117. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZANGOZA

Euskararen ordenantza. Behin betiko onespena

Zangozako Udalak, 2017ko abenduaren 19an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Euskararen Ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatzen denari jarraituz tramitatu zen espedientea, lege hori aldatzen duen 15/2002 Foru Legean onetsi zen testu berriak dioenaren arabera; kontuan hartuz jendaurreko epean ez dela inolako erreklamaziorik aurkeztu, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoari jarraituz, osorik argitaratzen da ordenantza horren testua, hamabost egun baliodun geroago indarra hartuko duena.

Zangozan, 2018ko maiatzaren 29an.–Alkatea, Ángel Navallas Echarte.

EUSKARAREN ORDENANTZA, ZANGOZAKO UDALEAN, HAREN ERAKUNDE AUTONOMOETAN ETA UDALAK KUDEATU BEHARREKO ESPAZIO PUBLIKOETAN APLIKATZEKO

Euskara udalerriko bi hizkuntzetako bat dela uste du Zangozako Udalak. Horrez gain, herritar askok euskara erabili eta sustatzearen alde duten jarrera islatu nahi izan du ordenantza honetan, Nafarroako Gobernuak orain arte egindako ikerketa soziolinguistikoek hala erakutsi baitute, baita euskararen erabilera eta ezagutza sustatzeko gizarte ekimen ugariek ere (Zangozako Ikastola, Bi Haizetara euskara taldea eta Zangozaldeko AEK).

UNESCOk egin eta NBEk berretsitako Kultur Aniztasunaren Adierazpen Unibertsalean (Paris, 2001) aitortzen da hizkuntza guztiak lehen mailako kultur ondasunak direla gizateria osoarentzat. Kolektiboak behartuta daude bere hizkuntzak defendatu eta babestera, kultur aniztasuna sustatzeko eta munduko herri guztien arteko bakea eta errespetua bermatzeko. Euskarak bizirik iraun du hiztunen komunikazio sistema gisa. Izan ere, Mendebaldeko Europan bizirik jarraitzen duen aurreindoeuropar hizkuntza bakarra da eta, beraz, Europako kultur sustraietako bat.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 2. artikuluak dioenez, gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak dira eta, horren ondorioz, herritar guztiek dute hizkuntza horiek jakiteko eta erabiltzeko eskubidea.

Berriki, Zangozako Udalak, 2017ko otsailaren 28ko osoko bilkuran, erabaki zuen Nafarroako Parlamentuari eskatzea udalerria eremu mistoan sartzeko, aipatu legeak ezarritako hizkuntz eremuen arabera. Nafarroako Parlamentuak onartu zuen eskaera 2017ko maiatzaren 22an.

Finean, euskara Zangozako bizilagun guztien kultur ondarea da, hizkuntza horretan bakoitzaren ezagutza edozein delarik ere. Arrazoi beragatik, zangozar guztiek eskubide bera dute euskara ezagutu, erabili, ikasi, babestu eta hedatzeko, inguruko gainerako hizkuntzekiko baldintza beretan.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua. Xedea.

–Zangozako Udalak euskararen ezagutza, erabilera eta normalizazioa sustatzea, bere jarduketa esparru guztietan eta ahal duen heinean, baita ondotik aipatzen diren helburuak erdiesteko behar diren neurriak hartzea ere.

–Udalerrian euskaldunen kopurua handitzea, euskararen mesedetan, Nafarroako kultur ondare ezin baliotsuagoa baita.

–Euskararen erabilera sustatzea udal mugarte osoan, euskaraz bizitzeko aukera emateko hala nahi duten Zangozako herritarrei.

LEHEN TITULUA

Euskararen erabilera Zangozako Udalaren eskumen esparruaren barnean

2. artikulua. Udal inprimakiak.

Udalarekiko harremanetan euskaraz aritzeko eskubidea aitortzen zaie Nafarroako herritar guztiei; eskubide horren erabilera erraztuko da pixkanaka, haien eskura jarriz ele bitako inprimakiak (inprimaki bakar batean, ahal bada), euskaraz bete nahi dituzten lagunek horrela egin ahal izan dezaten.

3. artikulua. Hizkuntza paisaia.

Toki entitate honen eskumeneko hizkuntza paisaia (kanpoko eta barneko errotulazioa) ele bitan jarriko da pixkanaka, eta garrantzia edo nabarmentze maila berean.

Herriko toponimiari dagokionez, Euskarabidearen laguntza eskatuko da euskarazko izenak normalizatzeko. Karrika eta auzo berriak edo gisakoak sortuz gero, txosten teknikoa eskatuko zaio Euskarabideari, txosten hori loteslea izanen ez bada ere.

Udalak eremu publikoan paratzen dituen seinaleak -trafikokoak eta besteak, berriak edo berritzapenak- gaztelaniaz ez ezik euskaraz ere egonen dira.

4. artikulua. Udal irudia.

Udalaren zigilu, idazpuru eta goiburuetan euskararen presentzia areagotuko da ezari-ezarian, Udalaren eredu, inprimaki eta paper mota guztietan.

5. artikulua. Jakinarazpenak eta ziurtagiriak.

Udal web-orrian ele bitan jarriko dira dokumentuak pixkanaka. Ordenantzaren amaieran agertzen da zerrenda (plantilla moduko eskabideak, nagusiki).

Puntualki egiten diren jakinarazpenak, helarazpenak eta adierazpenak eta egiten diren ziurtagiriak ele bitan eginen dira pixkanaka, euskararen ezagutza sustatzeko xedez, eta herritarrek konprenitzeko zailtasunik, zalantzarik edo nahasterik inola ere sortzen ez duten formatuetan.

6. artikulua. Iragarkiak, publizitatea eta kanpainak.

Pixkanaka ele bitan eginen dira Udalak sortzen dituen gaztiguak, bandoak, iragarkiak, afixak, publizitate kanpainak eta bestelakoak.

7. artikulua. Argitalpenak.

Pixkanaka ele bitan argitaratuko dira, ahal den neurrian, Udalak egiten dituen aldizkari, argitalpen eta xedapen orokorrak.

Pixkanaka ele bitan idatziko dira, ahal den neurrian, Zangozako Udalaren web-orrian (www.sanguesa.es) argitaratzen diren edukiak, baita Udalaren whatsapp, twitter, facebook eta, oro har, komunikazio telematikoetan ere.

8. artikulua. Udal langileak.

Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 3. artikuluko 1.c) puntuan jasotzen dira lege horren helburu nagusiak; hona hemen:

1. Foru dekretu honen funtsezko helburuak honako hauek dira:

b) Eremu mistoan, gauzagarri egitea herritarrek duten eskubidea euskaraz nahiz gaztelaniaz zuzentzeko Nafarroako administrazio publikoengana, beren erakunde publikoengana eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateengana, bai eta beharrezkoak diren tresnak zehaztea ere ahalbidetzeko euskara eta gaztelania erabil daitezen herritarrei zerbitzua emateko; betiere, eremu horretako udalerrien errealitate soziolinguistikoarekin bat.

Orobat, foru dekretu horren 6. artikuluaren arabera, toki entitateek beren jarduketa-esparruaren barnean beren planak prestatuko dituzte.

Dekretu hori kontuan hartuta, arau orientagarria izanen baita kontratazio berrietan, barne igoerakoak izan nahiz deialdi librekoak izan, Osoko Bilkurak, beharrezkotzat edo egokitzat jotzen badu, erabakiko du aldi bakoitzean eskatu behar den euskara maila, plantilla organikoa onestean behar diren hizkuntza eskakizunak –-nahitaezkoa (“lanpostu elebidunak”) edo merezimendu kualifikatua (“lanpostu elebakarrak”)– modu arrazoituan ezarririk. Nolanahi ere, euskara merezimendu gisa baloratuko da nahitaez jakin beharrekoa ez denean.

Merezimendua denean, balorazio mailari dagokionez, foru dekretuaren 33. artikuluak honako hau ezartzen du: “hari balorazio gehigarria emateko, 31. artikuluan ezarritako balioak har daitezke erreferentzia moduan”. Beraz, udal honek 31. artikuluan ezarritako balioak har ditzake erreferentziatzat.

Gisa berean jokatuko da Udalean ordezkapenak edo aldi baterako kontratazioak egin behar direnean, Alkatetzak halaxe jasoko baitu onesten dituen deialdien oinarrietan.

Eskakizun horiek zehazteko eta baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

–Lanpostua beteko duenak zer nolako lanak egin beharko dituen.

–Erakundearen zer nolako unitatetan kokatzen den lanpostua.

–Zenbaterainoko harremana izan behar den herritarrekin, ahoz eta/edo idatziz.

Irizpide horien beren arabera, Udalak euskararen ikaskuntza bultzatzen ahalko du jadanik plantillan dauden langile kontratatuen eta urtebete baino gehiagoko kontratuak dituzten aldi baterako langileen artean, are ordutan nahiz dirutan konpentsazioak ezarriz ere, legez bidezko den moduan.

9. artikulua. Herritarraren eskubideak.

Zangozako herritarrek euskara eta gaztelania erabil ditzakete, ahoz eta idatziz, Udalarekiko harremanetan. Horretarako, Udalak eskaerari erantzuteko behar diren mekanismoak ezarriko ditu pixkanaka.

10. artikulua. Bestelako administrazioekiko harremanak.

Zangozako Udalak, entitate publikoa baita, beste administrazio publikoei (tokikoei, autonomia erkidegokoei eta estatukoei) ele bitan bidaltzen ahal dizkie idazkiak eta agiriak.

11. artikulua. Zerbitzuak kontratatzea.

Zerbitzu publikoen kudeaketa emakida bidez zeharka egiten denean, eta udal ordenantza hau aplikatu behar zaienean, behar diren neurriak hartzen ahalko dira zerbitzu publiko horiek herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatuz emateko.

12. artikulua. Kultur, kirol eta aisialdi jarduerak.

Zangozako Udalak laguntzen dituen kultur, kirol eta aisialdi jarduketa guztietan, bultzatuko da ele bitan egitea kartelak eta ahozko iragarkiak.

Elkarte bakoitzaren berezko jardueren kasuan, Udalak itzulpen zerbitzua erakundeen eskura jar dezake, Udalaren itzulpen zerbitzuaren bidez edo itzulpen zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa publiko edo pribatu baten berri emanez.

Zangozako Udalak, orokorrean, bultzatuko du kultur elkarte, klub eta talde guztiek euskara erabiltzea haien jarduera eta aurkezpenetan.

13. artikulua. Kirol jarduerak.

Kultur programazioan, ondoko portzentajeak finkatzen dira bermatzeko Udalaren jolas eta/edo kultur programazioaren zati bat euskaraz egiten dela. Herriaren egoera soziolinguistikoa kontuan harturik, euskarazko jarduerak lehentasunez 5 eta 34 urte bitarteko herritarrentzat eginen dira, bereziki 5-14 eta 15-24 adin tarteentzat.

Euskarazko kultur jardueren programazioan, honako hauek dira gutxieneko irizpideak:

–Asteazkeneko ipuin kontakizunetan (urritik apirilera, gutxi gorabehera), hileko edo programatutako lau saioetatik bat euskaraz egitea (1/4).

–4 eta 14 urte bitarteko haurrentzako arte eszenikoetan, seihileko batean 4 ekitaldi programatzen badira, gutxienez 1 euskaraz egitea (1/4); 6 programatzen badira, 2 euskaraz (1/3).

–Haur eta gazteentzako zinea: seihilekoko 4 saioetatik bat euskaraz eskaintzea (1/4), edo 6 saioetatik 2 (1/3). Ikus-entzunezko proiekzioen enpresen zerbitzuak kontratatzen badira, gutxienez proiekzio bat euskaraz egitea, eta proiekzioaren ondoan hizketaldia bada, gutxienez dinamizatzaile/moderatzaile elebidun bat izatea.

–Gazte eta helduentzako musika emanaldiak: gutxienez bat seihilekoan.

–Udako jardueretan, halakorik bada, gutxienez jolas jarduera bat euskaraz egitea (animazioa igerilekuan, ginkana...).

–Udako jardueretan, halakorik bada, euskarazko udalekuak sustatu eta antolatzea 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat.

Jai txiki edo handietan, jarduerak programatzean bermatuko da gutxienez haurrentzako (5 eta 14 urte bitartekoentzako) eta gazteentzako (15 eta 30 urte bitartekoentzako) hiru jardueretatik bat euskaraz eginen dela (edo ele bitan, eskainitako jarduera motaren arabera), euskara eta euskal kultura sustatuko dituztenak, hala nola: jaietan kontratatzen diren orkestren, berbena taldeen edo bestelako musika taldeen errepertorioa, herri kirol erakustaldiak, dantzaldiak eta haur jarduerak (tailerrak, kale antzerkia, puzgarriak, bideokontsolak...).

14. artikulua. Euskara ikastea sustatzea.

Zangozako Udalak sustatuko du helduek euskara ikastea, eta laguntza emanen die ikasleei eta ikasketak eskaintzen dituzten entitateei. Horretarako, euskara ikasteko laguntzak emateko deialdia urtero egiten da (kontsultatu euskara ikasteko laguntzen oinarriak).

BIGARREN TITULUA

Zangozako Euskararen Kontseilua

15. artikulua. Sorrera, osaera eta eginkizunak.

–Sorrera, osaera eta funtzionamendua:

Ordenantza hau aplikatuz, Zangozako Euskararen Kontseilua sortuko da, Udalaren organo aholku-emaile gisa, Zangozan euskararen ezagutza, erabilera, babesa eta sustapena bultzatzeko, baita herriko egoera soziolinguistikoaren bilakaeraren segimendua egiteko ere.

–Erregulazio proposamena:

Honako hauek osatuko dute Zangozako Euskararen Kontseilua: Udalean ordezkaritza duten talde politikoetako zinegotzi bana gutxienez (4 zinegotzi gutxienez; horietako bat kontseiluburua izanen da, kontseilukideen gehiengo osoz hautatua); Luis Gil ikastetxe publikoaren ordezkari bat; Ikastolaren ordezkari bat; Sierra de Leire institutuaren ordezkari bat; 0-3 zikloaren ordezkari bat; eta beste kide bat, Zangozako kulturan nabarmenak diren pertsona edo elkarteen artean hautatua.

Zinegotzi kontseilukideen artean kontseiluburua hautatuko da, kontseilukideen gehiengo osoz. Alkateak eginen du deia lehenbiziko bilerarako, eta bertan kontseiluburua hautatuko da. Kontseilukideek hautatuko dute kontseiluko idazkaria.

Kontseilua legegintzaldi bakoitzaren hasieran berrituko da. Alkateak eginen du deia lehenbiziko bilerarako.

Zangozako Euskararen Kontseilua gutxienez ere seihilekoan behin bilduko da, kontseiluburuaren ekimenez edo, gutxienez ere, hiru kontseilukidek proposaturik.

–Eginkizunak:

Zangozako Euskararen Kontseiluak ordenantza honen segimenduaren, ebaluazioaren eta betetze mailaren berri emanen dio dagokion batzordeari eta/edo Osoko Bilkurari.

Adierazle horien emaitzarekin bat, Gobernu Batzarrak edo, bestela, Osoko Bilkurak behar diren neurriak hartuko ditu ordenantza honen betetzeari dagokionez.

Zangozako Euskararen Kontseiluak beste edozein neurri proposatzen ahalko dio Udalari, euskara sustatzeko eta bultzatzeko.

Iragarkiaren kodea: L1807183