130. ALDIZKARIA - 2018ko uztailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

45/2018 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, martxoaren 29ko 48/2011 Foru Agindua aldatzen duena, zeinaren bidez arauak eman baitziren Nafarroako Foru Komunitatean Musikako goi mailako arte irakaskuntzetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko.

ZIOEN AZALPENA

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritakoaren arabera, musikako goi mailako ikasketak goi mailako arte irakaskuntzen modalitate bat dira; irakaskuntza horien antolamendua ezarri zuen urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuak graduko eta graduondoko ikasketak bereizten ditu, eta azken maila horretan, master eta doktorego irakaskuntzak sartzen dira.

Maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuaren bidez, Musikako graduko goi mailako arte irakaskuntzen oinarrizko edukia arautu zen.

Martxoaren 29ko 48/2011 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Musikako graduko goi mailako irakaskuntzetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko arauak eman ziren. Arau hori indarrean jarri zenetik 7 urte igaro direla, arauaren aplikazioak erakutsi du zenbait alderdi hobetzen ahal direla.

Urtarrilaren 23ko 21/2015 Errege Dekretuaren bidez, urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretua aldatu zen, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez araututako goi mailako arte irakaskuntzak antolatu zituena. Orain, egoki ikusi da errege dekretu horretan bildutako zenbait alderdi zehaztea martxoaren 29ko 48/2011 Foru Aginduaren aldaketan.

Hezkuntzako zuzendari nagusiaren otsailaren 7ko 13/2018 Foru Aginduaren bidez, hasiera eman zitzaion martxoaren 29ko 48/2011 Foru Agindua aldatzeko foru agindu baten proiektua prestatzeko prozedurari (48/2011 Foru Aginduaren bidez arauak eman ziren Nafarroako Foru Komunitatean Musikako graduko goi mailako irakaskuntzetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko).

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.–Martxoaren 29ko 48/2011 Foru Aginduaren aldaketa (foru agindu horren bidez arauak eman ziren Nafarroako Foru Komunitatean Musikako graduko goi mailako irakaskuntzetan sartu, matrikulatu eta jarraitzeko).

II. kapituluan, Sarbidea izenekoan, 3.1 artikulua aldatzen da, honela idatzita geldituko baita:

Foru agindu honen 2.a) artikuluan ezarritako betebehar akademikoak betetzen ez dituzten 18 urtetik gorako pertsonak eta, orobat, proba egiten den urtean adin hori betetzen dutenak Hezkuntza Departamentuak antolatutako heldutasun proba bat gaindituz sartzen ahalko dira. Proba hori gaindituz gero, egiaztatua geldituko da izangaiak Batxilergoko helburuetarako heldutasuna baduela, baita irakaskuntza horiek probetxuz egiteko behar diren ezaupideak, trebetasunak eta jarrerak ere. Proba horrek betiko balioko du Estatu osoan goi mailako arte irakaskuntzetan sartzeko.

Foru agindu honen 2.a) artikuluan ezarritako betebehar akademikoak betetzen ez dituzten 16 urtetik gorako pertsonak eta, orobat, proba egiten den urtean adin hori betetzen dutenak Hezkuntza Departamentuak antolatutako heldutasun proba bat gaindituz sartzen ahalko dira. Proba hori gaindituz gero, egiaztatua geldituko da izangaiak Batxilergoko helburuetarako heldutasuna baduela, baita irakaskuntza horiek probetxuz egiteko behar diren ezaupideak, trebetasunak eta jarrerak ere. Proba horrek betiko balioko du Estatu osoan goi mailako musika edo dantza ikasketetan sartzeko. Inskribatzeko unean, agiri bidez, desgaitasunen bat dutela frogatzen duten pertsonek proba baldintzarik egokienetan egin dezaten, Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak hartuko ditu eta behar diren baliabide teknikoak eta langileak jarriko ditu.

III. kapituluan, Ikasketetan sartu, matrikulatu eta jarraitzea izenekoan, 12., 13. eta 18. artikuluak aldatzen dira, honela idatzita geldituko baitira:

12. artikulua. Matrikulan hartu beharreko kreditu kopurua ikasmailaren arabera.

12.1. Musikako goi mailako arte irakaskuntzen lehenengo kurtsoari buruzko zehaztapenak.

Musikako goi mailako arte irakaskuntzen lehenengo kurtsoan, ikasleak kurtso horretako ECTS 60 kredituetan matrikulatu beharko dira.

Bigarren kurtsoko irakasgaietan matrikulatu ahal izateko, beharrezkoa izanen da lehenengo kurtsoko gutxienez 30 ECTS kreditu gainditu izana.

12.2. Musikako goi mailako arte irakaskuntzen gainerako kurtsoei buruzko zehaztapenak.

Lehenengo kurtso osoa edo lehenengo kurtsoko 30 ECTS kreditu edo gehiago gainditu duten ikasleak matrikulatzen ahalko dira hurrengo kurtsoko irakasgaietan.

Une horretatik aurrera, kurtso bakoitzean gutxienez 30 ECTS kreditutan eta gehienez 80 ECTS kreditutan matrikulatu beharko dira. Azkeneko kurtsoan, salbuespenez, 30 ECTS kreditu baino gutxiagotan matrikula daitezke, baldin eta hori ikasketak bukatzeko gainditu behar dituen irakasgai guztietan matrikulatzearen ondorioa bada.

13. artikulua. Matrikulatzeko mugak.

Ezin da hirugarren kurtsoko irakasgaietan matrikulatu lehenengo kurtsoko gutxienez 40 ECTS kreditu edo gehiago gainditu ez badira. Era berean, ezin da laugarren kurtsoko irakasgaietan matrikulatu bigarren kurtsoko gutxienez 40 ECTS kreditu edo gehiago gainditu ez badira.

Gainera, ezin da kurtso jakin bateko irakasgaietan matrikulatu, aldi berean, aurreko kurtsoetan gainditu gabe utzitako irakasgai guztietan matrikulatzen ez bada.

Bestalde, ezinezkoa izanen da ikasturte berean eduki progresiboa duten bi irakasgaitan matrikulatzea, foru agindu honetan matrikula zabaltzeko azaltzen diren kasuetan izan ezik.

Horri dagokionez, ikastetxeek argitara emanen dute matrikulatu ahal izateko beste irakasgai bat gainditzea eskatzen duten irakasgaien zerrenda.

18. artikulua. Musikako goi mailako arte irakaskuntzetan matrikulatua egoteko gehieneko denbora.

2018-2019 ikasturtetik aurrera lehenbizikoz matrikulatzen diren ikasleek 6 ikasturte izanen dituzte, gehienez, Musikako goi mailako arte irakaskuntzak egiteko, betiere irakasgai bakoitzerako ezarritako gehieneko deialdi kopurua gainditu gabe. 2018-2019 ikasturtea baino lehen lehenbizikoz matrikulatu ziren ikasleek 8 ikasturte izanen dituzte, gehienez, Musikako goi mailako arte irakaskuntzak egiteko, betiere irakasgai bakoitzerako ezarritako gehieneko deialdi kopurua gainditu gabe.

Beste autonomia erkidego batzuetatik ekarritako espedienteen kasuan, ikasketa hauek egiteko gehieneko denbora kalkulatzearen ondorioetarako, aurretik egindako ikasturteak ere aintzat hartuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Indarrean dagoen foru araudian Musikako gradudun tituluari egiten zaizkion erreferentziak Musikako goi mailako tituluari dagozkiola ulertu behar da; indarrean dagon foru araudian Musikako graduko goi mailako arte irakaskuntzei egiten zaizkien erreferentziak Musikako goi mailako arte irakaskuntzei dagozkiela ulertu behar da.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena.–Garapena eta aplikazioa.

Hezkuntzaren zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio behar diren jarduketa guztiak egin ditzan foru agindu honetan xedatutakoa aplikatu eta garatzeko.

Azken xedapenetan bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 17an.–Hezkuntzako kontseilaria, María Solana Arana.

Iragarkiaren kodea: F1806614