144. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VILLATUERTA

Ordenantza, Udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituena.
Behin betiko onespena

2016ko maiatzaren 31ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, hasiera batean onetsi zen Udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza, eta 2016ko 77. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 22an, eta Udalaren iragarki-taulan argitaratu zen.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork erreklamazio, eragozpen edo oharrik aurkeztu gabe, erabakia behin betikoa bilakatu da, eta ordenantzaren testu osoa ondotik argitaratzen da, ondorio juridikoak izan ditzan.

Villatuertan, 2018ko ekainaren 26an.–Alkatea, Asier Urra Ripa.

UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Villatuertako Udalaren hilerria zerbitzu publikoko ondasuna da, Udalaren agintearen mendekoa, hari baitagozkio hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zainketa, beste agintaritza eta erakundeen esku den hartan izan ezik.

2. artikulua. Udalari dagozkio:

a) Hilerria antolatu, mantendu eta egokitzea.

b) Partikularrei baimena ematea hilerrian edozein motatako obrak edo instalazioak egiteko, baita horiek zuzendu eta ikuskatzea ere.

c) Hilobien gaineko emakidak esleitzea eta mota guztietako ehorzketa-eskubideak onartzea.

d) Legez ezarritako eskubideak eta tasak kobratzea.

e) Higieneari dagokionez, eman diren edo etorkizunean emanen diren neurriak betetzea.

f) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen ditu, eta bere eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Udalari.

4. artikulua. Zein den udalerriko biztanleriaren zentsua, horren araberako hilobi hutsen kopurua egonen da hilerrian, edo haietarako lur aski bederen bai.

II. TITULUA

Hilerriko barne antolamendua eta gobernua

5. artikulua. Hilerriko seriotasunari eta antolamendu egokiari traba egin diezaiekeen animalia orori ez zaio hilerrian sartzen utziko. Garraioko ibilgailuen sarrera ere ez da onartuko, ez badira zerbitzuko udal ibilgailuak, ehorzketa-zerbitzuko enpresa adjudikaziodunarenak edo hilerrian berean erabiliko diren eraikuntza materialak eramaten dituztenak, gidariek behar diren lizentziak eta baimenak badauzkate.

Nolanahi ere, garraiobide horien jabeak izanen dira hilerriko bide eta instalazioetan eragindako kalteen erantzuleak eta berehala konpontzera behartuak, edo, hala behar balitz, kalte-ordaina ematera. Jabea ez badago, berehala eskatzen ahal zaio erantzukizun hori bera kaltea eragin duen ibilgailuaren gidariari.

6. artikulua. Obrak egiteko, Udalak finkatzen dituen orduetan baino ez da materialik sartuko. Partikularrek egiten dituzten obrak aldez aurretik ezarritako orduetan egin beharko dira, 5. artikuluak aipatzen dituen lizentzia eta baimenak dituztela.

7. artikulua. Debeku da hilerri barnean piezak edo marmolak zerratzea edo gisakoak egitea.

8. artikulua. Udalaren ardura izanen da hilerriaren mantentze eta garbiketa lanak egitea.

Titularren betebeharra da hilobiak, objektuak eta instalazioak zaintzea, segurtasun, higiene eta apaindurako baldintzak behar bezala betez.

Partikularrek hilobiak garbitzeko eta zaintzeko betebeharrean huts egiten badute, eta narriatze zantzurik baldin bada, Alkatetzak interesdunei eskatuko die, 30 egunean beren zabarkeriaz eragindako narriadura konpontzeko. Horrela egin ezean, hori aski izanen da ehorzketak egitea debekatzeko.

Epe hori iraganik, Udalak subsidiarioki egiten ahal ditu lan horiek, interesdunen kontura egin ere. Horiek berehalakoan ordaintzen ez badute, emakida iraungiko da eta hilobia Udalaren eskuetara itzuliko da; hori guztia, borondatezko ukoa ukatu gabe.

III. TITULUA

Hilotzak ehorztea, hilobitik ateratzea, lekuz aldatzea eta autopsiak egitea

9. artikulua. Ehorzketak, hobitik ateratzeak eta gorpuzkien lekualdatzeak Hilotzen gaineko osasunari buruzko Erregelamendua onesten duen urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuaren arauei jarraikiz eta ondoko artikuluetan xedatutakoaren arabera eginen dira.

Aipatutako zerbitzuen truke, ordenantza honetako I. eranskinean ezarritako zenbatekoak ordaindu beharko dira 30 egun balioduneko epean, zerbitzuak eman diren egunetik hasita.

10. artikulua. Hilerrian, ehorzteko ekartzen den edozein hilotzi lur emanen zaio, legezko tramiteak bete badira.

11. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere.

Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz aterako dira hilotzak, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuz.

12. artikulua. Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren, horren berri emanen zaie interesdunei, lana gainbegira dezaten.

Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ordea, ez da inolako abisurik eman beharko.

13. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badakar, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere bost urte iraganda atera daitezke, hezur hutsa baldin badira.

b) Hilobi mota guztietan: zinkezko hilkutxan ehortzi bada, edozein unetan atera eta lekuz alda daiteke, hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada.

14. artikulua. Hilotz bat hilobitik ateratzean eta lekuz aldatzean edo berrehorztean, horren oharra jasoko da erregistro liburuan, dagokion hilobian, partikularraren baimena duela.

IV. TITULUA

Ehorzketa-eskubideak

I. KAPITULUA

Ehorzketa-eskubideak oro har

15. artikulua. Ehorzketa-eskubidean titulu honek aipatzen dituen emakida eta errentamenduak sartzen dira. Udalak eman eta onartuko ditu ehorzketa-eskubideak, ordenantza honen printzipioei jarraikiz.

16. artikulua. Ehorzketa-eskubide guztiak dagokien erregistro liburuan inskribatuko dira eta emakidak behar den titulua emanez egiaztatuko dira.

17. artikulua. Ehorzketa-eskubideak hilerriko hilobiaren erabilera baizik ez dakar, hilerria Udalaren jabaria baita, ordenantza honen 1. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

18. artikulua. Gizakien hilotzak eta gorpuzkiak hobiratzea izanen da aurreko artikuluan definituriko ehorzketa-eskubidearen arrazoi eta xede.

Honako hauetan gauzatu ahalko da:

–Hilobirako lurra.

–Kolunbarioa.

19. artikulua. Ehorzketa-eskubideak eta horien ondorioz egiten diren eraikuntzak merkataritzatik kanpoko ondasuntzat jotzen dira. Hortaz, ezin dira salerosi, ezta trukatu edo inola eskualdatu ere. Ordenantza honetan aurreikusten diren eskualdaketak baizik ez dira baliozkoak.

20. artikulua. Titularra testamenturik utzi gabe eta ahaiderik gabe hiltzen bada, Udalaren esku geldituko da ehorzketa-eskubidea, zer epetarako eman zen, hura iragan ondoren. Halaber, kolunbarioekin, senideek ez badute emakidaren luzapenik eskatzen, epea iragan ondoren iraungiko da, eta eskubidea Udalaren eskuetara itzuliko da.

21. artikulua. Ehorzketa-eskubideaz baliatzeak behar den tasa edo ordainarazpena ordaintzea dakar berekin, ordenantza honetako xedapenekin bat (I. eranskina - Tarifak).

II. KAPITULUA

Kasuan kasuko ehorzketa-eskubideak. Emakidak

22. artikulua. Emakidak eta errentamenduak honela ematen ahalko dira:

a) Pertsona fisiko bakar baten izenean.

b) Erlijio komunitate edo elkarte baten izenean, edo laguntzarako edo ospitale gisako establezimendu batenean, horiek administrazio publikoak onartuak badira eta beren kide, onuradun edo babespekoek baizik ez erabiltzeko bada.

c) Korporazio, fundazio edo legez eraturiko entitateen izenean, beren kide edo enplegatuek erabiltzeko bada.

d) Bi ezkontideren izenean, lehen aldiz eskuratzen den unean.

23. artikulua. Aseguru konpainiak eta gisakoak ez dira, inola ere, ez emakiden ez bestelako ehorzketa-eskubideren titular izaten ahal. Hortaz, Udalari dagokionez, hitzartzen dituzten poliza edo kontratuen klausulek ez dute ondoriorik izanen, kasuan kasuko ehorzketa-eskubidea ordaintzeko behar den kapitala emateaz beste eskubide batzuk eman nahi badizkiete beren aseguratuei.

24. artikulua. Emakidak behar den tituluaren bidez egiaztatuko dira; udal administrazioak emanen du hura.

Emakidaren tituluetan honako hauek jasoko dira:

–Hilobia eta titularra identifikatzeko datuak.

–Udalak noiz eman zuen emakida ebazpena, eta hori zer epetarako den.

–Hirugarrenei eskualdatzearen gaineko xehetasunak.

25. artikulua. Hilobiaren titulua hondatu, ebatsi edo galduz gero, haren kopia emanen da, interesdunak eskaria eginda.

Hilobiaren tituluetako izenetan edo bestelakoetan akatsik hautematen bada, arrazoitu eta frogatu ondoren zuzenduko dira, titularrak eskabidea eginda.

26. artikulua. Alkatetzak emanen du hilobi eta kolunbarioen emakida, eskaeren ordenari jarraikiz, interesdunek aurretik eskatuz gero.

Adinez nagusia den pertsona orok eskatzen ahalko du hilobi edo kolunbarioen emakida.

27. artikulua. Ehorzteko emakida administratiboaren bidez erabiliko dira hilerriko lur guztiak, eta hura Udalak emanen du ordenantza honi jarraikiz.

Ez da inoiz eta inola epe mugarik gabeko emakidarik emanen.

Bi emakida mota izanen dira:

a) Hilobiak egiteko lurzatiak.

b) Errauts eta gorpuzkiendako kolunbarioak.

Emakidak 20 urte iraunen du. Hala eskatuz gero, 10 urteko luzapena emanen da.

Hura bukatzean, titularrak edo herentzia zein beste titulu batez subrogatzen direnek hautara izanen dute, emakida motaren arabera, gorpuzkia uzteko kolunbario baten emakida eskatzea edo hura hilobitik atera eta hobi orokorrera eramateko eskatzea.

28. artikulua. Lursail berean hurrenez hurren egiten diren hobiratzeek ez dute ehorzketa-eskubidea aldatuko.

29. artikulua. Hilerrian ematen diren lurren emakida guztiak, ehorzteko eta hilobietan baimendutako elementuak paratzeko baizik ez dira ematen, eta horretara mugatzen dira emakiden eskubide guztiak.

Emakida ezin izanen da inolaz ere salmentatzat jo.

30. artikulua. Emakidetarako aipatu epea izanik ere, hilerria epe hori bukatu baino lehen itxi behar bada, eskubideen titularrek kalte-ordaina hartzen ahal dute iragan gabeko epeagatik; alabaina, kalte-ordaina kalkulatzeko, ordaindutako tasaren zenbatekoa baizik ez da kontuan hartuko, eta ez emakidadunak egindako obrarena edo instalazioena.

Udal hilerriko zerbitzuak emateko tasak arautzen dituen ordenantza (2011ko 41. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, martxoaren 1ean) indarrean sartu aurretik egindako ehorzketak, bai eta, horren ondoren egin diren arren, dagokien prezioa ordaindu ez dutenak ere (eta, ondorioz, emakida titulurik ez dutenak), bi hilabeteko epean erregularizatu beharko dira, ordenantza hau behin betiko onesten denetik hasita, edo Udalak prozedura hori arautzean ezartzen duen epean.

Aurreko paragrafoan aipatutako epean, ehortzitako hildakoen senide edo hurbilekoek eskatzen ahalko dute titulurik gabe okupaturiko lurren emakida.

Erregulatu gabe dauden lurretan ehortzitako gorpuzkiak hobi komunera eramanen dira, ordenantza honetako 13. artikuluan ezarritako epea iragan dela ziurtatu ondoren.

31. artikulua. Emakidaren prezioa, ordenantza honetako I. eranskinean zehazten dena, 30 egun balioduneko epean ordainduko da, jakinarazpena egiten denetik. Emakidak ez du inolako ondoriorik izanen ordainketa egiaztatzen ez bada.

32. artikulua. Ehorzketen gauzatze materialaz arduratzen den enpresak dagokion hobia eginen du eta hilkutxa lurperatuko du, ordenantza honen II. eranskineko grafikoen arabera okupatu daitezkeen lurrak mugatu ondoren.

Okupatu daitezkeen lurrak ez dira inolaz ere 1,90 metro luzeko eta 90 zentimetro zabaleko neurritik gorakoak izanen.

Hilobietarako emakida duten lurren artean, 30 zentimetroko distantzia gordeko da, pasagunerako.

33. artikulua. Debekaturik dago emandako lurretan edozein motatako eraikuntza egitea. Dena dela, mugatzen ahalko da, haren perimetro osoan loreak edo zuhaixka txikiak landatuz zein harkoskoak edo erdilurpean dauden harriak jarriz. Harriak ezin dira 15 zentimetro baino gehiago atera lur-arrasetik, eta ez dira 5 zentimetrotik gorako zabalerakoak izanen. Nolanahi dela ere, hilerriaren egungo itxurarekin gaizki ematen ez duten materialak erabiliko dira.

34. artikulua. Emandako lurraren aurrean, kalearen ertzean, hilarriak, gurutzeak, oroigarriak, etab. paratzen utziko da, haien luze-zabalak ez badira hauek baino handiagoak:

Altuera: 80 zentimetro arte.

Zabalera: 50 zentimetro arte.

Gehieneko sakonera: 20 zentimetro arte.

Elementu horiek inguruko itxura eta harmoniarekin bat etorriko dira.

Bertikalean paratu beharko dira, ez baita onartuko horizontalean paratzea.

Hori ezinbestekoa da, eta hilerriaren beraren diseinuaren araberakoa da, haren asmoa baitzen ehorzketarako eremuak lurraren arrasean egotea, eta hilerriaren baitan modu homogeneoan banaturik egotea, hilobiek lurra estali gabe.

III. KAPITULUA

Ongintzako ehorzketak eta hobi orokorra

35. artikulua. Lur emateak dakartzan gastuak ordaintzeko inolako diru baliabiderik ez duten pertsonen hilotzak ehorzteko hilobiak izanen dira.

Horiek ez dira emakidetan sartuko eta haien erabilera ez da inolako eskubideren mende egonen.

36. artikulua. Hilobi hauetan ez da hilarririk edo hilartitzik paratuko eta Udalarenak direla baizik ez du jarriko.

37. artikulua. 13. artikuluan ezarritako epea iraganda, gorpuzkiak hobi orokorrera eramanen dira.

38. artikulua. Hildako baten senideek, ezta beste pertsona interesdunek ere, ez dute inola ere hobi orokorrean lurperaturiko hilotza erreklamatzen ahal.

Salbuespen bat egin beharra dago agintaritza judizialak edo osasun arlokoak hala agintzen duten kasuetan.

IV. KAPITULUA

Ehorzketa-eskubideen eskualdaketa

39. artikulua. Udalak ehorzketarako lurren eta kolunbarioen ondorengotzari buruz egiten duen onarpenak ondorioak sorraraziko ditu administrazio aldetik, baina horrek ez dakar inolako aurreusterik arlo zibilean aferarik baldin bada.

40. artikulua. Eskualdatzea gauzatu ahalko da inter vivos egintzen bidez, oinordetza bidez, haien titularrak testamentua egin ala ez, baita dohaintza bidez ere, horrelakoetan araubidea ondorengotzarena bera izanen delarik.

41. artikulua. Eskualdatzea inter vivos egintzen bidez egin ahal izateko beharrezkoa izanen da hilobian ehorzketarik egin ez izana emakida eman zenetik. Salbuespenezko kasuetan, hilobia erabilia izan denean ere, Udalak haren eskualdatzea baimentzen ahalko du, horretarako baldintzak ezarrita, eskualdatzea egiten bazaio honako ahaidetasun maila hauetakoren batean sartzen ez den pertsona bati:

a) Titularraren ezkontideari.

b) Horien bien lerro zuzeneko ahaideei, lerroa gorakoa nahiz beherakoa izan, mugarik gabe, eta alboko lerrotik odolkidetasunaren 4. gradu zibileraino eta ezkontza bidezko ahaidetasunaren 3. graduraino. Eskuratzaile berriak emakida eman zenean lurraren edo kolunbarioaren truke ordaindu zen prezioaren eta subrogazioaren egunean tarifaren arabera ordaindu behar denaren arteko aldea pagatu beharko dio Udalari, eta eskualdatzaileak, berriz, ez du emakida hartu zuenean Udalari ordaindu ziona baino gehiago eskuratzen ahal.

Hala ere, erregistroko liburuaren arabera, emakida eman zenetik 4 urte baino gutxiago iragan baldin bada, Udalak emakida bertan behera uzteko eskubidea izanen du, eta hilobia Udalaren eskuetara itzuliko da. Eskubide hori erabili ezean, aurreko lerroaldean ezarritakoari lotu beharko zaio.

Eskubide hori erabiltzeko epea hilabetekoa da, Udalari modu sinesgarrian eskualdaketaren berri ematen zaionetik.

42. artikulua. Mortis causa eskualdatzeari dagokionez, ehorzketa-eskubidearen titularraren heriotza gertatzen denean, hauena izanen da, hurrenez hurren, eskualdatzeko eskubidea: testamentuaren araberako oinordeak, bizirik geratzen den ezkontidea edo, halakorik ez bada, testamenturik gabeko oinordetza jasoko duten pertsonak.

Kausatzaileak jabe-oinordeak uzten baditu edo bizirik irauten duen ezkontiderik ez bada, eta hainbat lagun gertatzen badira interesdunaren oinordeko, gainontzekoek beren artean gehiengoz hautatzen dutenaren alde onartuko da ehorzketa-eskubidearen titulartasuna. Hori hiru hilabeteko epean egin behar da, kausatzailearen heriotzatik edo oinordeak deklaratzeko egintza eman zen egunetik hasita. Gehiengorik lortu ezean, eskubidea oinordekoen artetik zaharrenaren alde onartuko da.

43. artikulua. Hilobia erabiltzeko eskubidea nork duen aldiro jakiteko, erregistroko liburuan paratuko da nor den eskubide horren edukitzailea eta horrengandik abiatuta kontatuko dira betiere, 52. artikuluak aipatzen dituen ahaidetasun mailak. Eskubide horien eskualdaketak ere idatzita jarriko dira emakidaren tituluan.

44. artikulua. Hilerriko lurren emakidak hilobia erabiltzeko eskubidea sorrarazten die titularrari eta senideei, ordenantza honetako aginduei lotuz, betiere.

Lurren emakidetan, titularraz eta ezkontideaz gain, lerro zuzeneko haien ahaideak ere ehorzten ahal dira, aurrekoak nahiz ondokoak izan, mugarik gabe, baita alboko lerrotik odolkidetasunaren 4. graduraino eta ezkontza-ahaidetasunaren 3. graduraino daudenak ere.

Udalak beste edozein ehorzketa baimentzen ahal du, titularrak baimen idatzia ematen badu aldez aurretik eta baimentzeko unean dagozkion eskubideak ordaintzen baditu.

45. artikulua. Ehorzketa-eskubide bat zer epetarako eman zen, haren hurrenez hurreneko eskualdatzeek ez dute epe hori aldatuko.

46. artikulua. Titularrak uko egiten ahal dio ehorzketa-eskubideari, dagokion hilobian gorpuzki ehortzirik ez bada.

Horretarako, eskabidea eginen dio Udalari, eta hura gero berretsi beharko da, interesduna bera edo haren legezko ordezkaria agertuta.

V. KAPITULUA

Ehorzketa-eskubideen galera edo iraungipena

47. artikulua. Ehorzketa-eskubidea galdu edo iraungiko da eta kasuan kasuko hilobia Udalari itzuliko zaio, kasu hauetan:

a) Eraikuntzaren aurri-egoera dela eta, aldez aurretiko txosten teknikoan deklaratua, eta titularrak konpontzeko eta egokitzeko ematen zaion epea betetzen ez badu. Lehenago espedientea ireki behar litzateke eta interesdunari entzutea eman.

b) Hilobia abandonaturik uzten denean. Halakotzat hartuko da, titularra hil eta bi urte geroago ondorengoek edo herentzia zein bestelako tituluren baten bidez subrogaturiko pertsonek eskaririk egin ez badute beren aldeko eskualdatzea egin dadin.

Ondorengoak edo herentzia zein beste tituluren bidez subrogaturiko pertsonak eskualdatzea eskatzera agertu eta hilobia egoera okerrean aurkitzen badute, 3 hilabete izanen dira hura egokitzeko. Epe hori konponketak egin gabe iraganik eta 8. artikuluko tramiteak egindakoan, ehorzketa-eskubidearen iraungipena dekretatuko da, eta Udalaren eskura itzuliko da.

Emakida zer lurretarako eman den, eraikuntza haien gainean egiten ez bada, orduan ere itzuliko da Udalaren eskura.

c) Eskubidea zer epetarako eman zen, hura iragaten denean.

d) Behar den epearen barrenean eskubideak edo tasak ordaintzen ez badira.

e) Aurreikusi bezala titularrak berariaz uko egiten duenean.

f) Hilerria desagertzeagatik.

Artikulu honetan aipatzen diren espedienteetan, 15 egunean entzutea emanen zaio emakidaren titularrari edo haren ondorengoei, bana-banako jakinarazpenaren bidez eta iragarkia iragarki-taulan paratuta, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da haiek ezezagunak direnean edo haien helbidearen berri ez dagoenean.

Xedapen gehigarria

Ordenantza honek aipatzen ez duen orotan, alor honetako legeriak ezarritakoari jarraituko zaio.

Azken xedapena

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, behar diren tramiteak egin ondoren.

Xedapen indargabetzailea

Bakarra.–Indarrik gabe uzten dira, baliorik eta eraginik ez dutela, ordenantza hau osoki betetzeari kontra edo traba egiten dioten udal mailako lehenagoko xedapen guztiak.

I. ERANSKINA

Tarifak

I. epigrafea.–Ehorzketak eta berrehorzketak:

Hobietan: 175,00 euro.

Gorpuzkiak edo errautsak, lurrean edo kolunbarioetan: 50,00 euro.

II. epigrafea.–Hobitik ateratzea:

175,00 euro.

III. epigrafea.–Lurreko hilobien, nitxoen eta kolunbarioen emakida:

1. Hilobietarako lurzatiak:

a) 20 urterako emakida, luzapenarekin:

–20 urteko emakida: 150,00 euro.

–10 urteko luzapena: 60,00 euro.

b) Haurrendako emakida, 12 urte bitarte:

–20 urteko emakida: 100,00 euro.

–10 urteko luzapena: 40,00 euro.

2. Errauts eta gorpuzkiendako kolunbarioak:

a) 20 urteko emakida: 150,00 euro.

b) 10 urteko luzapena: 60,00 euro.

IV. epigrafea.–Titulartasun aldaketa hilobien emakidetan:

Titulartasun aldaketa bakoitzeko: 25,00 euro.

II. ERANSKINA

Ehorzketetarako grafikoak

L1808315_0.pdf

Iragarkiaren kodea: L1808315