106. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTE

Ordenantza, Krosarekin lortzen den laguntzaren adjudikazioa arautzen duena. Behin betiko onespena

Uharteko Udalak, 2018ko martxoaren 28an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Uharteko Krosarekin lortzen den laguntzaren adjudikazioa arautzen duen ordenantza.

2018ko 73. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 17an, bai eta Udalaren iragarki oholean ere eta, legezko epea iraganik inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, testu osoa argitara ematen da jarraian, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean indarrean sar dadin.

Uharten, 2018ko maiatzaren 31n.–Alkate udalburua, Alfredo Javier Arruiz Sotes.

UHARTEKO KROSAREKIN LORTZEN DEN LAGUNTZAREN ADJUDIKAZIOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen helburua da Uharteko Krosa antolatzetik ateratzen diren funtsak, halakorik bada, zertarako erabili definitzea.

2. Laguntzen zenbatekoa.

Laguntza gisa emanen den zenbatekoa izanen da karreran lortutako diru-sarreren eta hartan diren gastuen arteko diferentzia. Tarte hori negatiboa bada, hau da, gastuak diru-sarrerak baino handiagoak badira, ez da ekarpenik izanen.

3. Kirol zerbitzuko zinegotzi ordezkaria izanen da prozedura instruituko duen organoa.

Erabakia hartuko duen batzorde ebaluatzailean honako kide hauek izanen dira, hitza eta botoa dituztela:

a) Kirol zerbitzuko eta kirol batzordeko buru den zinegotzi ordezkaria.

b) Kirol batzordeko zinegotzi bat.

c) Uharteko eta Esteribarko udaletako zerbitzuen Mankomunitateko bi teknikari.

d) Kros karreraren antolaketaren ordezkaria.

e) Batzordeko idazkari arituko den kirol teknikaria, hitza duela, baina botorik ez.

4. Deialdian aurkezteko baldintzak.

–Irabazi-asmorik gabeko elkarte bat izanen da, legez eratua, bere estatutuetan helburu sozial bat biltzen duena.

–Indarrean den urtearen aurreko hiru edizioetan adjudikazio-hartzaile ez izatea.

5. Eman gabeko deialdia.

Deialdiak ez badu adjudikazio-hartzailerik, Uharteko Udaleko kirol batzordeak erabakiko du ekarpena zertan erabili, betiere helburu solidarioa edo ongintzakoa izateko irizpidearekin.

6. Eskabideen aurkezpena eta aurkeztu beharreko agiriak.

Deialdi honetan parte hartu nahi duten elkarteek eskaerak aurkeztu beharko dituzte alkatetzaren ebazpen bidez ezarritako epean, ebaluazio batzordearen aldez aurreko txostenarekin. Epe hori luzaezina izanen da.

6.1.–Proiektuak Uharteko Udalaren erregistroan aurkeztuko dira, ondoko hau adieraziz: “Uharteko Udalak, 2018ko martxoaren 28an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Uharteko Krosarekin lortzen den laguntzaren adjudikazioa arautzen duen ordenantza”.

6.2.–Aurkeztu beharreko agiriak.

–Ondoko hauek bilduko dituen eskabidea:

  • Elkartearen izen osoa eta ofiziala, horren ordezkari den pertsona baten telefonoarekin eta helbide elektronikoarekin batera.

–Elkartearen helburuak.

–Elkarteak artatzen dituen uhartearren kopuruari buruzko zinpeko adierazpena, deialdi honetara aurkezteko garaian.

–Elkarteak artatzen dituen pertsonen kopuruari buruzko zinpeko adierazpena, deialdi honetara aurkezteko garaian.

–Egin nahi den proiektuaren deskribapen xehe-xehea eta arrazoitua: helburuak, justifikazioa, onuradunak zein diren, proiektuaren alderdi ekonomikoak, eta abar.

–Bideragarritasun teknikoa: proiektuak aurrera egiteko eta laguntzarik behar ez izateko dituen aukerak.

Ebaluazio batzordeak alderdi hauek baloratuko ditu:

1.–Proiekturaren interes soziala; zer beharri erantzuten dion. 50 puntu gehienez.

2.–Deialdia egiten denean zenbat uhartear edo uhartearren lehen graduko ahaide artatzen dituen: 20 puntu gehienez. Pertsona gehien artatzen dituen elkarteak lortuko du puntu gehien. Besteak hainbanatuko dira hiruko erregela baten bidez.

3.–Deialdia egiten denean zenbat pertsona artatzen dituen: 15 puntu gehienez. Pertsona gehien artatzen dituen elkarteak lortuko du puntu gehien. Besteak hainbanatuko dira hiruko erregela baten bidez.

4.–Proiektuaren bideragarritasuna: 15 puntu gehienez.

6.3.–Ebazpena.

6.3.1.–Ebaluazio prozesua bukaturik, ebaluazio taldeak laguntza emateko proposamena eginen du, Alkatetzak onetsiko duena, ebazpen bidez.

6.3.2.–Ebazpen horrek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta haren kontra, hautara, errekurtso hauetakoren bat para daiteke:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroan administrazioarekiko auzietan eskumena duen organoari zuzendua, bi hilabeteko epean ebazpena jakinarazi eta biharamunetik.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

–Berraztertzeko errekurtsoa, ebazpen hau eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

6.3.3.–Laguntza zertarako ematen den, hori argitaratuko da karrerako webgunean eta Udalarenean, Udalaren kirol zerbitzuari dagokion atalean.

7. Ordainketa.

Karrerako balorazio ekonomikoa bukaturik (gastuak eta diru-sarrerak) ordainduko da laguntza, zertarako eman zen, onuradunak justifikatu ondoren hori egin duela, Uharteko Udalaren diru-laguntzen ordenantza orokorraren 15. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako moduan, laguntza emateko erabakia hartu eta hilabeteko epean.

8. Onuradunek bete beharrekoak.

8.1.–Proposamenean azaldutako helburuetarako erabiltzea laguntza.

8.2.–Udaletik jasotako laguntzaren helburua justifikatzea.

8.3.–Publizitatean, dokumentazioan eta elkartearen propagandan Uharteko Udalaren lankidetza aipatzea, eta Udalaren logotipoa paratzea, horretarako emanen baitzaie.

8.4.–Laguntza emateko ekitaldi sinbolikoan parte hartzea. Argazki baten bidez zabalduko da.

9. Deialdi honen ondoriozko betebeharrak ez betetzea.

Udalak bertan behera utz dezake emandako laguntza, eta itzultzeko eskatu, ondoko kasu hauetan:

–Oinarri hauetako baldintzaren bat ez betetzea.

–Jasotako laguntza behar bezala ez justifikatzea, Udalak justifikazio hori eskatzen badu.

10.

Oinarri hauetan berariaz ikusi gabeko gauza guztietarako Udalaren diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza aplikatuko da (2011ko 251. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 22koan, argitaratua), eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.

Iragarkiaren kodea: L1806404