19. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren 10ean hartua, iraungitzen duena Tuteran saltoki handi bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Aki Bricolaje España SL merkataritza operadoreak sustatua.

Nafarroako Gobernuaren 2011ko azaroaren 2ko Erabakiaren bidez, onetsi zen Tuteran saltoki handi bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Aki Bricolaje España SL merkataritza operadoreak sustatua. Erabaki hori 2011ko 227. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 16an.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak ofizioz berrikusi ditu saltoki handiak ezartzeko udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialak, zeinak iraungi baitaitezke Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 46.1.a) eta e) eta 46.2.a) eta c) artikuluetan jasotako kasuekin bat.

Testuinguru horretan, ikusi da gauzatu direla Tuteran saltoki handi bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren zehaztapenak, eta, beraz, ondorioztatzen da bere helburua bete duela.

2017ko martxoaren 15ean, entzunaldia eman zitzaien ukitutako udalei eta Udalez gaindiko Plan Sektorialaren sustatzaileei, adieraz zezaten ea bazen plana ez iraungitzeko bidezko arrazoirik. Tuterako Udalak bidalitako idatzian, ez da eman proiektua ez iraungitzeko arrazoirik.

Horrenbestez, bat etorriz Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2017ko urriaren 30eko txostenarekin, bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Foru Dekretu Legegilearekin, zeinak onesten baitu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina, eta bat etorriz aplikatu beharreko gainerako arauekin, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Iraungitzea Tuteran saltoki handi bat ezartzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Aki Bricolaje España SL merkataritza operadoreak sustatua. Horrenbestez, indarrik gabe gelditzen dira han jasotako zehaztapenak.

2. Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 46. artikuluarekin, Udalez gaindiko Plan Sektorialaren iraungipena eraginkorra izan dadin, beharrezkoa da hango zehaztapenak udal planeamenduan sartzea; horren ondorioz ez da, hala ere, funtsezko aldaketarik eginen Udalez gaindiko Plan Sektorialaren edukian. Zehaztapen horiek udal planeamenduan sartzeko, aldaketa bat egin daiteke hirigintzako udal planeamenduan, Nafarroako Gobernuaren baimenarekin, edo, bestela, hirigintzako udal planeamenduaren berrikuspen bat balia daiteke.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta igortzea Lurralde eta Paisaia Zerbitzura eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusira.

4. Erabaki hau Aki Bricolaje España SLri eta Tuterako Udalari jakinaraztea, eta adieraztea erabakiak bide administratiboa amaitzen duela eta haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2018ko urtarrilaren 10ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1800520