190. ALDIZKARIA - 2018ko urriaren 1a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZARRA

Ordenantza fiskala, Los Llanosen erabilerari buruzkoa. Behin betiko onespena

Lizarrako Udalak, 2018ko uztailaren 5ean egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Lizarrako Udalaren Los Llanos Kulturagunea erabiltzeko prezio publikoak ezartzen dituen araua (2018ko 145. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, uztailaren 27an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatutako araua behin betiko onetsi eta argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lizarran, 2018ko irailaren 13an.–Alkatea, Koldo Leoz Garciandia.

ORDENANTZA FISKALA

1.12.–Lizarrako Udalaren Los Llanos Kulturagunea erabiltzeko prezio publikoak.

Oinarria

1. artikulua. Ordenantza honen helburua da arautzea Los Llanos Kulturaguneko instalazioen erabilera, udal jarduerarekin zer ikusirik ez duten entitate, partikular eta erakundeek egiten dutena.

Honako hauetan xedatuari jarraikiz ezartzen dira ordenantzan arautzen diren ordainarazpenak: Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko III. kapituluko 2. ataleko 2. azpiatala, eta haren 28. artikuluan jasotako baimena.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea da Los Llanos Kulturaguneko gelen, kamerinoen eta behar diren guneen erabilera, Udalaren baimena duten pertsona fisiko edo juridikoek eta erakundeek edo entitateek egina.

Barne hartzen da jarduerak egiteko beharrezkoak diren Kulturaguneko baliabide materialen erabilera ere bai.

Subjektu pasiboa

3. artikulua. Prezio publikoaren subjektu pasiboak dira aipatu instalazioak erabiltzeko Lizarrako Udalaren baimena duten pertsona fisiko edo juridikoak.

Prezio publikoaren sortzapena eta haren ordainketa

4. artikulua. Prezio publikoaren sortzapena baimena ematen den unean gertatzen da, eta ordainketa erabili aurretik eginen da, betiere 10 egun natural lehenago.

Egindako erreserbak bertan behera uzteko, idatziz justifikatutako arrazoiak baino ez dira onartuko, eta eskaera egin beharko da programaturiko jardueraren data baino 5 egun lehenago, gutxienez.

Erabilera

5. artikulua. Honako arau hauei jarraituko zaie Los Llanos Kulturaguneko gelak erabiltzeko baimena emateko:

1. Definizioa. Los Llanos Kulturaguneko instalazioak jabari eta zerbitzu publikoko udal ondasunak dira, batez ere kultura jarduerak egiteko, honako arlo hauetan: musika, ikus-entzunezkoak, antzerkia, gorputz adierazpenari lotutako eszenografia eta plastika. Tarteka, bestelako jardueretarako ere izan daiteke.

2. Eskumena. Lizarrako Udalari dagokio instalazio honen funtzionamendua arautzea.

3. Ekonomia-araubidea. Los Llanos Kulturagunea erabiltzeko ekonomia-araubidea arau fiskal honen eranskineko tarifetara egokituko da, Udalak dohainik erabiltzeko baimena ematen duen kasuetan salbu.

4. Konpromisoak. Talde edo entitate antolatzailearen esku izanen dira honako hauek:

a) Ezarritako prezio publikoak eta fidantzak ordaintzea.

b) Egile-eskubideak SGAEri ordaintzea.

c) Behar diren gelako teknikariak ordaintzea.

d) Administrazio-baimenak.

e) Jarduera egiteko behar diren elementuak muntatu eta kentzea -Udalak ez badu jarduera antolatzen-, betiere Kulturaguneko Udaleko teknikari eskudunek ematen dituzten jarraibideei segituz.

5. Ordutegiak. Udalak berretsiko ditu lagatzen diren Kulturaguneko instalazioak erabiltzeko orduak, erabiltzeko eskaeren arabera.

6. Baimena. Udalak antolatzen edo babesten dituen jarduerek erabiltzeko lehentasuna izanen dute beti entitate edo partikularrei emandako baimenen aurrean. Ez zaie erabiltzeko baimenik emanen Lizarrako Udalarekin edo bere erakunde autonomoekin zorrak dituzten talde edo entitateei.

Honako hauek izanen dira baimena emateko aintzat hartuko diren irizpideak:

a) Jarduera egokia ote den eskatutako espaziorako.

b) Eskaera Erregistro Nagusian noiz sartu den.

c) Udalaren eskaintzaren osagarri diren kultura ekitaldiak.

d) Antzeko jarduerarik ez izatea.

e) Hiriarentzako interes orokorreko kultura, gizarte eta merkataritza ekitaldiak.

f) Lizarrarako garrantzi handia duten biltzarrak.

7. Komunikazioa. Ebazpena jakin eta gero, Lizarrako Udalak eskatzaileari igorriko dio.

8. Fidantza. Kasuan kasuko fidantza ezarriko da, eranskinean adierazitako zenbatekoen arabera. Fidantza banku-abal bidez ordaindu ahal izanen da, baita eskudirutan ere, Udalak adierazten duen kontu-zenbakian, jarduera egin baino 10 egun natural lehenago.

Fidantza -osoa edo horren zatia- ez da itzuliko onetsitako baldintzak betetzen ez badira edo eskabidean adierazitako edukiak aldatzen badira.

9. Eskabideak. Lizarrako Udalaren Erregistro Orokorrean -Sorkunde Garbiaren pasealekua 1, 31200 Lizarra- tramitatuko dira, edo posta elektroniko bidez, mendi.pagola@estella-lizarra.com helbidera bidalita, instalazioa erabili nahi den eguna baino 31 egun natural lehenago, gutxienez. Eskabidean honako dokumentu hauek erantsiko dira, nahitaez:

1.–Eskaria egiteko inprimaki berariazkoa, zuzen eta osorik betea.

2.–Jarduera antolatzen duen eskatzaile eta/edo entitatearen NAN/IFZren fotokopia.

3.–Egitekoa den jarduerari buruzko deskripzio-memoria, bertan, gutxienez, honako hauek agertuz:

a) Iragartzeko kartelaren kopia, behin betiko bertsioarena edo, bestela, zirriborroarena.

b) Aurreikusten den gehieneko ikusle kopurua (ez da inoiz gelako edukierarena baino handiagoa izanen).

c) Aurreikusitako baliabide osagarriak.

d) Behar diren gelako teknikariak zehaztea (soinua, argiak, proiektagailua eta abar).

e) Jarduerako parte-hartzaileen eta edukien zerrenda.

f) Salgai egonen diren sarreren gehieneko kopurua eta publikoarentzako salmenta prezioa.

g) Aurreikusitako diru-sarrerak, sarreren bidezkoak eta bestelakoak.

h) Bestelakoak, eskatzaileek azaldu beharrekoak.

10. Mugak. Kulturaguneko instalazioa ez da lagatuko Lizarrako Udalak itxita egon behar duela erabakitzen duenean (herriko jaiak, eraberritzeak egiteko itxierak, Kulturaguneko taberna zerbitzua ixtea eta abar), edo eskatutako jarduerarekin bateraezin izan daitezkeen bestelako jarduerak programatu baldin badira.

Gastua kontrolatzeko, honako hauek izanen dira erabiltzeko baimenerako mugak:

1.–1. gela, gehienez ere 5 orduko 96 saio urtean, edo 10 orduko 48 saio.

1.1. Entitate salbuetsiak.

a) Guneko taberna irekitzeko orduarekin batera bada, 5 orduko 24 saio.

b) Guneko taberna irekitzeko orduarekin batera ez bada, 5 orduko 24 saio.

1.2. Entitate ez salbuetsiak.

a) Guneko taberna irekitzeko orduarekin batera bada, 5 orduko 24 saio.

b) Guneko taberna irekitzeko orduarekin batera ez bada, 5 orduko 24 saio.

2.–2. gela eta 3. gela, gehienez ere 2,5 orduko 24 saio, edo 5 orduko 12 saio.

2.1. Entitate salbuetsiak.

c) Guneko taberna irekitzeko orduarekin batera bada, 2,5 orduko 6 saio.

d) Guneko taberna irekitzeko orduarekin batera ez bada, 2,5 orduko 6 saio.

2.2. Entitate ez salbuetsiak.

c) Guneko taberna irekitzeko orduarekin batera bada, 2,5 orduko 6 saio.

d) Guneko taberna irekitzeko orduarekin batera ez bada, 2,5 orduko 6 saio.

11. Instalazioak erabiltzen dituzten pertsona eta entitateen betebehar orokorrak:

a) Entitate antolatzaileak bere gain hartuko ditu eskatzen ahal zaizkion erantzukizun zibil, penal eta administratibo guztiak, baita lan eta zerga alorretakoak ere, edo edozein motatakoak, eta bere esku geldituko dira, oso-osorik, bere erantzukizunaren ondoriozko kalte-galeren ordainak, eta Lizarrako Udalak ez du horrengatik inongo kalterik jasoko.

b) Entitate antolatzailea behartua dago agintaritza eta erakunde eskudunei egin nahi duen jarduerarako beharrezko diren baimen guztiak eskatzera.

c) Jarduera bukatu eta gero, entitate antolatzaileak begiratuko du instalazioak ongi geldi daitezen, jarduera hasi aurretik zeuden bezala. Oniritzia eman beharko dute horretarako izendatzen diren udal langileek.

d) Entitate antolatzaileek beren gain hartuko dute instalazioak behar bezala ez erabiltzeagatik egiten diren hondamen edo kalteak konpondu edo ordaintzeko ardura, edozein izanagatik haien arrazoia edo zergatia. Horretarako, Lizarrako Udalak agertuko die dagokion likidazioa, salbu eta Udalak berak konponketen ardura zuzenean bere kargu hartzen badu, izendatzen dituen udal teknikarien zuzendaritzapean eta horien adostasunarekin egiteko.

e) Lizarrako Udaleko zerbitzu teknikoek noiznahi ikuskatzen ahal izanen dituzte jarduera egiteko instalazioen muntatze eta desmuntatze lanak, eta entitate antolatzaileek onartu eta bete beharko dituzte horri buruz ematen zaizkien jarraibide guztiak.

f) Halaber, Lizarrako Udalak eskatzen ahalko dio antolatzaileari erantzukizun zibileko poliza kontrata dezan, egin beharreko jardueraren ondoriozko edozein gertakizuni aurre egin ahal izateko.

g) Jarritako fidantza itzuli baino lehen, Udalaren teknikariek ikuskatuko dute baimendu diren instalazioen eta ukitutako elementuen egoera.

12. Lizarrako Udalak ez du inongo erantzukizunik izanen ikusleek egiten dituztenengatik, entitate antolatzailearena baita erantzukizun hori, ez beste inorena, oso-osorik.

13. Orokorrean, ezin izanen da ezeren publizitaterik ezta propagandarik egin, ez bazaio lehenago Lizarrako Udalari jakinarazten eta horrek ez badu baimenik ematen.

14. Lizarrako Udalak izendatutako laguntzaile teknikoek erabiliko dituzte baliabide teknikoak eta/edo ikus-entzunezkoak, entitate antolatzaileak ekartzen dituen adituekin koordinaturik. Behar bezala akreditatutako adituak izanen dira, eta Udalak oniritzia eman behar du.

15. Lizarrako Udalari dagokio erregelamendu honetan jaso ez diren kasuak ebaztea, baita zalantzarik sor dezaketen artikuluen azken interpretazioa.

16. Lizarrako Udalaren Euskarari buruzko ordenantzaren aginduak betetzeko, gune honetan egitekoa den edozein jardueraren antolatzaileek euskara erabili beharko dute hori hedatzeko baliatzen dituzten euskarri guztietan (kartelak, informazio orriak, sare sozialak, web-orria, salmenta-puntu informatizatuak eta abar). Era berean, kontuan hartuko da Hizkera ez-sexistaren erabilera eta komunikazio inklusiboaren sustapena arautzen dituen udal ordenantza.

17. Udalaren laguntza adieraziko da Kulturagunean egiten diren jarduera guztien hedatze euskarrietan, espresuki eta ikusgai, eta Udalaren logotipoa agertuko da bertan.

Salbuespenak

6. artikulua. Ezartzen diren kuotak ordaintzetik salbu daude ondoko jarduera hauek:

a) Lizarrako Udalak eta bere erakunde autonomoek antolatzen dituztenak, baita Udalaren menpe dauden Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek antolatuak ere.

b) Nafarroako Gobernuak edo bere entitate laguntzaileek antolatzen dituztenak, Lizarrako Udalarekin hitzartu eta gero.

c) Elkarteen Udal Erregistroan dauden talde artistikoak kuota ordaintzetik salbuetsita egonen dira muntaia edo errepertorio berriak estreinatzen dituztenean, jarduera eskatutako gunerako egokia bada eta hiriarentzako interes orokorrekoa bada. Eskaera nahikoa aurreikusten bada, elkarren segidako bi emanaldi eman ahal izanen dira.

Horrelako kasuetan, barne hartzen dira emanaldien muntaia edo entsegua ere, gehienez ere 10 ordu (antzerki edo musika ikuskizunetarako) edo 4 ordu (kontzertuak eta barietateetarako).

Gainerako kasuetan (berremanaldiak, bestelako taldeekin egindako truke-jarduerak eta abar), dagozkien prezioak ordaindu beharko dituzte.

d) Aurreko apartatuan ez dauden eta Elkarteen Udal Erregistroan izena emana duten irabazi asmorik gabeko elkarteak prezioa ordaintzetik salbuetsita egonen dira jarduera batean urte naturaleko, betiere jarduera eskatutako gunerako egokia bada eta hiriarentzako interes orokorrekoa bada.

Kasuan kasuko salbuespenez gain, artikulu honetako c) eta d) letretan araututako salbuespenak baldintzatuak daude, espazio eszenikoan egiteko jarduera horiek zine zerbitzuaren programazioaren egun beretan egitera alegia.

Tarifak

7. artikulua. Lokalak erabiltzeagatik aplikatuko diren tarifak eranskinean daude.

TARIFEN ERANSKINA

1. gela alokatzea.

  • 295,00 euro, 5 ordu baino gutxiagoan.
  • 345,00 euro, 10 ordu baino gutxiagoan.

2. eta 3. gelak alokatzea.

  • 100,00 euro.

Prezio horien barrenean sartzen da:

a) Alokatutako espazioa eta kamerinoak erabiltzea, 1. gelaren kasuan;

b) Berokuntza edo aire-girotzea;

c) Instalazioaren oinarrizko garbiketa, erabili ondokoa, garbiketa arrunta bada, ez garbiketa berezia.

Prezio horien barrenean ez da sartzen:

a) Gelako zerbitzu teknikoa;

b) Gelako ekipamendu teknikoak erabiltzea;

c) Gelako langileak (sarreren kontrola);

d) Proiektagailua erabiltzea. Behar izanez gero, 75,00 euro ordaindu behar dira.

Fidantzak

  • 1. gela: 375,00 euro.
  • 2. eta 3. gelak: 150,00 euro.

Fidantzak instalazioen egoera frogatu ondoren itzuliko dira, konponketei eta/edo garbiketei dagokien zenbatekoa kenduta, halakorik egin behar izanez gero.

Iragarkiaren kodea: L1811406