19. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren 10ean hartua, iraungitzen duena Iruñerrian merkataritzako gune handi bat ezartzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Cecosa Hipermercados SLk sustatua.

Nafarroako Gobernuaren 1989ko abuztuaren 3ko Erabakiaren bidez, onetsi zuen Iruñerrian merkataritzako gune handi bat ezartzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Cecosa Hipermercados SLk sustatua. Erabaki hori 1989ko 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 21ean. Gero, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial hori aldatzeko espedienteak onetsi ziren 1990ean, 2000n eta 2008an.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak ofizioz berrikusi ditu saltoki handiak ezartzeko udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialak, zeinak iraungi baitaitezke Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 46.1.a) eta e) eta 46.2.a) eta c) artikuluetan jasotako kasuekin bat.

Testuinguru horretan, ikusi da gauzatu direla Iruñerrian merkataritzako gune handi bat ezartzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren zehaztapenak, eta, beraz, ondorioztatzen da bere helburua bete duela. Ikusi da, halaber, ez direla exekutatzen hasi Eroski-Iruña izeneko saltoki handia handitu eta berritzeko Eroski Sociedad Cooperativak sustatutako Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren azken aldaketako zehazpenak, kontuan hartuta bi urte baino gehiago igaro direla hura behin betiko onetsi zela (aipatu proiektua Nafarroako Gobernuak 2008ko martxoaren 3an hartutako erabakiaren bidez onetsi zen, eta 2008ko 37. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, martxoaren 21ean).

2017ko martxoaren 15ean, entzunaldia eman zitzaien ukitutako udalei eta Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren sustatzaileei, adieraz zezaten ea bazen proiektua ez iraungitzeko bidezko arrazoirik. Iruñeko Udalak eta Berriozarko Udalak bidalietako idatzietan, ez da eman proiektua ez iraungitzeko arrazoirik.

Horrenbestez, bat etorriz Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostenarekin, bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Foru Dekretu Legegilearekin, zeinak onesten baitu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina, eta bat etorriz aplikatu beharreko gainerako arauekin, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Iraungitzea Iruñerrian merkataritzako gune handi bat ezartzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Cecosa Hipermercados SLk sustatua.

2. Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 46. artikuluarekin, Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren iraungipena eraginkorra izan dadin, beharrezkoa da hango zehaztapenak udal planeamenduan sartzea; horren ondorioz ez da, hala ere, funtsezko aldaketarik eginen Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren edukian. Ez dira udal planeamenduan sartuko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialarentzat 2008an onetsitako aldaketan jasotako zehaztapenak, exekutatu ez direnez gero.

Aurrez aipatutako zehaztapenak udal planeamenduan sartzeko, aldaketa bat egin daiteke hirigintzako udal planeamenduan, Nafarroako Gobernuaren baimenarekin, edo, bestela, hirigintzako udal planeamenduaren berrikuspen bat balia daiteke.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta igortzea Lurralde eta Paisaia Zerbitzura eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusira.

4. Erabaki hau Cecosa Hipermercados SLri, Eroski Sociedad Cooperativari eta Iruñeko eta Berriozarko udalei jakinaraztea, eta adieraztea erabakiak bide administratiboa amaitzen duela eta haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 10ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1800522