164. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

Nafarroako Gobernuak antolatuta, automobilgintzako osagaien fabrikatzaile indiarrekin Iruñean eginen den enpresen topaketan parte hartzeko epea irekitzea.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako hirugarren Nazioarteko Plana prestatu du, Foru Komunitateak nazioartean duen posizionamendua hobetzeko asmoz.

Nazioartekotze Planaren arabera, India da automobilgintzaren sektorearen ahalegina fokalizatzea merezi duten lehentasunezko herrialdeetako bat.

Azken urteetan Indian automobilgintzak gora egin du nabarmen, bai salmentetan, bai ekoizpenean eta bai esportazioetan.

Urtean batez beste 25 milioi ibilgailu inguru ekoizten dira han, eta 29 milioi pertsona baino gehiagorentzako lanpostuak sortu dira (zuzenekoak eta zeharkakoak); Indiako automobilgintzaren sektorea munduko handienetako bat da.

India da munduan traktore gehien fabrikatzen dituena, bigarrena bi gurpileko ibilgailu gehien fabrikatzen dituztenen artean, bigarrena autobus gehien egiten dituztenen artean, bosgarrena kamioi astunetan eta seigarrena automobiletan.

Automobilgintzako osagaien industriari dagokionez, 2017an BPGd-aren %2,3 izan zen eta 1,5 milioi pertsonari baino gehiagori eman zien lana, zuzenean eta zeharka.

Horregatik, lehentasunezko merkatuen eta Nazioarteko Plana nazioartean zabaltzeko laguntzaren ardatzen barnean, Nafarroako Gobernuak automobilgintzaren sektoreko balio-kateko Nafarroako enpresak gonbidatzen ditu automobilgintzako osagaien fabrikatzaile indiarrekin eginen den topaketan parte hartzera. Irailaren 18an izanen da eta ACMA elkarteak (Automotive Component Manufacturers Association of India) Nafarroara eginen duen bisitaren barnean dago.

ACMA automobilgintzako osagaien sektoreko elkarte nagusia da eta 750 kide baino gehiago ditu; sektorearen %85 hartzen du balioari dagokionez.

Indiako ordezkaritza sektore horretako 15 enpresa inguruk osatuko dute.

Ekintzaren helburua, Nafarroan automobilgintzaren sektorea bultzatzeaz gain, topaketak erraztea da, automobilgintzako osagaien eremuan eta zehazki honako alor hauetan ari diren Nafarroako eta Indiako enpresen artean (fabrikatzaileak eta ingeniaritzakoak), harreman komertzialak eta/edo lankidetza teknologikoa sustatzeko:

–Osagai elektronikoak.

–Bibrazioaren aurkako sistemak.

–Esekidura eta direkzioa.

–Txasisa eta metalezko osagaiak.

–Doitasunezko estanpazioa.

–Ponpa hidraulikoak.

–Mihiztatze mekanikoak.

–Galdaketa eta mekanizazio osagaiak.

–Forjaketa eta torlojugintza.

–Doitasunezko malgukiak.

Helburua da aztertzea zein aukera dauden produktuak elkarrekin garatu eta fabrikatzeko, teknologia transferitzeko akordioak egiteko, lankidetzarako aliantzak sortzeko, ezagutza trukeak egiteko, etab.

Ekintzaren edukia.

Finantzatutako ekitaldiak honako jarduera hauek bilduko ditu:

–Indiako automobilgintzaren sektorearen aurkezpena.

–Katalogoa egitea Nafarroako enpresa parte-hartzaileekin.

–Katalogoa egitea Indiako enpresa parte-hartzaileekin.

–Banakako topaketak Nafarroako eta Indiako enpresen artean, bazkaria eta ondorengo networking-erako tartea barne.

Enpresa parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

Ekintza honetan parte hartzen duten enpresek bete behar dituzten baldintzak honako hauek dira:

–Zentro teknologikoak edo automobilgintzaren sektoreko balio-kateko faseren bateko enpresak izatea.

–Nafarroan egoitza edo helbide soziala izatea eta bertan garapen eta/edo ekoizpen lanak gauzatzea.

Eskaera aurkezteko epea:

Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, 2018ko irailaren 14a baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Atariaren zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7731/Apertura-de-plazo-para-participar-en-los-encuentros-empresariales-con-fabricantes-de-componentes-de-automocion-indios

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Ekitaldian parte hartuko duten Nafarroako enpresen katalogoa eginen da. Formularioan eskatutako informazioa irailaren 6a baino lehen aurkezten duten enpresek ziurtatua izanen dute katalogo horretan agertzea.

Gehienez parte har dezaketen enpresen kopurua:

Jardunaldian 40 enpresak parte har dezakete, gehienez. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira enpresa parte-hartzaileak, gehieneko kopurura heldu arte.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak eskaera onartu dela jakinaraziko die inskripzio-fitxan adierazitako helbide elektronikora mezua bidalita, eta ekintzarako prestatzeko bilera baterako dei eginen die.

Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak:

–Enpresaren datuak ematea, ekintzan parte hartzeko eskaeran ageri direnak.

–Ekintza egiten denetik hasita 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 13an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F1810347