211. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

3371/2018 EBAZPENA, urriaren 18koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez dei egiten baita Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoko eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko funtzionarioen estatu mailako lekualdatze lehiaketarako.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren seigarren xedapen gehigarriko lehenbiziko apartatuak ezartzen du, funtzionario publiko direnen estatutu-araubidearen oinarrietan, “Estatu mailako lekualdaketa lehiaketen bidez” betetzea lanpostuak.

Xedapen gehigarri horren 3. apartatuan ezartzen da hezkuntzako administrazioek aldian-aldian estatu osorako lekualdatze lehiaketen deialdiak egin behar dituztela, haien mendeko ikastetxeek finkatzen dituzten lanpostu hutsak bete ahal izateko. Horrez gainera, beren kudeaketa esparruko funtzionarioei beste hezkuntza administrazio batzuetako lanpostuetara jo ahal izateko aukerabidea bermatu behar diete eta, halakorik bada, lehiaketaren ondorioz sortzen diren lanpostuen esleipena egin beharra dute. Lehiaketa hauetan irakasle funtzionario publiko guztiek parte har dezakete, kontuan hartu gabe zein hezkuntza administraziotakoak diren edo nondik sartu ziren, betiere kasuan kasuko plantillaren edo lanpostu-zerrenden arabera deialdi bakoitzean ezartzen diren betebehar orokorrak eta berariazkoak betetzen baldin badituzte.

Bestalde, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuak (errege dekretu horren bidez arautu ziren Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan adierazitako irakasleen kidegoetako funtzionarioen estatuko lekualdatze lehiaketak eta haiek bete beharreko lanpostuak betetzeko beste prozedura batzuk), 7. artikuluan, honako hau ezartzen du: “bi urtez behin, hezkuntza administrazioek estatu mailako lekualdatze lehiaketak deituko dituzte, haien menpeko ikastetxeek ezarritako plaza edo lanpostu hutsak betetzearen ondorioetarako, eta, halaber, beren kudeaketa esparruko irakasleei bermatzeko parte hartu ahal izatea beste hezkuntza administrazio batzuetako plaza edo lanpostu batzuetarako lekualdaketan, eta, kasua bada, lehiaketaren ondorioz sortzen direnak esleitzeko”.

Kontuan izanik ezen estatu mailako azken lekualdatze-lehiaketa 2016-2017 ikasturtean deitu zela, 2018-2019 ikasturtean beste deialdi bat egin behar da.

Horrenbestez, adierazitako araudia betez, eta urriaren 1eko EFP/1015/2018 Aginduarekin bat (horren bidez ezarri dira 2018-2019 ikasturtean egin beharreko estatu mailako lekualdatze lehiaketetan aplikatu beharreko prozedura-arauak, hain zuzen ere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko irakasle kidegoetako funtzionarioentzako lekualdatze-lehiaketetarako –lege organiko hori aldatu zen Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren bidez–), eta Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren martxoaren 7ko 183/2017 Ebazpenaren bidez eskuordetutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Estatu mailako lekualdatze lehiaketen deialdia onestea Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoko eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko funtzionario irakasleentzat, Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Kudeaketa Juridiko-Administratiboaren Atalera eta Giza Baliabideen Zerbitzuko Deialdien Atalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2018ko urriaren 18an.–Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Francisco Javier Iglesias Álvarez.

LEKUALDATZE LEHIAKETARAKO DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Lehena.–Lekualdatze lehiaketarako deia egiten da, deialdi honetan aipatzen diren zehaztapenekin bat, Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoko eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko irakasle funtzionarioei dagozkien lanpostu hutsak betetzeko.

Bigarrena.–Borondatez parte har dezaketenak.

1. Karrerako funtzionarioak, egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mende daudenak:

1.1. Deialdi honetan borondatez parte hartzen ahalko dute deialdiaren lehenebiziko oinarrian aipatzen diren irakasleen kidegoetako funtzionarioek, baldin eta ondoko egoeraren batean baldin badaude:

A) Jardunean egotea eta behin betiko destinoa Hezkuntza Departamentuaren mendeko hezkuntzako ikuskatzailetzako lanpostu batean izatea, betiere ikasturte hau bukatzen denerako, gutxienez, bi urte igaro badira behin betiko azkeneko destinoaren jabetza hartu zutenetik.

B) Zerbitzu berezietan egotea, zeinak deklaraturik egonen diren gaur egun Hezkuntza Departamentuaren mendekoak diren hezkuntzako ikuskatzailetzako lanpostu batean zeudelarik, betiere ikasturte hau bukatzen denerako gutxienez bi urte igaro badira behin betiko azkeneko destinoaren jabetza hartu zutenetik.

C) Borondatezko eszedentzian egotea, zeina deklaratua egonen den gaur egun Hezkuntza Departamentuaren mende dagoen hezkuntzako ikuskatzailetzako lanpostu batean zeudelarik, betiere ikasturte hau bukatzen denerako betetzen badituzte jarduneko zerbitzura itzultzeko eskatzen diren baldintza guztiak.

Atal honetan (1.1) ezarritako ondorioetarako, 2019ko abuztuaren 31 hartuko da ikasturtearen bukaerako data gisa.

1.2. Oinarri honetako 1. atalean aipatzen diren parte-hartzaileek beren eskaeran sartzen ahalko dituzte, halaber, gainerako hezkuntza administrazioek egindako deialdietako lanpostuak, deialdi horietan ezarritako betebeharrak betetzen badituzte.

2. Beste hezkuntza administrazio batzuetako funtzionarioak:

Beste hezkuntza administrazio batzuen mendeko funtzionarioek deialdi honetako lanpostuak eska ditzakete, deialdiko betebeharrak eta baldintzak betez gero.

Langile horiei eskatuko zaie lehenengo behin betiko destinoa lortu izana hautatuak izateko erabilitako deialdiari dagokion hezkuntza administrazioaren kudeaketa esparru berean.

Hirugarrena.–Nahitaez parte hartu behar dutenak.

1. Deialdi honetan nahitaez parte hartu behar dute deialdiaren lehenengo oinarrian aipatzen diren kidegoetako funtzionarioek, egitura organikoaren eta eginkizunen ondorioetarako Hezkuntza Departamentuaren mende daudenek, hauetako egoeraren batean baldin badaude:

A) Nahitaezko eszedentzian dauden karrerako irakasle funtzionarioak, behin-behinekoz itzultzea lortu ez dutenak, baldin eta eszedentzia deklaratu bazen gaur egun Hezkuntza Departamentuaren mende dagoen hezkuntzako ikuskatzailetzako plazaren batean ari zirelarik.

B) Kanpoko lanpostuei atxikita egon ondoren, 2019-2020 ikasturtean Hezkuntza Departamentuko hezkuntzako ikuskatzaileen lanpostuetara itzuli behar duten irakasle funtzionarioak, edo, aurreko ikasturteren batean itzulita ere, behin betiko destinoa lortu ez dutenak.

C) Epai bat betetzearen edo errekurtso bat ebaztearen ondorioz, edo behin betiko zuten lanpostua berariaz kendu zaielako, behin betiko destinoa galdu duten karrerako irakasle funtzionarioak.

Deialdi honen ondorioetarako, kendutako lanpostutzat hartuko dira, bakar-bakarrik, ebazpen formal eta banan-banan egindakoaren bidez berariaz kendu direnak.

2. Lehiaketan parte hartzera beharturik egonda ere, parte hartzen ez duten langileei eta, parte hartuta ere, lanpostu aski eskatzen ez dutenei behin betiko destinoa libreki esleituko zaie, eskatzen diren betebeharrak betetzen dituzten lanpostuetan. Behin betiko destinoa lortzen ez badute, behin-behineko destinoko egoeran geratuko dira.

Laugarrena.–Deialdiko lanpostuak eta haien argitalpena.

Urriaren 1eko EFP/1015/2018 Aginduaren bosgarren apartatuan aurreikusitako datetan zehaztuko dira deialdi honetan bete beharreko behin-behineko eta behin betiko lanpostu hutsak (agindu horren bidez ezarri dira 2018-2019 ikasturtean egin beharreko estatu mailako lekualdatze lehiaketetan aplikatu beharreko prozedura-arauak, hain zuzen ere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko irakasle kidegoetako funtzionarioentzako lekualdatze-lehiaketetarako –lege organiko hori aldatu zen Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren bidez–), eta jendaurrean jarriko dira Hezkuntza Departamentuaren iragarki-taulan eta haren web-orrian (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio).

Horren ondorioetarako, hezkuntzako plangintza orokorrean aurreikusten diren lanpostuak sartuko dira, baita kidego bakoitzaren lehiaketaren ondorioz hutsik gelditzen direnak ere. Horiez gain, erretiroengatik, heriotzengatik edo lanpostua gordetzeko eskubiderik ez duten eszedentziengatik sor daitezkeen lanpostu hutsak ere gehitzen ahalko dira, gutxienez 2018ko abenduaren 31ra arte sortzen direnak. Lanpostu huts horiek hezkuntzako plangintza orokorrean aurreikusita egon beharko dute.

Bosgarrena.–Parte-hartzaileek eska ditzaketen lanpostuak.

1. Hezkuntza Administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen kidegoko eta Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko funtzionarioek Hezkuntza Departamentuan dauden lanpostuak eskatzen ahalko dituzte.

2. Euskaraz jakin beharra duten lanpostuak eskatzeko, EGA-Euskararen Gaitasun Agiriaren edo titulu baliokide baten jabe direla frogatu beharko dute.

Seigarrena.–Parte hartzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1. Parte-hartzaile guztiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte parte hartzeko eskabidearekin batera:

A) Urriaren 1eko EFP/1015/2018 Aginduaren IV. eranskin gisa argitaratutako baremoaren 2, 3, 4.1 eta 4.2 ataletan aipatzen diren merezimenduak baloratzeko frogagiriak. Agindu horren bidez ezarri dira 2018-2019 ikasturtean egin beharreko estatu mailako lekualdatze lehiaketetan aplikatu beharreko prozedura-arauak, hain zuzen ere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko irakasle kidegoetako funtzionarioentzako lekualdatze-lehiaketetarako –lege organiko hori aldatu zen Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren bidez–.

B) Euskaraz jakin beharra duten lanpostuak eskatzen dituzten izangaiek EGA-Euskararen Gaitasun Agiriaren edo titulu baliokide baten jabe direla frogatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

C) Giza Baliabideen Zerbitzuak ofizioz erantsiko ditu baremoko 1. eta 4.3 atalei dagozkien merezimenduak, parte-hartzaile bakoitzaren espediente pertsonalean dagoen dokumentazioaren arabera.

Halaber, Giza Baliabideen Zerbitzuak norberaren zerbitzu-orrian ageri den euskara titulua ofizioz aurkeztuko du hizkuntza horretan ematen den espezialitate bati atxikitako funtzionarioentzat, non eta parte-hartzaileek ez duten aurkezten, deialdian parte hartzeko eskabidearekin batera, merezimenduen baremoko 4.4 atalean aipatutako euskara tituluaren frogagiria.

2. Agiriak jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izanen dira. Horretarako, Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxeetako zuzendariek ahalmena dute agiriak konpultsatzeko, maiatzaren 18ko 182/2001 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz.

3. Parte hartzeko betebehar guztiak eta alegatutako merezimenduak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira.

Zazpigarrena.–Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea.

1. Deialdi honetan parte hartzen dutenek eskabide bakarra aurkeztuko dute, Hezkuntza Departamentuan (San Domingo aldapa z.g., Iruña) eskura egonen den eredu ofiziala erabiliz, hari erantsitako jarraibideen arabera beteta.

Eskabideak Giza Baliabideen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio eta Hezkuntza Departamentuko Erregistroan (San Domingo kalea, zk.g., Iruña) aurkeztuko dira, edo, bestela, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

2. Parte hartzeko eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, epearen barrenean aurkezten den azkeneko eskabidea baizik ez da tramitatuko, eta horrek bakarrik balioko du.

Zortzigarrena.–Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea.

Hau izanen da eskabideak eta agiriak aurkezteko epea: 2018ko azaroaren 6tik 27ra, bi egun horiek barne.

Eskabidea aurkeztu ondoren, eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen soilik egin dakioke uko lehiaketan parte hartzeari. Hamabigarren oinarrian adierazten den epean ere aurkezten ahalko dira ukoak. Uko horrek parte hartzeko eskabidean adierazitako eskaera guztiak hartuko ditu.

Aurkezteko epea bukatuta, ez da onartuko eskabide gehiagorik, egindako eskaeren gaineko inolako aldaketarik edo merezimenduen agiririk.

Bederatzigarrena.–Lanpostuen eta postuen eskaerak.

1. Deialdi honetan parte hartzen duten irakasleek, parte hartzeko eskabidean (“eskatzen diren lanpostuak” izeneko epigrafean), eskura ditzaketen lanpostuetatik eskatzen dituztenak jarri beharko dituzte, lehentasun ordenaren arabera, deialdi honen eranskinean azaltzen den ikastetxearen kodea adieraziz.

Eskaera guztietan ikastetxearen edo herriaren kodea eta lanpostu motaren kodea (lanpostuaren edo espezialitatearen kodea) azaldu beharko dira, eta beharrezkoa denean baino ez, bertako hizkuntzaren kodea ere adierazi beharko da euskarazko lanpostuetarako. Parte-hartzaile bakoitzak ezin ditu 300 eskaera baino gehiago egin eskabidean.

2. Euskarazko lanpostuak eskatzen badira, 1 markatuko da bertako hizkuntzen gaineko laukitxoan (V). Hizkuntzaren betebeharra daukan lanpostua eskatzea beste eskaera bat balitz bezala kontatuko da. Gaztelaniazko lanpostuak eskatzeko, ez da bertako hizkuntzaren laukitxoa bete behar.

3. Ikastetxe edo herri bateko lanpostu bat baino gehiago eskatzen badira, beharrezkoa da eskatzen diren lanpostuak adina aldiz errepikatzea ikastetxea edo herria. Horren ondorioetarako, hizkuntzaren betebeharra duten lanpostuak beste espezialitate batekotzat hartuko dira.

4. Betiere, eskabidean adierazitako kodeei dagozkien lanpostuak izanen dira parte-hartzaileek eskatutako lanpostutzat hartuko direnak. Irakurri ezin diren kodeak, osatu gabe daudenak, existitzen ez direnak, behar den laukitxoan jartzen ez direnak edo eskatzaileak eskatzen ahal dituen lanpostuekin bat ez datozenak dituzten eskaerak bertan behera utziko dira. Eskaera guztiak aurreko inguruabarrak direla-eta bertan behera uzten badira, lehiatzailea destino esleipenetik baztertua izanen da, galarazi gabe deialdian ezarritakoaren arabera destinoa ofizioz esleitzeko kasuak.

Interesdunak daturen bat oker ematen badu edo eman gabe uzten badu, ezin izanen du halakorik aipatu geroko erreklamazioetan, ez eta ondorioztatu ere hargatik bere interes nahiz eskubideak urratu direla.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoan, ezin izanen da inolako arrazoirengatik beste eskaerarik egin edo egindako eskaerak aldatu, ezta bertan eskatutako lanpostuen lehentasunezko hurrenkera ere.

Hamargarrena.–Merezimenduen baremoa.

Urriaren 1eko EFP/1015/2018 Aginduaren IV. eranskinean dagoen merezimendu baremoaren arabera ebatziko da lehiaketa. Agindu horren bidez ezarri dira 2018-2019 ikasturtean egin beharreko estatu mailako lekualdatze lehiaketetan aplikatu beharreko prozedura-arauak, hain zuzen ere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko irakasle kidegoetako funtzionarioentzako lekualdatze-lehiaketetarako –lege organiko hori aldatu zen Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren bidez–.

Guztirako puntuazioetan berdinketarik gertatuz gero, horiek ebazteko kontuan hartuko da nork duen puntuaziorik altuena baremoko ataletako bakoitzean, lehenbizikotik hasi eta baremoan ageri den ordenari jarraikiz. Horrekin ez bada berdinketa hausten, ikusiko da nork duen puntuaziorik altuena azpiataletako bakoitzean, orduan ere baremoan ageri den ordenari jarraikiz. Bi kasuotan, atal bakoitzean aintzat hartzen den puntuazioa ez da izanen baremoan atal horrexentzat ezarritako gehieneko puntuazioa baino altuagoa, eta, azpiatalen kasuan, horiexek biltzen dituen atalaren gehieneko puntuazioa baino altuagoa. Irizpide horiek aplikatuta, azpiatal batean edo batzuetan atal guztiari emandako gehieneko puntuazioa lortzen bada, gainerako azpiatalen puntuazioak ez dira kontuan hartuko.

Beharrezkoa baldin bada, berdinketa hausteko irizpide hauek erabiliko dira ordena honetan: kidegoan sartzeko hautapen prozeduraren deialdia zein urtetan izan zen, eta hautapen prozeduran lorturiko puntuazio handiena.

Hamaikagarrena.–Merezimenduen balorazioa.

Lehiatzaileek alegatutako merezimenduen balorazioa organo hauek eginen dute:

A) Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzua:

Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari dagokio merezimenduen baremoko 1. eta 4.3 atalei dagokien puntuazioa esleitzea.

B) Balorazio batzordeak:

Merezimenduen baremoko gainerako atalei dagokien puntuazioa parte-hartzaileei esleitzea Balorazio batzordeei dagokie.

Balorazio batzorde horiek Hezkuntzako Administrazioko ikuskatzaileen kidegoko edo Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoko funtzionarioek osatuko dituzte. Horien izendapena Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez eginen da. Izendapen-ebazpen hori argitaratuko da Hezkuntza Departamentuaren iragarki-taulan eta haren web-orrian (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio).

Balorazio batzordeak osatuko dituzten langileak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak proposatuta izendatuko dira, edo lehen deituraren hurrenkera alfabetikoaren eta, hala behar bada, bigarren deiturakoaren arabera, kontuan harturik Giza Baliabideen Zerbitzuan, abiapuntuko letrak finkatzeko, eginen den zozketaren emaitza.

Batzordeek merezimenduak baloratuko dituzte Hezkuntza Departamentuak finkatzen duen ordutegian, eta betiere batzordekideen lanpostuei dagozkien eginkizunak bermatuta. Batzordeen egoitza Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusian egonen da.

Erakunde sindikalek balorazio batzordeetan parte hartzen ahalko dute.

Izendatzen den balorazio batzordeetako bakoitzean, kasuan kasuko batzordeak izendatzen duen funtzionarioak eginen du idazkari lana.

Ordezko batzordekideak izendatzen ahalko dira, batzordeak aukeratzeko erabilitako irizpideei jarraikiz. Halaber, balorazio batzordeen jardueren koordinatzaile bat izendatzen ahal da.

Batzordeko kideak Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 13ko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezartzen diren abstentzio eta errefusatze kausei lotuta eginen dira.

Hamabigarrena.–Destinoen esleipena.

1. Batzordeek lehiatzaileei emandako puntuazioen aktak departamentuan jaso ondoren, destinoak behin-behinekoz esleituko dira, parte-hartzaileek egindako eskaerei, merezimenduen baremoaren arabera lortutako puntuazioei eta deialdi honetan xedatutakoari jarraituz.

2. Behin-behineko esleipena eta parte-hartzeari uko egiteko eta erreklamazioak aurkezteko epea:

Aurreko atalak aipatzen duen destinoen behin-behineko esleipena jendaurrean jarriko da Hezkuntza Departamentuaren iragarki-taulan eta haren web orrian: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio.

Argitaratze horren bidez, ukitutako lehiatzaile guztiak jakinaren gainean jarri direla ulertuko da.

Lehiatzaileek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko ebazpenen kontra, horiek argitaratu eta biharamunetik bost egun balioduneko epean.

Halaber, eta epe horretan bertan, borondatez parte hartzen duten lehiatzaileek uko egiten ahalko diote lehiaketan parte hartzeari, oinarri honetan ezarritako baldintzetan. Hori dela eta, adierazten da behin-behineko ebazpenean destinorik ez lortzeak ez dakarrela ezinbestean behin betiko ebazpenean destinoa lortzerik ez dagoela. Era berean, behin-behineko ebazpenean destinoa lortzeak ez dakar berekin behin betiko ebazpenean destinoa lortzea.

Erreklamazioak eta ukoak Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, eta deialdiaren zazpigarren oinarrian adierazitako edozein erregistrotan aurkeztuko dira.

3. Behin betiko esleipena:

Aurreko atalean adierazitako erreklamazioak eta uko egiteak aintzat harturik, deialdi honen behin betiko ebazpena onesten duen ebazpena emanen da. Ebazpen hori Hezkuntza Departamentuaren iragarki-taulan argitaratuko da, eta departamentuaren webgunean: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio.

Argitaratze horren bidez, ukitutako lehiatzaile guztiak jakinaren gainean jarri direla ulertuko da.

Lekualdatze lehiaketan esleitzen diren destinoak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

Esleitzen diren lanpostuei ezin izanen zaie uko egin; beraz, parte-hartzaileek lortutako lanpostuetan hasi beharko dute lanean.

4. Organo dei egile desberdinetako lanpostuetara lehiatuta ere, destino bakar bat lortzen ahalko da.

Hamahirugarrena.–Borondatezko eszedentzian egonda, behin betiko destinoa lortzen dutenak.

Eszedentzian egon eta lekualdatze lehiaketa honetan destinoa lortzearen ondorioz jarduneko zerbitzura itzultzen diren funtzionarioek, lanpostuaren jabetza hartu baino lehen, Estatuko Administrazioaren, Toki Administrazioaren edo Administrazio Autonomikoen inongo kidego edo eskalatatik zigor-espediente bidez bereizia ez izatearen eta eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua ez izatearen zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuan.

Behin betiko destinoa lortuta, jardunean hasten ez badira, funtzionario izaera galduko dute, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 26. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Hamalaugarrena.–Lanpostuaren jabetza hartzea.

Deialdi honetan ezarritakoari jarraituz lortzen diren destino berrien jabetza hartzea 2019ko irailaren 1ean izanen da, eta data horretatik aurrera hasiko dira ondorio administratibo eta ekonomikoak.

Deialdi honen bidez behin betiko destinoa beren jatorrizko lanpostuari dagokion kudeaketa esparruan ez beste batean lortzen duten funtzionarioek destinoa lortzen duten esparruari dagozkion lansari arauen araberako lansariak jasoko dituzte.

Hamabosgarrena.–Errekurtsoak.

Ebazpen honen eta berau aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, honako hauekin bat: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak.

Lekualdatze lehiaketan ematen den behin betiko ebazpenaren kontrako errekurtsoak, hezkuntzako zein administrazioren bitartez parte hartu den kontuan hartu gabe, errekurtsoaren xede den lanpostuari dagokion hezkuntza administraziora igorri beharko dira, eta hark ebatziko ditu.

ERANSKINA

Ikastetxeen zerrenda

IKASTETXEAREN IZENA

IKASTETXEAREN KODEA

HERRIA

HERRIAREN KODEA

Hezkuntza Departamentua

31000013

IRUÑA

312010011

Iragarkiaren kodea: F1812524