140. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

122/2018 EBAZPENA, maiatzaren 30ekoa, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Sesman goi tentsioko instalazio elektriko bat jartzeko aurretiazko administrazio baimena onetsi, zehazki haren onura publikoa deklaratu eta eraikitzeko administrazio baimena onesten duena.

2017ko ekainaren 21ean, Carlos Sobrino San Martín jaunak, Iberdrola Distribución Eléctrica SAU ordezkatuz, instalazio elektriko honetarako administrazio baimena eskatu zuen, baita zehazki haren onura publikoa deklaratzea eta eraikitzeko administrazio baimena ere:

–Eskatzailea: Iberdrola Distribución Eléctrica SAU.

–Espedientea:

–Instalazioaren kokapena: Sesma.

–Xedea: Ixteko lotura bat egitea Lodosa BTAko aireko “Cárcar” linearen 273. euskarritik “Salobre 2” transformazio zentroraino.

–Ezaugarri teknikoak: Lodosa BTAko 13,2kV-eko aireko-lurpeko “Cárcar” linea mistoa, 273. euskarria eta “Salobre 2” transformazio zentroa lotzeko. Linea airetik abiatuko da (158 metro, 47-AL1/8ST1A eroalearekin, 2 euskarri) 273. euskarritik 456. euskarri berrira, eta handik lur azpitik segituko du (29 metro, HEPRZ1 12/20 kV 3x1x240 mm² Al+H16 eroalearekin) “Salobre 2” transformazio zentroraino.

–Aurrekontua: 11.064,98 euro.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan xedatutakoa betez, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUren eskaera eta instalazioak ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza jendaurrean jarri ziren (2017ko ekainaren 29ko Diario de Navarran eta egun bereko 125. Nafarroako Aldizkari Ofizialean), eta Sesmako Udalari bidali zitzaizkion, ikusgai jar zitzan.

Proiektuaren separata bidali zitzaion Sesmako Udalari; ez du deus adierazi horri buruz. Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 146. artikuluak aplikatuz, ulertzen da ados daudela eskatutako baimenarekin.

Bestetik, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127., 131. eta 146. artikuluetan ezarritakoa aplikatuz, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak Iberdrola Distribución Eléctrica SAUren eskaera igorri zien ukitutako administrazio eta erakundeei.

2017ko irailaren 7ko ofizio baten bidez (Erref. 2017-O-964 MP/aaa), Ebroko Konfederazio Hidrografikoak honako hau adierazi zuen: “ez da arroko erakunde horren baimenik behar ur jabari publikoaren babesari eta korronteen erregimenari dagokionez, eta hartara ez da beharrezkoa txostena egitea”.

Azkenik, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak maiatzaren 9an emandako 102E/2018 Ebazpenaren bidez, ingurumen ukipenetarako baimena eman zitzaion proiektuari.

Adierazitakoarekin bat, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak urtarrilaren 15ean emandako 48/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz (2016ko 20. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 1ekoa), eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. eta 36. artikuluetan ezarritakoa betez,

EBATZI DUT:

1. Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri administrazio baimena ematea aipatutako instalaziorako.

2. Instalazio hori egiteko aurkeztutako proiektua, Félix Sánchez Remírez industria ingeniari teknikoak sinatua, onestea. Hogeita lau hilabete eman zaizkio obrak burutzeko.

3. Zehazki instalazioaren onura publikoa deklaratzea, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 149. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Enpresa eskatzailea onuradun gisa agertuko da desjabetze espedientean.

4. Instalazioak aurkeztutako proiektuari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

5. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaerako ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.

6. Baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat. Zehazki, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak maiatzaren 9ko 102E/2018 Ebazpenean xedatutakoari jarraituko zaio.

7. Ebazpen hau igortzea Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Ebazpen hau Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

9. Ebazpen hau jakinaraztea Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta Sesmako Udalari, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

10. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 30ean.–Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendaria, Roberto Yoldi Echarren.

Iragarkiaren kodea: F1807190