19. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

89E/2017 FORU AGINDUA, abenduaren 1ekoa, Garapen Ekonomikorako kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako artisautzako lanbideen errepertorioa.

Nafarroako artisautza sektorea antolatu eta garatzen duen ekainaren 17ko 188/1988 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako artisautza sektorea arautu zen, baita Nafarroako artisautzako lanbideen errepertorioa ere, aipatutako foru dekretuaren eranskin gisa agertzen dena.

Errepertorio horrek bere baitan hartzen ditu artisau-jarduera eta lanbide multzoa, eta hartan sistematikoki antolaturik daude, Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren (EJSN) arabera, artisauen jarduera ekonomikoak. Errepertorioa irekia eta berrikusgarria da, aipatutako foru dekretuaren 2.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Dekretu horren azken xedapenetako lehenak ahalmena ematen dio Industria, Merkataritza eta Turismoko kontseilariari, gaur egun Garapen Ekonomikorako kontseilaria, hura betearazteko eta garatzeko behar adina xedapen emateko.

Foru agindu honek osorik berrikusten ditu Nafarroako artisautzako lanbideen errepertorioko lanbideak, berri batzuk gehitzen ditu, sailkapen berri bat egiten du, eta Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalera egokitzen ditu (EJSN-2009), baita artisautzak egun Nafarroako Foru Komunitatean duen egoerara ere. Halaber, artisautzako lanbide bakoitzaren definizio bat erantsi da, informazio eta gardentasun handiagoa izateko. Horretarako, hizkera ez sexista erabili da.

Aipatutako 188/1988 Foru Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoarekin bat, Nafarroako Artisautzaren Kontseilu Aholku-emaileak, 2017ko martxoaren 15ean egindako bilkuran, adierazi zuen ados zegoela Nafarroako artisautzako lanbideen errepertorioa aldatzeko proposamenarekin.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak eta Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuak ematen dituen eskudantziekin bat,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako artisautzako lanbideen errepertorioa aldatzea. Foru agindu honen eranskinean agertu bezala gelditzen da ezarria, eduki honekin: lanbidearen izena, artisauaren izena, lanbidearen definizioa eta jarduera ekonomikoaren sailkapena, Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalaren arabera (EJSN-2009).

2. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko abenduaren 1ean.–Garapen Ekonomikorako kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.

ERANSKINA

Nafarroako artisautzako lanbideen errepertorioa

Zeramika

1.–Lanpostuaren izena: zeramika.

EJSN: 23.41.

–Artisauaren izena: zeramikagilea.

–Definizioa: objektu erabilgarriak edo apaingarriak diseinatzen eta egiten dituen pertsona. Objektu horiek hainbat motatako buztinekin egiten dira, tenperatura handietan egosita eta bukaerako forma esmalte beiratuekin estalita.

2.–Lanbidearen izena: portzelana.

EJSN: 23.41.

–Artisauaren izena: portzelana egilea.

–Definizioa: objektu erabilgarriak edo apaingarriak diseinatzen eta egiten dituen pertsona. Horretarako, kaolinarekin, feldespastoarekin eta kuartzoarekin egindako oreak erabiltzen ditu.

Landare-zuntzak

3.–Lanbidearen izena: saskigintza.

EJSN: 16.29.

–Artisauaren izena: saskigilea.

–Definizioa: ontzi, edukiontzi, kutxa edo beste objektu erabilgarriak edo apaingarriak egiten dituen pertsona, zumeak bihurrituz, edo landare-jatorriko beste gai batzuekin, erabiltzeko aurreko prestaketarik behar izan gabe.

4.–Lanbidearen izena: espartingintza.

EJSN: 15.20.

–Artisauaren izena: espartingilea.

–Definizioa: espartinak egiten eta konpontzen dituen pertsona, hots, honela egindako oinetakoak: kalamuzko, espartzuko edo juteko zola, behar bezala josia, eta gai berarekin edo olanarekin egindako orpoa eta punta.

5.–Lanbidearen izena: erratzak egitea.

EJSN: 32.91.

–Artisauaren izena: erratz egilea.

–Definizioa: artisau eran erratzak egiten dituen pertsona.

6.–Lanbidearen izena: espartzugintza.

EJSN: 16.29.

–Artisauaren izena: espartzu-artisaua.

–Definizioa: espartzuzko objektuak diseinatzen eta egiten dituen pertsona.

7.–Lanbidearen izena: altzariak eta objektuak zumez, ihiz, kanaberaz, palmaz eta beste zuntz batzuez egitea.

EJSN: 31.09.

–Artisauaren izena: altzariak eta objektuak landare-zuntzez egiten dituena.

–Definizioa: altzariak eta beste objektu batzuk landare-zuntzak josiz egiten dituen pertsona, esaterako zuntz hauek erabiliz: ihia, palma, errafia, korda eta zumea, besteak beste.

Musika tresnak

8.–Lanbidearen izena: musika tresnak egitea.

EJSN: 32.20.

–Artisauaren izena: musika tresnen egilea.

–Definizioa: musika tresnak diseinatzen, egiten, konpontzen eta afinatzen dituen pertsona.

Bitxigintza

9.–Lanbidearen izena: bitxigintza.

EJSN: 32.12.

–Artisauaren izena: bitxigilea.

–Definizioa: objektu apaingarriak eta osagarri pertsonalak diseinatzen, egiten, konpontzen eta lehengoratzen dituen pertsona, metal baliotsuekin (urrea, zilarra, platinoa, etab.) eta harribitxi kokatuekin.

10.–Lanbidearen izena: urregintza.

EJSN: 32.12.

–Artisauaren izena: urregilea.

–Definizioa: pieza apaingarriak diseinatzen, egiten eta konpontzen dituen pertsona, pieza apaingarri horiek eginak daudela urrea edo zilarra bezalako metal preziatuekin, edo horien aleazioekin, bozeltzearen edo zizelkatzearen bidez.

11.–Lanbidearen izena: zilargintza.

EJSN: 32.12.

–Artisauaren izena: zilargilea.

–Definizioa: zilarrezko edo zilarrezko aleaziozko objektuak diseinatzen, egiten edo konpontzen dituen pertsona.

Zura

12.–Lanbidearen izena: urreztaketa.

EJSN: 31.09.

–Artisauaren izena: urreztatzailea.

–Definizioa: zurezko lan baten azaleran urre orria aplikatzen duen pertsona, hura babesteko edo apaintzeko.

13.–Lanbidearen izena: makilak egitea.

EJSN: 32.99.

–Artisauaren izena: makila egilea.

–Definizioa: zura, metala eta abar erabiliz, makilak diseinatzen, egiten eta konpontzen dituen pertsona.

14.–Lanbidearen izena: koilaragintza.

EJSN: 16.29.

–Artisauaren izena: koilaragilea.

–Definizioa: koilarak eta etxeko antzeko beste tresna batzuk egiten dituen pertsona, zurez egin ere.

15.–Lanbidearen izena: ebanisteria.

EJSN: 31.09.

–Artisauaren izena: ebanista.

–Definizioa: kalitatezko zurak erabiliz, altzariak diseinatzen, egiten eta konpontzen dituen pertsona, izan modelo bakarrak edo serie murritzak, eskulangintza baliatuz produkzioaren faseetan.

16.–Lanbidearen izena: aziendarentzako zurezko uztaiak egitea.

EJSN: 16.29.

–Artisauaren izena: uztaigilea.

–Definizioa: aziendarako zurezko lepokoak (uztaiak) egiten dituen pertsona.

17.–Lanbidearen izena: kaikugintza.

EJSN: 16.29.

–Artisauaren izena: kaikugilea.

–Definizioa: kaikuak artisau eran egiten dituen pertsona.

18.–Lanbidearen izena: aulkigintza.

EJSN: 31.01.

–Artisauaren izena: aulkigilea.

–Definizioa: zurezko aulkiak diseinatzen, egiten eta konpontzen dituen pertsona.

19.–Lanbidearen izena: imajineria.

EJSN: 16.29.

–Artisauaren izena: imajinagilea, erretaula egilea.

–Definizioa: zurezko erretaulak eta irudi sakratuak diseinatzen, zizelkatzen edo pintatzen dituen pertsona.

20.–Lanbidearen izena: modelismoa.

EJSN: 16.29.

–Artisauaren izena: modelista.

–Definizioa: zurezko objektuak edo bolumenak, modelo izenekoak, diseinatzen eta egiten dituen pertsona, gero seriean erreproduzitzeko.

21.–Lanbidearen izena: nekazaritza tresnen egilea.

EJSN: 16.29.

–Artisauaren izena: nekazaritza tresnak egitea.

–Definizioa: nekazaritza tresnak diseinatzen, egiten eta konpontzen dituen pertsona, horretarako zura erabiliz lehengai nagusi gisa.

22.–Lanbidearen izena: altzariak zaharberritzea.

EJSN: 95.24.

–Artisauaren izena: altzarien zaharberritzailea.

–Definizioa: zurezko objektuak eta altzariak zaharberritzen eta apaintzen dituen pertsona, hainbat prozesu erabiliz, esaterako estofatzea, krakelatzea, esgrafiatzea, iztukatzea, urreztatzea... babesgarri edo apaingarri.

23.–Lanbidearen izena: zur-lanketa.

EJSN: 16.29.

–Artisauaren izena: zuraren zizelkariak.

–Definizioa: zura diseinatzen eta zizelkatzen duen pertsona, forma apaingarriak erliebean sortzeko.

24.–Lanbidearen izena: altzarien tapizgintza.

EJSN: 31.09.

–Artisauaren izena: altzarien tapizatzailea.

–Definizioa: zurezko altzariak diseinatzen eta apaintzen dituen pertsona, azalerak oihal eta antzekoekin estaliz.

25.–Lanbidearen izena: marketeria.

EJSN: 16.29.

–Artisauaren izena: marketeria bidezko apaintzailea.

–Definizioa: zurezko piezak diseinatzen eta egiten dituen pertsona, apaingarriak edo altzariak lortzeko, ebakiz eta zurean txertatuz hezur zatiak, nakarra, zura, bolia, letoia eta beste gai batzuk.

26.–Lanbidearen izena: upelgintza.

EJSN: 16.24.

–Artisauaren izena: upel egilea.

–Definizioa: zurezko upelak egiten eta konpontzen dituen pertsona, gehienetan ardoak eta likoreak edukitzeko, batez ere.

27.–Lanbidearen izena: tornularitza.

EJSN: 16.29.

–Artisauaren izena: tornularia.

–Definizioa: tornu baten bidez bere baitan biratzen ari den zurezko pieza bat zizelkatzen duen pertsona, tresnekin zizelkatu ere.

Marmola, harria eta igeltsua

28.–Lanbidearen izena: hargintza.

EJSN: 23.70.

–Artisauaren izena: hargina.

–Definizioa: harriak diseinatu, moztu, zatitu eta lantzen dituen pertsona, besteak beste eraikin, fatxada eta harlanduzko paramentuetarako.

29.–Lanbidearen izena: igeltsuzko objektuak egitea.

EJSN: 23.69.

–Artisauaren izena: eskaiolista.

–Definizioa: eskaiola (igeltsu errea, urarekin oratua) diseinatzen eta moldekatzen dituen pertsona, moldura apaingarriak egiteko edo bestelako objektuak eratzeko moldeak lortzeko.

30.–Lanbidearen izena: alabastroa lantzea.

EJSN: 23.70.

–Artisauaren izena: alabastroaren zizelkaria.

–Definizioa: alabastroa (harri zuria, ez oso gogorra, trinkoa, batzuetan zeharrargia, marmolaren itxurakoa) artistikoki diseinatzen eta zizelkartzen duen pertsona.

31.–Lanbidearen izena: harriaren eta marmolaren lanketa.

EJSN: 23.70.

–Artisauaren izena: harriaren eta marmolaren zizelkaria.

–Definizioa: harrian eta harriaren antzeko gaietan zizelkatutako lanak diseinatzen eta egiten dituen pertsona, tresna tradizionalen bidez.

Metala

32.–Lanbidearen izena: aiztogintza eta labanagintza.

EJSN: 25.71.

–Artisauaren izena: aizto eta labana egilea.

–Definizioa: burdinarekin edo altzairuarekin aho bakarreko pieza ebakitzaileak diseinatzen, egiten edo konpontzen dituen pertsona, eta hainbat materialekin horien giderra prestatzen duena.

33.–Lanbidearen izena: zintzarriak egitea.

EJSN: 25.99.

–Artisauaren izena: zintzarri egilea.

–Definizioa: ezkila txiki eta zilindrikoak, gehienetan ez oso landuak, egiten dituen pertsona, burdinazko edo kobrezko xaflekin egin ere.

34.–Lanbidearen izena: esmalteak suarekin lantzea.

EJSN: 25.61.

–Artisauaren izena: esmalteak suarekin lantzen dituena.

–Definizioa: azalera metalikoak esmalteak aplikatuz apaintzen dituen pertsona, betiere labean urtu ondoren itsatsita. Hainbat teknika erabil daitezke, esaterako champlevé-a, albeolatua, lemosina eta erliebea.

35.–Lanbidearen izena: aizkoragintza.

EJSN: 25.73.

–Artisauaren izena: aizkora egilea.

–Definizioa: aizkorak diseinatzen, egiten eta konpontzen dituen pertsona.

36.–Lanbidearen izena: brontzegintza.

EJSN: 24.54.

–Artisauaren izena: brontzelaria.

–Definizioa: brontzezko objektuak diseinatzen, egiten eta konpontzen dituen pertsona, eta behin urtuta apaintzen edo zizelkatzen dituena (ezkilak).

37.–Lanbidearen izena: forjaketa.

EJSN: 25.50.

–Artisauaren izena: forjaria.

–Definizioa: lehengai gisa burdina edo bestelako metalak erabiliz honako hauek diseinatzen, egiten eta konpontzen edo lehengoratzen dituen pertsona: burdin hesiak, balkoiak, atetzarrak, barandak, etxean erabiltzen diren objektuak eta beste produktu tradizional edo artistiko batzuk.

38.–Lanbidearen izena: errementaritza.

EJSN: 25.50.

–Artisauaren izena: errementeria.

–Definizioa: lehengai gisa burdina erabiliz honako hauek diseinatzen, egiten eta konpontzen edo lehengoratzen dituen pertsona: nekazaritza tresnak, etxean erabiltzen diren objektuak eta beste produktu tradizional batzuk.

39.–Lanbidearen izena: latorrigintza.

EJSN: 25.50.

–Artisauaren izena: latorrigilea.

–Definizioa: latorrizko objektuak diseinatzen, egiten eta konpontzen dituen pertsona.

40.–Lanbidearen izena: metalak bozeltzea eta zizelkatzea.

EJSN: 25.50.

–Artisauaren izena: metalen bozelkatzaile-zizelkatzailea.

–Definizioa: mailuz, pieza metalikoak diseinatzen eta lantzen dituena, erliebezko irudiak lortzeko.

Papera eta kartoia

41.–Lanbidearen izena: papera eta kartoia bildu eta berreskuratzea.

EJSN: 17.29.

–Artisauaren izena: kartoiaren artista.

–Definizioa: kartoia erabiliz, objektu artistikoak diseinatzen eta egiten dituen pertsona.

42.–Lanbidearen izena: koadernaketa.

EJSN: 18.14.

–Artisauaren izena: koadernatzailea.

–Definizioa: liburuak eta koadernoak diseinatzen, egiten eta konpontzen dituen pertsona, paperezko orriak kolatuz eta josiz, eta multzoari estalki zurrunak jarriz.

Larrua

43.–Lanbidearen izena: zurratzea.

EJSN: 15.11.

–Artisauaren izena: zurratzailea.

–Definizioa: prozedura mekanikoen eta tratamendu kimikoen bidez animalien larrua ontzen duen pertsona.

44.–Lanbidearen izena: zahatoak egitea.

EJSN: 15.12.

–Artisauaren izena: zahato egilea.

–Definizioa: likidoak edukitzeko –gehienetan ardoa edo olioa–, larruekin edo larru malguekin –ondurik edo ondu gabe– ontziak egiten dituen pertsona, forma borobilduak emanez eta animaliaren larruaren ezaugarriei eutsiz.

45.–Lanbidearen izena: uhalgilntza.

EJSN: 15.12.

–Artisauaren izena: uhalgilea.

–Definizioa: uhalak eta zamariei jartzen zaizkien gainerako gauzak diseinatzen, egiten eta konpontzen dituen pertsona, zaldi gainean ibiltzeko edo zamatzeko; orobat, gainerako uhaleria egiten duena.

46.–Lanbidearen izena: larrukigintza.

EJSN: 15.12.

–Artisauaren izena: larrukigilea.

–Definizioa: ahuntz larruz edo bestelako larru mota batzuez egindako gauzak diseinatzen, egiten eta apaintzen dituen pertsona, esaterako zorroak, gerrikoak, diru-zorroak, petakak, maletak, etab.

47.–Lanbidearen izena: oinetakoak artisau eran egitea.

EJSN: 15.20.

–Artisauaren izena: oinetakoak egiten dituen artisaua.

–Definizioa: oinetakoak artisau eran diseinatzen, egiten eta konpontzen dituen pertsona.

Ehungintza

48.–Lanbidearen izena: sokagintza eta lokarrigintza.

EJSN: 13.94.

–Artisauaren izena: soka eta lokarri egilea.

–Definizioa: landare-zuntzekin sokak egiten dituen pertsona, esaterako espartzuarekin edo kalamuarekin, edo zetarekin, lihoarekin, artilearekin edo beste gai batzuekin lokarriak egiten dituena.

49.–Lanbidearen izena: brodatuak egitea.

EJSN: 13.99.

–Artisauaren izena: brodatuak egiten dituena.

–Definizioa: aurretik ehun batean marrazki bat kalkatuta, azalera horretan hari jarraitu bat gainjartzen duen pertsona. Ohiko orratz batekin egiten du hori, marrazkiaren zatiak estaliz, ehuna apaintzeko eta bukaerako emaitza aberasteko.

50.–Lanbidearen izena: ehun-osagarriak egitea.

EJSN: 14.19.

–Artisauaren izena: ehun-osagarriak egiten dituena.

–Definizioa: ehunak eta zuntzak oinarri harturik, osagarri pertsonalak diseinatzen eta egiten dituena, besteak beste patroia egin, eta lehengaia prestatu eta mozten duena.

51.–Lanbidearen izena: parpailak egitea.

EJSN: 13.99.

–Artisauaren izena: parpailak egiten dituena.

–Definizioa: hainbat materialetako hariak konbinatzeko lana diseinatzen eta egiten duena, beharrezkoa izan gabe aurretiko euskarri bat izatea (ehoziri-lana, kakorratz-lanak, makramea, sarea, trikota, orratz bidezko lanak...).

52.–Lanbidearen izena: jantzigintza.

EJSN: 14.13.

–Artisauaren izena: jantzien egilea.

–Definizioa: jantzia diseinatzen duena, patroia egiten duena, lehengaia prestatzen, mozten eta jantzia egin egiten duena.

53.–Lanbidearen izena: armarri banderak egitea.

EJSN: 13.92.

–Artisauaren izena: armarri banderen egilea.

–Definizioa: armarri banderak egiten dituen pertsona (oihal bat, gehienetan karratua, tapizaren antzekoa, agertu ohi dituena ikur heraldikoak, deituren ikurrak edo etxe nobleen ikurrak).

54.–Lanbidearen izena: tapizak egitea.

EJSN: 13.92.

–Artisauaren izena: tapizgilea.

–Definizioa: tapizak egiten dituen pertsona, marrazki baten motiboak eginez ehungailu bertikal bateko irazki batean.

55.–Lanbidearen izena: jantzi tradizionalak egitea.

EJSN: 14.13.

–Artisauaren izena: jantzi tradizionalen egilea.

–Definizioa: eskualdeko janzkera tradizioaren arabera jantziak egiten dituen pertsona.

56.–Lanbidearen izena: ehun-estanpazioa.

EJSN: 13.30.

–Artisauaren izena: ehun-estanpatzailea.

–Definizioa: zuzenean oihaletan –aurretik ehunduak– motiboak egiten eta diseinatzen dituen pertsona, modu naturalean, horretarako estanpazio teknikak erabiliz (pintzelarekin, estanpazioarekin, serigrafiarekin, batik-arekin, etab.).

57.–Lanbidearen izena: irungintza.

EJSN: 13.10.

–Artisauaren izena: irulea.

–Definizioa: animalia- edo landare-jatorriko zuntzak erabiliz hariak egiten dituen pertsona, oihalak, brodatuak edo parpailak egiteko erabil daitezen.

58.–Lanbidearen izena: ehuntzea.

EJSN: 13.92.

–Artisauaren izena: ehulea.

–Definizioa: eskuzko ehungailu batean oihalak egiten dituen pertsona, hari horizontalak (bilbea) pasatuz beste hari batzuen gainetik eta azpitik (irazkia). Azken horiek perpendikular egonen dira.

Bestelakoak

59.–Lanbidearen izena: imitaziozko bitxiak.

EJSN: 32.13.

–Artisauaren izena: imitaziozko bitxien egilea.

–Definizioa: material preziatuak ez diren gaiekin osagarri pertsonalak egiten eta diseinatzen dituen pertsona. Orobat, bukaerako produktua taxutzen duten piezak egiten ditu. Erabilitako piezak ezin dira izan apaingarriak, beira-alezko lanak eta brikolajezko beste lan batzuk baldin prest badaude bere horretan erabiltzeko eta bukaerako emaitzaren zati funtsezkoa badira; halaber, ezin dira egin oso eraldaketa txikia duten euskarrietan.

60.–Lanbidearen izena: kandelagintza.

EJSN: 32.99.

–Artisauaren izena: kandelagilea.

–Definizioa: argiztatzeko argizarizko piezak (kandelak, zuziak, kandela handiak, etab.) diseinatzen eta egiten dituen pertsona, baita beste produktu batzuk ere egiten dituena, azaleren bukaeretarako edo apaingarritarako.

61.–Lanbidearen izena: frontoirako eskularruak egitea.

EJSN: 32.30.

–Artisauaren izena: frontoirako eskularruen egilea.

–Definizioa: artisau eran frontoian jokatzeko eskularruak egiten dituen pertsona, laxorako edo beste modalitate batzuetarako.

62.–Lanbidearen izena: frontoirako palak egitea.

EJSN: 32.30.

–Artisauaren izena: frontoirako palen egilea.

–Definizioa: artisau eran frontoian jokatzeko palak egiten dituena, dauden modalitateetarako.

63.–Lanbidearen izena: kirol gauzak egitea.

EJSN: 32.30.

–Artisauaren izena: kirol gauzen egilea.

–Definizioa: kirol jarduerak egiteko gauzak artisau eran egiten eta diseinatzen dituen pertsona.

64.–Lanbidearen izena: kosmetika naturala eta perfumeak egitea.

EJSN: 20.42.

–Artisauaren izena: kosmetika natural eta perfume egilea.

–Definizioa: kosmetika naturala eta perfumeak artisau eran egiten eta diseinatzen dituen pertsona. Bukaerako produktuak eta egite prozesuak egoki diren osasun-erregistroak izan behar ditu, eta aplikatzekoak diren araudiak bete.

65.–Lanbidearen izena: lore lehorrak eta artifizialak egitea.

EJSN: 32.99.

–Artisauaren izena: lore lehor eta artifizialen egilea.

–Definizioa: loreak eta lore-konposizioak, apaingarriak, diseinatzen eta egiten dituen pertsona, hainbat materialekin egin ere, esaterako plastikoa, papera, alanbrea eta kartoia, edo loreak lehortzen dituena, eta horiekin objektu apaingarriak diseinatzen eta egiten.

66.–Lanbidearen izena: xaboiak egitea.

EJSN: 20.41.

–Artisauaren izena: xaboi egilea.

–Definizioa: hainbat motatako eta formatutako xaboiak egiten dituen pertsona. Horretarako, alkali bat olioaren edo multzo koipetsu baten azidoekin nahastuta lortzen den orea erabiltzen du. Bukaerako produktuak eta egite prozesuak egoki diren osasun-erregistroak izan behar ditu, eta aplikatzekoak diren araudiak bete.

67.–Lanbidearen izena: jostailuak egitea.

EJSN: 32.40.

–Artisauaren izena: jostailu egilea.

–Definizioa: objektu ludikoak, haurrek erabiltzekoak, diseinatzen, egiten eta konpontzen dituen pertsona, hainbat materialekin, esaterako zurarekin, paperarekin, kartoiarekin eta latorriarekin.

68.–Lanbidearen izena: miniaturak egitea.

EJSN: 32.40.

–Artisauaren izena: miniatura egilea.

–Definizioa: egiazko eszenen edo objektuen erreprodukzioak eskala txikian diseinatzen eta egiten dituen pertsona.

69.–Lanbidearen izena: panpinak egitea.

EJSN: 32.40.

–Artisauaren izena: panpina egilea.

–Definizioa: gizakien edo animalien irudiak eskala txikian diseinatzen eta egiten dituen pertsona, horretarako hainbat material erabiliz, esaterako zurak, portzelanak, oihalak eta beirak.

70.–Lanbidearen izena: pilotak egitea.

EJSN: 32.30.

–Artisauaren izena: pilota egilea.

–Definizioa: pilotak egiten dituen pertsona, bai eskuz aritzeko bai tresnekin aritzeko, dauden modalitateetan (pala, erremontea, zesta-punta, etab.).

Beira

71.–Lanbidearen izena: beirazko piezak egitea.

EJSN: 23.13.

–Artisauaren izena: beiragilea.

–Definizioa: beirazko piezak diseinatzen eta egiten dituen pertsona, hainbat teknikarekin egin ere (fusing, tiffany, termoformatua, etab.).

72.–Lanbidearen izena: beira zizelkatzea.

EJSN: 23.13.

–Artisauaren izena: beira zizelkatzailea.

–Definizioa: motibo apaingarriak diseinatzen eta beirazko pieza hutsak apaintzen dituen pertsona, grabatuz eta zizelkatuz, horretarako erabiliz harriak eta korindoia.

73.–Lanbidearen izena: beiragintza artistikoa.

EJSN: 23.13.

–Artisauaren izena: beiragile artistikoa.

–Definizioa: apaingarriak, figuratiboak edo abstraktuak, diseinatzen eta egiten dituen pertsona, horretarako erabiliz beirazko xafla koloreztatuak, txertaturik daudenak metalean, berunean edo kobrean.

74.–Lanbidearen izena: beira puztea.

EJSN: 23.19.

–Artisauaren izena: beira puzlea.

–Definizioa: beirazko piezak diseinatzen eta egiten dituen pertsona, beira berotzearen teknikarekin, beira-ore urtuari putz eginez, burdinazko kanabera huts batetik, kopak edo basoak egiteko, besteak beste.

Iragarkiaren kodea: F1714105