140. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

175/2018 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Barneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten baitira langileen, kontratuen, joko eta ikuskizunen eta josteta jardueren arloko zenbait eskudantzia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36. artikuluak arautzen du organoen arteko eskumenen eskuordetzea, baita haren baldintzak eta betebeharrak ere.

Otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak zehazten ditu Nafarroako Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak, eta eskumen batzuk esleitzen dizkie zuzendari nagusiei.

Nafarroako kontratu publikoei buruzko foru araudiak (gaur egun, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak) kontratuen arloko eskudantzia batzuk ematen dizkio zuzendari nagusiari. Era berean, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 9ko 198/2015 Foru Dekretuak Departamentuko zuzendari nagusien esku uzten du, kasuan kasuko eskumenen esparruan, kontratazio arloan indarra duen legeriak Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari ematen dizkion eskudantzia administratiboen titulartasuna eta erabilera.

Barneko Zuzendaritza Nagusiko jarduerak azkarrak eta eraginkorrak izan daitezen, beharrezkotzat jotzen da dagozkion eskuordetzeak Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendariari egitea.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36. artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea Barneko zuzendari nagusiari dagozkion ondoko eskudantzien erabilera:

Langileen arloan: langileak zuzendu eta antolatzeko eskumenak erabiltzea, barnean direla haien mailarekin eta izendapenarekin bat datozen eginkizunak banatzekoak; aparteko orduak egiteko baimena ematea, arauetan ezarritako baldintzekin bat, eta, hala badagokio, horiek pagatzea; erregelamenduz ezarritako oporrak, lizentziak eta baimenak ematea, zerbitzuko langileei dagokienez.

Kontratuen arloan: kontratu publikoen arloko berezko eskumenak edo eskuordetutakoak, zerbitzuaren eremu materialarekin loturik.

Jokoaren arloan: Nafarroako Joko eta Apustuen Erregistroa mantentzea (joko enpresen, materialen, establezimenduen, baimenen eta profesionalen inskripzioak, aldaketak eta ezerezteak); Jokorako Sarbideko Interdikzioen Erregistroa mantentzea (inskripzioak eta ezerezteak); joko aretoak ustiatzeko baimena; joko eta apustu makinak ustiatzeko baimena; joko eta apustu makinak ezartzeko baimena; zozketak, tonbolak eta ausazko konbinazioak baimentzea.

Ikuskizun publikoen eta josteta jardueren arloan: zezen-ikuskizunetako profesionalen erregistroa mantentzea (inskripzioak, aldaketak eta ezerezteak); zezenketa esparruak homologatzea eta berrirekitzeak baimentzea; zezenketa-ikuskizunak baimentzea; ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak baimentzea; establezimendu publikoen ordutegi bereziak baimentzea.

2. Barneko zuzendari nagusiak noiznahi eskuratzen ahal du edozein espediente, ebazpena eman ahal izateko.

3. Ebazpen honen ondoriozko eskuordetzaren bitartez ematen diren ebazpenetan, inguruabar hori aipatu beharko da. Ulertuko da ebazpen horiek, ondorio guztietarako, Barneko zuzendari nagusiak eman dituela, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua.

4. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra, ondoriorik gabe utzita 313/2016 Ebazpena, ekainaren 13koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten baitira langileen eta kontratuen arloko zenbait eskudantzia.

5. Ebazpen hau igortzea Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Barne Zuzendaritza Nagusiko Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendariari, baita Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari ere.

Iruñean, 2018ko uztailaren 5ean.–Barneko zuzendari nagusia, Agustín Gastaminza Oiz.

Iragarkiaren kodea: F1809031