140. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

205E/2018 FORU AGINDUA, maiatzaren 25ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, Nafarroako osasun sistema publikoa Humanizatzeko Estrategiaren Aholku Batzorde Teknikoa sortzen duena.

Humanizatzeko Estrategia 2017ko azaroan aurkeztu zen, eta arreta emateko eredu berri bat lortu nahi du, atentzioaren erdigunean paziente edo pertsona bakoitza paratzen duena eta ez eritasuna edo prozesu medikoa. Kontuan hartu behar da atentzioa behar duen pertsona bakoitza une zaurgarri batean dagoela, osasun arazoek bere oreka pertsonalari, emozionalari edo fisikoari eragin diezaioketela eta ingurune ezezagun batean dagoela, estresagarriak izan daitezkeen pertsona, teknologia edo egoerez inguratuta; barnean daraman prozesuak berak ere kalteberatasuna sorrarazten dio.

Zerbitzuak herritarrengana bideratuko badira, osasun sistema osoan modu iraunkor batean errespetatu behar dira erabiltzaileen autonomia, intimitatea, sinesmenak, balioak eta sentimenduak arretari lotutako funtsezko une jakin batzuetan.

Estrategiaren arabera, atentzioa pertsonala eta gizatiarra bada, erabiltzaileen duintasuna eta balioak errespetatzen baditu, asegarriagoa da osasun sistemako profesionalentzat, pertsona eta profesional diren heinean eta, beraz, motibagarria eta garapen profesionalean lagungarria da.

Estrategiaren testuak adierazten du osasun sistema bikaintasun maila gorenerako bidean jartzen duen kalitate zientifiko eta teknologikoaren elementu osagarriak direla eritasunak sendatzeari edo zainketari loturiko komunikazioa, enpatia, hitzaren erabilera eta jarrerak. Izan ere, elementu horiek aukera ematen digute kalitate teknikoa hautemandako kalitatearen bilaketarekin bateratzeko.

Estrategiaren helburu nagusia paziente bakoitza atentzioaren erdigunean paratzea da, eta ez eritasuna edo prozesu medikoa.

Langileek estrategia prestatzeko prozesuetan parte hartu dute, ekarpenak eginez, eta Gardentasunaren Atarian egindako ekarpenak ere jaso ditu estrategiak.

Humanizatzeko Estrategiaren behin betiko testua prestatu ondoren, beharrezkoa da estrategia horretan parte hartzeko eta hori bultzatzeko organoak izatea, kontuan hartuta estrategiaren helburua osasun sistemak eskaintzen dituen zerbitzuak pazienteen autonomiaren gaineko kontzientziazio handiagoarekin bateratzea eta jardun profesionalak haien beharren arabera bideratzea dela.

Horregatik, beharrezkotzat jotzen da Aholku Batzorde Teknikoa sortzea, zeinak osasun sistema publikoko atentzio eremu guztietako partaideen diziplina anitzeko ordezkaritza integratzailea izanen baitu Nafarroako osasun zerbitzu publikoen zereginari pixkanaka-pixkanaka eraginen dion humanizazioa garatzeko prozesuak sustatzen dituzten faseak zehazte aldera.

Osasun arloko aholkularitza zientifiko-teknikoa egituratzeko Osasuneko kontseilariaren 1990eko urtarrilaren 12ko Foru Aginduaren 6. artikuluan adierazitakoarekin bat,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako osasun sistema publikoa Humanizatzeko Aholku Batzorde Teknikoa sortzea osasun sistema publiko osoa Humanizatzeko Estrategiari lotutako ekintzak diseinatzeko aholkularitza teknikoko organoa izan dadin.

2. Haren helburua osasun sistema publikoa Humanizatzeko Estrategian zehaztutako lerroak abiarazteko ekintza ildoak sustatu eta proposatzea izanen da, halako moduan non ekintza horien sustapen iraunkorra eginen baita osasun sistema publikoko eremu guztietan.

3. Honako hauek edo horiek ordezten dituztenek osatuko dute Aholku Batzorde Teknikoa:

–Lázaro Elizalde Soto, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburua izanen dena.

–Asunción Rey Escalera, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Herritarren eta Erien Arretarako Zerbitzuko burua, Batzordeko idazkari lanetan arituko dena.

–Javier Apezteguía Urroz, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Laguntza Integraturako zuzendariordea.

–Maite Soria Sarnago, Nafarroako Ospitaleguneko Osasun Zainketen zuzendaria.

–Begoña Flamarique Chocarro, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Mentaleko kudeatzailea.

–María Luisa Hermoso de Mendoza Merino, Lizarrako Osasun Barrutiko kudeatzailea.

–Concepción Moreno Sousa, Nafarroako Ospitaleguneko Prozesu Kirurgikoen Zainketen eta Baliabide Materialen zuzendariordea.

–Ana Carmen Jaso López, Tuterako Osasun Barrutiko zuzendari asistentziala.

–María José Lasanta Sáez, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Ataleko burua.

–Pilar Abaurrea Leoz, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzako Arreta eta Zainketa Soziosanitarioen Unitateko burua.

4. Eginkizun hauek izanen ditu Batzordeak:

–Nafarroako osasun sistema publikoa Humanizatzeko Estrategia garatzeko irizpide orokorrak eta urteko helburuak zehaztea.

–Etengabeko koordinazioari eustea Nafarroako osasun sistemako eremuen arabera ezarri diren eta Humanizatzeko Estrategia abiarazteari lotuta dauden humanizazio batzorde guztiekin.

–Elkarte eta entitate komunitarioekin batera parte hartzeko guneak zehaztea proposamenak jasotzeko eta ekintza ildoen bideragarritasunari eta horiekin bat egiteko baldintzei buruz eztabaidatzeko.

–Estrategia garatzeko irakatsi beharreko prestakuntza koordinatzea.

–Estrategiari lotutako ekimenak babesteko baliabideak antolatzea: Jardunbide Egokien Batzordea, topaguneak, laguntza hobetzeko proposamenak, pazienteei laguntzeko guneen garapena, boluntariotza ekimenen koordinazioa, beharrezko laguntza ekonomikoak, eta estrategiaren ebaluazio orokorra.

–Informazio sistemak ikertzeko edo doitzeko beharrak zehaztea Estrategia hobeki garatu ahal izateko.

–Departamentu arteko ekimenekiko koordinazioa, osasun sistema publikoan eraginkorrak izan daitezen.

–Kudeaketa eremuen ordezkaritza bermatzea hartutako erabakiak eraginkorrak izan daitezen.

–Pazienteen irisgarritasun eta erosotasun baldintzak hobetzeko behar diren obrei edo proiektuei buruzko analisiak egitea.

–Laguntzeko materialak eta baliabideak sortzea.

–Beste autonomia erkidego batzuetako Humanizatzeko Estrategiekiko harremanak proposatu eta eratzea jarduera guztietarako.

5. Batzordeak egoki iruditzen zaizkion aholkulari espezialistei deitzen ahalko die laguntza eskatzeko.

6. Batzordeak foru agindu honi eta barne funtzionamendurako arauei jarraituko die.

7. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 25ean.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F1807227