180. ALDIZKARIA - 2018ko irailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTSOAIN

Aldaketa, Trafikoa arautzen duen ordenantzan.
Behin betiko onespena

Antsoaingo Udalak, 2018ko maiatzaren 30ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea aipatu ordenantzaren aldaketak. Jendaurrean egoteko 30 egun balioduneko epea iragan da, iragarkia 2018ko 129. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenetik, uztailaren 5ean, eta aldaturiko artikuluen idazketa hobetzeko proposamena aurkeztu da. Udalak, 2018ko abuztuaren 29an egin osoko bilkuran, aipatu ordenantzaren aldaketak behin betiko onetsi ditu. Hona hemen haien testua:

9. artikulua.

Bizikletak oinezkoendako eremuetan edo espaloi eta pasealekuetan aparkatzen ahalko dira, Udalak behar bezala seinalatutako gune erreserbatuetan. Ez da inolaz ere baimenduko bizikletak aparkatzea halako gisan non herritarrei eragozpenak sortzen dizkieten edo hiri-altzarietan kalteak eragiten dituzten.

Halaber, ezin izanen da hiri-altzarien erabilera pribatiboa egin, bizikletak elementu publikoei lotuz.

Udal agintaritzak kendu ahalko ditu artikulu honetan ezarritako arauak hausten dituzten bizikletak.

10. artikulua. Ziklomotorrak eta motozikletak aparkatuko dira horretarako gaitutako tokietan, halakorik baldin badago. Tamainaz motozikleten gisakoak diren trizikloak motozikletatzat hartuko dira, eta motozikleta eta ziklomotorrendako tokietan aparkatu ahalko dira.

15. artikulua.

Debeku da bizikletak ibiltzea iluntzetik argi haste arteko orduetan, ez badute aurreko eta atzeko posizio-argirik eta atzeko katadioptrikorik, gutxienez.

21.1 artikulua kendu egiten da, bistakoa izateagatik eta dagoeneko arautua dagoelako desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak emateko araudian.

58. artikulua. l) Ordutegi mugatua duten aparkatzeko eremuetan, Udal agintaritzak hala gaituta, gehieneko denbora gainditzen denean.

59. artikulua.

e) Gehieneko denboraren bikoitza gainditzen denean, ordutegi mugatua duten aparkatzeko eremuetan.

59.2. artikulua. Antsoaingo Udalak ibilgailuak ibilgetu eta udal altxatokira eraman ahalko ditu, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuko 104. artikuluan xedatu bezala.

64. artikulua. Ordenantza honetan ezarritakoa urratuz gero, zehapena jarriko da, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan xedatuari jarraikiz.

64.1. artikulua.

55.5.l) artikuluan tipifikaturiko arau-hausteak arintzat joko dira, eta 40 euroko zehapena izanen dute.

64.2. artikulua.

59. artikuluan tipifikaturiko arau-hausteak larritzat joko dira, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan xedatuari jarraikiz.

Antsoainen, 2018ko abuztuaren 30ean.–Alkatea, Ander Andoni Oroz Casimiro.

Iragarkiaren kodea: L1810949