211. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 24an hartua, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Gobernuak 2018ko maiatzaren 30ean hartutako Erabakia eta ondoriorik gabe uzten baita aldi baterako aplikatu zen ibilgailu astunentzako deskontu osagarri bat Nafarroako Autobideko Saratsako bidesarien ordainlekuan.

Nafarroako Gobernuak 2018ko maiatzaren 30ean hartutako Erabakiaren bidez (2018ko ekainaren 4ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen) partez aldatu zen Nafarroako Gobernuak 2017ko abenduaren 20an hartutako Erabakia (haren bidez onetsi ziren Nafarroako Autobideko oinarrizko tarifak, oinarrizko bidesariak eta berariazko deskontuak dituzten bidesariak 2018ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarterako), eta ekainaren 4tik azaroaren 30erako (biak barne) ezarri zen ibilgailu astunentzako deskontu osagarri bat Nafarroako Autobideko Saratsako bidesarien ordainlekuan. Salgaiak garraiatzeko zenbait ibilgailuren eta ibilgailu-multzoren zirkulazioari mugak jarri zitzaizkion aldi baterako Nafarroako Foru Komunitateko N-121-A, NA-1210 eta N-121-B errepideetan, Belateko eta Almandozko tuneletako instalazioak egokitzeko lanetarako, eta horren ondorioz ezarri zen aipatutako deskontu osagarria.

Garapen Ekonomikorako kontseilariaren urriaren 19ko 79/2018 Foru Aginduaren bidez, ondoriorik gabe utzi ziren, 2018ko azaroaren 1etik aurrera, zenbait ibilgailuren zirkulazioari ezarritako aldi baterako mugak, hain zuzen ere maiatzaren 10eko 31/2018 eta uztailaren 5eko 56/2018 foru aginduen bidez ezarritakoak; izan ere data horretan dago aurreikusia aipatutako tuneletan trafikoa berriz ere baimentzea.

Hortaz, arrazoirik jada ez denez izanen ibilgailu astunentzako deskontu osagarri bat ezartzeko Nafarroako Autobideko Saratsako bidesarien ordainlekuan, tunelak ireki eta trafikoko mugak desagertzen diren egunean deskontua aplikatzeari utziko zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Garapen Ekonomikorako kontseilariak eta Ogasuneko Finantza Politikako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Ondoriorik gabe uztea, 2018ko azaroaren 1etik hasita, Nafarroako Gobernuak 2018ko maiatzaren 30ean hartutako Erabakia, zeinaren bidez deskontu osagarri bat ezarri baitzen ibilgailu astunentzat Saratsako ordainlekuan.

2. Erabaki hau jakinaraztea Autopistas de Navarra SAri, eta igortzea Herri Lan Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Gobernuak enpresa emakidadunean duen Ordezkaritzara eta Garapen Ekonomikorako Departamentuko eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko idazkaritza tekniko nagusietara.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2018ko urriaren 24an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1812850