17. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOGOITI

Kontzejuaren ordenantza, pisten eta bideen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Berriogoitiko Kontzejuak, 2017ko irailaren 29an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Berriogoitiko Kontzejuaren pisten eta bideen erabilera arautzen duen udal ordenantza. Iragarkia 2017ko 198. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urriaren 13an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatu ordenantza behin betiko onetsi eta osorik argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Berriogoitin, 2017ko abenduaren 1ean.–Kontzejuko burua, Cristina Robles Puyal.

KONTZEJUAREN ORDENANTZA, BERRIOBEITIKO KONTZEJUAREN PISTEN ETA BIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

Berriogoitiko Kontzejuaren eskumeneko landa-bide publikoen sarea Berriogoitiko Kontzejuko biztanle guztien ondarearen atala da. Garrantzi handi-handia du, kontzeju-mugarteko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartan sarbide izateko, eta nahitaezkoa da herritarrak harremanetan jartzeko, nekazaritzako lanak egiteko eta bisitari nahiz iragaileei bide emateko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Ordenantza honek helburu hauek ditu:

–Kontzejuko natur ondarearen balioak zaintzea.

–Erabiltzaile guztiek eta bereziki bizilagunek modu orekatuan erabiltzea.

–Erabiltzeko maneran mantentzea.

Horrenbestez, Berriogoitiko Kontzejuak ordenantza hau onetsi du:

1. artikulua. Deialdiaren xedea eta eremua.

Ordenantza honek xedea du Berriogoitiko Kontzeju-mugarteko bide publikoen arloan arauzko erregulazioa ezartzea. Kontzejuko bide publiko guztietan aplikatuko da, baita areka eta gainerako azpiegituretan ere, ibilgailuak bideetan ibiltzeko behar badira.

2. artikulua. Landa-bideen kategoriak.

Berriogoitiko Kontzejuko landa-bide publikoak kategoria hauetan sailkatzen dira:

1.–Bi metro zabal edo zabalagoak diren bideak.

a) Auzoetako bideak, gehienbat herritar talde batek batera erabiltzen ditu, beren etxeetara edo beren nekazaritzako, abeltzaintzako eta/edo basogintzako ustiategietara joateko.

b) Baserri eta abeltegietarako sarbideak, gehienetan aurreko horien adar izaten direnak, herritar batek edo gutxi batzuek baserrietara eta haien inguruko ustiategietara iristeko erabiltzen dituztenak.

c) Lurzati berrantolamenduko bideak, nekazaritza eremu zabaletara iristeko erabiltzen direnak, baita inguruko herrietara iristeko ere. Erabilera asko izaten dituzte: nekazaritza, abeltzaintza, turismoa, ehiza etab.

d) Mendiko pistak, herri-lurretako mendian izaten direnak eta sare nagusiaren osagarri direnak, eta mendi, baso berri, belai eta beste zenbait tokitara ailegatzeko aukera ematen dutenak.

e) Egurra ateratzeko bideak eta adarrak, gehienetan helburu bakarra dutenak, egurra ateratzea. Anitzetan noizean behin baizik ez dira erabiltzen, eta denbora luzez ezin dira ibilgailuak sartu.

2.–Bi metro zabal ez diren bideak.

a) Bideak, orgabide zaharrak eta bidexkak, erabilera eta eginkizun bat baino gehiago dutenak, lasterbideak eta turismorako bidexkak barne.

3. artikulua. Kontserbazioa.

Berriogoitiko Kontzejuak zainduko du 2.1 a), b), c) eta d) ataletan zehazten diren landa-bide publikoak beti egon daitezen erabiltzeko maneran. Horretaz gain, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren bestelako bideak (besteen adar direnak, bidexkak).

4. artikulua. Ibilgailu motordunetan ibiltzeko debeku orokorra.

Debeku da pistetatik kanpora eremu irekietan barna ibilgailu motordunetan ibiltzea, baita ordenantza honen 2.1 artikuluko d) eta e) puntuetan eta 2.2 artikuluan aipatutako pistetan barna ere, non ez diren nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, oihangintzarekin edo behar bezala baimendutako bestelako jarduerekin zerikusia duten ibilgailuak. Debeku da, orobat, ibilgailua pistetatik eta behar bezala seinalatutako tokietatik kanpo aparkatzea.

5. artikulua. Baimena, motozikleta eta 3,5 tonatik beherako pisua duten ibilgailu motordunentzat, pista jakin batzuetan barna ibiltzeko.

Motozikletek eta 3,5 tonatik beheitiko pisua duten ibilgailu motordunek baimena izango dute pista jakin batzuetan barna ibiltzeko.

3,5 tonatik gorako ibilgailuak ibiltzen ahalko dira bakarrik nekazaritza edo abeltzaintzako ibilgailuak direnean eta beste kasu berezi batzuetan, aldez aurretik Kontzejuaren baimena izanda.

Kontzejuak beretako gordeko du nahi duen bidea ibilgailuen ibiliari ixteko aukera, inguruabarrek horretara behartzen badute.

6. artikulua. Gainerako pistetan ibiltzeko debekua.

Gainerako pista eta bideetan debeku da ibilgailu motordunak baimenik gabe ibiltzea, salbu eta nekazaritza, abeltzaintza eta oihangintzako jarduerei lotutako ibilgailuak badira, edo baimena duten beste batzuk, hala nola oihaneko suteen prebentziorako edo suteak itzaltzeko erabiltzen direnak, naturguneetan zaintza-lanetan aritzen direnak eta, ehiza-denboraldian, ehiza-barrutietako bazkideen eta zaindarien ibilgailuak.

7. artikulua. Baimena emateko eskumena.

Kontzejuko buruak emango du Berriogoitiko Kontzejuko pistetan barna ibiltzeko baimena.

Baimena eskatzen ahalko dute Berriogoitiko Kontzejuko bizilagunek eta Berriogoitiko mugartean beren ibilgailua erabili beharra arrazoitzen dutenek. Horretarako, eskabidea aurkeztu beharko dute, betiere zehazturik zergatik eskatzen den baimena.

Baimenak orokorrak eta urtekoak edo tarte batzuetarako eta epe mugatu baterako izan daitezke, eta bertan ibilgailu baimenduaren matrikula agertuko da. Baimena ibilgailu horretan eraman beharko da.

8. artikulua. 3,5 tona baino gehiagoko ibilgailuetarako baimena.

3,5 tona baino gehiagoko ibilgailu guztiek baimena beharko dute Berriogoitiko landa-bide publiko guztietan ibiltzeko, salbu eta nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera arruntetarako ibilgailuek.

Baimen hori Kontzejuko buruak emango du, ordenantza honen 7. artikuluan adierazitako prozedurari jarraikiz.

Horrez gain, 3,5 tona baino gehiagoko ibilgailuek 500 eurotik 2.000 eurora bitarteko fidantza eman beharko dute, bideek kalterik jasateko arriskuaren eta hortik igarotzeko maiztasunaren arabera. Fidantza hori itzuliko da, Kontzejuak kalterik ez dela sortu egiaztatzen duenean. Bideetan kalteak sortzen badira, horiek konpontzeko gastuak ordaindu beharko dira.

9. artikulua. Garraioa eta egurra ateratzeko aprobetxamendu pribatuak.

Mendi pribatuetako egur aprobetxamenduen kasuan, jabea beharturik dago kanon bat ordaintzera ateratzen den egur tona bakoitzeko, pistetako mantentze-lanen truke. Kanon hori dagokion ordenantzan finkatuko da, baina horrekin ez dira kitatuko egurra ateratzean eragiten diren neurriz kanpoko kalteak.

10. artikulua. Zerbitzu publikoak.

Erakunde eta entitate publikoen ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren eginkizunetan ari direnean.

11. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Berriogoitiko Kontzejuko pista eta bide guztietan abiadura handiena 20 kilometro orduko izango da.

Istripurako arriskuak apaltzeko eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek beren abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina mantsotuz, baita aziendak hurbil dabiltzanean eta oinezkoak agertzean ere, edo denbora idorra denean, pistetan hautsa pilatzen baita.

12. artikulua. Jarduera eta erabilera debekatuak.

Bide publikoen azpiegituretan, erabilera hauek debekatuta daude espresuki:

a) Bideetan ibiltzen diren ibilgailuen pisuari edo tamainari ezarritako mugak ez errespetatzea.

b) Areka eta bideak goldatzea.

c) Lurzatiak lantzen direnean, nekazaritzako makineriarekin bidera ateratzea itzulia egitera, horretarako espresuki ezarritako tokitik ez bada.

d) Nekazaritzako lanetan ezpondak hondar-hondarreraino lantzea, lubetaren lurra erauzita. Gutxienez, 30 zentimetro utzi beharko dira ezpondatik.

e) Arbolak landatzea edo finken itxiturak egitea, bidearen kanpoko ertzetik hiru metroko zortasun eremua gorde gabe, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluan xedatuarekin bat.

f) Lasto-metak eratzea areketatik, finken sarreretatik eta bideetatik 5 metro baino gutxiagora.

g) Harriak eta nekazaritzako hondakinak (lastoa, etab.) botatzea bide, areka edo erretenetara.

h) Bideetako areka eta hustubideak betetzea edo haietara lurra botatzea, haietatik hurbil nekazaritzako lanak egitean edo finkan sartzean, edo beste edozein inguruabar dela eta.

i) Nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak bideetara edo nekazaritza lurzatietako sarbideetara ateratzea, zuzenean erretenetara eraman behar baitira.

j) Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

k) Nekazaritzako hondakinak (lastoa, etab.) bide, areka edo erretenetan erretzea.

l) Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako errodadura-geruzaren kaltetan bada.

m) Lasto-fardelen zamalanak bidetik egitea, lurzatiaren barrenean egin behar baitira.

n) Laboratzea edo erretenak hondatzea.

o) Udal-mugarteko bide publikoetan jende, ibilgailu eta abarren joan-etorria erabat edo parte batean trabatzea.

p) Espresuki debekaturik gelditzen dira lehiaketak eta lasterketak, bai eta paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat arriskugarri gerta daitezkeen gidatzeko manera muturreko guztiak. Lehiaketa ofizialak salbuespen gisa baimentzen ahalko ditu Kontzejuak.

Mugatze eta debekuen salbuespenak.

Kontzejuak salbuespenak ezartzen ahalko ditu baimenetan, interes publikoa tartean denean.

13. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak

Hauek dira finken erabiltzaile eta jabeen betebeharrak:

a) Finketara sartzeko areka gaineko pasabideak jarri, aldatu edo handitzea, Kontzejuari baimena eskatu eta hura eskuratu ondoren. Lan horiek partikularraren kontura egingo dira. Hodien ahoak hormigoiz zuzen bildu beharko dira, eta gutxienez 40 zentimetrokoak izango dira. Lurzatietako sarbideak zenbateko zama jasoko duten kontuan izanda egingo dira, eta 6 metro zabal izango dira, gehienez ere.

Finketara sartzeko areka gaineko pasabideak urari igarotzea galarazten badio eta bidea hondatzen badu, lurzatiaren jabeak sarbidea egokitu beharko du eta, hala bada, bidea konpondu.

b) Finketako areka gaineko pasabideak garbi mantentzea, ura aise pasa dadin. Erabiltzaileak edo jabeak ez badu garbitzen, Kontzejuak egiten ahalko du eta gastuak jabeari egotziko dizkio.

c) Bide bat konpondu, moldatu edo egokitu ondoan, bide publiko horretatik beren lurzatietako sarbide desegokiak dauzkaten edo sarbide horiek trabaturik edo hautsirik dituzten jabe guztiek hilabeteko epea izango dute haiek konpontzeko.

14. artikulua. Finken erabiltzaile eta titularren erantzukizuna.

Erabiltzaileek beren gain izango dute ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik pistetan egiten dituzten neurriz kanpoko kalteen erantzukizuna.

Finken titularrek izango dute arekak garbitzeko ardura, bideak hobeki zaintzen lagundu dezaten.

15. artikulua. Pisten inbentarioa.

Kontzejuko pista guztien inbentarioa eta sailkapena egingo du Berriogoitiko Kontzejuak.

16. artikulua. Finken itxiturak.

Finken itxituretan zortasun eremu bat izango da, hiru metrokoa bidearen kanpo ertzetik neurtuta.

Arbolak bideetatik hurbil landatzen direnean, bidetik lau metrora egingo da, adarrak areketatik haratago joan ez daitezen.

17. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezarritakoa urratzea arau-haustetzat joko da, bai eta ordenantzan aurreikusitako baimenak ez eskatzea ere.

Arau-hausteak arinak edo larriak izan daitezke:

Arau-hauste arina izango da: ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako ekintza edo omisioak, baita Kontzejuak idatziz edo bandoen bitartez agindutakoaren kontrakoak ere, eta ordenantza honetan aurreikusitako baimenak ez eskatzea.

Larrien artean sartzen diren arau-hausteetakoren bat egitea, baldin eta neurria edo kopurua txikia izateagatik larriaren kalifikazioa merezi ez badu.

Arau-hauste larria izango da: ordenantza honetan xedatua urratzeaz gainera, pertsonei edota ondasunei ondorio ekonomiko txarrak ekartzen dizkien edozein ekintza edo ez-egite.

–Beraz, larritzat joko da bide baten ezaugarriak aldatzea.

–Bide publikoetan aginduzko baimenik gabe zirkulatzea, ordenantza honen arabera hura eramatea beharrezkoa bada.

–Arekak eta bideak goldatzea, edo ezpondak hondar-hondarreraino lantzea, lubetaren lurra erauzita.

–Zortasun eremua ez errespetatzea arbolak landatzean edo finkak ixtean.

–Harriak, obra hondakinak, zaborrak eta nekazaritzako hondakinak botatzea bide, areka eta erretenetara.

–Nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak beste bide edo lurzatietako sarbideetara ateratzea, zuzenean erretenetara eraman behar baitira.

–Bide publikoetan eta/edo areketan hiri hondakin solidoak, obra hondakinak edo bestelakoak botatzea, hondakin toxikotzat hartzen ez badira.

–Baimendutako pisua gainditzen duten ibilgailuekin ibiltzea.

–Ordenantza honen 11. artikuluan ezarritako abiadura-muga gainditzea.

–Halaber, arau-hauste larritzat hartuko da nekazaritza edo abeltzaintzako ustiategi bateko nahiz enpresa bateko kideek hiru arau-hauste arin bi urteko epean egitea.

Arau-hauste oso larria izango da:

–Lehiaketak, lasterketak eta abar egitea Kontzejuaren baimena izan gabe.

–Ordenantza honetan debekatzen diren jarduerak egitea dagokion baimena izan gabe.

–Bide publikoetan edo haien ezponda zein areketan hondakin toxikoak eta/edo arriskutsuak botatzea, hondamen fisikoa edo ingurumen arlokoa eragiten badute.

–Suteak sortu edo sor ditzaketen ekintzak edo omisioak.

–Hondamen fisiko nabarmena, edo ingurumen arlokoa, eragiten duten ekintzak edo omisioak.

–Arau-hauste larri bat behin eta berriz egitea.

18. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honen arau-hausteak honako zenbateko hauekin zehatuko dira:

–Arinak, 60 eta 100 euro bitarteko isunarekin

–Larriak, 101 eta 200 euro bitarteko isunarekin

–Oso larriak, 201 eta 400 euro bitarteko isunarekin

Kaltetutako ondasuna konpontzeko edo lehengoratzeko gastuak gehituko zaizkie isunei.

Zehapenak ezartzea eragindako kalte-galeren ordainetik aparte izango da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 117. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez egingo da isunen diru-bilketa.

Zehapen-prozedurei ofizioz emango die hasiera erakunde eskudunak, Kontzejuko buruaren ebazpen bidez, beraren ekimenez edo beste organo edo administrazioen eskaera arrazoituaz edo salaketa baten ondorioz.

19. artikulua. Eragindako kalteak konpontzea.

Dagozkion zehapen zibil, penal edo bestelakoak galarazi gabe, eragindako kaltea konpondu beharko du arau-hausleak. Konponketaren xedea izango da bidea, pista edo halakoa lehengoratzea zehapena egin aurreko izatera eta egoerara, eta sortutako kalte-galerak pagatzea.

Erantzukizuna solidarioa izango da, baldin eta arau-hausleak bat baino gehiago badira eta ezin bada zehaztu haietako bakoitzaren erruduntasun maila.

Propio eginiko zehapen-prozeduran edo prozedura independente modukoan zehaztu daiteke konpontzeko betebeharra eta kalte-ordainak ordaintzekoa.

Kontzejuak subsidiarioki egin dezake konponketa, arau-hauslearen kontura. Arau-hausleak beti ordaindu beharko du egindako kalte-galeren zenbatekoa, kasu bakoitzean dagokion ebazpenak ezartzen duen epean.

20. artikulua. Zehapen-prozedura.

Zehapen-prozedura Kontzejuko buruaren ebazpenak abiaraziko du, ofizioz edo salaketaren bidez egindako jarduketei jarraikiz, eta indarreko araudian ezarritakoaren arabera tramitatuko da.

21. artikulua. Azken xedapenak

Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, indarrean diren legezko xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da. Ordenantza honen interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak Kontzejuko Batzarrak argituko ditu.

Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

I. ERANSKINA

Tasak, bideen erabilera bereziagatik

1.–Nekazaritza, abeltzaintza edo oihangintzako erabilerarako ez diren ibilgailu guztiek, 3,5 tona baino gehiagoko pisua badute eta baimenduta badaude, tasa hau sortuko dute: 50 euro egunean.

2.–Jabari publikoko erabilera berezia egiten duten 3,5 tona baino gehiagoko ibilgailu guztiek, orobat, 500 euroko fidantza edo banku-abala pausatu beharko dute Kontzejuko bulegoetan, erabiltzen den bidean eragiten ahal diren kalteen berme.

Konpontze gastuak fidantzaren zenbatekoa baino handiagoak badira, Berriogoitiko Kontzejuak gainerakoa administrazio bidetik kobra dadila eskatuko du, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 117. artikuluko 4. paragrafoari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: L1714002