17. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

809E/2017 EBAZPENA, abenduaren 1ekoa, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, “Sarrigurengo Ekohiria” Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko tramitazioari hasiera ematen diona. Horrek 07 Ordenantza “Etxarteko Etxebizitzak” eta 7.3 unitate morfologikoa ukitzen ditu. Sustatzailea Navarra de Suelo y Vivienda SA da.

Espedientearen xedea da 7.3 unitate morfologikoa berrantolatzea, etxebizitzen eguzkialdia hobetu, aldakortasun handiagoa eman eta haietarako sarbidea errazte aldera.

Indarrean dago “Sarrigurengo Ekohiria” Plan Sektoriala, Nafarroako Gobernuak 2000ko urriaren 16an hartutako Erabakiaren bidez onetsia, baita haren aldaketak ere, Nafarroako Gobernuak onetsiak 2001eko irailaren 10eko, 2002ko abenduaren 16ko, 2003ko abenduaren 15eko, 2004ko maiatzaren 3ko eta 2004ko uztailaren 26ko erabakien bidez.

Determinazioak aldatu nahi dira Udalez gaindiko Plan Sektorialaren hirigintza-antolamendu xehatuan, eta tramitazioa eta onespena Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagozkie, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 45.5 artikulua aplikatuta (uztailaren 26ko 1/2017 Foru Dekretu Legegilearen bidez onetsi zen testu bategina).

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak espedientea azterturik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin bat, eta irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz (foru dekretu haren bidez ezarri zen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa),

EBATZI DUT:

1. “Sarrigurengo Ekohiria” Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko tramitazioari hasiera ematea. Horrek 07 Ordenantza “Etxarteko Etxebizitzak” eta 7.3 unitate morfologikoa ukitzen ditu. Sustatzailea Navarra de Suelo y Vivienda SA da.

2. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalei entzutea ematea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta hilabete iraunen dute.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea, 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Gainera, dokumentua Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, bai eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren web-orriko “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez ere: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Eguesibarko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko abenduaren 1ean.–Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia, Eva García Balaguer.

Iragarkiaren kodea: F1714047