140. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

48/2018 FORU AGINDUA, ekainaren 15ekoa, Garapen Ekonomikorako kontseilariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren esku uztea Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioari zuzeneko diru-laguntza ematearen eta ordaintzearen kudeaketa, aurreikusitako jarduketak egin daitezen proiektu honetan: “Belagua eta L’Abérouat, Larraren eta Auñamendiren ateak. Pirinioetako natur ondarea balorizatzeko estrategia bat”.

2018ko ekitaldirako Nafarroako gastuen aurrekontuan, honako partida hauek daude:

PARTIDA

IZENA

ZENBATEKOA

740007 74700 7819 456202

Proiektu europarra, NKGI (POCTEFA NMEKF)

80.424

810001 81100 7819 422202

Nafarroako Mendi Federazioa. Belaguako aterpea. POCTEFA Belarouat

40.000

830001 83100 7819 432100

Nafarroako Mendi Federazioa. Belaguako aterpea. POCTEFA Belarouat

40.000

A50001 A5410 7819 336102

POCTEFA Belarouat-NMEKF proiekturako diru-laguntza

60.423

“Belagua eta L’Abérouat, Larraren eta Auñamendiren ateak. Pirinioetako natur ondarea balorizatzeko estrategia bat” izeneko proiektuaren helburua da baterako estrategia bat sortzea eta abiaraztea Belaguako (Nafarroa) Ángel Olorón aterpearen eta Laskungo (Pirinio Atlantikoak) L’Abérouat aterpearen artean, helburu izanik natur ingurunea sustatzeko eta kontserbatzeko jarduerak egitea. Belaguako aterpea berreskuratzeaz gain, eta L’Abérouat aterpearekin lotzeaz gainera, hezkuntzako, prestakuntzako, kiroleko eta turismoko jarduketak jaso dira, eskualdeetako tokiko ekonomia dinamizatzen laguntzeko, garapen jasangarriaren ikuspegiarekin.

Proiektu hori bultzatzeko finantzaketa bilatzeko, Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak eskaera bat aurkeztu zuen, onartua izan zedin Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Europako programaren (POCTEFA) deialdian, 3. ardatzaren barnean (“Tokiko baliabideen babesa, balorizazioa eta erabilera jasangarria sustatzea”). Azkenik, programaren bigarren deialdian hautatu zen proiektua finantzaketa jasotzeko, XXXV. Osoko Kontseiluan, Biarritzen, 2017ko azaroaren 8an.

Jakinik zer interesa duten Belaguako aterpeak eta proiektuak oro har bai mendiko kirol jardueren ikuspuntutik, bai turismoaren eta ingurumenaren aldetik, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak eta Garapen Ekonomikorako Departamentuak egokitzat jotzen dute proiektu hau kofinantzatzea Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Europako programaren (POCTEFA) barnean. Goian aipatutako aurrekontu-partidetan gauzatu da interes hori.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen abuztuaren 28ko 133/2015 Foru Dekretuak, 3. artikuluan, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari esleitzen dizkio, batetik, kirolaren arloko programa berariazkoen sustapena, eta, bestetik, laguntza eta diru-laguntzetarako programen zuzendaritza eta kudeaketa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 39.1 artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko organoek ahalmena dute beste organo batzuei emateko beren eskumeneko lan materialak, teknikoak edo zerbitzuak egiteko ardura, dela eraginkorragoak izateko, dela lan horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako, hurrengo apartatuetan xedatutakoari jarraituz. Aipatutako 39. artikuluko 3. apartatuan ezartzen da ezen kudeaketa lan bat departamentu berekoa ez den administrazio organo bati esleitzeko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu baten menpeko erakunde publiko bati esleitzeko egoki diren kontseilarien baimena beharko dela.

Bai Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan, bai Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuan, bai Garapen Ekonomikorako Departamentuan badirenez zenbait partida, bidezkoa da, efikaziari begira, organo bakarra izatea diru-laguntzak emateaz eta ordaintzeaz arduratzen dena. Horrenbestez, beharrezkoa da tresnak ezartzea elkarlana izan dadin zuzendaritza nagusien eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren artean, kudeaketa-esleipenaren teknika erabiliz horretarako.

Esleipenaren xedea izanen da Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren organo eskudunek gauzatu ditzatela behar diren jarduketa administratiboak Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioari diru-laguntza emateko eta ordaintzeko, “Belagua eta L’Abérouat, Larraren eta Auñamendiren ateak. Pirinioetako natur ondarea balorizatzeko estrategia bat” izeneko proiekturako.

Kudeaketa-esleipena urtebeterako izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Garapen Ekonomikorako Departamentuari dagokionez, jarduketek haren bi zuzendaritza nagusi ukitzen dituztenez, ekonomiaren eta efizientziaren printzipioen izenean, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 38. eta 39. artikuluetan aurreikusitakoaren babesean, bidezkoa da bi zuzendaritza nagusien eskumenak beste baten esku uztea, halako moduz non egintza administratibo bakar baten bitartez emanen den baimena eta eginen den esleipena.

Horrenbestez, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak eta Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Baimentzea Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren esku uztea behar diren jarduketa guztiak Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioari eman eta ordaindu dakion zuzeneko diru-laguntza bat, aurreikusitako jarduketak egin daitezen proiektu honetan: “Belagua eta L’Abérouat, Larraren eta Auñamendiren ateak. Pirinioetako natur ondarea balorizatzeko estrategia bat”.

2. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren esku uztea Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren eta Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenak eta behar diren jarduketa guztiak esleitzea, Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioari eman eta ordaindu dakion zuzeneko diru-laguntza bat, aurreikusitako jarduketak egin daitezen proiektu honetan: “Belagua eta L’Abérouat, Larraren eta Auñamendiren ateak. Pirinioetako natur ondarea balorizatzeko estrategia bat”.

3. Esleipena urtebeterako izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

4. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren esku uztea Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren eta Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenak, bai eta, esleipen honen ondoriozko beharrei erantzuteko, 80.000 euro ere. Horietatik 40.000 euro izanen dira “810001 81100 7819 422202, Nafarroako Mendi Federazioa. Belaguako aterpea. POCTEFA Belarouat” izeneko partidaren kargura, eta gainerako 40.000 euroak, “830001 83100 7819 432100, Nafarroako Mendi Federazioa. Belaguako aterpea. POCTEFA” izeneko partidaren kargura, biak ere 2018ko gastuen aurrekontukoak izanik.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutura, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusira, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusira eta Garapen Ekonomikorako Departamentuko kontu-hartzailetza delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko ekainaren 15ean.–Garapen Ekonomikorako kontseilaria, Manuel Ayerdi Olaizola.

Iragarkiaren kodea: F1808466