11. ALDIZKARIA - 2018ko urtarrilaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2952/2017 EBAZPENA, azaroaren 30ekoa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko E mailako edo taldeko bost lanpostu desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako oposizio murriztuaren bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Martxoaren 25eko 20/2015 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2013ko, 2014ko eta 2015eko enplegu publikoaren eskaintza onetsi zen. Foru dekretu hori 73. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 17koan. Ondoren, irailaren 9ko 233/2015 Foru Dekretuaren bidez, 2013ko, 2014ko eta 2015eko enplegu publikoaren eskaintzako lanpostuen kopurua handitu zen. Foru dekretu hori 183. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 16koan. Maiatzaren 4ko 27/2016 Foru Dekretuaren bidez (88. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 9koa), martxoaren 25eko 20/2015 Foru Dekretua aldatu zen, 2014ko eskaintza bertan behera utzi baitzuen, eta 2013ko eta 2015ekoa murriztu.

Martxoaren 25eko 20/2015 Foru Dekretu horren 3. artikuluan bildutako aurreikuspenak betez, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren azaroaren 21eko 2559/2016 Ebazpenaren bidez (241. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 16koa), zehaztu egin ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2013ko, 2014ko eta 2015eko enplegu publikoaren eskaintzan desgaitasuna duten pertsonentzat erreserbaturiko txandan sartuko diren lanpostuak. Hala, erabaki zen enplegu publikoaren eskaintzako 28 lanpostu huts erreserbatzea desgaitasuna duten pertsonentzat, eta horietatik 5, zehazki, desgaitasun intelektuala dutenentzat.

Gero, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren martxoaren 13ko 660/2017 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko E mailako edo taldeko lanpostu huts batzuk, den-denak desgaitasun intelektuala dutenentzako erreserba-txandakoak, lekualdatze lehiaketaren bitartez betetzeko deialdia onetsi zen. Deialdi hori Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren urriaren 30eko 2676/2017 Ebazpenaren bidez ebatzi zen.

Aurrekoa kontuan harturik, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko E mailako edo taldeko 5 lanpostu sarrerako prozeduraren bidez eta desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako oposizio murriztuaren sistema erabiliz betetzeko deialdia eta dagozkion oinarriak onestea.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko E mailako edo taldeko 5 lanpostu sarrerako prozeduraren bidez eta desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako oposizio murriztuaren sistema erabiliz betetzeko deialdia eta dagozkion oinarriak onestea.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Langileen Kudeaketarako Zerbitzuari, Argibide eta Erregistro Bulegoari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.

DEIALDIA, E MAILAKO EDO TALDEKO BOST LANPOSTU DESGAITASUN INTELEKTUALA DUTEN PERTSONENTZAKO OPOSIZIO MURRIZTUAREN BIDEZ BETETZEKO

Hona hemen deialdiaren oinarriak

OINARRIAK:

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko E mailako edo taldeko bost lanpostu betetzea desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako oposizio murriztuaren bidez. Honatx bete beharreko lanpostuak:

–Zerbitzu orokorretako lanpostu bat, E mailakoa, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako El Vergel zahar etxeari atxikia. Plantilla organikoan 2815 zenbakia du, eta destinoa Iruñean.

–Garbiketako langileen lanpostu bat, E mailakoa, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroari atxikia. Plantilla organikoan 30637 zenbakia du, eta destinoa Iruñean.

–Museoko zaintzaileen lanpostu bat, E mailakoa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Museoari atxikia. Plantilla organikoan 35817 zenbakia du, eta destinoa Iruñean.

–Zerbitzu anitzetako enplegatuen lanpostu bat, E mailakoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Ospitaleguneari atxikia. Plantilla organikoan 68946 zenbakia du, eta destinoa Iruñean.

–Zerbitzu anitzetako enplegatuen lanpostu bat, E mailakoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Lizarrako Osasun Barrutiari atxikia. Plantilla organikoan 69910 zenbakia du, eta destinoa Lizarran.

1.2. Bost lanpostu huts horiek txanda hauetan banatuko dira:

–3 lanpostu desgaitasun intelektual arin edo moderatua duten pertsonentzat erreserbatutako txandan.

–2 lanpostu mugako desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat erreserbatutako txandan.

1.3. Bi txanda horietatik edozeinetan lanposturen bat bete gabe gelditzen bada izangaiek lanpostua lortzeko behar den gutxieneko puntuazioa lortzen ez dutelako, lanpostu horiek beste txandakoei gehituko zaizkie.

2.–Betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna izatea ofizialki aitortua, desgaitasun intelektual arin edo moderatu baten ondorioz edo mugako gaitasun intelektual baten ondorioz.

b) Espainiako herritarra izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

c) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiakoa ez beste nazionalitate bat dutenek egiaztatu beharko dute ez daudela diziplina-zehapen edo epai baten bidez gabetuak beren estatuetako funtzio publikoetan aritzeko.

f) Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, 30637 eta 35817 lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

2.2. Baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean bete beharko dira, eta lanpostuaren jabetza hartu arte mantendu.

2.3. Izendatuak izateko proposatzen diren izangaiek deialdiaren 7.2 oinarrian ezarritako moduan eta epean frogatu beharko dute aurreko baldintzak betetzen dituztela, salbu eta 3.2 oinarrian ezarritako dokumentazioa, deialdian parte hartzeko eskabiderarekin batera aurkeztu beharko baita.

3.–Eskaeren aurkezpena.

3.1. Eskabideak deialdiaren I. eranskinean argitaratutako ereduaren araberakoak izanen dira, eta, horietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskabidearen eredua Interneten bidez eskuratzen ahalko da, www.nafarroa.eus helbidean, bai deialdia argitaratzen duen Nafarroako Aldizkari Ofizialetik, bai deialdiari buruz hemen dagoen aiputik:

http://www.navarra.es/home_es/Temas/Empleo+publico/

Deialdian parte hartzeko eskaerak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

Eskabideak aurkezteko, baliabide hauetako edozein erabil daiteke:

A) Aurrez aurre.

Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetako edozeinetan aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazitako bideetakoren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulegoan aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azalak irekita egon beharko du, postetxeko langileek data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu eta Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrera (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) igorri aurretik.

B) Telematika bidez.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren www.nafarroa.eus web atarian esteka honetan dagoen deialdiaren aiputik abiatuta:

http://www.navarra.es/home_es/Temas/Empleo+publico/

3.2. Aurkeztu beharreko agiriak:

Bat.–Parte hartzeko eskabidea, deialdiaren I. eranskinean dagoen ereduaren araberakoa.

Bi.–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duela aitortzen duen dokumentazioa, agiri hauetakoren bat aurkeztuz:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria, edo.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Hiru.–Desgaitasunak baloratzeko eskumena duen organoak emandako diagnostikoaren ziurtagiria, desgaitasun intelektual arina edo moderatua edo mugako desgaitasun intelektuala duela egiaztatzen duena.

Dena dela, desgaitasun mailaren aitorpena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Desgaitasunak Baloratzeko Taldeak egina bada, izangai horiek berariazko baimena ematen ahalko diote Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari Bi eta Hiru puntuetan adierazitako dokumentazioa aipatu organoaren bidez eskuratzeko. Horretarako, deialdian parte hartzeko eskabide ereduan (I. eranskina) dagoen laukitxoa bete beharko dute. Baimena emanez gero, ez da beharrezkoa izanen Bi eta Hiru puntuetan adierazitako dokumentazioa aurkeztea, eta aski izanen da Bat puntuan adierazitako eskabidea aurkeztea (I. eranskina).

3.3. Probak egiteko denbora eta/edo baliabide aldetik egokitzapenen bat behar duten izangaiek eskabidean adierazi beharko dute, nahi dituzten egokitzapenak zehaztuta. Egokitzapenak eskatzeko eredua Interneten bidez eskuratzen ahal da, helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_es/Temas/Empleo+publico/

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez dakar berarekin aitortzen denik izangaiek ebazpen honen bitartez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Hautapen prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Miguel Javier Zugasti Moriones jauna, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Balorazio Ataleko burua.

Ordezko epaimahaiburua: Olga Cuairán Yeregui andrea, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Desgaitasuna duten Pertsonentzako Zerbitzuen Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Elena Eslava Garijo andrea, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroko arloko arduraduna.

Ordezko epaimahaikidea: José Antonio Villanueva Liras jauna, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: M.ª José Olite Merino andrea, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Desgaitasunak Baloratzeko Taldeko psikologoa.

–Ordezko epaimahaikidea: Celia Sarasa Armendáriz andrea, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Desgaitasunak Baloratzeko Taldeko psikologoa.

–Epaimahaikidea: Elena Hernández Ruiz de Larrinaga andrea, Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Ordezko epaimahaikidea: Lourdes Moreno Santiago andrea, Langileen Batzordearen ordezkaria.

–Batzordekide-idazkaria: Eduardo Jiménez Izu jauna, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Programen eta Diru-laguntzen Kudeaketaren Ataleko burua.

–Ordezko idazkaria: Francisco Javier Piquer Lapuerta jauna, Eskubide Sozialetako Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiko buruak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruan sortzen diren arazoak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioaren nondik norakoak.

6.1. Oposizioa 2018ko urritik aurrera hasiko da.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Oposizioaldiko ariketa bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren web orrian eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak oposiziotik baztertuak izanen dira.

6.2. Oposizioaldiko proben bidez, batez ere, egiaztatu nahi da izangaiek badituztela lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzeko jokabide aldetik behar diren oinarrizko errepertorioak eta ezinbesteko ezaupideak.

Horrela, oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko II. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz eta ordena berean eginen dira.

Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarra duen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak, baina edukia doituta. Gaien edukia www.nafarroa.eus webgunean argitaratuko da.

6.3. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

6.3.1. Lehenengo ariketa.

Idatzizko ariketa teorikoa, gehienez ere ordu bat eta erdi iraunen duena. Test motako ariketa bat izanen da: II. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko 40 galdera erantzun beharko dira; erantzuteko hiru aukera eskainiko dira, baina bat bakarra izanen da zuzena. Oker erantzuteagatik ez da penalizaziorik izanen.

Kalifikazioa: ariketa honetan gehienez ere 40 puntu lor daitezke.

Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 20 puntu lortzen ez dituztenak.

6.3.2. Bigarren ariketa.

Ariketa teoriko-praktikoa, gehienez ere ordu bat eta erdi iraunen duena. Izaera praktikoko 15 galdera erantzun beharko dira II. eranskineko gai zerrendako gaiei buruz. Galdera bakoitzean hiru erantzun eskainiko dira, baina bat bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzeko, erantzun zuzenaren balioaren herena kenduko da.

Kalifikazioa: ariketa honetan gehienez ere 60 puntu lor daitezke.

Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 30 puntu lortzen ez dituztenak.

6.4. Gai zerrenda eta gainditu beharreko probak bi txandarentzat berdinak badira ere, ariketak txanda bakoitzaren ezaugarrietara egokituko dira.

7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendatzeko proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Hautaprobak bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du gainditu duten pertsonen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera eta lortutako puntuazioari jarraikiz.

Berdinketarik gertatuz gero, lehenbiziko ariketan puntu gehien lortzen dutenen alde joko da, eta, berdinketak badirau, bigarren ariketan lortutako puntuak hartuko dira aintzat.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, epaimahaiak berariaz deituko duen jendaurreko ekitaldi batean eginen den zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoari jarraikiz deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena. Emaitzak Nafarroako Gobernuaren web orrian eta iragarki-oholean jarriko dira jendaurrean.

Orobat, zerrenda hori Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko zaio, espediente osoarekin batera, baita probak gainditu eta, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostuetan sartzen ahal diren izangaiak izendatzeko proposamena ere.

Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.2. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, izendatzeko proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epearen barnean:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

Dena dela, Espainiako nazionalitatea duten parte-hartzaileek, eskabidean horretarako gaitutako laukitxoan, baimena ematen ahalko diote Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari beren identitatearen eta adinaren inguruko datuak kontsultatzeko, datu horiek beharrezkoak badira espedientea tramitatu eta ebazteko. Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD) kontsultatuko dira datuak, edo beste sistema baliokide baten bidez. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izanen nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo nortasun agiri baliokidearena aurkeztea.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, bigarren oinarriko 2.1.b) atalean nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena.

b) Zinpeko aitorpen bat edo aitorpen solemne bat, adierazteko ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

Espainiako nazionalitatea ez duten pertsonek zinpeko aitorpenaren bidez edo promesaren bidez adierazi beharko dute ez daudela beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena penal baten menpe.

c) Zinpeko aitorpena edo promesa, Nafarroako foru araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela dioena.

d) Lanpostuak aukeratzeko eskaera, lehentasun-hurrenkeraren arabera antolatuak (III. eranskinaren arabera), desgaitasuna eta eskuratu nahi duen lanpostuari dagozkion eginkizunak bateragarriak direla deklaratu ahal izateko.

e) 2.1 oinarriko f) letrako betebeharra egiaztatzearren, hori beharrezkoa denean, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari baimena eman beharko zaio Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiari eska diezaion ziurtagiri hori, deialdian parte hartzeko eskabide ereduan (I. eranskina) dagoen berariazko laukitxoan hala adieraziz, edo, bestela, erregistro horrek emandako ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da. Abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez araututa dago aipatu erregistroa.

7.3. Izangaiaren desgaitasuna deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizunekin bateragarria dela deklaratzeko agiria Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Desgaitasunak Baloratzeko Taldeak luzatuko du ofizioz, eta espedienteari erantsiko zaio.

7.4. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

7.5. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak izangaien zerrendan, 7.1 atalean aipatzen den horretan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, eta horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

7.6. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honen 7.2 oinarrian ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

8.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Lanpostu hutsen esleipena izangaiek egindako eskaeren arabera eginen da, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Desgaitasunak Baloratzeko Taldeak luzatutako bateragarritasun-txostenak aintzat hartuz, bakoitzak lortutako puntuazio hurrenkerari jarraikiz.

Probak desgaitasun intelektual arin edo moderatua dutenentzako txandaren bidez gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute lanpostu hutsak aukeratzeko orduan; lanpostuak txandaka esleituko dira bi txandetako izangaien artean, deialdiko 1.2 oinarrian ezarritakoarekin bat.

8.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, E mailako lanpostuetan aritzeko. Ebazpen horren bidez lanpostuen esleipena ere eginen da.

8.3. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, indarra duten xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituztela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

8.4. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta izangai izendatuek hilabeteko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, izendapena jakinarazten denetik hasita.

Aipatutako epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaren jabe egiten ez bada, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, 7.5 oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

8.5. Izangairen bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, indarreko araudian ezarritako kasuetan, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 7.5 oinarriak agintzen duen moduan beteko da.

8.6. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, izendapena egin aitzin hautaturiko lanpostua ez da aldatuko. Beraz, funtzionario berriei, zuzenean, egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

9.–Jarduketen publizitatea.

Nafarroako Aldizkari Ofizialaren eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko iragarki-oholaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak deusetan galarazi gabe, ariketen deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenei eta haren jarduketari buruzko informazio ofiziala, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko da, deialdiaren fitxan, helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_es/Temas/Empleo+publico/

10.–Administrazio Erroan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda.

10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan (aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituena) ezarritako prozedurarekin bat, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:

a) Prozesua gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Prozesua gainditu ez duten izangaien zerrenda.

10.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, bi zerrenda horiek onetsiko dira, hots, prozesua gainditu arren lanposturik lortzen ez duten izangaien zerrenda eta prozesua gainditu ez duten izangaien zerrenda, aplikatzekoak diren kudeaketa arauekin bat.

Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

10.3. Izangaiei deitu eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzerakoan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzearen gaineko ziurtagiriak, kontratua formalizatu baino lehen.

Deituz gero, izangaiaren desgaitasuna eta aldi baterako kontratazioaren bidez bete beharreko lanpostua bateragarriak direla deklaratzeko agiria ere aurkeztu beharko da. Agiri hori Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Desgaitasunak Baloratzeko Taldeak luzatuko du ofizioz, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Naguasiak eskatuta, eta espedienteari erantsiko zaio.

Sarrera prozesuko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek deialdian parte hartzeagatik legozkiekeen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan ukatu gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den bezala frogatu beharko dituzte.

11.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrendak.

11.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak honako zerrenda hauek bidaliko dizkie Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo eskudunei, esparru horretako aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak presta ditzaten: batetik, hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditu dituzten izangaien zerrenda, eta bestetik, hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren esparruan desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat erreserbatuta dauden E mailako edo taldeko lanpostuetan aritzeko aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatzeko eta kudeatzeko orduan, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 347E/2017 Foru Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio, edo zerrendek indarra hartzen dutenean indarra duen foru aginduan xedatutakoari. Izan ere, aipatutako foru agindu horren bidez, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onetsi ziren (2017ko 72. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 12koa).

11.2. Deialdi honen ondorioz prestatzen den kontratazio zerrendako izangaiek 2.1 oinarrian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta haien jabe izaten jarraitu.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzen ez dutenak kontratazio zerrendatik kanpo utziko dira.

11.3. Kontratazio zerrendetan egoteko aurkeztu beharreko dokumentazioa:

Oposizioaldia gainditzen ez duten izangaiek deialdiaren behin betiko emaitzak 7.1 oinarrian ezarri bezala argitaratu eta biharamunetik hasita hamar egun balioduneko epea izanen dute edozein administrazio publikotan egindako zerbitzuei buruzko ziurtagiri bat aurkezteko, non adieraziko baitira deialdia argitaratzen den egunera arte zerbitzu anitzetako enplegatuen estamentuan eta espezialitatean egindako zerbitzuak, salbu eta zerbitzu horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan edo haren erakunde autonomoetan eginak badira (Administrazio Erroa, Osasuna, NOPLOI, Hezkuntza, etab.).

11.4. Esparruak aukeratzea. Iraupen laburreko nahiz luzeko kontratazioetarako zerrendak prestatzeko, deialdian parte hartzeko eskaeran berean aukeratu beharko dira esparruak. Deialdiko azken emaitzak argitaratu eta biharamunetik hamar eguneko epean, interesdunek hasieran aukeratutako esparruak aldatu, murriztu edo zabaldu ditzakete.

11.5. Kontratu motak. Esparru bakoitzean bi zerrenda eginen dira: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.

11.6. Izangaiek lanpostu eskaintzari uko egiten ahalko diote lanaldia heren batekoa edo hortik beherakoa denean.

11.7. Deituz gero, izangaiaren desgaitasuna aldi baterako kontratazioaren bidez bete beharreko lanpostuarekin bateragarria dela egiaztatu beharko da. Agiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan eskumena duen unitateak eskatuta, eta espedienteari erantsiko zaio.

12.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio-epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2017ko azaroaren 30ean.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Amaia Goñi Lacabe.

I. ERANSKINA

Hautaprobetan onartua izateko eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa.

Espainiako Konstituzioa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa. Erakundeak.

Nafarroako Gobernua: funtzionamendua.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren enplegatu publikoak: motak, hautapen prozesuak, eskubideak, betebeharrak eta administrazio egoerak.

2. gaia.–Bete beharreko lanpostuak eta lantokiak.

Nafarroako Ospitalegunea eta zerbitzu anitzetako enplegatuen lana.

El Vergel zahar etxea eta zerbitzu anitzetako enplegatuen lana.

Lizarrako Ospitalea eta zerbitzu anitzetako enplegatuen lana.

Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroa eta garbiketako langileen lana.

Nafarroako Museoa eta museoko zaintzaileen lana.

3. gaia.–Barnealdeen eta kanpoaldeen garbiketa.

–Barnealdeen garbiketa:

kontzeptu orokorrak: garbiketa, higienea eta desinfekzioa.

Zoruen, pareten, kristalen eta sabaien garbiketa.

Altzarien garbiketa. Bulegoak.

Logelen garbiketa.

Komunontzien, bainuen eta dutxen garbiketa.

Laneko arriskuak eta osasuna barnealdeen garbiketa lanetan.

–Kanpoaldeen garbiketa:

Eremu irekietan eskuz eskobatzea.

Kanpoaldeko garbiketa lanetarako tresna eta erramintak.

Paperontziak eta hiri-altzarietako gainerako elementuak.

Gaikako zabor bilketa.

Laneko arriskuak eta osasuna kanpoaldeen garbiketa lanetan.

4. gaia.–Sukaldea.

–Sukaldea:

sukalde motak eta bete behar dituzten baldintzak.

Makinak eta erremintak.

–Elikagaiak:

Elikagaien sailkapena eta mota bakoitzaren ezaugarriak.

Dieta motak: oinarrizko kontzeptuak.

Sukaldaritzako prozesuen oinarrizko teknikak:

elikagaiak prestatzea eta kontserbatzea.

Platerean jartzea, banatzea eta garraiatzea.

Elikagaien bilketa.

Makineriaren, erraminten eta tresnen garbiketa.

Elikagaien manipulazioa. Higienea eta garbiketa lanean.

–Jantokia:

jantokia antolatzeko oinarrizko teknikak.

Mahaien eta janarien banaketa.

Jantokiak biltzea eta garbitzea.

Laneko arriskuak eta osasuna sukaldari laguntzaileen lanetan.

5. gaia.–Museoak zaintzeko lana.

Nafarroako Museoa.

Museoaren kontzeptua. Museoen eginkizunak.

Nafarroako Museoaren ingurunea.

Nafarrroako Museoaren egutegia, ordutegia eta tarifak.

Nafarroako Museoaren bilduma: erakusketa iraunkorrak eta pieza nabarmenak. Aldi baterako erakusketak.

Museoko jardueren eskaintza.

Nafarroako Museoaren araudia profesionalentzat eta bisitarientzat.

Museoetako zaintzaileentzako arauak.

Bisitarientzako arauak.

Museoko zaintzailea.

Aretoa zaintzeko eginkizunak.

Bisitariei arreta egiteko eginkizunak.

Nafarroako Museoaren segurtasuna: aretoa zaintzeko oinarrizko jakingarriak.

Museoen segurtasuna.

Pertsonen babesa eta lehen sorospenak.

Museoko artelanen babesa eta kontserbazioa.

Laneko arriskuak eta osasuna museoko zaintzaileen lanetan.

6. gaia.–Lorezaintza.

Kontzeptu orokorrak eta lorezainaren eginkizunak.

Zorua eta landareak: bizi-elementuak. Teknika nagusiak zoruen eta landareen zainketan.

Lorezaintzako lanetarako erreminta erabilgarriak: eskuzkoak eta motordunak.

Lorategiak eta berdeguneak instalatzeko oinarrizko teknikak.

Lorategien eta berdeguneen mantentze-lanetarako oinarrizko eragiketak.

Lorategien eta berdeguneen ureztaketa.

Ongarritzea.

Lorategien garbiketa eta zaintza.

Laneko arriskuak eta osasuna lorezaintzako lanetan.

III. ERANSKINA

Desgaitasunaren eta lanpostuaren arteko bateragarritasuna baloratzeko eskaera (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1715057