124. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

47/2018 FORU DEKRETUA, zeinaren bidez aldatzen baitira bi erregelamendu: Balio Erantsiaren gaineko Zergaren erregelamendua, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsia, eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsia.

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen azken xedapenetako hirugarrenak xedatzen du Nafarroako Gobernuak behar diren xedapen guztiak emanen dituela foru lege hori garatzeko eta aplikatzeko.

Aipatu legearen 109.1.3 artikuluak dioenez, zergaren subjektu pasiboak behartuak daude beren eragiketa guztien faktura luzatu eta ematera, eta fakturak, betiere, erregelamendu bidez zehaztuko diren beharkizunak, mugak eta baldintzak bete beharko ditu.

Foru legearen 109.1.4 artikuluak dioenez, ildo berean, zergaren subjektu pasiboak beharturik egonen dira ezartzen diren kontabilitatea eta erregistroa eramatera, erregelamenduz definitutako moduan, Merkataritza Kodean eta kontabilitateko gainerako arauetan xedatutakoa galarazi gabe.

Bestalde, Hitzarmen Ekonomikoaren 32. artikuluak agintzen duenez, Nafarroak, balio erantsiaren gaineko zergaren esparruan bere tributu-ahalmena erabiliz, Estatuan uneoro indarra duten oinarrizko printzipio, funtsezko arau eta arau formal berberak aplikatu behar ditu, nahiz eta bere ereduak onesten ahalko dituen aitorpenak eta diru-sarrerak egiteko.

Foru dekretu honek ditu bi artikulu eta hiru azken xedapen. Lehenbiziko artikuluak Balio Erantsiaren gainerako Zergaren Erregelamendua aldatzen du, eta bigarren artikuluak zenbait aldaketa egiten ditu Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan.

Azken xedapenetako lehenbizikoak otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretua aldatzen du, hots, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia eta horri lotutako errolda zehatz batzuk arautzen dituena. Aldaketa horiek helburu bikoitza dute: batetik, modu efektiboan eratu ez diren entitateen Identifikazio Fiskaleko Zenbaki behin-behinekoa behin betikoa ez bihurtzea; eta, bestetik, gaiaren arautze legalarekin bat eta pentsio planetarako ekarpenak egiten direneko edo prestazioak jasotzen direneko Identifikazio Fiskaleko Zenbakiaren jakinarazpenaren ondorioetarako, Europar Batasuneko beste eskatu kide batean helbideratutako pentsio funtsen ordezkarien ordez –Espainian bertako legediari loturiko enpleguko pentsio planak garatzen dituztenen ordez, alegia–, eta Espainian zerbitzu-emate librean aritzen diren aseguru-entitateen ordezkarien ordez, pentsio-funtsak berak jarriko dira, edo entitate kudeatzailea bera, halakorik baldin badago, eta aseguru-entitatea bera. Bestalde, azken paragrafo bat sartu da 8. artikuluko 7. apartatuan, iraungitako entitateen oinordekoak nor diren jakinarazi beharragatik, iraungipena transformazioagatik izan edo Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 33. artikuluan aipatutako kasuengatik izan. Azkenik, lehenbiziko xedapen gehigarria aldatzen da, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Lege berriari egindako erreferentzia gaurkotzearren.

Bigarren azken xedapenean, otsailaren 19ko 24/2014 Foru Dekretua aldatzen da. Foru dekretu horren bidez ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zein zerbitzu eta jardueratan eska daitezkeen prezio publikoak. Aldaketaren bitartez xedapen gehigarri bat gehitzen zaio aipatu foru dekretuari, partikularrek eskatuta Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuak egindako peritu-txostenen prezio publikoak arautzeko, ibilgailu motordunen zirkulazioari lotutako gertaerengatik izaten diren auzibidetik kanpoko erreklamazioetan.

2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, Nafarroako Foru Komunitatean, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kudeatzeko sistema berri bat jarri da abian, Informazioa Berehala Emateko Sistema izenekoa. Foru dekretuak, testuinguru honetan, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatzea du helburu, tributuak kudeatzeko sistema berria aplikatzerakoan espezializazio handiagoa behar duten kolektiboei edo jarduera sektoreei sistemaz baliatzeko erraztasunak ematearren.

Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren aldaketek, bestalde, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren gaitasuna handitzea dute helburu, betiere interesdunek eskatzen dutenean fakturak zuzentzeko prozeduretarako baimena emateari dagokionez. Gainera, egokitzapen bat egin da fakturen zuzenketak igortzeko epean. Bestetik, Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren hirugarren xedapen gehigarria aldatu da, bidaia agentziek beste enpresaburu eta profesional batzuen izenean eta haien kontura ematen dituzten zerbitzuen fakturazio araubideari dagokionez. Aipatu xedapen gehigarrian, fakturazio prozedura berezi hori aplikatuko zaien beste zerbitzu batzuk sartu dira.

Balio Erantsiaren gainerako Zergaren Erregelamenduaren aldaketei dagokienez, honako hau nabarmendu behar da:

1. Subjektu pasiboen erregistroko eta kontabilitateko betebeharren arloan, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak baimendu dezake ez jasotzea, zenbait kasutan eta interesdunek aldez aurretik eskatuta, zergaren erregistro liburuetako informazio guztiak edo aipamen guztiak, edo baldintza orokorrak ez bezalakoekin egindako fakturen laburpen-idazpenak egitea, baldin eta ikusten badu jarduera sektore horretako merkataritza edo administrazio jardunbideek hala justifikatzen dutela. Horretaz gain, egokitzapen tekniko batzuk egin dira fakturazio erregistroen igorpen elektronikorako epeetan, kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatu beharreko eragiketetan, baita erregistroko oharrak zuzentzeko komunikazioetan ere.

2. Bidaiarien araubideko entregen eremuan, behin azterturik zer hobekuntza izan den bidaiariei itzulketak egiteko prozeduran –itzulketak sistema elektroniko baten bidez tramitatzeko aukerari esker–, nahitaezkoa bihurtu da sistema hori. Nolanahi ere, 2019ko urtarrilaren 1a arte hornitzaileak egindako faktura ere erabiltzen ahalko da.

3. Entitate taldearen araubide bereziari dagokionez, aldaketa bat egin da araubide berezi hori darabilten subjektu pasiboen kontrolaren araubidean.

4. Ondasun erabilien, artelanen, antzinako gauzen eta bildumagaien araubide berezia darabilten eragiketen kasuan, baita bidaia agentzien araubide berezia darabilten eragiketen kasuan ere, eragiketaren zenbateko osoa jaso behar da erregistro liburuetan.

5. Nahi dutenak Informazioa Berehala Emateko Sistemaz balia daitezen bultzatzeko, hiru hilean behineko likidazioaldia mantenduko da haientzat, hau da, ez dira beharturik egonen hilero-hilero zerga aitorpena egitera.

Horrenbestez, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren txostenaren arabera, eta Nafarroako Gobernuak 2018ko ekainaren 27ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Lehenbiziko artikulua. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren aldaketa.

Honela idatzita geldituko dira martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren manu hauek:

Bat.–9.1.2.B) artikulua.

“B) Bidaiarien araubideko ondasun-emateak.

Zergari buruzko Foru Legeak ondasun-emate hauek salbuesteko ezarritako baldintzak ondoko arauetara egokituko dira:

a) Fakturan dokumentatutako ondasun-emateetan baizik ez da aplikatuko salbuespena.

b) Bidaiarien ohiko bizilekua frogatzeko, pasaportea, nortasun agiria edo zuzenbidearen araberakoa den beste edozein frogabide aurkeztuko da.

c) Saltzaileak dagokion faktura egin beharko du, baita itzulketako agiri elektroniko bat ere igorri. Agiri hau Nafarroako Zerga Ogasunak tramite elektronikoak egiteko dituen zerbitzuetan eskuratu daiteke; erositako ondasunak adieraziko dira hor, eta, bereizita, dagokion zerga.

Itzulketako agiri elektronikoan bidaiariaren nortasuna, jaioteguna eta pasaporte zenbakia adierazi beharko dira, baita, beharrezkoa denean, nortasun agiriaren zenbakia ere.

d) Entrega egin den hilabetearen ondorengo hiru hilabeteko epean aterako dira ondasunak Komunitatetik.

Horretarako, bidaiariak, esportatzeko aduanan, ondasunak aurkeztuko ditu, eta aduanak irteera egiaztatuko du itzulketako agiri elektronikoan ikus-onespena jarriz. Ikus-onespena baliabide elektronikoen bidez eginen da baldin eta esportatzeko aduana zergaren aplikazio lurraldean badago.

e) Aduanak ikus-onetsitako itzulketako agiri elektronikoa hornitzaileari igorriko dio bidaiariak. Hark bidaiariari itzuliko dio jasandako kuota hurrengo hamabost eguneko epean, txeke zein banku transferentzia bidez, kreditu txartelean abonatuz edo errenboltsoa froga dezakeen beste edozein bitarteko erabiliz.

Zergaren itzulketa Nafarroako Zerga Ogasunak baimendutako entitate laguntzaileen bidez ere egiten ahalko da, eta hark ezarriko du zer baldintza bete beharko dituzten entitate horiek aritzeko eta zenbateko komisioak jasoko dituzten.

Bidaiariek entitate horiei igorriko dizkiete aduanak ikus-onetsitako itzulketako agiri elektronikoak, eta entitateek kasuan kasuko zenbatekoa ordainduko dute, bidaiariaren adostasuna agerraraziz.

Ondoren, aipatutako entitateek itzulketako agiri elektronikoak hornitzaileei igorriko dizkiete, formatu elektronikoan, eta haiek itzulketa egitera beharturik izanen dira.

Hornitzaileak edo entitate laguntzaileak agiri elektronikoaren ikus-onespena egiaztatu beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak tramite elektronikoak egiteko dituen zerbitzuetan kontsulta eginez. Ondoren, bide elektronikoen bidez adieraziko dute itzulketa egin dela.”

Bi.–50 sexies artikulua. Kontrol prozedurak.

1. Entitate nagusiaren eta entitate taldearen egiaztapena prozedura bakar batean eginen da, eta, bertan, prozeduraren xede den taldearen zein entitate nagusiaren tributu betebeharrak aztertuko dira.

2. Entitate talde baten egiaztapenaren ondorioz egiaztatzen den mendeko entitate bakoitzari prozedura bakar batean eginen zaio azterketa. Prozedura horretan hauek egiaztatuko dira: Balio Erantsiaren gaineko Zergaren banakako tributazioaren araubidearen ondoriozko tributu betebeharrak, eta prozeduraren xede diren gainerako tributu betebeharrak. Lankidetza jarduerak ere sartuko dira, entitate taldearen araubidea dela-eta taldeak egiten duen tributazioari dagokionez.

3. Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 57.1.a) artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, entitate taldeentzat, honakoengatik izanen du etena Balio Erantsiaren gaineko Zergaren preskribatze epeak:

a) Taldeko entitate nagusiarekin Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruz egindako edozein egiaztatze jarduketarengatik.

b) Menpeko edozein entitaterekin Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruz egindako edozein egiaztatze jarduketarengatik, betiere taldeko entitate nagusiak formalki jarduketa horien berri badu.

4. Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen 139. artikuluaren 4. eta 5. apartatuek ikuskapenaren prozedurarekin loturik aipatzen dituzten zirkunstantziek, eta Zerga Administrazioari egotz ez dakizkiokeen gainerako tributu prozedurei buruzko eten justifikatuek eta berandutzeek –taldeko edozein entitaterekin egindako jarduketetan gertatuak, jakina– eragina izanen dute entitate nagusiari eta entitate taldeari buruzko prozeduraren iraupenaldian, betiere entitate nagusiak formalki horren berri baldin badu. Zirkunstantzia horiek gertaturik ere, berdin jarraituko dute aurrera taldeko gainerako entitateei buruzko jarduketek.

Epearen luzapen aldia, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen 139.4 artikuluak aipatua, entitate taldeko edozein entitatek eskaturik bat ez datozen epealdiak kontuan harturik kalkulatuko dira entitate nagusiarentzat eta taldearentzat. Entitate taldeko sozietateek gehienez 60 egun natural eskatzen ahalko dituzte beren prozeduretako bakoitzerako, baina entitate nagusiaren eta taldearen prozedura ebazteko epea, guztira, ez da 60 egun naturaletik goitikoa izanen.

Hiru.–53.5 artikulua.

“5. Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak, egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ondoren, honakoetarako baimena ematen ahalko du:

a) Artikulu honen 1. apartatuan aipatzen diren erregistro liburuen ordez erregistro sistema desberdinak jartzeko, baita erregistroko oharrak egiteko eskatzen diren betebeharrak aldatzeko ere, betiere lagungarriak badira enpresaburu edo profesional edo subjektu pasiboen antolamendu administratibo edo kontularitzakorako, eta, aldi berean, erabat bermatua gelditzen bada Balio Erantsiaren gaineko Zerga dela-eta dituzten tributu betebeharren egiaztapena.

b) Igorritako eta jasotako fakturen erregistro liburuetan erregelamendu honen 54. eta 55. Artikuluetako 3. edo 4. apartatuan hurrenez hurren adierazitako aipamen guztiak edo informazio guztia ez ateratzeko, eta laburpen-idazpenak erregelamendu honetako aipatu artikuluetako 4. edo 5. apartatuan hurrenez hurren esandakoez besteko moduan egiteko, baldin eta uste badu kasuan kasuko jarduera sektorearen jardunbide komertzial edo administratiboak edo baldintza teknikoak (fakturak, kontularitzako ziurtagiriak eta aduanetako agiriak luzatzeari buruzkoak) traba direla aipatu aipamen eta informazioak jasotzeko.

Baimen horiek edozein unetan errebokatzen ahal dira.”

Lau.–54. artikuluaren 3. eta 4. apartatuak.

“3. Egindako fakturen erregistro-liburuan banan-banan egindako fakturak inskribatuko dira, bai eta honako datu hauek ere: fakturaren zenbakia, eta kasua bada, seriea, eman zeneko data, egindako eragiketen eguna (baldin eta aurrekoaren desberdina bada), pertsona edo entitate hartzailearen izen-deiturak, izen soziala edo izen osoa, eta identifikazio fiskaleko zenbakia, Zergari buruzko Foru Legearen 26. eta 27. artikuluei jarraituz zehaztutako zerga-oinarria eta, halakorik bada, aplikatutako zerga-tasa, eta, aukeran, “BEZa barne” espresioa ere bai, zerga-kuota, eta eragiketa kutxa-irizpidearen araubide bereziaren arabera gauzatu den ala ez; kasu horretan, erregelamendu honen 50 decies.1 artikuluko aipamenak sartu beharko dira.

Erregelamendu honen 53.6 artikuluan aipatzen diren pertsona eta entitateen kasuan, honako informazio hau ere erantsiko da:

a) Egindako faktura mota, adieraziz ea faktura osoa edo erraztua den.

Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren titularrak emandako foru agindu bidez onetsiko diren erregistro elektronikoko eremuen ondorioz, segur aski, beste zehaztapen batzuk sartu beharko dira faktura jakin batzuk identifikatzeko (hirugarrenek egindako fakturak, esaterako), baita Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 16.1 artikuluan eta lehenbiziko xedapen gehigarrian aipatutako ordainagiri eta erabilerako bestelako agiriak ere identifikatzeko, betiere enpresa- edo lanbide-jardueraren batekin lotuta badaude. Aipatu erregelamendua apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuak onetsi zuen.

b) Identifikatzea, hala dagokionean, erregelamendu honen 61. artikuluak aipatutako erregistro-zuzenketa ote den.

c) Eragiketen deskripzioa.

d) Zuzenketa-fakturen kasuan, halakotzat identifikatu beharko dira, eta zuzendutako fakturaren aipamena edo aldatu diren zehaztapenak agertu.

e) Lehenago egindako faktura erraztuak ordezteko edo trukatzeko egiten diren fakturen kasuan, ordezten edo trukatzen den fakturaren aipamena agertuko da edo, hala dagokionean, ordezten edo trukatzen diren zehaztapenak.

f) Erregelamendu honen 40 quater eta 50 quinquies.2 artikuluetan eta apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 6. artikuluko 1. apartatuko j) eta l)tik o)ra arteko letretan egiten diren aipamenak.

g) Egindako fakturei dagozkien eta erregistratzen diren eragiketen likidazioaldia.

h) Adieraztea eragiketa ez dagoela Balio Erantsiaren gaineko Zergarekin lotuta, hala behar denean.

i) Faktura bat fakturazioaren arloko baimen bat oinarri harturik egin bada (fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz), emandako baimenaren aipamena agertu beharko da.

j) Ondasun erabilien, artelanen, antzinako gauzen eta bildumagaien araubide berezia aplikatzekoa zaien eragiketen kasuan, eragiketaren zenbateko osoa agertu beharko da.

k) Bidaia agentzien araubide berezia aplikatzekoa zaien eragiketen kasuan, eragiketaren zenbateko osoa agertu beharko da.

Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren titularrak, foru agindu bidez, aurrekoarekin batera zerga arloan eragina duen bestelako informazioa sartzea erabakitzen ahalko du, azaroaren 8ko 69/2010 Foru Dekretuaren 3., 4. eta 5. artikuluek aipatutako informazioa sartzea, hain zuzen ere. Aipatutako foru dekretu horren bidez arautu zen hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpena.

4. Fakturen idatzoharra banan-banan egin beharrean (aurreko atalak aipatzen duen bezala), laburpen-idazpenak egin daitezke. Horietan zein datatan luzatu diren agerraraziko da, baita hauek ere: zerga-tasa bakoitzari dagokion zerga-oinarri osoa, zerga-tasak, hurrenez hurren zenbakitutako eta data berean luzatutako fakturen kuota osoa, idatzoharrean jasotako fakturen lehen eta azken zenbakiak, eta eragiketak kutxa-irizpidearen araubide bereziaren arabera egin ote diren; hala bada, erregelamendu honen 50 decies.1 artikuluan adierazitako aipamenak sartu beharko dira, betiere aldi berean baldintza hauek betetzen badira:

a) Egindako fakturetan ezinbestekoa ez izatea pertsona edo entitate hartzailearen identifikazioa, Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

b) Dokumentatutako eragiketen sorrarazpena hilabete natural beraren barnean izatea.

Faktura beraren idatzoharra hurrenez hurreneko zenbait idazpenetan egitea ere zilegi izanen da, zerga-tasa desberdinak ordaindu behar dituzten eragiketak dituenean.”

Bost.–55. artikulua. 4.

“4. Jasotako fakturen erregistro-liburuan, banan-banan, jasotako fakturak inskribatuko dira, eta, halakorik bada, aduanako agiriak eta aurrean aipatu gainerakoak. Datu hauek jarriko dira: agiriaren harrera-zenbakia, luzapen-data, eragiketen data (luzapen-data bera ez bada, eta aipatu agirian hala ageri bada), agiria luzatu behar duenaren izen-deiturak, izen soziala edo izen osoa eta identifikazio fiskaleko zenbakia, Zergari buruzko Foru Legearen 26. eta 27. artikuluei jarraituz zehaztutako zerga-oinarria eta, halakorik bada, zerga-tasa, zerga-kuota, eta eragiketa kutxa-irizpidearen araubide bereziaren arabera gauzatu den ala ez; kasu horretan, erregelamendu honen 50 decies.2 artikuluko aipamenak sartu beharko dira.

Fakturak artikulu honen 2. apartatuko bigarren paragrafoan aipatzen diren horietakoak izanez gero, hots, Europar Batasunaren barneko ondasun-emateen fakturak izanez gero, ondasun horien eskuraketei dagozkien tributu-kuotak kalkulatu eta fakturen idazpenetan jarri beharko dira.

Era berean, fakturei edo artikulu honen 2. apartatuko hirugarren paragrafoan aipatzen diren kontabilitateko frogagiriei dagokienez, beraietan jasotako ondasun-emate edo zerbitzu-eskaintzei dagozkien zerga-kuotak faktura edo kontularitzako frogagiri horiek idaztean kalkulatu eta esleituko dira.

Erregelamendu honen 53.6 artikuluan aipatzen diren pertsona eta entitateen kasuan, honako informazio hau ere erantsiko da:

a) Fakturan agertzen den zenbakia eta, hala dagokionean, seriea. Zenbaki horrek erregelamendu honen 53.6 artikuluan sartzen ez direnek erabilitako harrera zenbakia ordeztuko du.

b) Identifikatzea, hala dagokionean, erregelamendu honen 61. artikuluak aipatutako erregistro-zuzenketa ote den.

c) Eragiketen deskripzioa.

d) Erregelamendu honen 50 quinquies.2 artikuluan eta apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen eta Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren 6 artikuluko l)tik o)ra arteko letretan egiten diren aipamenak, eta baita Batasunaren barreneko ondasunen eskurapena ote den ere.

e) Idatzoharra egiten den likidazioaldiari dagokion zerga-kuota kengarria. Kenkariaren erregulazioa, bidezko bada, Zergari buruzko Foru Legearen 51.4, 55., 56., 57. eta 58. artikuluetan xedatutakoaren arabera eginen da, kasua zein den. Horrek, hala ere, ez du aldatuko erregistratutako kuota kengarria.

f) Jasotako fakturei buruzko eragiketak erregistratzen diren likidazioaldia.

g) Ondasun erabilien, artelanen, antzinako gauzen eta bildumagaien araubide berezia aplikatzekoa zaien eragiketen kasuan, eragiketaren zenbateko osoa agertu beharko da.

h) Bidaia agentzien araubide berezia aplikatzekoa zaien eragiketen kasuan, eragiketaren zenbateko osoa agertu beharko da.

Inportatzeko eragiketen kasuan, eragiketa kontabilizatu den data eta aduanako agiriaren zenbakia jarriko dira.

Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuaren titularrak, foru agindu bidez, aurrekoarekin batera zerga arloan eragina duen bestelako informazioa sartzea erabakitzen ahalko du, azaroaren 8ko 69/2010 Foru Dekretuaren 3., 4. eta 5. artikuluek aipatutako informazioa sartzea, hain zuzen ere. Aipatutako foru dekretu horren bidez arautu zen hirugarren pertsonekin egindako eragiketen urteko aitorpena.

Sei.–60 bis artikulua.

“60 bis artikulua. Fakturazio-erregistroen bidalketa elektronikoa egiteko epeak.

“1. Erregelamendu honen 53.6 artikuluan aipatzen diren pertsona eta entitateen kasuan, fakturazio-erregistroen bidalketa epe hauetan egin beharko da:

a) Egindako fakturei buruzko informazioa faktura eman ondoko lau egun naturaleko epean emanen da, salbu pertsona edo entitate hartzaileak edo hirugarren batek emandako fakturak badira, Zergari buruzko Foru Legearen 109.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Kasu honetan, aipatu epea zortzi egun naturalekoa izanen da. Bi kasuetan, erregistratu beharreko eragiketari dagokion zerga zer hilabetetan sorrarazi den, hurrengo hilaren 16a baino lehen bidali beharko da informazioa. Nolanahi ere, faktura eman beharra zuten eragiketak izanik eta eragiketa horiek zergari atxiki gabeak izanik, eragiketa egin zen data kontuan hartuz erabakiko da epea.

b) Jasotako fakturei buruzko informazioa fakturaren kontabilitateko erregistroa egin ondoko lau egun naturaleko epean emanen da, eta, betiere, dagozkion eragiketak sartu diren likidazioaldia amaitu eta hurrengo hileko 16a baino lehen.

Inportatzeko eragiketen kasuan, aduanek likidatutako kuota jasotzen duen dokumentuaren kontabilitateko erregistroa egiten denetik kontatuko dira lau egun naturalak, eta, betiere, eragiketak dauden aitorpenak aipatzen duen aldia amaitu eta hurrengo hileko 16a baino lehen.

c) 57.1 artikuluak aipatzen dituen eragiketei buruzko informazioa lau egun naturaleko epean emanen da, bidalketa edo garraioa hasteko unetik edo, bidezko bada, eragiketen xede diren ondasunak jasotzen diren unetik.

d) Luzatu eta jasotako faktura zuzenduei buruzko informazioa, faktura luzatu zen edo kontabilitate-erregistroa egin zen datatik lau egun naturaleko epean.

Nolanahi den, hasieran Zergari buruzko Foru Legearen 60.2.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz kenkari gisa aplikatutako kuoten zenbatekoa zuzenketaren ondorioz handitzen bada, epea jasotako fakturetarako aurreko b) letran aurreikusitakoa izanen da epea.

Aurreko a), b), c) eta d) letretan aipatzen diren lau edo zortzi egun naturaleko epearen kontaketaren ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko larunbatak eta igandeak, ezta Espainiako eta Nafarroako Foru Komunitateko jaiegunak ere.

2. Kutxa-irizpidearen araubide berezia aplikatzekoa zaien eragiketei buruzko informazioa aurreko apartatuetan ezarritako epeetan eman beharko da, eragiketa horiei aipatu araubide berezia aplikatu ez balitzaie bezala, kobrantza edo ordainketa osoak edo partzialak egiteko unean osatu beharreko datuak galarazi gabe.

Kobrantzei eta ordainketei buruzko informazioa behar den kobrantza edo ordainketa egin eta lau egun naturaleko epean emanen da.

3. 61. artikuluan aipatzen diren erregistro-zuzenketen kasuan, haiek biltzen dituzten fakturazio-erregistroak dagokion aitorpenak aipatzen duen aldia amaitu eta hurrengo hileko 16a baino lehen eman behar dira, betiere kontuan harturik zergapekoa noiz den egindako akatsaren jakitun.”

Zazpi.–61.1. artikulua.

“1. Enpresaburuek edo profesionalek aurreko artikuluetan aipatutako erregistroko idatzoharrak gauzatzeko orduan akats materialik egin badute, akatsen berri izan bezain laster zuzendu beharko dituzte. Zuzenketa hori idatzohar batez edo multzo batez baliatuz egin beharko da. Oharrek balio behar dute jakiteko zein den sortutako eta jasandako zerga likidazioaldi bakoitzean, behin zuzenketa eginda, jakina.

Aurrekoa 53.6 artikuluan aipatzen diren pertsona eta entitateei aplikatuko zaie, 60 bis. 3 artikuluan xedatuari jarraikiz.”

Zortzi.–62. artikulua. 3. zenbakiko 4. apartatua kendu da.

Bederatzi.–Hamaikagarren xedapen iragankorra gehitu da.

Hamaikagarren xedapen gehigarria.–2018ko ekitaldian bidaiarien araubidean egin beharreko ondasun-emateetan salbuespenak aplikatzeko prozedura.

2018ko ekitaldian, bidaiarien araubidean egin beharreko ondasun-emateetan salbuespenak aplikatzeko prozeduran, faktura erabiltzen ahalko da 9.1.2.B) artikuluak aipatzen duen itzultzetako agiri elektronikoaren ordez.”

Bigarren artikulua. Fakturazio Betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduaren aldaketa.

Apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Fakturazio Betebeharren Erregelamenduko manu batzuk aldatu, eta honela gelditu dira:

Bat.–15.4. artikulua.

“4. Faktura berri bat luzatuz eginen da zuzenketa, hartan faktura zuzendua identifikatzen duten datuak adierazita. Faktura bat baino gehiago zuzenketa-dokumentu bakar batean zuzentzen ahalko dira, baldin eta faktura zuzendu guztiak identifikatzen badira. Dena dela, eragiketen bolumenagatiko deskontu edo hobariak emateagatik sortzen bada zerga-oinarriaren aldaketa, edo Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak baimena ematen duen gainerako kasuetan, ez da faktura zuzendurik bereizi beharko, eta nahikoa izanen da zehaztea zein epealdiri dagozkion.

Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak bestelako prozedurak ere baimentzen ahalko ditu fakturak zuzentzeko. Haietan, betiere, interesdunak eskatu beharko du aldez aurretik, eta justifikatua egon behar du kasuan kasuko jarduera sektorearen jardunbide komertzial edo administratiboak direla-eta.”

Bi.–18. artikulua.

“18. artikulua. Fakturak igortzeko epea.

Fakturak igorri beharra, 17. artikuluan ezarritakoa, faktura egiten den unean bertan beteko da, salbu eta hartzailea enpresaburu edo profesional gisa ari den enpresaburua edo profesionala bada; izan ere, kasu horretan, eragiketari dagokion zerga zer hilabetetan sorrarazi den, hurrengo hileko 16a baino lehen egin beharko da, edo kutxa-irizpidearen edo faktura zuzenduen araubide bereziaren mendeko eragiketen kasuan eragiketa egin edo faktura luzatu eta hurrengo hileko 16a baino lehen.”

Hiru.–Hirugarren xedapen gehigarria, 1., 2., 3., 6. eta 7. apartatuak.

“1. Xedapen honetan ezarritakoari jarraituz eginen dira baldintza hauek betetzen dituzten zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten fakturak:

a) Zerbitzu prestazio horien kontratazioan, bidaia agentziaren izaera duten enpresaburuek edo profesionalek parte hartzea, bitartekari gisa, besteren izenean eta kontura, sektoreko araudiaren arabera.

b) Pertsona edo entitate hartzailearen izaera edozein izanik ere, bidaia agentziari zerbitzuengatiko faktura eman diezaiotela eskatzea.

c) Zerbitzu hauetakoren bat izatea:

a’) bidaiarien eta haien ekipajeen garraioa;

b´) ostalaritza, kanpalekuak eta bainuetxeak;

c´) jatetxeak eta cateringa;

d´) garraiobideen epe motzerako alokairua;

e’) museo, arte-galeria, pinakoteka, monumentu, leku historiko, lorategi botaniko, parke zoologiko, natura-parke eta antzeko bestelako naturaguneetara egindako bisitak;

f´) kultura, arte, kirol, zientzia, hezkuntza eta aisialdi arloetako emanaldietarako edo azoka eta erakusketetarako sarrera;

g’) bidaietarako aseguruak.

2. Faktura horiek ondotik adierazten diren datu edo baldintzak bete beharko dituzte, beste edozein aipamen galarazi gabe:

a) Bidaia agentziak xedapen gehigarri honetan aurreikusitakoaren babesean espresuki egindako faktura dela dioen oharra.

b) Erregelamendu honen 6. edo 7. artikuluan aipatzen dituen datu eta betebeharrak. Dena dela, 6. artikuluaren 1. apartatuko c), d) eta e) letretan eta 7. artikuluaren 1. apartatuko d) letran aipatzen den faktura egitera behartua dagoenari buruzko datu gisa, bidaia agentziari buruzkoak adieraziko dira eta ez bitartekaritzari lotutako zerbitzua egiten duen enpresaburuari edo profesionalari dagozkionak.

c) Gehigarri gisara, luzatutako fakturek beraietan dokumentatzen diren zerbitzu guzti-guztiak okerrik gabe identifikatzeko erreferentzia bat izan beharko dute, baita eragiketen 6. artikuluko 1. apartatuko c), d) eta e) letrek pertsona edo entitate hartzaileari buruz aipatutakoa ere. Orobat, faktura horiek seriean egin beharko dira, gainerakotik bereizita.

3. Zerbitzuei buruzko besteren izenean eta kontura egindako bitartekaritza zerbitzuak (bidaia agentziak zerbitzu horien pertsona edo entitate hartzaileari ematen dizkionak) xedapen gehigarri honetan aipatutako fakturen bidez dokumentatzen ahalko ditu agentziak. Kasu horretan, bereizita agertu beharko dute fakturan bitartekaritza zerbitzu horri buruzko datuek, erregelamendu honetan aurreikusitakoari jarraituz.

6. Faktura horiek egiten dituzten bidaia agentziek Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 54. artikuluan aurreikusten den egindako fakturen erregistro-liburuan jaso beharko dituzte. Idatzohar horiek halako moduan egin beharko dira, non xedapen honen 1. apartatu horretan aipatu eragiketei dagozkien zenbatekoak bereizi eginen baitira 3. apartatuan aipatu zerbitzuei dagozkien zenbatekoetatik eta beste dokumentu batzuetan edo bestelako fakturetan jasotako eragiketei dagozkien zenbatekoetatik.

7. Faktura horiek egiten dituzten bidaia agentziek honako informazio hau adierazi beharko dute hirugarrenekiko eragiketen urteko aitorpenean:

a) Salmenta gisa, aipatu fakturen bidez dokumentatutako zerbitzuei buruzko informazioa, behar bezala bereizia.

b) Erosketa gisa, xedapen honen xedeko zerbitzu-emateei buruzko informazioa, bitartekari modura eta besteren kontura ari direnean, behar bezala bereizia.”

Azken xedapenetako lehena.–Aldatu egin dira Identifikazio Fiskaleko Zenbakia eta horri lotutako errolda zehatz batzuk arautzen dituen otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuko manuen artetik ondoren aipatzen direnak. Honela idatzita geldituko dira:

Bat.–8.3 artikulua, bigarren paragrafoa.

“Aurreko paragrafoan aipatutako epea igarotzen denean edo identifikazio fiskaleko zenbaki behin-behinekoa eman eta sei hilabeteko epea bukatuta oraindik ere aurkeztu ez badira falta diren agiriak, Nafarroako Zerga Ogasunak haiek aurkezteko eskatzen ahalko du, eta hamar eguneko gehieneko epea emanen du, eskaera jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta, horiexek aurkezteko edo horiek aurkezteko ezintasuna justifikatzeko. Hala bada, agiriak behin betiko aurkeztu ahal izateko zein epe behar duen adierazi beharko du”.

Bi.–8.7 artikulua, azkenaurreko paragrafo berri baten gehiketa, gaur egungo 5. paragrafoaren ondoren.

“Era berean, pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko entitateek aditzera eman beharko dute zein diren iraungitako entitateen izen-deiturak, izen soziala edo izen osoa, eta identifikazio fiskaleko zenbakia, iraungipena transformazioagatik izan edo Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 33. artikuluan aipatutako kasuengatik izan”.

Hiru.–11.2 artikuluko e) letra.

“e) Pentsio planetarako kontribuzio edo ekarpenak egiten direnean edo haiei dagozkien prestazioak jasotzen direnean. Kasu horietan, identifikazio fiskaleko zenbakia jakinarazi beharko zaie plan horiek barne hartzen dituzten pentsio funtsak kudeatzen dituzten entitateei edo Europar Batasuneko beste estatu kide batean helbideratuta dauden eta Espainiako legeriaren mendeko pentsio planak garatzen dituzten pentsio funtsei. Ekarpena egin beharra eta prestazioen aitorpena gauzatzeko agirietan adierazi beharko da zenbaki hori”.

Lau.–Xedapen gehigarri bakarra.

“Xedapen gehigarri bakarra.–Entitateen aurkibidea.

Entitateen Erroldatik abiatuta, Nafarroako Zerga Ogasunak Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 70. artikuluan aipatutako Entitateen Aurkibidea kudeatuko du.”

Azken xedapenetako bigarrena.–Otsailaren 19ko 24/2014 Foru Dekretuaren aldaketa. Foru dekretu horren bidez ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zer zerbitzu eta jardueratan eska daitezkeen prezio publikoak.

Xedapen gehigarri bat gehitu da. Testu hau izanen du:

“Xedapen gehigarri bakarra.–Prezio publikoak, partikularrek eskatuta Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuak egindako peritu-txostenetarako, ibilgailu motordunen zirkulazioari lotutako gertaerengatik izaten diren auzibidetik kanpoko erreklamazioetan.

1. Honako prezio publikoak ezartzen dira partikularrek eskatuta Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuak egindako peritu-txostenetarako, ibilgailu motordunen zirkulazioari lotutako gertaerengatik izaten diren auzibidetik kanpoko erreklamazioetan:

a) Peritu-txostena, ospitaleratzerik gabeko lesioengatik: 80 euro.

b) Peritu-txostena, gehienez 72 orduko ospitaleratzeagatik: 150 euro.

c) Peritu-txostena, 72 ordutik gorako ospitaleratzeagatik: 350 euro.

2. Ateratzen diren prezioei, egoki den balio erantsiaren gaineko zerga aplikatuko zaie.

3. Hauek dira prezio publikoak ordaintzera behartuta daudenak: auzibidetik kanpo gatazkak konpontzeko, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuari peritu-txostenak eskatzen dizkioten aseguru-entitateak, ibilgailu motordunen zirkulazioari lotutako gertaerengatik.

4. Gaikuntza ematen zaio justiziaren arloko eskumena duen kontseilaritzaren titularrari xedapen honetako prezio publikoen zenbatekoak eguneratzeko.”

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2018ko ekainaren 27an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

Iragarkiaren kodea: F1808432