180. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

242E/2018 EBAZPENA, abuztuaren 20koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Tafallako Granja Jiménez SLren hondakin urak saneamendu sarearekin lotzeko hargunea egiteko proiektuari. Sustatzailea Granja Jiménez SL da.

2018ko apirilaren 3an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektuko jarduketaren xedea da saneamendu hargune bat eraikitzea “Matadero de Aves y Conejos Granja Jiménez SL” enpresaren instalazioan (Tafallako udalerriaren 4. poligonoaren 3. lurzatian dago) gaur egun dagoen hobi septikotik Mairagako Mankomunitateak ezarritako lotura punturaino; hau da, Tafallako 28. poligonoko 15. hiri lurzatiaren atean dagoen kutxatilaraino.

Saneamendu sare orokorrerako hargunea dentsitate handiko polietilenozko (HDPE80) 63 mm-ko diametro izendatua duen hodi baten bidez eginen da, eta lurpean joanen da granjatik Tafallako 28. poligonoko 15. hiri lurzatiaren atean dagoen kutxatilaraino. Metro batera lurperatuko da gutxi gorabehera, eta lanerako pistaren gehieneko zabalera 3 metrokoa izanen da; hodiaren luzera, berriz, 985en bat metrokoa. Kutxatilaraino motoponpa bidez bultzatuko da; motoponpa horrek bi lekuen arteko desnibela (15 m gutxi gorabehera) gainditzeko gauza izan behar du.

Entregatutako dokumentuen artean, Ingurumen ukipenen azterketa dago; bertan, ibilbidearen bi alternatibak baloratzen dira, eta 2 zenbakia duena aukeratzen da. Obrek ukitutako lurra lehendik dauden bideez eta labore lurzatien ertzez osatuta dago. Aurreikusitako ibilbideak ez du ukipenik izanen Natura 2000 Sarean eta Nafarroako Naturagune Babestuen Sarean sartuta dauden espazioetan. Ibilbideak A-15 autobidea gurutzatzen du, azpiko pasabide baten bitartez.

Espedientean jasota daude Tafallako Udalak eta Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandako txostenak. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, zenbait baldintzarekin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Tafallako Granja Jiménez SLren hondakin urak saneamendu sarearekin lotzeko hargunea egiteko proiektuari. Sustatzailea Granja Jimenez SL da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

• Hoditeria eraikitzearen ondorioz sortzen diren hondakinak edo soberako materialak egoki kudeatu beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntzako eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituen martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuarekin bat.

• Obrak irauten duen bitartean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, kultura arloan eskumena duen departamentuari horren berri emanen zaio, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 63. artikuluari jarraikiz.

• Lur naturalean eta soroetan zanga irekitzeko lanen hasieran, 40 cm-ko gutxieneko lodiera duen landare lurra kenduko da; lur hori gainerako hondeaketa lurretatik aparte pilatu beharko da, eta lurrazalean jarriko da zanga betetzen denean.

• Hondakin urak saneamendu sare orokorrean isurtzea Ebroko Konfederazio Hidrografikoak baimendu beharko du, eta ez da baimen honen xede.

–Hirigintza arlokoak:

• Baimen hau ematea baimenarekin lotutako enpresak jarduera lizentzia lortzeak/gaurkotzeak baldintzatuta dago, eta ez du babesten lur urbanizaezin gisa sailkatutako lurretan dauden, edo haietan kokalekua izan nahi duten, beste jarduera jakin batzuk saneamendu sarera lotzea.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, kanporantz ateratzen diren azpiegituraren elementuek (irtenguneak dituzten putzuak, esaterako) 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

• Sustatzaileak behar diren baimenak lortu beharko ditu instalazioak Foru Komunitatearen jabetzapeko lurzatietan eragiten dituen ukipenetarako. Baimen horiek Ondare Zerbitzuan tramitatzen dira.

• Herri-lurren Atalak 2018ko abuztuaren 3an emandako txostenarekin bat: Baldin eta lurpeko hodiak Tafallako Udalaren jabetzako herri-lurrak zeharkatzen baditu edo mota horretako lurretan kutxatilaren bat proiektatzen bada (esaterako, 28. poligonoko 21., 25, edo 26. lurzatietan), sustatzaileak okupazio espedientea hasteko eskatu beharko dio Udalari, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onartzen duen 280/1990 Foru Dekretuaren 215. artikuluan ezarritakoarekin bat. Gainera, Nafarroako Gobernuaren baimena beharko du, eta Atal honetan dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu sinatuta eta zigilatuta:

–Onarpena eskatzen duen Udalaren eskabide orokorra.

–Udalbatzaren hasierako adostasunaren ziurtagiria.

–Toki entitateari legez dagozkion kideak kontuan izanda, beharrezkoa den gehiengoa ageriko da.

–Informazio publikoaren ziurtagiria.

–Jendaurrean egon den epean alegaziorik aurkeztu ez izanaren ziurtagiria.

–Lurzatiak edo ukitutako lurzatien eta lurren zati bat identifikatzen duen dokumentazio grafikoa, katastroan oinarritua. Lurzatien zedulak, planoak, etab.

–Dokumentu horiek tokiko erakundearen zigilua eta alkatearen edo idazkariaren sinadura izan beharko dute.

–Baldintza Pleguaren onarpenaren ziurtagiria; bertan agertu beharko da gehiengoa eta zer datatan onartu zen.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Nafarroako Gobernuaren webguneko lotura honetan (“Administrazio publikoaren esparrurako zerbitzuak”) kontsultatu ahal izanen da tramitazioa eta zer dokumentu aurkeztu behar diren herri ondasun bat okupatzeko:

http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/12339/Desafectacion-y-ocupacion-de-bienes-comunales

• Egin nahi diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, sustatzaileak behar den baimena eskatu beharko dio Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, hodiak Nafarroako Foru Komunitateko Errepideen gainean izaten ahal duen ukipena dela eta.

• Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Ildo horretan, 35/2002 Foru Legearen 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 6.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen (abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea) 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Tafallako Udalari, Basozaintzari (Tafalla-Zangoza barrutia) eta interesdunari.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 20an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1810542