13. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

140/2017 FORU AGINDUA, abenduaren 29koa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua onesten duen martxoaren 21eko 17/2012 Foru Dekretuaren 3. eranskinean ezarritako baremoa egokitzen duena.

2015eko apirilaren 27an, Nafarroako Gobernuak bitartekaritza sustatzeko lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuen Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin. Bertan bi alderdiek gatazkak modu adiskidetsuan konpontzen laguntzeko edo bide hori sustatzeko interesa agertu zuten, eta, horretarako, jurisdikzio guztietan horretarako ezarritako prozesu judizialetan bitartekaritzaren erabilera sustatzen zuten. Hitzarmen hori betetzeko, Nafarroako Gobernuak 2016an lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuen Foru Komunitatean diharduten Abokatuen Elkargo guztiekin, eta horren bidez diru-laguntza bat ematen zitzaien korporazio horiei jurisdikzio zibilean (merkataritza arlokoa barne) jurisdikzio barneko bitartekaritza zerbitzua eman zezaten, baita zigor arloko jurisdikzioan ere; hala ere, azken kasu horretan salbuetsita dago Iruñeko eta Agoizko barruti judiziala, jurisdikzio eta barruti judizial horietarako berariazko hitzarmena baitago, ANAME elkartearekin sinatua.

Hitzarmen horiek 2017ko ekitaldirako ere sinatu ziren, horretan esku hartzen duten profesionalen artean bitartekaritzaren kultura finkatze aldera, bereziki epaitegietan, horietan nagusi baita gatazken konponketa tradizionala.

Esperientzia hori abiarazi zenetik bi urte igaro ondoren, uste dugu profesional horiek behar bezala ezagutzen duten baliabidea dela bitartekaritza. Hori dela eta, dagoeneko behin betiko eta modu iraunkorrean ezarri behar da, urteko diru-laguntzari lotuta egon gabe. Horregatik, 2018ko ekitaldirako erabaki da hura Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua onesten duen martxoaren 21eko 17/2012 Foru Dekretuaren 3. eranskinean jasotako doako laguntza juridikoaren baremoetan sartzea.

Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua onesten duen martxoaren 21eko 17/2012 Foru Dekretuak honako hau ezartzen du lehen azken xedapenaren 1. apartatuan: “Foru dekretu honen bidez onetsitako Erregelamenduaren 3. eranskinean ageri diren diru-ordaineko moduluak eta oinarriak, bai eta 7. eta 31. artikuluetan aipatzen diren zenbatekoak ere, justiziaren arloko eskumena duen kontseilariak emaniko foru agindu bidez berrikusi ahalko dira”. Xedapen beraren 2. apartatuak hauxe eransten du: “Xedapen honetan aipatzen diren diru-ordaineko moduluen eta oinarrien berrikuspenerako beharrezkoa izanen da, betiere, ukitutako profesionalen elkargoei aldez aurretik entzutea”.

Foru dekretu beraren bigarren azken xedapenak hau dakar: “Ahalmena ematen zaio justiziaren arloko eskumena duen kontseilariari foru dekretu honen bidez onetsitako Erregelamenduaren 3. eranskinean ezartzen den baremoa prozesuei buruzko legerian zehazten diren prozeduretara egokitzeko, eranskin horretan aipatzen ez direnetara (...)”.

Proposamen-txostenak eta alegazio-txostenak osatutako espedientea ikusita, eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatua ados egonda, Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua onesten duen martxoaren 21eko 17/2012 Foru Dekretuaren lehen azken xedapenaren 1. apartatuan eta bigarren azken xedapenean ezarritakoarekin bat,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitaterako Doako Laguntza Juridikoaren Erregelamendua onesten duen maiatzaren 21eko 17/2012 Foru Dekretuaren 3. eranskinean ezarritako baremoa egokitzea honela:

ABOKATUAK

TARIFA

Bitartekaritza prozesuak

Bitartekaritza prozesuak, gehienez 5 saiokoak (bitartekari bat)

66 €/saio

Bitartekaritza anitzeko prozesuak, gehienez 5 saiokoak (bi bitartekari)

66 €/saio/bitartekari

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta adieraztea atzeraeragina izanen duela 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera.

3. Ondoriozko foru agindua jakinaraztea Iruñeko Abokatuen Elkargoari, Tuterako Abokatuen Elkargoari, Lizarrako Abokatuen Elkargoari, Tafallako Abokatuen Elkargoari, Justizia Zuzendaritza Nagusiari, Justizia Zuzendaritza Nagusiko Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoari eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2017ko abenduaren 29an.–Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1800059