatzeko modukoan. Erabilera modu mugatu horiek entitateak berak presta ditzake, baina lehentasuna emango zaie nazioan edo nazioartean onarpen zabala duten erabilera libre eta doakoei, beste administrazio publiko batzuekin edo batzuek adostutakoei. Erabilera modu mugatu horiek Udalaren web-orrian argitaratuko dira.

2.b. Tafallako Udalak aukera izango du orain dauden baldintza espezifikoen edukia eta erabilera modu mugatuak aldatzeko. Halaber, baldintza espezifikoak eta erabilera modu mugatuak aplikatzen ahal dizkio halakorik ez zuten datu multzoei edo agiriei. Aldaketa horiek web-orrian argitaratuko dira eta, behin aldaketa argitaratu ondoren, datuen edo dokumentuen lehenbiziko eguneraketa argitaratzen edo eskura jartzen denetik aurrera behartuko dituzte berrerabiltzaileak, edo, nolanahi ere, egun horretatik sei hilabete iragandakoan.

3. Tafallako Udalak agiriak kudeatzeko honelako sistemak sortuko ditu: herritarrei online eskuragarri dagoen informazioa zuzen berreskuratzea ahalbidetzen dietenak eta beste administrazio publikoek herritarren eskura jartzen dituzten kudeaketa sistemekin lotzen direnak.

Halaber, berrerabiltzeko eskuragarri dauden agiriak bilatzea ahalbidetzen duten tresna informatikoak emango dituzte, dagozkien metadatuekin, Elkarreragingarritasun Arau Teknikoek ezarritakoaren arabera, eta online eta makina bidez irakurtzen ahal den formatu batean eskuragarri egongo dira, posible eta egokia den guztietan.

Ahal den heinean, agiriak hizkuntza anitzetan bilatzeko aukera emango da.

1. Herritarrek edo berrerabiltze eragileek beren erantzukizun eta arriskupean erabiliko dituzte datu multzoak, eta haiei dagokie hirugarrenen aurrenean horren ondorioz sortzen ahal diren kalteengatik erantzutea.

2. Tafallako Udalak ez du bere gain hartuko eragile berrerabiltzaileak informazioa erabiltzeko modua, ez eta berrerabilitako informazio horri ematen zaion erabilerak zuzenean edo zeharka sortzen dituen kalte-galera ekonomikoak, materialak edo datuen gainekoak ere.

3. Tafallako Udalak berrerabil dadin agiri bat jartzeak ez dakar hori ustiatzeko eskubideari uko egitea eta ez du haren eginkizunak edo eskumenak gauzatzean han jasotako datuak aldatzea eragozten.

Informazioa berrerabiltzen dutenek ezin izango dute inolaz ere adierazi hark berrerabilitako informazioaren titular gisa berrerabiltzean parte hartu, babestu edo horren alde egiten duela.

70. artikulua. Berrerabiltzeko eskaerak tramitatzeko prozedura.

1. Azaroaren 17ko 37/2007 Legearen 10. artikuluko apartatuetan –oinarrizko araudiaren izaera dutenak– eta, hala badagokio, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoa aplikatuz garatzen den foru araudian.

2. Organo eskudunak berrerabiltze eskaerak ebatziko ditu, eskaera jaso eta hilabeteko epean gehienez ere. Epe hori betetzea ezinezkoa denean, eskatutako informazioaren tamaina eta konplexutasunagatik, beste hamabost egunez luzatzen ahalko da. Kasu horretan, epearen luzatzearen berri emango zaio eskatzaileari, baita luzapenaren arrazoiak jakinaraziko ere.

3. Aldi berean informazioa eskuratzea eta berrerabiltzea eskatzen bada, batera izapidetuko da ordenantza honen 56. artikuluetan eta hurrengoetan ezarritako prozeduraren bidez, eta, ebazteko epeari dagokionez, bertako 59.1 artikuluan ezarritakoa beteko da.

4. Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epean ez bada berariazko ebazpena ematen, eskatzaileak ulertzen ahal du eskaera ezetsi egin dela.

5. Izapidetze elektronikoari eusten dion plataformaren osagai teknologikoek gai izan behar dute espediente elektronikoa sortu, eta hura argitaratu eta berrerabiltzeko beharrezko administrazio kudeaketako prozesu guztiak elektronikoki kudeatzeko.

2. ATALA

Berrerabil daitekeen informazioaren publizitatea

71. artikulua. Berrerabil daitekeen informazioaren publizitatea.

1. Informazio berrerabilgarriaren argitalpen aktiboak honako hauek bilduko ditu: edukia, izaera, egitura, formatua, eguneratzeko maiztasuna, berrerabiltzeko modalitatea, aplikaziozko baldintzak eta, hala badagokio, berrerabiltzeko tarifa edo ordainarazpena.

2. Tafallako Udalak bere agiriak emango ditu aldez aurretik horietan erabilitako edozein hizkuntza edo formatu elektronikotan, baldin eta posible eta egokia bada, makinak irakurtzeko modukoak badira, eta beren metadatuekin batera. Bai formatuak bai metadatuek, ahal den neurrian, arau formal irekiak bete beharko dituzte.

Zehazki, dagozkion kategorietan sailkatutako estandarrak erabiliko dira eta irekiak izango dira, onartzen den gutxieneko bertsioan eta Estandarren Katalogoaren Elkarreragingarritasun Arau Teknikoaren eranskinean ezarritakoari jarraikiz (Administrazio Publikoen Estatu Idazkaritzaren 2012ko urriaren 3ko Ebazpenaren bidez onetsia).

3. Argitaratutako informazio eta dokumentazioa bilatzeko sistemek ahalbidetuko dute adieraztea informazio berrerabilgarria bilatzen dela.

72. artikulua. Segurtasuna kudeatzea.

Tafallako Udalak berrerabiltzeen erabiltzaileek gauzatutako jarduketa guztiak erregistratuko ditu, epemugarik gabe eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legeak ezarritakoa betez.

IV. KAPITULUA

Ediktuen taula elektronikoa (ediktuen taula)

73. artikulua. Xedea.

1. Ediktuen taulan, Tafallako Udalaren eta harekin lotutako edo haren mendeko erakunde eta entitateen iragarkiak eta ediktuak jarriko dira, baita arau juridiko edo ebazpen judizial bidez Udalaren ediktuen taulan argitaratu behar diren beste administrazio publikoenak ere.

2. Ediktuen taula Udalaren egoitza elektronikoan txertatuta egongo da. Han iragarritako argitalpenak ofizialak eta egiazkoak izango dira, eta, ondorio guztietarako, ediktuen taula fisikoan argitaratutakoa ordeztuko dute, hura informaziorako soilik mantentzea baztertu gabe.

3. Prozeduraren arauak ediktuen taulan argitaratzeari buruzko aipamenik egiten ez badu, ez da beharrezkoa izango argitaratzea, salbu eta behar bezala arrazoitutako interes publikoko arrazoiengatik hala justifikatzen bada.

4. Alkatetza udalburutzaren edo hark eskuordetutako organoaren aginduz, argitaratu beharreko iragarkien ezaugarriak ezarriko dira, bai eta administrazio erantzukizunen gaineko beste alderdi formalak ere.

74. artikulua. Organo eskudunak.

Idazkaritzak eskumena izango du ediktuen taulan testuak jartzeko eta bidaltzeko.

75. artikulua. Taularen funtzionamendua.

1. Udalak eta hari lotuta edo haren mende dauden entitateek eta erakundeek ediktuen taula bakarra izango dute, eta aplikaziozko lege xedapenei jarraituko die.

2. Ediktuen taularen antolakuntza eta funtzionamendu arauek honako hauek ziurtatuko dituzte:

a) Iragarkiak eta ediktuak sartzean, edukia eskuragarria, egiazkoa eta osoa dela ziurtatzea.

b) Dibertsitate funtzionala duten pertsonek eskuratzeko beharrezko baldintzak eta bilakaera teknologikora etengabe egokitzea.

c) Ebidentzia elektronikoak agertzea, inolako zalantzarik gabe taulan zer egunetan eta ordutan argitaratu zen eta zer argitaratze epea duen erakusteko.

3. Egoitza elektronikoaren bitartez ediktuen taulan sartzea doakoa izango da eta ez da inolako identifikaziorik beharko.

Ediktuen taula Internet bidez kontsultatu ahal izango da, eta Herritarren Arreta Bulegoan eta Udalaren eta haren mendeko eta harekin lotutako erakundeen eta entitateen sarbide-puntu elektronikoetan ere bai.

4. Ediktuen taulan argitaratzeak irisgarritasunaren eta erabilgarritasunaren printzipioak errespetatu beharko ditu, aplikaziozkoak diren arauen arabera. Herritarren erabilera orokorreko estandarrak erabiliko ditu, eta, bereziki, dibertsitate funtzionala duten pertsonek kontsultatzeko eskatutako baldintzak, desgaitasuna duten pertsonek informazioaren gizartearen eta komunikabide sozialen teknologiak, produktuak eta zerbitzuak eskuratzeko oinarrizko baldintzei buruzko araudiaren arabera.

5. Edukiaren benetakotasuna, osotasuna eta kontserbazioa ziurtatuko dituzten sistemak eta mekanismoak izango ditu ediktuen taula elektronikoak, 39/2015 Legearen 17.2 artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Bereziki, epeak kontatzeari dagokionez, ediktuen argitalpenaren data eta ordua egiaztatuko duen mekanismoa ezarriko da.

6. Ediktuen taula eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan eskuragarri egongo da. Arrazoi teknikoak direla-eta ibiliko ez dela aurreikusten denean, erabiltzaileei horren berri emango zaie ahalik eta azkarren, kontsultatzeko eskura dauden ordezko baliabideak zein diren adierazita.

76. artikulua. Bidaltzeko modua eta epea.

1. Ediktuekin batera, ediktuak taulan txertatzeko legitimatutako organoaren ebazpena bidaliko da.

2. Ediktuaren testua eta ebazpena pdf formatuan eta posta elektronikoz bidaliko zaio eskumena duen unitate kudeatzaileari, eta argitaratzeko eskabidearen fitxa ere erantsiko da, dagokion instrukzioak onesten duen ereduaren arabera.

3. Ediktu horiek argitaratzeko eskabideak organo eskudunek horretarako ezarritako posta elektronikoko kontuen bidez izapidetuko dira soil-soilik.

4. Unitate kudeatzaileen eskabide fitxa berrikusi ondoren, zuzena ez bada, bidali duen organoari itzuliko zaio, zuzen dezan. Zuzena bada, testuak osorik argitaratuko dira, bidali zituen organoak bidali zituen moduan.

5. Sartzeko agindua ematen duen organoak ziurtatuko du organoek edo zuzendaritza zentroek bidalitako testua eta argitaratu behar duten unitate kudeatzaileei bidalitako testuaren edukia berdin-berdinak izango direla, eta ezarritako prozedura beteko dela.

6. Argitaratutako ediktuetan egoten ahal diren akatsen zuzenketa argitalpena eskatu duenaren eskariz zuzenduko da, eta argitalpena egiteko prozedura berari jarraikiz.

7. Ediktuak argitaratzeko ezarritako data baino bi egun baliodun lehenago bidaliko dira gutxienez. Epe horrek zuzen bidali diren ediktuei egiten diela erreferentzia joko da.

8. Jendaurrean jartzeko epea bukatuta, fede publikoa emateko eskumena duen organoak diligentzia bidaliko dio argitaratzeko eskatu duenari, jendaurrean jartzeko epea egiaztatzeko, eta han adieraziko dira ediktuaren datuak eta zer datatan izan den jendaurrean.

77. artikulua. Epeen kontaketa.

1. Iragarkiak edo ediktuak ediktuen taulan argitaratuta egongo dira egintza edo espediente bakoitzean zehazten den epean zehar, eta, haren kontaketarako, agiriaren sinadura elektronikoaren ikusizko adierazpenean jasotakoa hartuko da argitalpen datatzat.

2. Horretarako, data eta ordua sinkronizatuko dira denbora zigilatzeko sistema batekin, eta edonola ere, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera.

3. Artikulu honek jasotzen ez dituen kasuetan, 39/2015 Legean ezarritako arauak aplikatuko dira epeak zenbatzean.

78. artikulua. Ondorioak.

1. Toki entitateak bere eskumenak betez ematen dituen administrazio egintzak ediktuen taulan argitaratzen dituenean, indarreko araudiak ezartzen dituen ondorioak sortuko dira.

2. Argitaratzeko epeak igarota, iritziko zaio jakinarazpena egina dagoela, eta dagokion izapidea bukatutzat hartu eta prozedurarekin jarraituko da.

3. Artikulu honek jasotzen ez dituen kasuetan, 39/2015 Legean ezarritako arauak aplikatuko dira jakinarazpenei eta argitalpenei dagokienez.

79. artikulua. Ediktu-taula bakarra.

Toki entitatearen jakinarazpen iragarkiak, beste administrazio publikoenak bezalaxe, Estatuko Aldizkari Ofizialaren ediktu-taula bakarrean argitaratuko dira, baldin eta prozeduran interesa dutenak ezezagunak badira, jakinarazteko lekua edo bitartekoa ezagutzen ez badira, edo, jakinarazten saiatu ondoren, jakinarazi ezin izan bada.

80. artikulua. Datuen babesa.

Datu pertsonalak dituzten ediktuak ediktu-taulan argitaratzeko, honako hauek zorrotz bete beharko dira: datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa eta haren garapeneko xedapenak; Gardentasunari, informazio publikoaren eskuragarritasunari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea, eta arlo horretan aplikaziozkoa den Estatuko zein Nafarroako Foru Komunitateko gainerako araudia.

TITULUA

Erregistro elektronikoa

81. artikulua. Erregistro orokor elektronikoa sortzea.

1. Ordenantza honen bitartez, Tafallako Udalaren erregistro orokor elektronikoa sortu eta haren funtzionamendua arautzen da. Erregistro orokor elektronikoan sartzeko, egoitza elektronikoa erabiliko da (https:\\sedeelectronica.tafalla.es) eta beharrezkoa izango da aurretik identifikatzea toki entitate honek onartutako eta ordenantza honen IV. tituluan (“Identifikazio eta sinadura elektronikoa”) aipatutako bitartekoetako bat erabiliz.

2. Idazkaritzak kudeatuko du erregistro orokor elektronikoa.

3. Tafallako Udalarekin lotuta edo haren mende dauden entitateen eta erakundeen erregistro elektronikoak elkarren artean konektatuta egongo dira; Udalaren erregistro orokor elektronikoarekin elkarreragina izango dute, eta Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala bete beharko dute.

4. Bai Tafallako Udalaren erregistro orokor elektronikoak, bai erakunde edo entitate horietako erregistroek bete beharko dituzte datu pertsonalak babestearen arloko legerian ezarritako segurtasun berme eta neurriak eta, nolanahi ere, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala.

82. artikulua. Erregistro orokor elektronikoaren funtzionamendua.

1. Erregistro orokor elektronikoan, Tafallako Udalarekin lotuta edo haren mende dagoen edozein administrazio organotan, erakunde publikotan edo entitatetan aurkeztu edo jasotzen den agiri ororen erregistroa egingo da. Halaber, hartan idazten ahal da administrazio publikoen, haien erakundeen edo haiekin lotutako entitateen beste organoentzako edo partikularrentzako agiri ofizialen irteera.

Erakunde bakoitzaren erregistro elektronikoetan sartzeko aukera emango duen atari gisa funtzionatuko du erregistroak, eta data eta ordu ofizialak (egoitza elektronikoan jasotako berak) adieraziko ditu, baita Udalarentzat eta harekin lotuta edo haren mende dauden erakundeentzat baliogabetzat finkatutako egunen zerrenda ere.

Erregistroak aukera emango du agiriak urteko egun guztietan, eguneko hogeita lau orduetan, aurkezteko.

Erregistro orokorrean sartzeko egoitza elektronikoan, erregistro orokor elektronikoan abiarazten ahal diren tramiteen zerrenda eguneratua agertuko da.

2. Dokumentuen sarrera edo irteera daten hurrenkerari jarraikiko zaio idazpenak egiteko, eta egin diren eguna adieraziko da.

Erregistro-tramitea burututa, dokumentuak luzatu gabe igorriko zaizkie hartzaileei eta kasuan kasuko administrazio unitateei, zein erregistrotan jaso diren, handik.

3. Tafallako Udalaren erregistro orokor elektronikoak eta harekin lotuta edo haren mende dauden entitateen eta erakundeen erregistro elektronikoek bermatuko dute erregistro bakoitzean honako hauek jasotzen direla gutxienez:

a) Erregistroaren zenbaki edo identifikadore unibokoa.

b) Erregistroaren izaera.

c) Aurkeztu zen eguna eta ordua.

d) Interesdunaren identifikazioa.

e) Igorri duen administrazio organoa, hala badagokio.

f) Zer pertsonari edo administrazio organori bidaltzen zaion.

g) Eta, hala badagokio, erregistratzen den agiriaren edukiaren erreferentzia.

Horretarako, ziurtagiri bat egingo da automatikoki; dagokion agiri elektronikoaren kopia autentifikatua izango da, eta honako hauek jasoko ditu:

a) Erregistroaren bidez erregistro elektronikoan aurkeztu den idazki, jakinarazpen edo eskabidearen edukia. Horri dagokionez, aurkezpen inprimakian sartutako datuak hitzez hitz erreproduzitzea onartzen ahal da.

b) Aurkeztu zen ordua eta data, eta horien arabera hasiko dira Udalak bete beharreko epeak zenbatzen.

c) Erregistroak erregistro elektronikoan duen zenbakia edo identifikatzailea.

d) Aurkeztutako agiriarekin batera eta erantsita doazen agirien zerrenda eta izena, eta horietako bakoitzaren aztarna elektronikoa ere bai; horiek egiaztatzeko ziurtagiria izango da azken hori, agiriak osorik daudela eta uko egiten ez zaiela bermatzeko.

e) Automatikoki jakiten ahal bada eta erregistroa izapide batekin lotuta egin bada interesdunak eskatutako prozedura bati hasiera emateko, ziurtagirian, honako informazio hauek jasoko dira: hura izapidetzeko ardura duen administrazio unitatea, ebatzi behar duen organoa, arauz zenbateko epea ezarri den gehienez prozedura ebazteko eta jakinarazteko, eta administrazio isiltasunak izaten ahal dituen ondorioak.

f) Erregistroa izapide batekin lotuta egin bada interesdunak eskatutako prozedura bati hasiera emateko eta automatikoki jakiten ahal bada dagokion prozedura abiarazteko dokumentazio osoa edo zati bat falta dela, zuzentzeko errekerimendua igorriko da aipatutako ziurtagiriarekin batera. 10 eguneko epea emango da horretarako.

4. Interesdunek Udalari helarazi nahi dizkioten agiriak hemen aurkezten ahal dira:

a) Tafallako Udalaren edo helburu duten erakundearen erregistro elektronikoan, zein edozein administrazio publikoren erregistro elektronikoetan.

b) Posta bulegoetan, arauz ezartzen den moduan.

c) Espainiak atzerrian dituen ordezkaritza diplomatikoetan edo kontsul bulegoetan.

d) Erregistroaren alorreko laguntza-bulegoetan.

e) Indarreko xedapenek ezartzen duten beste edozeinetan.

Tafallako Udalaren eta harekin lotuta edo haren mende dauden entitateen eta erakundeen erregistro elektronikoek erabat elkarreragingarriak izan beharko dute, hala, informatikoki bateragarriak direla eta interkonektatuta daudela, eta erregistroetako sarrerak eta erregistroetako edozeinetan aurkezten diren agiriak telematika bidez igortzen direla bermatzeko, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalak eta aplikaziozko beste araudiek xedatutakoa betez.

5. Tafallako Udalean buruz buru aurkeztutako agiriak digitalizatu egin beharko ditu dokumentu horiek jaso dituen erregistroen gaietan laguntza emateko bulegoak, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.5 eta 27. artikuluetan xedatutakoaren arabera, horiek administrazio espediente elektronikoan sartzeko. Jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, arauaren arabera aurkeztutako dokumentuak administrazioak gorde behar dituen kasuen edo objektuak edo digitalizatu ezin diren formatuan dauden dokumentuak aurkeztea nahitaezkoa den kasuen kalterik gabe.

Ordenantza honen bitartez, Udalak derrigorrezko egiten du zenbait agiri bitarteko elektronikoen bidez aurkeztea egoitza elektronikoak hala adierazten duen izapideen, prozeduren eta pertsona fisikoen taldeen kasuan, eta haien gaitasun ekonomikoarengatik, teknikoarengatik, lanbide dedikazioarengatik edo beste arrazoiren batengatik egiaztatuta dagoenean beharrezko bitarteko elektronikoak lortzen ahal dituztela eta eskura dituztela.

6. Dagokion bulego publikora transferentzia eginda kitatzen ahal da Tafallako Udalari agiriak aurkeztean ordaindu behar zaion edozein zenbateko, beste bitarteko batzuetatik ordaintzeko aukera baztertu gabe.

7. Tafallako Udalaren egoitza elektronikoak argitaratu eta une oro eguneratuta mantenduko du erregistroen gaietan laguntza emateko bulegoen zerrenda, eta pertsona fisiko interesdunei bitarteko elektronikoak erabiltzen laguntzeko gaituta dauden funtzio publikoko pertsonen zerrenda eskura jarriko du.

8. Agiriak eta informazioa ez dira erregistroan aurkeztutzat joko, haien araubide bereziak beste modu batean aurkeztu behar direla ezartzen badu.

9. Uko egiten ahal zaie baldintza hauetan aurkezten diren agiri elektronikoei:

a) Kode gaiztoa dutenak edo sistemaren osotasuna edo segurtasuna arriskuan jartzen ahal duten gailuak dituztenak.

b) Agiri normalizatuak erabiltzen direnean, eredu normalizatuak onartzeko ebazpenak beharrezkotzat jotzen dituen eremuak betetzen ez badira, inkongruentziak, ez-betetzeak edo tratatzea eragozten duten bestelako kausak badaude edo aurkezteko eskatzen den ezaugarrietako bat betetzen ez badute.

Aurreko apartatuan ezarritako kasuetan, egoera horren berri emango zaio agiria bidali duenari, agiriari uko egiteko arrazoiak jakinaraziz eta, ahal denean, akats horiek zuzentzeko bitartekoak eta zer helbidetan aurkezten ahal duen adieraziz. Interesdunak hala eskatzen duenean, agiria aurkezteko saiakuntzaren ziurtagiria emango da, uko egiteko arrazoiak adieraziz.

Agiri elektronikoei uko egitea eragiten ahal duten baldintzak betetzen badira baina erregistro elektronikoak automatikoki errefusatu ez baditu, eskuduna den administrazio organoak dagokion zuzenketa egiteko eskatuko du, eta ohartaraziko du aurkezpena ez dela baliozko edo eraginkor izango, errekerimenduari kasu egiten ez bazaio.

83. artikulua. Epeen zenbaketa erregistroetan.

1. Tafallako Udalak egun baliogabeen egutegia argitaratuko du erregistro elektronikoan sartzeko egoitza elektronikoan, eta hura izango da erregistro elektronikoen epeak zenbatzeko aplikatuko den egutegi bakarra. Halaber, adierazi egingo da zer egun eta ordutan egongo diren zabalik erregistroen gaietan laguntza emateko bulegoak, interesdunek bitarteko elektronikoak erabiltzean laguntza jasotzeko duten eskubidea bermatzeko.

2. Tafallako Udalaren eta harekin lotuta edo haren mendeko entitate eta erakundeen erregistro elektronikoa, epeen zenbaketarako, sartzeko egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialetan oinarrituko da; behar diren segurtasun neurriak izango ditu horiek ongi daudela bermatzeko, eta eskuragarri eta ikusgai egongo dira.

3. Epeak egun baliodunetan kontatzeari dagokionez eta interesdunek epeak betetzeaz den bezainbatean, egun baliogabe batean egiten den aurkezpena hurrengo lehen egun balioduneko lehen orduan egintzat joko da, egun baliogabean jasotzeko berariazko aukera ematen duen araurik egon ezik. Dokumentuak aurkeztutzat joko dira, egun baliogabean aurkeztu ziren ordu zehatzaren hurrenkeran.

Egun baliogabean aurkeztutako dokumentuak hurrengo lehen egun baliodunean aurkeztutakoen aurretik aurkeztutzat joko dira, hurrenkera berari jarraikiz.

4. Udalak eta haren mende edo harekin lotuta dauden erakundeek bete behar dituzten epeen zenbaketaren hasiera erregistro elektronikoan zer egunetan eta ordutan aurkeztu ziren aintzat hartuz erabakiko da.

5. Baldin eta, ustekabeko intzidentzia tekniko baten edo beharrezkoa den mantentze-lan tekniko planifikatu baten ondorioz, erregistro elektronikoaren sistemak edo aplikazioak ez badu ohiko moduan funtzionatu, Udalak eta harekin lotuta edo haren mende dauden erakundeek iraungi ez diren epeak luzatzea erabakitzen ahal dute. Egoitza elektronikoan izandako intzidentzia teknikoaren berri eman beharko dute edo abisu baten bitartez aurrez adierazi beharko dute hala planifikatuta dagoelako ez dela eskuragarri egongo eta iraungi ez den epea luzatu egingo dela.

84. artikulua. Administrazio prozeduran interesdunek ekarritako dokumentuak.

1. Interesdunek eskatutako datuak eta agiriak eman beharko dituzte administrazio prozeduran, bai hasieran bai izapidetu bitartean, baita egoki deritzoten beste edozein agiri ere. Interesdunak izango dira aurkezten dituzten agirien egiazkotasunaren erantzule.

2. Tafallako Udalaren egoitza elektronikoak jaso egingo du interesdunek erregistro elektronikoan eskabidea aurkeztean eman behar dituzten datuen eta agirien zerrenda sinplifikatua eta eguneratua, administrazio prozedura bakoitzerako.

3. Tafallako Udalak ez die interesdunei honako hauek aurkezteko eskatuko:

a) Agiri originalak, non eta, salbuespenez, aplikatzekoa den araudi erregulatzaileak ez duen hala agintzen.

b) Toki entitateak berak edo beste administrazio batek egin dituen agiriak.

c) Aplikagarri den araudi erregulatzaileak eskatzen ez dituen datuak edo agiriak.

d) Interesdunak aurretiaz beste edozein administraziori eman dizkion datuak edo agiriak. Kasu horretan, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio organori eman zizkion aipatutako agiriak.

4. Tafallako Udalak administrazio prozedura abiarazteko eta izapidetzeko agiriak eta datuak jasoko ditu, bere udal sareen bitartez edo datu-bitartekaritzarako plataformetan edo administrazio publikoek gaitutako beste sistema elektronikoetan kontsultatuz. Ulertuko da kontsulta hori interesdunek baimendua dela, non eta prozeduran ez den haren aurkakotasun adierazia jasotzen edo aplikatzekoa den lege bereziak ez duen eskatzen adostasun adierazia ematea; bi kasuetan ere, aurrez informazioa eman beharko zaie datu pertsonalen babesaren aldetik dituzten eskubideei buruz.

5. Salbuespenez, Tafallako Udalak ezin baditu aipatutako dokumentuak eskuratu, berriz ere eskatzen ahalko dio interesdunari ekar ditzala.

6. Salbuespenez, Tafallako Udalak interesdunari agiri originala aurkezteko eskatzen badio eta agiri hori paperean badago, interesdunak egiazko kopia lortu behar du, elektronikoki aurkeztu aurretik. Ateratzen den kopia elektronikoak espresuki jasoko du xehetasun hori. Egiazko kopiak horretarako gaitutako funtzionarioen bitartez lortzen ahal dira, herritarrei arreta emateko bulegoetan, horiek erregistroen gaietan laguntza emateko bulego gisa ariko baitira. Halaber, kopia horiek Udalak onetsi eta eskuragarri jartzen dituen administrazio jarduketa automatizatuko prozesuen bitartez lortzen ahal dira.

7. Salbuespenez, agiriak prozeduran duen garrantziak hala eskatzen badu edo kopiaren kalitateak zalantza eragiten badu, Tafallako Udalak eskatzen ahalko du, arrazoiturik, interesdunak ekarritako kopiak alderatzeko; horretarako, jatorrizko agiria edo informazioa erakusteko eskatzen ahalko du.

VII. TITULUA

Antolakuntzari buruzko arauak

85. artikulua. Organo eskudunak.

1. Udalbatzari dagokio ordenantza hau eta haren aldaketak onestea, bai eta administrazio elektronikoaren alorreko arauketa tresna eta plangintza estrategikoko tresna guztiak ere, hurrengo artikuluan ezarritakoa izan ezik.

2. Aurreko apartatuan aipatzen diren plan estrategikoak urte anitzekoak izango dira, eta, ahal bada, legealdi bat baino gehiago iraungo dute.

3. Alkatea udalburuari dagozkio administrazio elektronikoaren gaineko beste eskumenak, eta, bereziki, prozedura elektronikoa ezartzeko prozesuak sustatzea eta zuzentzea, eta Udalaren antolakuntza eta funtzionamendua egokitzeko beharrezko aldaketa kudeatzea, Idazkaritzarekin batera.

4. Ahal den heinean, diziplina anitzeko taldeak eratuko dira administrazio elektronikoa ezartzeko planak eta hura garatzeko beharrezkoak diren bestelako plan estrategikoak diseinatzeko, ezartzeko eta ebaluatzeko. Osaera mistoa izango dute, eta ANIMSAk izendatuko langileek hartuko dute parte; Alkatetzari dagokio berezko burutza. Haien osaera teknikoa diziplina anitzekoa izango da.

86. artikulua. Eskumenak gaitzea.

1. Ordenantza honek Alkatetzari eskumena gaitzen dio hura hobeki aplikatzeko behar adina xedapen onesteko.

2. Zehazki, Alkatetzari dagokio honako hauen ondoriozko agiriak onestea: Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen 3/2010 Errege Dekretua eta Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala arautzen duen 4/2010 Errege Dekretua. Elkarreragingarritasun Arau Teknikoen baliokideak dira. Eta zehazki, honako hauek onetsi behar ditu:

• Informazioaren segurtasunerako politikaren agiria.

• Identifikazioko eta sinadura elektronikoko politikaren agiria.

• Dokumentazioa eta artxibo elektronikoa kudeatzeko politikaren agiria.

• Digitalizazio protokoloen/prozeduren agiria.

• Agiri eta espediente elektronikoen bizi zikloaren protokoloen/prozeduren agiria.

• Denbora zigiluari buruzko politikaren agiria.

• Toki prozedura elektronikoaren garapena legez hobeki estaltzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein.

3. Horrez gain, Alkatetzari dagokio egiaztapen-kode segurua sortzea, ordenantza honen 38.5 artikuluan xedatutakoa betez eta, hala badagokio, langile publikoentzako gako itunduen sistemaren erabilera baldintzak eta zehaztapenak ezartzea (ordenantza honen 39.4 artikuluan jasotzen da).

4. Aurreko apartatuetan aipatutako agiriak Alkatetzaren ebazpen edo dekretu bidez onetsiko dira. Eskudantzia tokiko gobernu gatzarrari eskuordetzen badio, tokiko gobernu batzarraren erabaki bidez onetsiko dira. Politikaren edo protokoloen agiria bera ebazpenari edo erabakiari erantsiko zaio.

5. Artikulu honetan jasotako agirien edukia Udaleko teknikariek eta/edo ANIMSAko teknikariek prestatuko dute, une bakoitzean indarrean dauden Elkarreragingarritasun Arau Teknikoak kontuan hartuz eta Udalaren antolakuntzaren ezaugarriei egokituz.

VIII. TITULUA

Barne komunikazio elektronikoak

I. KAPITULUA

Udalbatzako kideen komunikazioak

87. artikulua. Bitarteko elektronikoen bidez komunikatzeko eskubidea eta betebeharra.

Tafallako Udaleko kideek eskubidea eta betebeharra dute bitarteko elektronikoen bidez komunikatzeko haren organoekin.

88. artikulua. Komunikazio eta argitalpen elektronikoen barne sistema.

Gardentasun eta publizitate printzipioen arabera erakundearen webgunean egiten diren argitalpenak baztertu gabe, komunikazio eta argitalpen elektronikoen barne sistema bat gaitzen ahalko da, kide anitzeko organoen aktak, bilkura bakoitzeko gai zerrenda eta horri dagozkion espedienteak, eta zinegotzi edo udal talde politiko batek partekatu edo eskatzen duen beste edozein informazio eskuratu ahal izateko, hori guztia administrazio izapideak arintzeko eta nabarmen aurrezteko, paperean inprimatutakoak ahalik eta gehien mugatuz.

89. artikulua. Espedienteen karpeta generikoa.

Espedienteen karpeta generiko bat sortzen ahalko da, udal talde politiko guztiak zuzenean sar daitezen hango espedienteen informazioa ikustera, inongo mugarik gabe, bereziki aurreko artikuluan aipatzen dena.

90. artikulua. Espedienteen karpeta partikularra.

Espedienteen karpeta bat sortzen ahalko da udal talde politiko bakoitzak eskatutako informazioa helarazteko, hurrengo kapituluan aurreikusten den bezala.

Informazio hori partikularra eta sekretua izango da, eta soilik karpetaren titularra den talde politikoa sartzen ahalko da karpeta horretan. Titulu honetan aipatzen diren sarbideak, bereziki artikulu honetan jasotakoak, informatikoki erregistratuko dira, eta agiriak kontsultatzera sartzen ahal diren pertsonek haien eginkizunak eta zereginak hertsiki betetzeko erabiltzen ahalko dute informazioa; horretarako, aldez aurretik konfidentzialtasun klausulak sinatuko dituzte.

91. artikulua. Udalbatzako kideei komunikazio elektronikoen sistema erabiltzen laguntzea.

Udal zerbitzuek, ahal duten heinean, Udalbatzako kideei eta, hala badagokio, talde politikoen bozeramaileei laguntza emango diete, komunikazio elektronikoen sistemak zuzen funtziona dezan eta titulu honek aitortzen dizkien eskubideak eta obligazioak egoki bete ditzaten.

II. KAPITULUA

Udalkideek informazioa eskuratzea

92. artikulua. Informazioa eskuratzeko prozedura.

1. Udalkideek argitaratu gabeko informazio eta dokumentuak eskuratu nahi dituztenean, honela eskatu beharko dute:

a) Talde politikoaren bozeramaileak posta elektronikoz eskatu beharko dio informazioa Idazkaritzari.

b) Informazioaren espedientea identifikatuta, horren ardura duen departamentuari bidaliko zaio eskaera; arloko edo azpiarloko arduradun politikoak baimendu edo, arrazoiak emanda, ukatuko du eskatutako informazioa ematea. Arduradunak baimena sinatu ondoren, dagokion departamentuak telematika bidez bidaliko dio informazioa Idazkaritzari.

c) Gero, posta elektronikoz, Idazkaritzak talde politikoari jakinaraziko dio eskatutako informazioa eskura duela espedienteen karpeta partikularrean (90. artikuluan aurreikusia) edo, hala bada, informazioa ukatzen zaiola.

d) Eskatutako informazioa euskarri informatikoan ez bada, edo, edozein arrazoirengatik, kasu horretan operatiboagoa bada informazioa buruz buru eskuratzea, dagokion arloko arduradun politikoak dokumentazioa buruz buru eskuratzeko eguna(k) eta ordua(k) jakinaraziko dizkio eskatzaileari posta elektronikoz.

Eskatzaileak uste badu informazioa eskuratzeko modu hori eskasa dela, informazioa buruz buru kontsultatu ondoren, posta elektronikoz eskatzen ahalko du ikusitako agiri edo espediente batzuen kopia.

Honela eskuratutako kopiak talde politikoen berezko eginkizunak betetzeko erabiltzen ahalko dira, ez besterako, eta taldeen bozeramaileak erantzuleak izango dira behar bezala erabiltzen ez badira, behar bezala erabiltzen ez dituen taldekidearen erantzukizunak deusetan galarazi gabe.

e) Behar bezala arrazoituriko kasu bereziak salbu, artikulu honetan araututako informazio eskaerak 5 eguneko epean ebatzi beharko dira.

2. Aurreko epigrafean ezarritakoa ezean, ordenantza honen V. tituluan araututakoa aplikatuko da.

III. KAPITULUA

Arau komunak

93. artikulua. Komunikazio plan korporatiboa.

Tafallako Udalak komunikazio plan korporatiboa onetsiko du barne eta kanpoko komunikazioa arautzeko, eta haren funtzionamendua hobetzeko bide egokiak ezarriko ditu.

94. artikulua. Posta elektronikoa.

1. Oro har, talde politikoen eta zinegotzien arteko eskaera, deialdi eta komunikazio ofizialak posta elektronikoz eginen dira, baita aipatutakoen eta Tafallako Udaleko organoen edo edozein zerbitzu edo langileren artekoak ere.

2. Salbuespenez, aurrekoa posible ez bada, bitarteko tradizionalak erabiliko dira, baina, gastuan eta lan administratiboan ekonomiaren printzipioa aplikatzeko, paperaren erabilera ahalik eta gehien murriztuko da komunikazio, kopia eta fotokopiak egitean.

95. artikulua. Informazioa erabiltzearen erantzukizunak.

Nolanahi ere, edozein bitartekoren bidez (elektronikoa izan nahiz ez izan) lortzen den udaleko edozein informazio, hura eman, argitaratu edo eskuragarri jartzeko helburua ez den beste batekin erabiltzen bada, erantzukizunak sortuko dira eta aplikagarri den legeriaren arabera eskatuko dira, sistema babesteko helburuz.

96. artikulua. Langile publikoen komunikazioak.

39/2015 Legearen 14.2.e) artikuluak ezarritakoaren arabera, Tafallako Udalaren langile publikoek bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra dute, izapideak egitean bai eta administrazio prozeduren barruan egiten diren barne eta kanpo komunikazioetan ere. Funtzionamenduari buruzko komunikazioen arloan, bitarteko elektronikoei eta informazioa hobeki jasotzea ahalbidetzen dutenei emango zaie lehentasuna, eta, horretarako, titulu honetan jasotakoen antzeko baliabideak egituratzen ahal dira udalbatzako kideentzat; hori guztia, Tafallako Udalaren komunikazio planarekin bat, halakorik bada.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–Ikus-entzunezko aktak.

1. Tafallako Udalaren kide anitzeko organoen bilkurak grabatzen ahal dira.

2. Bilkurak grabatzea edo euskarri elektronikoko agiriak erabiltzea erabakitzen bada, dagozkien fitxategi elektronikoen osotasuna eta egiazkotasuna bermatzeko moduan gorde behar dira; orobat, kide anitzeko organoaren kideek horiek eskuratu ahal izatea ere bermatu behar da.

3. Grabaketaren fitxategia, idazkariak hura egiazkoa eta osoa dela egiaztatzeko egiten duen ziurtagiria eta bilkuran zehar erabiltzen diren beste agiri elektroniko guztiak bilkuren aktarekin batera eransten ahal dira, eta ez da beharrezkoa izango aktan deliberamenduen alderdi nagusiak jasotzea.

4. Grabazio horren izena ikus-entzunezko akta da. Osoko bilkuren aktak ikus-entzunezko aktak izango dira. Gainerako kasuetan, sistema hori erabiliko da, lehentasunez eta ahal den guztietan.

Ikus-entzunezko akta multimedia agiri elektronikoa da, eta elementu hauek osatzen dute gutxienez:

–Akta laburbildua: kide anitzeko organo baten bilkuraren gai zerrendaren puntuak eta hartutako erabakiak jasotzen dituen agiri elektronikoa.

Bilkura motaren arabera, akta laburbilduak formatu zehatza izaten ahal du, eta, kasu batzuetan, indarreko legeriak ezarriko du hori; hala gertatzen da, adibidez, osoko bilkuren aktekin.

–Ikus-entzunezko agiria edo bideoa: bilkuran gertatu denaren bideo grabaketa da, eta audioa eta irudiak ditu. Agiri horrek hizlari bakoitzak esandakoa hitzez hitz jasotzen du, eta agiri elektronikoan txertatzen da, esteka bidez.

–Sinadura elektronikoa: bilkuran idazkari kargua duen pertsonaren legezko sinadura elektronikoa da, eta agiria fede emaile bihurtzen du eta zuzenbide ondorioak ematen dizkio. Sinadura hori pertsona horren sinadura ziurtagiriaren bitartez egiten da. Osoko bilkuren kasuan, presidenteak ere sinatuko du ikus-entzunezko akta.

5. Aurreko apartatuaren arabera, ikus-entzunezko akta agiri publikoa eta ofiziala da, sinatua eta Idazkaritzaren titularra den pertsonak baliozkotua, fede publikoa emateko bere eginkizunean. Ondorioz, hura erabiltzean eta tratatzean, tentuz jokatu behar da, eta komenigarria da osorik edo zati batean jaistea eta berrargitaratzea ekiditea, kontuan izanik nahikoa dela ikus-entzunezko zatia ikustearekin gardentasun eta publizitate printzipioak babesteko eta fitxategia pertsona guztien eskura dagoela, gune ofizialean, erreprodukzio mugarik gabe. Artikulu honetan ezarri bezala tentuz jokatzeko betebeharra hautsiz gero, erantzukizunak sortuko dira, ikus-entzunezko aktaren trafikoak edo berriz hedatzeak udalaren irudia edo interesak kaltetzen baditu.

6. Partikularrek kide anitzeko organoen bilkura publikoak grabatzen ahal dituzte.

Herritarren ekimenak baztertu gabe, Udalak bilkura guztiak grabatzea eta herritarren eskura dauden plataformetan argitaratzea sustatuko du. Grabaketa horiek toki titulartasunekoak izango dira, eta kide anitzeko organoaren idazkariak ziurtagiri elektronikoaren bitartez izenpetuko ditu, fede publikoa emateko bere eginkizunean.

7. Xedapen honetan jasotzen ez diren kasuetan, akten gaineko indarreko araubide juridikoa aplikatuko zaie ikus-entzunezko aktei.

Bigarrena.–Prozedura eta izapide berriak sartzea eta iragartzea.

1. Egoitza elektronikoan prozedura eta izapide berriak sartzeko, Alkatetzak edo, eskuordetzaren bidez, tokiko gobernu batzarrak ezarritako protokoloari jarraitu beharko zaio.

2. Egoitza elektronikoa erabiliko da elektronikoki izapidetzen eta komunikatzen ahal diren prozeduren eta tramiteen berri emateko eta horiek hedatzeko modu eguneratuan, nahiz eta erabili aginduzkoak diren edo egokitzat jotzen diren beste publizitate baliabide osagarri batzuk ere.

Hirugarrena.–Honako fitxategi hau sortzea: Tafallako Udalaren erregistro elektronikoa.

Sortu da Tafallako Udalaren Erregistro Elektronikoa eta datu pertsonalak bertan sartuko dira, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legeak eta Segurtasun Eskema Nazionalak ezarritako baldintzetan. Ondoren, xehatuta agertzen da fitxategi hori.

“Izena: erregistro telematikoa eta hirugarrenen baseak.

Administrazioko zein organok duen fitxategiaren ardura: Udaleko Idazkaritza.

Zer zerbitzu edo unitatetan erabil daitezkeen sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta kontra egiteko eskubideak: Udal Idazkaritza.

Segurtasun neurriak: maila altua.

Oinarrizko egitura: datu pertsonalen motak:

–Datu bereziki babestuak (ideologia, sinesmenak, erlijioa, jatorri etnikoa, osasuna edo bizi sexuala).

–Egiten diren arau-hauste penal edo administratiboei buruzko datuak.

–Identifikaziorako datuak: NANa / IFZ.

Izen-abizenak.

Helbidea, telefonoa, sinadura / hatz-marka.

–Ezaugarri pertsonalen gaineko datuak, familiaren datuak.

Jaiotze eguna / tokia.

Sexua.

–Inguruabar sozialen datuak.

–Enpleguaren eta administrazio karreraren zehaztasunak.

–Ikasketa eta lanbide datuak.

–Merkataritza arloko datuak.

–Datu ekonomiko-finantzarioak.

–Transakzioen datuak.

Fitxategiaren helburua eta aurreikusitako erabilerak: sarrera/irteera agirien tratamendua, eskuzkoa zein informatikoa.

Datuen iturri diren pertsona edo taldeak edo datu horiek eman behar dituztenak: lege ordezkariak, eskatzaileak, herritarrak eta egoiliarrak.

Datuak biltzeko prozedura: inprimakiak, igorpen elektronikoa/Internet.

Datu pertsonalen lagapen aurreikusiak: ez dago. Datu pertsonalen transferentzia aurreikusiak: ez dago”.

Laugarrena.–Bitarteko elektronikoak erabiltzea barne antolakuntzan eta funtzionamenduan eta Tafallako Udalaren kide anitzeko organoetan.

Ordenantza honetan xedatutakoaren arabera arautuko da administrazioaren barne antolakuntzan eta funtzionamenduan eta Tafallako Udalaren kide anitzeko organoetan bitarteko elektronikoak erabiltzea.

Bosgarrena.–Segurtasun Eskema Nazionala.

Segurtasun Eskema Nazionalaren garapena, eta egoitza elektronikoko informazio edo zerbitzuen eskuragarritasuna, osotasuna edo konfidentzialtasuna ukitzen ahal duten istripuzko edo nahitaezko kalteei aurre egiteko aurreikusitako neurriena, Tafallako Udaleko informazioaren segurtasunerako politikaren agirian daude ezarrita. Tafallako Udalak onetsi zuen agiri hori, Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuaren 11. artikuluaren babesean.

Seigarrena.–Epeak.

Artxibo elektronikoa eratua eta operatibo egonen da 2018ko urriaren 2a baino lehen.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.–Antolakuntzaren eta funtzionamenduaren egokitzapena.

Tafallako Udalak eta hari lotuta edo haren mende dauden entitate eta erakundeek urtebeteko epe iragankorra izango dute gehienez, beren antolakuntza eta funtzionamendua prozedurak bitarteko elektronikoen bidez izapidetzera egokitzeko, ekonomia, eraginkortasun eta efizientziaren printzipioekin bat eginez.

Bigarrena.–Pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen sinadura elektronikoko ziurtagiriak erabiltzea.

Interesdunek aukera dute Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legeak ezarritakoaren arabera eman diren pertsona juridikoen eta nortasun juridikorik gabeko entitateen sinadura elektronikoko ziurtagiriak erabiltzen jarraitzeko, beren indarraldia bukatzen den arte.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Prozedura eta izapide berriak arautzea.

Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, prozedura eta administrazio izapide berriez edo egun direnen aldaketez egiten diren arauketa guztiek xedatu beharko dute horiek bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko aukera, eta bat egin beharko dute ordenantza honetan ezartzen diren baldintzekin.

Bigarrena.–Indarra hartzea.

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean testu osoa argitaratzen denean eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 342. artikuluan eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan (aurrekoarekin bat datorrena) ezarritako epea bukatzen denean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe uzten dira ordenantzarekin talka egin edo kontraesanean sartzen diren xedapenak.

Iragarkiaren kodea: L1812335