19. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OBANOS

Kudeaketa-esleipenaren hitzarmena. Onespena

Obanosko Udalak, 2017ko azaroaren 23ko osoko bilkuran, kudeaketa-esleipena onartu zuen “Izarbeibarrerako sarea. Obanos-Añorbe adarra” inbertsio-proiektua gauzatzeko. Adios, Añorbe, Eneritz, Legarda, Muruzabal, Gares, Obanos, Tirapu, Ukar eta Utergako udaletako osoko bilkurek eman zioten kudeaketa-esleipen hori, eta iragarki honen eranskineko hitzarmenaren bidez formalizatu da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Foru Legearen 11. artikuluan xedatutakoa betetzeko.

Obanosen, 2017ko azaroaren 30ean.–Alkate udalburua, Juan Ignacio Elorz Torrecilla.

LANKIDETZA HITZARMENA, OBRAK GAUZATZEKO, USTIATZEKO ETA EGINDAKO AZPIEGITURAK ETA ONDASUNAK BATERA ERABILTZEKO.“BELAUNALDI BERRIKO BANDA ZABALEKO SAREAK HEDATZEKO AZPIEGITURA PASIBOETAN INBERTITZEKO PROGRAMA”

Soluzio bateratua: Adios, Añorbe, Eneritz, Legarda,
Muruzabal, Gares, Obanos, Tirapu, Ukar eta Uterga

Obanosen (Nafarroa), 2017ko azaroaren 27an

OINARRIAK

Xedapen orokorrak.

1. oinarria. Lankidetza hitzarmen honen xedea da lankidetza-esparrua ezartzea hitzarmena sinatzen duten udalen artean, behar diren obrak fase batean edo batzuetan gauzatzeko, dagozkien proiektuak prestatu ondoren, eta azpiegituren erabilera eta ustiapena arautzeko, aipatu herrietan belaunaldi berriko banda zabaleko sarbide-sareak errazago heda daitezen.

2. oinarria. Hitzarmenak ondorioak sortuko ditu hura sinatu duten udalen lurralde eremuan.

3. oinarria. Hitzarmenaren indarraldia sinadura egunean hasiko da, eta hortik lau urtera amaituko da. Hitzarmena luzatzen ahalko da berariazko akordioaren bidez, lau urterako gehienez, betiere agortu baino hiru hilabete lehenago, ezertan galarazi gabe alderdi batek hitzarmena epe berean salatzeko aukera.

4. oinarria. Udal sustatzaileek adostu dute Obanosko Udalak eginen dituela hirugarrenen aurrean ondorioak sortzen ahal dituzten jarduketa guztiak. Horretarako, aipatu toki entitatea espedientearen titularra izanen da, eta hitzarmena sinatu duten udal guztien izenean eta haiek ordezkatuz ariko da.

Horrenbestez, Obanosko Udaleko organoak behartuta egonen dira arau indardunek edozein arlotan ezartzen dutena betetzera.

Koordinazio Batzordea.

5. oinarria. Hitzarmen honen kontrola eta jarraipena egiteko, erabaki da Koordinazio Batzordea sortzea. Hitzarmena sinatu duten udalen ordezkari bana izanen du, eta udalek bezala funtzionatuko du.

4. oinarrian izendatutako udalaren ordezkaria izanen da batzordeburua.

6. oinarria. Hitzarmen honen xedeko obrak gauzatzeari dagokionez, batzorde horretan udal bakoitzaren ordezkaritza ezartzeko tenorean, proiektua sustatzen duten udalen ordezkari bana arituko dira.

Gehiengo soilaz hartuko dira erabakiak. Ordezkari bakoitzak boto bat izanen du, 7. oinarriko b), c), d) eta e) letretan aipatutako obrak gauzatzeari lotutako aferetan izan ezik, horietan udal baten ordezkariak botoa izateko, udalak inbertsioa sustatzeaz gain, inbertsio-proiektuaren xedeko sareek udalaren jurisdikzioaren barruko eremutik igaro behar dutelako.

7. oinarria. Koordinazio Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Aholkuak ematea, eta kontrolatzea hitzarmenaren xedeko helburuak betetzen direla.

b) Gainbegiratzea eta balioztatzea aukeratzen diren proposamen teknikoak eta hitzarmen honi lotutako proiektu teknikoak, Obanosko Udalak tramitatu aurretik eta ukitutako udalei kontsulta egin ondoren.

c) Ikuskatzea obra gauzatzeko faseak, eta horien gaineko txostena egitea, udal batek eskatuta eta beharrezkotzat jota.d) Txostena egitea obraren aldaketen edo desbideratzeen gainean, betiere obra gauzatzeko aurrekontuan %5etik gorako edo beherako mudantza baldin bada, edo bere ezaugarri edo izaeragatik zerbitzuan ondorioak ekartzeko aukera baldin bada.

e) Obanosko Udalari bideratzea obra hobetzeko edo aldatzeko proposamenak, gainerako udalei kontsulta egin ondoren, hark azter ditzan.

f) Hitzarmena sinatu duten udalei bideratzea kudeaketa-esleipenaren entitate titularra (4. oinarrian aipatua) aldatzeko proposamenak, haiek azter ditzaten eta, ados badaude, aldaketa xedapen gehigarri bakarrak ezarri bezala gauza dadin.

g) Azterketa eta txostena egitea hitzarmen honen ondoriozko kontu, memoria eta txostenen separataren gainean.

h) Udalen arteko gatazkak eta gorabeherak ebaztea hitzarmenaren betearazpenari, interpretazioari, aldaketari, suntsiarazpenari eta ondorioei buruz.

i) Baldintzak definitzea egindako azpiegituren erabilera eta ustiapena arautzeko, baita interesa duten operadore edo entitateek haiek eskuratzeko, hitzarmena sinatu duten herrietan belaunaldi berriko banda zabaleko telekomunikazioko sare eta zerbitzuak edo bestelako zerbitzu aurreratuak errazago heda daitezen.

j) Hitzarmena sinatu duten udal guztiek esleitzen dizkioten bestelakoak.

8. oinarria. Koordinazio Batzordearen egoitza Obanosko udaletxean egonen da. Hartan bilduko da bere eskumeneko kontuak ebazteko, antolamendu juridikoak udalei ezartzen dien araubideari jarraikiz.

9. oinarria. Batzordeko idazkaria Obanosko Udaleko idazkaria izanen da edo, bestela, udal batek eginkizun horretarako gaitutako pertsona (organikoki udal horren menpeko bat).

10. oinarria. Koordinazio Batzordearen bileren akta eginen da, eta hitzarmen honetan parte hartzen duten udal guztiei jakinaraziko zaie. Batzordeak prestatutako txosten eta proposamenak erantsiko zaizkio aktari.

Eskubideak eta betebeharrak.

11. oinarria. Hitzarmen hau sinatu duten udalek konpromisoa hartzen dute hartutako soluzio teknikoa gauzatzeko jarduketak eta tramiteak arin eta sendo bultzatzeko, bai eta ekarpen ekonomiak egiteko ere, obren finantzaketa-kostuei buruz adostutakoaren arabera.

12. oinarria. Obanosko Udalak konpromisoa hartzen du separata bat egiteko 30 egunean, urteko kontuen behin betiko onespenetik, honako hauek bilduta: emaitza ekonomikoak, hitzarmen honen aurreikuspen eta helburuen ondoriozko betebeharrak eta eskubideak, eta ekitaldiko alderdi eta gorabehera garrantzitsuen informazio-memoria.

13. oinarria. Hitzarmena betetzen ez bada, hitzarmena sinatu duen alderdi batek errekerimendu bat jakinarazten ahalko dio bete ez duenari, ez-betetzat jotzen dituen betebeharrak edo konpromisoak hilabetean bete ditzan. Errekerimendu horren berri emanen zaio Koordinazio Batzordeari.

Epe hori iraganik betebeharrak edo konpromisoak bete ez badira, hitzarmena suntsiaraziko da eta, bidezkoa bada, ez-betetzearen erantzuleak kalteengatik dagokion ordaina ordainduko du.

Araubide ekonomikoa.

14. oinarria. Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako inbertsio-proiektuetako bat da hau.

Adarraren sustatzaileek hitzarmen hau sinatu dute eta erabaki diru-laguntzarik gabeko zenbatekoa finantzatuko dutela, honela:Gares, 5.000,00 euroko ekarpena (borondatezkoa); gainerako udalerriak, 500,00 euro bakoitza.

Diru-laguntzarik gabeko zenbatekoaren zati aldakorra proiektuari esker azpiegitura izanen duten udalerrien artean banatuko da, hau da, hitzarmena sinatu duten guztien artean, Gares kenduta, ondoko bi parametro edo arau hauei jarraikiz:Erdia, bizilagunen kopuruaren proportzioan (2016-01-01eko populazio datuen arabera).

Beste erdia, diru-sarrera arrunten proportzioan (2017ko udal aurrekontuaren arabera).

Hasierako aurrekontuko gastuaren zenbatekoak, kontuan hartuta obrak benetan gauzatzean aldaketak izan daitezkeela, honela banatzen dira:

UDALERRIA

ZATI
ALDAKORRA

ZATI FINKOA

GUZTIRA

PORTZENTAJEA

133.752,49ren gainean

ADIOS

7.568,08

500,00

8.068,08

6,032

AÑORBE

26.383,88

500,00

26.883,88

20,100

ENERITZ

15.688,56

500,00

16.188,56

12,103

LEGARDA

6.528,16

500,00

7.028,16

5,255

MURUZABAL

12.181,46

500,00

12.681,46

9,481

OBANOS

40.897,56

500,00

41.397,56

30,951

TIRAPU

3.136,68

500,00

3.636,68

2,719

UKAR

7.844,04

500,00

8.344,04

6,238

UTERGA

9.024,08

500,00

9.524,08

7,121

GARES

0,00

5.000,00

5.000,00

0,00

GUZTIRA

129.252,49

9.500,00

138.752,49

100,00

Orobat, hitzarmena sinatu duten udal guztiek (Gares izan ezik, borondatezko laguntzailea baita) partekatuko dituzte hitzarmen honen xedeko azpiegiturak, udalerri bakoitzak ekarpen globala kontuan hartuta pagatzen dituen zenbatekoen proportzioan, aurreko taularen eskuineko zutabean adierazitakoaren arabera. Hori guztia, erregistroko, katastroko edo bestelako agirietako titulartasuna edozein delarik ere.Udal sustatzaileek (Gares izan ezik, borondatezko laguntzailea baita) azpiegiturak kontserbatzeko eta konpontzeko gastuak ordainduko dituzte, bakoitzak bere titulartasunaren arabera, aurreko paragrafoan adierazi bezala.

Udalek hitzarmen honen alde laga, bideratu edo eskura jartzen dituzten instalazioak bereak izanen dira, baina haien mantentze-lanak hitzarmen honen esparruan xedatuko dira.

15. oinarria. Hitzarmen hau sinatu duten udalek konpromisoa hartzen dute Obanosko Udalari dirua aurreratzeko edo ordaintzeko, aipatutako proportzioan, hilabetean, dagozkion obra-ziurtagiriak eta minutak aurkezten direnetik, hitzarmen honen xedeko obra-kontratu, laguntza tekniko eta obra-zuzendaritzari lotutako ordainketa partzialak egin ditzan.

16. oinarria. Inbertsio-proiektuaren ondoriozko sarea bakarra eta, horren ondorioz, zatiezina denez, hitzarmen honen sustatzaileek konpromisoa eta obligazioa hartzen dute obrak bukatzeko behar diren jarduketak egiteko. Obrak bukatu eta obligazio guztiak bete ondoren, hitzarmen hau sinatu duen edozein udal ateratzen ahalko da kudeaketa komuneko proiektutik, azpiegituretan duen titulartasuna gainerako udal sustatzaileei doan eta zati berdinetan laga ondoren.

17. oinarria. Hasieran hitzarmenean ez dagoen toki entitate batek sartu nahi badu, udal sustatzaileen bi herenek onartu beharko dute, Koordinazio Batzordeak onarpenerako baldintza administratibo eta ekonomikoak biltzen dituzten txostena eta proposamena egin ondoren.

18. oinarria. Proiektua gauzatu ondoren, eta Koordinazio Batzordeak definitutako ustiapen-baldintzetan oinarrituta (hurrengo oinarrian aipatzen den ustiatzeko araubidearen arabera), gutxienez udal sustatzaileen heren batek hautatuko du egindako azpiegitura kudeatuko duen udal edo entitatea, hirugarrenen aurrean solaskide bakarra ere izanen dena.

Ustiatzeko araubidea.

19. oinarria. Egindako azpiegituraren etorkizuneko ustiapenari eta haren araubideari dagokionez, honako hau erabaki da:

–Ezartzen diren erabilerak eta prezioak berdinak izanen dira adarraren tarte guztietan.

–Kanalizazioen erabilera hirugarrenei lagatzea, telekomunikazio operadoreak barne, berdintasunez eginen da, operadore eskatzaile bati ere sarbidea kaltetu gabe, baldintza neutro, objektibo, garden eta zuzenetan, bereizkeriarik gabe eta jabaria erabili edo okupatzeko eskubide esklusiborik edo lehentasunezko eskubiderik gabe.

–Aurrekoaren arabera, eta hitzarmena sinatu duten herrietan belaunaldi berriko banda zabaleko telekomunikazioko sareak errazago heda daitezen, honako hau erabaki da:

  • Azpiegituraren erabileraren kostua kalkulatzeko, okupatutako espazioaren arabera eginen da.
  • Bost urteko gabealdia ezartzen ahalko da, Koordinazio Batzordeak hala erabakita, zerbitzuak errazago heda daitezen.

20. oinarria. Obra honen sustatzaileek erabaki dute konduktu bat Nafarroako Gobernuari doan lagatzea, banda zabaleko bere komunikazioko sarea heda dezan.

Hitzarmenaren suntsiarazpena.

21. oinarria. Honako hauek izanen dira hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak: a) Hitzarmena sinatu duten udalek lankidetzako beste formula juridiko batzuk erabiltzea helburu bererako; b) Kontratuaren indarraldia bukatzea bere luzapena erabaki gabe; c) Hitzarmena sinatu duten udalek aho batez erabakitzea horietako batek hitzarmena utz dezala. Suntsiarazpenak balioa izateko, ezin ditu baldintzatu edo zailtasunak ekarri gainerako udalei edo hirugarrenei.

Gatazkak konpontzea.

22. oinarria. Udal kudeatzaileak ebatziko ditu hitzarmenaren aplikazioaren ondoriozko jarduketek sortzen dituzten auziak, hitzarmenean ezarritakoaren bidez konpontzen ez direnak, baita aplikazioari buruzko gatazkak eta oinarrien interpretazioari buruzko zalantzak ere, Koordinazio Batzordeak proposatuta. Horretarako, eta gatazka konpondu baino lehen, Koordinazio Batzordea saiatuko da irtenbideak adosten, betiere aplikatu beharreko araudiarekin bat, gatazkaren parte diren alderdiekin bilduz; adostutakoa organo kudeatzaileari igorriko zaio, horren araberako erabakia har dezan gatazka ebazteko.

Aurreko prozeduraren bidez adostasunik lortzen ez bada, Koordinazio Batzordeko buruak horren berri emanen dio udal kudeatzaileari, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuari gatazka konpontzeko txosten loteslea eska diezaion.

23. oinarria. Hitzarmen hau Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen aplikazio eremutik kanpo dago, bere 29.2 artikuluarekin bat; hala ere, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren 4.2 artikuluari jarraikiz, lege horretan jasotako printzipioak aplikatuko dira sortzen diren zalantzak eta hutsuneak argitzeko.

Xedapen gehigarri bakarra.–Hitzarmen honen xedeko edozein jarduketa edo fasetan, Koordinazio Batzordeak txostena eginda eta ukitutako udalek erabakita, kudeaketa-esleipenaren titulartasuna aldatzen ahalko da, eta hitzarmena sinatu duen beste udal bati eman; halakoetan, xedatutako guztiak balio osoa izanen du, eta ulertuko da orain Obanosko Udalak dituen eskumen, eskudantzia, eskubide eta betebehar guztiak udal horri dagozkiola.

Eta bat etorrita daudela, alderdiek sinatzen dute hitzarmen hau, idazpuruan adierazitako tokian eta egunean.

Adiosko Udala,Alkate udalburua, Andrés Pérez Goñi.

Añorbeko Udala,Alkate udalburua, Joaquín María Sanz Goñi.

Enerizko Udala,Alkate udalburua, David Villarroya González.

Legardako Udala,Alkate udalburua, Silvestre Belzunegui Otano.

Muruzabalgo Udala,Alkate udalburua, Ignacio Valencia Garrués.

Garesko Udala, Alkate udalburua, Oihan Mendo Goñi.

Tirapuko Udala, Alkate udalburua, Iñaki Lafuente Gorriz.

Ukarko Udala, Alkate udalburua, Carlos Lecumberri Erro.

Utergako Udala, Alkate udalburua, Pablo Lizarrondo Beriain.

Obanosko Udala, Alkate udalburua, Juan Ignacio Elorz Torrecilla.

Iragarkiaren kodea: L1713990