106. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

297E/2018 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusiak emana, txikizkako merkatarien taldeak sustatu eta kudeatzeko diru-laguntzen 2018ko deialdia onesten duena.

Gobernuak 2018ko otsailaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Txikizkako Merkataritza Hurbila Bultzatzeko Plana (2018-2020) onetsi zen. Plana txikizkako merkataritzako sektoreak behar dituen politika publikoak gauzatzeko tresna da, helburu harturik sektorearen behar eta interesei erantzuteko eta Nafarroa osoan merkataritza jardueraren garapen orekatuagoa sustatzeko.

Plan horren helburu estrategikoetako bat da Nafarroako merkataritza sektoreko enpresen arteko lankidetza bultzatzea eta sektoreko enpresa txiki eta ertainen arteko elkartegintza sustatzea, toki nahiz eskualde mailan eta gremioetakoa nahiz sektoreetakoa, funtsezko tresna baita txikizkako merkataritza hurbila eta haren garapena hobetzeko, hirietako nahiz landa eremuetako merkataritza-zonetan. Zehazki, “Enpresen arteko lankidetza” izeneko II. Programak hainbat neurri planteatzen ditu gaur egungo enpresen elkartegintza maila areagotzeko, entitate publiko eta pribatuen arteko lankidetzarako formulak arautu eta garatzeko, landa-merkataritza sendotzeko lankidetza aliantzak sustatzeko eta merkataritza turismoarekin eta artisautzarekin osatzeko formulak bultzatzeko.

Eta “Elkartegintza sustatzea eta sendotzea” izeneko 2.1 jarduketa-ildoak zenbait neurri ezartzen ditu sektoreko ETE-en arteko lankidetza eta integrazio maila areagotzeko, eta horretarako, laguntza emanen da merkatari elkarteen kudeaketa profesionalizatzeko, eta sustatuko da proiektu komunak sortzea, besteak beste, enpresa elkartuentzako eta bezeroentzako zerbitzuak hobetzea eta tokiko merkataritza eta merkataritza-zonak dinamizatu eta sustatzeko ekintzak, horien merkataritza eredu bateratua eskainiz.

Era berean, enpresaburuen elkarteen kudeaketa profesionalizatua funtsezkotzat jotzen den helburua da; izan ere, horri esker, sektoreko enpresek ikusiko dute horiek behar-beharrezkoak direla merkataritza-zonetako jarduera sustatzeko eta zerbitzuak emateko, eta hori guztia lehiarako abantaila izan dadin ETE elkartuentzat elkartuak ez daudenen aurrean.

Jarduketa horiek txikizkako merkataritza hurbilari bultzada eta laguntza emateko tresna dira eta xedea dute Nafarroako toki entitateen hiri-bilbean garatutako txikizkako merkataritza dinamizatzea eta indartzea eta gaur egun dagoen merkataritza-ehuna finkatzea.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak dira. Jarduketa diruz lagungarrietan egindako gastuari oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideen araberako portzentajea aplikatuz zehaztuko dira. Aurrekontuan erabilgarri dagoen diru kopurua txikiagoa bada irizpideak aplikatzearen ondoriozko diru-laguntzen guztirakoa baino, deialdiaren ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako gastua hainbanatu eginen da diruz laguntzeko moduko gastu bolumenaren artean.

Horrenbestez, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Txikizkako merkatarien taldeak sustatu eta kudeatzeko diru-laguntzen 2018ko deialdia onestea.

2. Diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. 520.000 euroko gastua baimentzea diru-laguntzen deialdi honen ondoriozko konpromisoak betetzeko; Nafarroako 2018ko Aurrekontu Orokorretako honako partidaren kargura finantzatuko da: 830001-83130-4819-431400, “taldeak sustatu eta kudeatzeko diru-laguntzak” (PICMP).

4. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 11n.–Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

I. ERANSKINA

Txikizkako merkatari taldeak sustatu eta kudeatzeko
diru-laguntzen 2018ko deialdiaren oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Oinarri arautzaile hauen xedea da txikizkako merkataritzako ETE-en arteko enpresaburuen elkartegintza eta lankidetza sustatuko dituzten diru-laguntzen araubidea erregulatzea, hiriko eta hurbileko merkataritzarekin konpromisoa duen merkataritza sarea bultzatzearren.

Txikizkako merkataritza sektorearen lehiakortasuna hobetzea da diru-laguntza honen onura publikoa, laguntza ekonomikoa emanez merkataritza elkarteei hainbat berariazko jarduera egin ditzaten helburu honekin:

–Hurbileko merkataritza dinamizatzeko eta sustatzeko jarduketak bultzatzea, merkatari elkarteek garatzen dituztenak taldeko estrategiak garatzeko gai diren udalerrietan eta merkataritza guneetan eta, zehazki, zona, gremio eta sektoreko jarduketa programak eta udal merkatuetan egindakoak indartzea.

–Txikizkako merkataritzako ETE-en elkartegintza maila igotzea, bai eta enpresen lankidetza eta integrazio maila ere, betiere nabarmenduz horrek nolako onurak eta lehiarako abantailak dakartzan elkarteetan sartu gabeko ETE-en aldean.

–Laguntza ematea merkatari-elkarteen kudeaketa profesionalizatu dadin, proiektu komunak egiteko pizgarriak emanez eta elkartutako enpresentzako eta bazkideentzako zerbitzuak hobetuz eta tokian tokiko merkataritza eta merkatari-guneak dinamizatuz eta sustatuz, betiere batasun-irudia emanez aldi berean.

2. oinarria. Aurrekontuko zuzkidura.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko baimendu den kreditua 520.000 eurokoa da.

3. oinarria. Egiteko epea.

1. 2017ko azaroaren 1etik 2018ko urriaren 31 bitarte, biak barne, egiten diren gastuak dira diruz lagungarriak eta, ondorio horietarako, fakturatzen den eguna izanen da gastua egin den eguna.

2. Gastu diruz lagungarrien ordainagiriek 2017ko azaroaren 1etik 2018ko azaroaren 8ra artekoak izan beharko dute, biak barne.

4. oinarria. Entitate onuradunak, betebeharrak eta haien izaeraren frogabidea.

1.–Entitate onuradunak:

Merkatarien elkarteek, merkatarien elkarte mistoek (merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak) eta merkatarien elkarteen batasunek jasotzen ahalko dituzte deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak.

2.–Betekizunak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte, bai eta berariazko baldintza hauek ere, entitate mota zein den betiere:

2.1. Helbidea Nafarroan duten merkatari elkarteak eta merkatari elkarte mistoak (betiere irabazi-asmorik gabeak):

a) Garapen Ekonomikorako Departamentuaren Sindikatuen eta Enpresa Erakundeen Erregistroan edo Nafarroako beste erregistro ofizial batean inskribaturik egotea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen. Informazio hori ofizioz kontsultatuko du deialdia kudeatzen duen organoak, eta, ondorio horietarako, entitate eskatzaileak bere baimena emanen du, eskaera inprimakian, kontsulta hori egiteko edo, bestela, inguruabar hori frogatzen duen dokumentazioa aurkeztuko du.

b) Eskaera aurkezten den egunean, gutxienez 20 saltoki elkartu izana, kasu hauetan izan ezik (entitate eskatzailearen jarduketa esparruaren arabera):

–5 saltoki elkartu izana, jarduketa esparrua udal merkatu bat bada.

–15 saltoki elkartu izana, jarduketa esparrua udalekoa eta hurbilekoa bada (II. eranskinekoak).

Ondorio hauetarako, hauek hartuko dira saltoki elkartutzat: txikizkako merkataritza jardueretan diharduten establezimenduak, titularrak merkatariak dituztenak, hau da, jarduera komertziala egiteko gaitasuna izanik txikizkako merkataritzan ari diren pertsona fisiko edo juridikoak, nork bere izenean eta ohiko lanbide gisa, betiere, gainera, diru-laguntza eskatzen duen merkatari elkarteko kide badira.

Saltoki elkartutzat hartzeko, elkartearen kide diren saltoki horien titularrek, eskaera aurkezteko datan, alta emanda agertu beharko dute merkataritza establezimendu batean, 641. taldetik 659.era bitarteko (biak barne) eta 661. eta 662. taldeetako jarduera ekonomikoren bateko titular gisa (Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren edo Lizentzia Fiskalaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz). Ondorio horietarako, bazterturik daude 654. eta 655. taldeak, salbu 6542., 6545. eta 6546. epigrafeak.

Establezimendu berean, aldi berean, txikizkako merkataritza jarduera bat baino gehiago egiten bada, saltoki elkartu bakartzat hartuko da ondorio hauetarako.

Establezimendu berean, aldi berean, jarduera bat baino gehiago egiten badira eta horietako bat lehenago zehaztutako txikizkako merkataritzakoa bada, establezimendu hori saltokitzat hartuko da baldin eta jarduera nagusia, negozioaren bolumenari dagokionez (salmenten zifra), txikizkako merkataritza-jarduera bada.

Ez dira inola ere saltoki elkartutzat hartuko ostalaritzako establezimenduak, tabernak, kafetegiak, jatetxeak eta halakoak, ez eta zerbitzu pertsonaletarako establezimenduak ere (ile-apaindegiak, edergintzako aretoak, manikura-, estetika- eta beltzarantzeko zentroak, tindategiak, garbitegiak, bidaia agentziak, aseguru agentziak...).

c) Merkatarien elkarte mistoetan (merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak), merkatari diren bazkideek, gutxienez, elkarteko kideen %35 izan behar dute. Ondorio horietarako, arestian aipatutako Jarduera Ekonomikoen Zergaren epigrafeetan alta emanda dauden bazkideak hartuko dira bazkide merkataritzat.

d) Merkataritza jarduketarako programak merkatarien elkarteek sustatu behar dituzte, betiere haien jarduketa eremua bat badator programa bakoitza garatuko den eremu edo gremioarekin.

2.2. Helbidea Nafarroan duten merkatarien elkarteen batasunak, helbidea Nafarroan dutenak eta irabazi-asmorik gabeak:

a) Garapen Ekonomikorako Departamentuaren Sindikatuen eta Enpresa Erakundeen Erregistroan edo Nafarroako beste erregistro ofizial batean inskribaturik egotea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen. Informazio hori ofizioz kontsultatuko du deialdia kudeatzen duen organoak, eta, ondorio horietarako, entitate eskatzaileak bere baimena emanen du, eskaera inprimakian, kontsulta hori egiteko edo, bestela, inguruabar hori frogatzen duen dokumentazioa aurkeztuko du.

b) Gutxienez ere 4 merkatari elkartek (mistoak edo ez) osatuta egon beharko dute eta, aldi berean, aurreko 2.1 atalean ezarritako beharkizunak beharko dituzte bete.

3.–Entitate onuradun dela frogatzeko, 7. oinarri arautzailean ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

5. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen programa, jarduera, kontzeptu eta gastu motak.

1. Diruz lagungarriak diren programa motak.

Diru-laguntza jaso dezaketen programak honela sailkatzen dira:

a) Merkataritza elkarteen egiturak sustatzeko programak.

Programa hauek hauxe dute helburua: merkatarien elkarteen, merkatarien elkarte mistoen edo merkatarien elkarteen batasunen antolamenduzko egiturak sendotu eta garatzea, honakoak lortu nahian: sektoreko ETE-en arteko enpresari-lankidetza sendotzea, egitura horien kudeaketa profesionalizatzea, barne-funtzionamendua hobetzea eta bazkideei zein bezeroei zerbitzuak emateko gaitasuna indartzea.

b) Merkataritza jarduketarako programak (PAC).

Hiriko eta hurbileko txikizkako merkataritzaren banaketa komertzialaren prozesuak dinamizatzea da programa hauen helburua, bai eta hainbat jarduera eremu edo sektoretako merkataritza bizkortzea ere, horretarako honako hauek baliatuz: komunikazio kanpaina eta ekintza komertzialak, publizitatea, marketin digitala, salmenta sustapenak, aukera-azokak, erakusleihoekin lotutako jarduerak eta kontsumoa bultzatzeko bestelako ekintzak.

Bestetik, Merkataritza Jarduketarako Programak, aplikazio esparruaren arabera, honela sailkatzen dira:

b.1) Zonako programak, honela sailkatzen direnak segun zona bakoitzak taldeko estrategiak jarraitzeko duen ahalmena, jarduketa esparruaren hedadura, entitateek burutzen dituzten jardueren erakarpena eta eragina eta Nafarroako udalerrietan dauden saltokien kopurua:

–Eskualdez gaindiko merkataritza guneak: Iruñearen erdialdea.

–Eskualdeko merkataritza eremuak: Lizarra, Tafalla, Tutera, Sakana.

–Tarteko eremuak hartzen dituzten merkataritza guneak: Altsasu, Zangoza.

–Udal eremuko eta hurbileko merkataritza guneak: eranskinean aipatuak.

Atal honetan ezarritako udalerrietan edo hiriguneetan egiten direnak dira diruz lagungarriak diren zonako programak.

b.2) Udal azoketan garatzen diren programak.

b.3) Gremioen programak, merkataritzako jardueraren sektore baterako, Nafarroa osoan.

b.4) Programa sektorialak, Nafarroako merkataritzarako.

2. Jarduera motak, baldintzak eta gastu diruz lagungarriak.

Ondotik aipatzen diren jarduera eta kontzeptuek jaso dezakete diru-laguntza:

2.1. Merkataritza elkarteen egiturak sustatzeko programa.

Ondoren aipatzen diren jarduera motak izanen dira diru-laguntzaren xede:

a) ETE elkartuei zerbitzuak ematea.

Diruz lagungarriak izanen dira enpresaren antolamendu profesionalizatuaren kudeaketa arrunterako beharrezkoak diren gastuak, xedea izanik enpresaren egitura sendotzea eta ETE elkartuei emandako zerbitzuak areagotzea.

Enpresaren antolamenduaren kudeaketan eta administrazioan ondoko zeregin hauek sartzen dira:

–Enpresa erakundearen organoen (zuzendaritza batzordearen, batzar nagusien) bilerak deitzea eta dinamizatzea (ohikoak eta bereziak) eta kasuan kasuko aktak egitea, entitatearen estatutuei jarraikiz.

–Diru-laguntzetarako eskaerak enpresa erakundearen izenean kudeatzea, eta hala badagokio, ETE elkartuen diru-laguntzetarako eskaera partikularrak ere bai.

–Enpresa erakundearen gastuen eta diru-sarreren aurrekontuen kudeaketa eta kontabilitate arrunta eramatea.

–Kuotak eta derramak kobratzea eta enpresa erakundearen Diruzaintza kudeatzea, ahalmen hori eskuordetua baldin badu.

–Enpresa erakundeak Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusitik edo bestelako administrazio edo entitate batzuetatik jasotzen dituen komunikazio guztiak kudeatzea, bai eta erakundeak berak sortutako barne oharrak eta ETE elkartuei egindako komunikazio guztiak ere.

–ETE elkartuei informazioa eta aholkularitza ematea merkataritzako araudiari buruz, bezeroen kexa eta erreklamazioei buruz, sektorerako laguntza publikoei buruz, datuak babesteko lege organikoari buruz, saltokiak irekitzeari buruz eta abar.

2. Berariazko betebeharrak.

Diruz lagungarria den kontzeptu honen onuradun izaten ahalko dira merkatari elkarteak (mistoak edo ez), baldin eta eskaera aurkezten den egunean 15 eta 100 bazkide artean badauzkate, eta merkatarien elkarteen batasunak.

b) Bezeroei zerbitzuak ematea.

1. Laguntza jaso dezakete bezeroei zenbait zerbitzu emateko xedez egindako kanpoko gastuek, baldin eta kontsumitzaileak fidelizatzeko, merkataritza-zonako bezeroen fluxua areagotzeko eta produktuak banatzeko prozesuari balio erantsia emateko helburuarekin egin badira.

2. Zehazki, gastu hauek lagunduko dira diruz:

–Merkataritza-zonarako sarbidea.

–Bezeroentzako aparkalekua.

–Etxera eramateko zerbitzuak edo antzekoak.

–Balio erantsia ekartzen duten bestelako zerbitzuak, jarduketak eta prestazioak.

c) Enpresaren antolamendua bultzatu eta garatzeko plana.

1. Laguntza jaso dezakete enpresa aholkulariak edo profesionalen enpresak kontratatzeko egindako kanpoko gastuak, baldin eta helburua bada gaur egungo enpresa egiturak garatzea, kasuan kasuko analisia eta diagnostikoa egitea eta horiek finkatzeko, garatzeko eta handitzeko plan bat prestatzea.

2. Jarduketa honek diru-laguntza jaso dezan, gutxienez ere, ondoko zeregin hauek bete beharko ditu:

–Enpresa erakundearen gaur egungo egoeraren diagnostikoa eta ebaluazioa: Sortu zenetik egundaino egindako ibilbide historikoaren laburpena, antolaketa egituraren analisia, gobernu organoak, kideen ardurak, administrazio egitura, organoen profesionalizazio maila eta ordainsariak, entitatearen jarduera arrunta, organo ezberdinen bileren maiztasuna eta abar.

–Gaur egun merkataritza dinamizatzeko egiten diren jarduerak eta horien bilakaera arlo honetan: Salmentak sustatzeko kanpainak antolatzea, jardunaldi teknikoak, prestakuntza ikastaroak, komunikazio kanpainak, publizitatekoak eta marketinekoak; entitate publiko nahiz pribatuekin egindako elkarlana eta babesletzak udalerriko edo merkataritza eremuko bizitza sozialean integra daitezen, animazio komertzialeko jarduerak eta abar.

–Gaur egun bere bazkideei eskaintzen dizkien zerbitzuak eta aurreikusitako bilakaera.

–Aurrekontuen egoera: Erakundeak gaur egun dauzkan finantzaketa-iturrien analisia, etorkizuneko ikuspegia eta bideragarritasun ekonomiko eta finantzarioa epe laburrean eta ertainean.

–Gastuen eta diru-sarreren aurrekontuen eta diruzaintzaren analisia, entitatearen kaudimena eta likidezia, autonomia finantzarioaren maila eta abar.

–ETE elkartuen kopuruaren eta motaren analisia eta bilakaera.

–Enpresa erakundea sustatzeko plan bat prestatzea, hori finkatzea eta handitzea ahalbidetuko duena.

–Etorkizuneko aukerak: Helburuak, aurreikuspenak, elkarteen arteko lankidetza edo handiagoak diren beste batzuetan sartzea, espazio komertzialak kudeatzeko beste formula batzuk hartzea eta abar, eta AMIA matrizea.

3. Berariazko betebeharrak.

–Jarduera horiek zeregin horretarako kualifikatuak dauden enpresek edo profesionalek egin beharko dituzte, eta ez da horrelako gasturik onartuko, inguruabar hori dokumentu bidez ezin frogatu duten entitate, enpresa edo profesionalek eginak direnean.

–Jarduera hori ezin izanen da itundu entitate onuradunarekin lotuta dauden pertsona edo entitateekin.

2.2. Merkataritza jarduketarako programak (PAC).

Ondoren aipatzen diren jarduera motak izanen dira diru-laguntzaren xede:

a) Teknika eta merkataritza arloko aholkularitza.

Honako lan hauetarako beharrezkoak diren gastuek jaso dezakete diru-laguntza: merkataritza jarduketarako programen barrenean sartzen diren jarduerak planifikatu, antolatu, koordinatu, kudeatu, abiarazi eta gainbegiratzea, exekuzioa kontrolatzea eta behar den beste edozein lan.

Jarduera hori betetzeko kualifikatuta dauden entitate, enpresa edo profesionalek egin beharko dituzte zeregin horiek, eta ez da horrelako gasturik onartuko, inguruabar hori dokumentu bidez ezin frogatu duten entitate, enpresa edo profesionalek eginak direnean.

b) Merkataritza dinamizatzeko kanpainak antolatzea.

Salmentak sustatzeko jarduketen edo dinamizazioaren kanpainak proiektu baten barnean garatu behar dira, hain zuzen ere kontsumoa pizteko proiektu baten barnean, non merkatari elkartuen zuzeneko parte-hartzea erakutsiko baita.

Horregatik, hurbileko txikizkako merkataritzaren jarduera sustatu eta indartzen duten jarduketak egiteko beharrezkoak eta ezinbestekoak diren gastuak sartzen dira, bai eta hainbat hirigune edo jarduera sektoreren merkataritza bizkortzekoak ere, merkataritza sustatzeko jarduketa hauek burutuz:

b.1) Salmentak sustatzeko kanpaina berariazkoak, berekin dakartenak aldez aurretik bezeroek erosketak egitea, parte hartzen duten dendetan egin ere, baita honelakoak lortzea ere: zuzeneko deskontuak, deskontuetarako txartelak, zuzeneko sariak, opariak, promozio-erregaliak edo zozketetan parte hartzeko txartelak.

b.2) Merkataritzako beste sustapen kanpaina batzuk (merkataritzaren eguna, erakusleihoen lehiaketak, stock azokak eta antzekoak).

b.3) Udal azokek egindako beste ekitaldi batzuk.

b.4) Zuzeneko marketina, bezeroen fidelizazio sistemen bidezkoa, helburua izanik harreman komertzialak mantentzea bezero hoberenekin eta bezero errentagarrienei eusteko estrategiak garatzea.

b.5) Informazio, komunikazio eta marketin digitaleko ekintzak.

c) Elkartegintza sustatzea.

Enpresen egitura hedatu eta sustatzeko gastuak sartzen dira, baldin eta haiek zabaltzea eta elkartekide berriak egitea badute xede, baita haien protagonismoa indartu edo beren tamaina eta ordezkagarritasuna handitzeko helburu hori duten kanpaina berariazkoak egiteko behar diren gastuak ere, salbu eta gastu horiek lanaldi teknikoari edo prestakuntza-ikastaroei badagozkie.

3. Gastu diruz lagungarriak.

Honako hauek hartzen dira gastu diruz lagungarritzat, oro har:

–Publizitate berariazkoa eta publizitate materiala egitea, zabaltzea eta banatzea (merkataritza dinamizatzeko helburua dutenak eta arestian ezarritako jarduketei dagozkienak), bakar-bakarrik entitate eskatzaileak antolatzen dituenean jarduketa horiek. Ez da onartuko publizitate finkoa sartzea edozein euskarritan, baldin entitatearen izena eta logoa bakarrik agertzen badira, aipatu egin behar baitira merkataritza dinamizatzeko jarduketa eta kanpaina zehatzak eta jarduketa eremu bakoitzean entitateak egiten duen sustapen generikoa ere.

–Langileria gastuak: Onartuko dira langile espezifikoak kontratatzeko gastuak, baldin eta horiek beharrezkoak badira jarduketa hauek garatzeko lanetako batean:

  • Bazkide diren ETE-ei zerbitzuak ematea.
  • Bezeroei zerbitzuak ematea.
  • Aholkularitza teknikoa eta merkataritzakoa.
  • Merkataritza dinamizatzea.
  • Elkartegintza sustatzea.

Entitate eskatzailea bere dituen langileez baliatzen bada, haien lanaldiaren parteari dagokion gastua onartuko da, betiere modu arrazoitu, koherentean eta egiaztatzeko modukoan azaltzen bada lan horiek ezinbestekoak zirela jarduketa hauetakoren bat egiteko:

  • Bazkide diren ETE-ei zerbitzuak ematea.
  • Aholkularitza teknikoa eta merkataritzakoa.
  • Elkartegintza sustatzea.

–Fidelizazio sistemen bidezko zuzeneko marketina: Hauek jaso dezakete laguntza: puntuak trukatuz edo zozketen bidez ematen diren sariak, sistemako txartelak ematea eta sistema horien bezeroekin egiten diren komunikazio eta marketin ekintzak, sistema horien bidez eginak.

–Informazio eta komunikazio ekintzak: Eskatzaileak sustatzen dituen argitalpenak diseinatu, prestatu eta banatzeko gastuak sartzen dira, hala nola, buletinak, aldizkariak, kartelak eta dibulgazioko beste edozein material antzeko edo iragarki tarteak argitalpen edo komunikabideetan, edukiak entitate eskatzaileak hiri-merkataritzaren sustapenari dagozkionak izanik. Ez dira onartuko elkartekideen barne komunikaziorako buletinak.

–Marketin digitala: Honako ekintzen ondoriozko gastuek jaso dezakete diru-laguntza: on-line publizitatea, sare sozialak, telefonia mugikorra edo komunikaziorako tresna digitalak.

–Animazio komertziala: Merkataritza dinamizatzeko jarduketak, garatzeko behar den animazio komertzialaren gastuek diru-laguntza izan dezakete (b1, b2 eta b3 ataletan ezarritako jarduketak), baldin eta jarduketak salmenta orduetan egiten badira, merkataritzarako kale, gune edo zonetan betiere.

–Animazio komertzialak hura osatu eta indartzen duen jarduera izan behar du, merkataritza sustatzeko berariazko kanpaina baten barrenean, eta ez dira diruz lagungarriak funtsean horrelako jarduerak edo haiek bakarrik kontuan dituzten merkataritza sustatzeko kanpainak.

–Merkataritza dinamizatzeko jarduerei dagozkien zuzeneko sariak, deskontuak, zozketak, opariak, sustapen-erregaliak, edo deskontu-txartelak (b1 atalean ezarritakoak), eta erakusleihoak atontzeko lehiaketei dagozkien sariak. Azken kasu honetan, ez dira onartzen saltoki irabazleentzako sariak, baizik eta saltoki irabazleak hautatzeko prozesuan parte hartu duten pertsonek lortutakoak.

4. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Honako hauek dira diru-laguntza jaso ez dezaketen gastuak:

–Entitate eskatzailearen funtzionamendurako gastu arruntak.

–Ekipamendu inbentariagarria, olanak, altzariak, garraiatu daitezkeen egiturak, megafoniarako tresnak, etab.

–Diruz lagungarriak diren jarduerei osorik zuzenean egotzi ezin zaien bulegoko materiala.

–Higiezinen ekipamendua, eta ekipamendu informatikoa eskuratzea.

–Langileentzako kalte-ordainak, dieta, mantenu edo garraio gastuetarako.

–Higiezinak eta lokalak alokatzeko eta mantentzeko gastuak.

–Webguneen sorrera eta haien mantentze-lanak, domeinua edo hosting-a berritzea...

–Fidelizazio tresnak edo beste edozein programa edo aplikazio informatiko ezartzeko edo haien teknologia garatzeko inbertsioak (softwarea), ekipamendu informatikoan egiten diren inbertsioak (hardwarea) eta sistema horien mantentze-lan informatikoen gastuak.

–Dastaketei dagozkien gastuak, salbu eta merkataritza sustatzeko berariazko kanpainen sariei dagokien kasuan (eskualdeko eremuko programak), edo gremio-programa bat gauzatzeko egindako jarduketen kasuan. Ez da inola ere diru-laguntzarik emanen gastu mota hori besterik ez duten kanpainetarako.

–Dinamizazio edo sustapen kanpainei edo beste edozein jarduketari dagozkien gastuak, baldin eta haien helburu bakarra bada jarduera ludiko edo turistikoei edo antzekoei sostengua edo laguntza ekonomikoa ematea (ekarpena dirutan, gauzatan, erosketa-txarteletan edo antzeko jarduketetan), jarduera komertziala zuzenean sustatu gabe, eta elkartutako denden zuzeneko parte-hartzerik gabe.

–Balio erantsiaren gaineko zergak jaso dezake diru-laguntza, baldin eta entitate eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatu ezin badu eta berarentzat kostu erreala bada. Entitateak hainbanatze arauaren mende badaude, diru-laguntza eman aurretik amaitutako azken ekitaldiko behin betiko hainbanaketan oinarrituko da kostua. Entitate eskatzaileak hainbanaketa hori frogatu beharko du.

5. Jarduera diruz lagungarriek bete beharreko baldintzak:

–Diru-laguntza eskatzen duen entitateak antolatu eta sustatu behar ditu merkataritza dinamizatzeko jarduketa guztiak, eta horietan sartzeko aukera izan behar dute elkartekoak ez izanik ere jarduketa eremuan dauden dendek. Nolanahi ere, entitate antolatzaileak baldintza desberdinak jar ditzake batzuek eta besteek parte hartzeko.

–Ez dira onartuko merkataritza dinamizatzeko gastuak baldin eta beste administrazio publiko edo toki entitate batzuek antolatu eta sustatuak badira.

–Salbuespenez, onartu litezke merkataritza animatzeko jarduketetan parte hartzeagatik entitate eskatzaileak egindako gastuak, nahiz eta jarduketa horiek aurretik aipatutakoak ez diren beste entitate batzuek antolatu eta sustatu, baina, horretarako, ezinbestekoa da jarduketa horiek kanpaina bereki bat indartu eta sendotzeko balio izatea, edo merkataritza-ardatz nagusietan eginak izatea eta merkataritza jarduera bat sustatzea modu argian, zuzenekoan eta egiaztatzeko modukoan.

–Salmentak sustatzeko kanpaina berariazkoak:

  • Gehienbat txikizkako eta hurbileko saltokietan kontsumoa sustatzeko helburua izanen dute, baita bezero eta kontsumitzaileen fideltasuna sendotzekoa ere.
  • Haietan parte hartzeko oinarri edo baldintzak aurkeztea, baita erakusleihoak atontzeko lehiaketetan edo antzeko kasuetan ere.

Sustapen-opari gisako poltsen banaketa onartzen da, baina baldintza batekin: poltsak biodegradagarriak edo berriz erabiltzeko modukoak izatea, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko apirilaren 29an emandako 2015/720 Zuzentarauaren araberakoak (zuzentarau horrek 94/62/EE Zuzentaraua aldatu zuen plastikozko poltsen kontsumoaren murrizketari dagokionez).

–Ez dira entitate eskatzailearen jarduketak onartuko baldin eta horiek lankidetza edo babes lan hutsa edo bigarren mailako laguntza jarduera badira.

–Enpresarien elkarte mistoen kasuan, merkataritza dinamizatzen duten jarduketak elkarteko kide guztiak sustatzera bideratu behar dira, eta ez da merkataritza dinamizatzeko jarduketa bakar bat onartuko, baldin txikizkako merkataritzako enpresak ez diren bazkideentzat soilik egiten bada.

–Merkataritza sustatzeko kanpainaren xede baldin bada zuzeneko deskontuak aplikatzea banku entitateen txartelekin ordaintzen duten bezeroei, horrelako kanpainak onargarriak izanen dira baldin deskontu horiek ez bazaizkie bakar-bakarrik aplikatzen banku entitate bateko bezeroei, eta beste banku entitate batzuetako bezeroek ere parte hartzen ahal badute, edo Nafarroako merkataritzako txartela ere erabiltzen ahal bada.

–Publizitate helburua duten zozketak dituzten merkataritza sustatzeko kanpaina berariazkoen gastuak onartzeko, honako agiriak aurkeztu behar dira, abenduaren 28ko 27/2016 Foru Legean ezarritakoaren arabera (haren bidez arautu ziren Jokoaren gaineko Tributuak Nafarroako Foru Komunitatean):

  • Zerga-oinarria 1.800 eurotik gorakoa bada: Nafarroako Zerga Ogasunean (Zerga Berezien eta Bestelako Tributuen Atala) aurkeztutako eskaeraren kopia, jokoaren gaineko zerga tasa likida dadila eskatzeko, eta, gainera, egoki den ordainketa-gutuna.
  • Zerga-oinarria gehienez 1.800 eurokoa bada: Nafarroako Zerga Ogasunean (Zerga Berezien eta Bestelako Tributuen Atala) aurkeztutako eskaeraren kopia, tasa horren salbuespena eskatzeko.

–Aipatutako jarduketek sortzen dituzten publizitate, marketin, kartel, argitalpen, iragarki, irratiko iragarki, webgune eta abarren euskarri guztietan agertu beharko du Nafarroako turismo markak edo Nafarroako Gobernuaren logo ofizialak (horren erabilera erregulatzen duen araudiari jarraituz) Nafarroako turismo marka webgune honetan har daiteke: http://www.turismo.navarra.es/esp/profesionales/descargas/logotipos/. Betetzen ez bada, 13. oinarri arautzailean ezarritako penalizazioa aplikatuko da.

–Informazio eta komunikazio ekintzen kasuan, ez dira onartuko entitate eskatzailearen logoa edozein sustapen materialetan sartu besterik egiten ez duten publizitate gastuak, edo iragarkiaren edukiak zuzeneko loturarik ez duenean merkataritza dinamizatzeko berariazko kanpaina batekin edo entitate eskatzailearen jarduketa eremutik hurbileko hiri-merkataritzaren sustapenarekin. Ez da inongo kasutan onartuko hesi finkoetako publizitatea, ez eta antzeko egitura eta euskarrietakoa ere.

–Merkataritza sustatzeko ekintzak eta komunikazio ekintzetan, bereziki zainduko da erabiltzen diren irudi eta mezuak lagungarriak direla generoko estereotipoak gainditzeko. Bestetik, testuak idaztean hizkera inklusiboaren erabilera zainduko da.

6. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa eta gehieneko diru-laguntzak.

1. Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak dira, ondoren ezarritako portzentajeak aplikatuz zehazten dena, deialdian ezarritako jarduera bakoitzak diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren gainean (BEZa barne).

2. Merkataritza elkarteen egiturak sustatzeko programak.

Diruz lagundu daitekeen jarduera bakoitzerako, hauek dira diru-laguntzaren portzentajeak eta gehieneko diru-laguntzak:

a) Elkarteetako ETE-ei zerbitzuak emateko laguntza teknikoa:

MERKATARIEN ELKARTEAK: BAZKIDE DIREN MERKATARI KOPURUAREN ARABERA

DIRU-LAGUNTZA (%)

GEHIENEKO DIRU-LAGUNTZA

20 bazkide bitarte

50

1.500

21 bazkidetik 40ra bitarte

50

2.000

41 bazkidetik 60ra bitarte

50

2.500

61 bazkidetik 80ra bitarte

50

3.000

81 bazkidetik 100era bitarte

50

3.500

100 bazkidetik gora

0

0

MERKATARI-ELKARTEEN BATASUNAK: JARDUKETA EREMUAREN ARABERA

DIRU-LAGUNTZA (%)

GEHIENEKO DIRU-LAGUNTZA

Jarduketa eremua, eskualdea

55

3.500

Jarduketa eremua, Nafarroa osoa

55

9.000

b) Bezeroei zerbitzuak emateko laguntza teknikoa:

ENTITATE ESKATZAILE MOTA

DIRU-LAGUNTZA (%)

GEHIENEKO DIRU-LAGUNTZA

Merkatari elkarte mistoak eta gremiokoak

70

5.000

Merkatarien elkarteen batasunak, eskualdean jarduteko

75

5.000

Merkatarien elkarteen batasunak, Nafarroa osoan jarduteko

75

8.000

c) Enpresaren antolamendua bultzatu eta garatzeko plana.

ENTITATE ESKATZAILE MOTA

JARDUKETA ESPARRUA

DIRU-LAGUNTZA (%)

GEHIENEKO DIRU-LAGUNTZA

Merkatari elkarteak (mistoak edo ez) eta gremiokoak

–Tarteko eremuak

–Udalerrikoak eta hurbilekoak

–Udalerriko azokoak

–Gremiokoak (100 bazkidetik beherakoak)

70

3.000

–Eskualdez gaindikoak

–Eskualdekoak

–Gremiokoak (100 bazkidetik gorakoak)

70

6.000

Merkatari elkarteen batasunak

Eskualdekoa

75

6.000

Nafarroa osokoa

75

8.000

3. Merkataritza jarduketarako programak (PAC).

Diruz lagundu daitekeen jarduera bakoitzerako, hauek dira diru-laguntzaren portzentajeak eta gehieneko diru-laguntzak:

a) Laguntza teknikoa eta merkataritzakoa.

Diru-laguntzaren zenbatekoa eta gehieneko diru-laguntza honakoa da, entitate eskatzailearen motaren arabera betiere:

ENTITATE ESKATZAILE MOTA

DIRU-LAGUNTZA (%)

GEHIENEKO DIRU-LAGUNTZA

–Merkatari elkarte mistoak eta gremiokoak

70

3.000

Merkatari elkarteen batasunak

75

8.000

Kontzeptu honetarako lortutako eta ordaindutako gehieneko diru-laguntza ez da merkataritza dinamizatzeko kanpainetarako eman eta ordainduko den diru-laguntzaren %60 baino handiagoa izanen.

b) Merkataritza dinamizatzeko kanpainak antolatzea.

Diru-laguntzaren zenbatekoa eta gehieneko diru-laguntza honakoa da, entitate eskatzailea eta haren jarduketa-eremuaren arabera betiere:

ENTITATE ESKATZAILE MOTA

DIRU-LAGUNTZA (%)

GEHIENEKO DIRU-LAGUNTZA

Eskualdez gaindiko merkatari-elkarteak

70

67.500

Eskualdeko merkatarien elkarteak

45.000

Tarteko eremuak hartzen dituzten merkatari-elkarteak

31.500

Udalerriko eta hurbileko merkatari-elkarteak (deialdiaren II. eranskineko zerrendan ageri dira)

15.000

Udalerriko azoketako merkatari-elkarteak

27.000

Gremiotako merkatarien elkarteak, 100 bazkidetik beherakoak

15.000

Gremiotako merkatarien elkarteak, 100 bazkidetik gorakoak

30.000

Eskualdeko merkatarien elkarteen batasunak

75

45.000

Nafarroako merkatari-elkarteen batasunak

75.000

Kasu berezi batzuetan bereziki, hauek dira diru-laguntzaren portzentajeak:

KASU ESPEZIFIKOAK

DIRU-LAGUNTZA (%)

Merkatarien bi elkartek edo gehiagok merkataritza sustatzeko elkarrekin antolatu eta egindako berariazko kanpainen kasuan

75

Merkataritza dinamizatzeko balio duten zuzeneko sariak, deskontuak, zozketak, opariak, sustapen-erregaliak, edo deskontu-txartelak (b1 atala), erakusleihoak atontzeko lehiaketen sariak (b2 atala) edo fidelizazio sistemetan aplikatutako deskontuak (b4 atala)

60

Udal azokek antolatutako beste ekitaldi batzuk (b3)

50

Merkataritza animatzeko jarduketetan parte hartzeagatiko gastuak, baldintza hauek betetzen direnean: jarduketak ez izatea entitate eskatzaileak edo administrazio publiko edo toki entitateek antolatuak; kanpaina bereki bat indartu eta sendotzeko balio izatea; merkataritza-ardatz nagusietan eginak izatea, eta merkataritza jarduera bat sustatzea modu argian, zuzenekoan eta egiaztatzeko modukoan.

25

c) Elkartegintza sustatzea.

Diru-laguntzaren zenbatekoa eta gehieneko diru-laguntza honakoa da, entitate eskatzailearen motaren arabera betiere:

ENTITATE ESKATZAILE MOTA

DIRU-LAGUNTZA (%)

GEHIENEKO DIRU-LAGUNTZA

–Merkatari elkarte mistoak eta gremiokoak

70

3.000

Merkatari elkarteen batasunak

75

5.000

7. oinarria. Eskaerak eta eskatzen den dokumentazioa aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak aurkezteko modua.

a) Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Atariaren zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz. http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7575/Subvencion-para-el-fomento-y-gestion-de-colectivos-comerciales-2018 (hemendik aitzina laguntzaren fitxa); fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da eta ezin izanen da zuzendu, baina horrek ez du eragotziko eskaera ondoren aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da, hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.

b) Eskaerak laguntzaren fitxan ageri den berariazko eskabidea erabiliz eginen dira nahitaez. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66.6 artikuluan xedatutakoari jarraituz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak.

2. Eskatzen den dokumentazioa.

Laguntza eskaeraren inprimakiarekin batera, dokumentu hauek aukeztu behar dira (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira):

2.1. Entitate eskatzailearen gaineko dokumentazioa.

a) Nortasuna frogatzen duen agiria:

Merkatari taldeak sustatu eta kudeatzeko diru-laguntzen deialdira lehen aldiz aurkezten diren entitateen kasuan, beren nortasuna frogatu beharko dute, gaurkotutako estatutuen kopia aurkeztuz.

Deialdia kudeatzen duen organoak, bestetik, egiaztatu beharko du entitate eskatzailea 4.2 oinarri arautzailean aipatutako erregistroetakoren batean izena emana zegoela deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehenagotik.

b) Bestelako dokumentazio berariazkoa.

–Akta liburuaren kopia, behar bezala sinatua edo eginbidetua, non adieraziko baita batzarrak edo organo baliokideak honako dokumentu hauek onetsi dituela:

  • Aurreko urteko aurrekontuaren likidazioa.
  • Aurtengo aurrekontua.
  • Diru-laguntzaren xede den jarduketen plana.

–Aurreko urteko aurrekontuaren likidazioa.

–Aurtengo aurrekontua.

–Bazkide bakoitzeko kuota.

c) Agiriak, diru-laguntza eskatzen duen entitate motaren arabera.

–Merkatari elkarteen kasuan (mistoak edo ez): eskaera aurkezteko datan elkartean dauden enpresa txiki eta ertain guztien zerrenda gaurkotua, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafearen arabera ordenatuak.

–Merkatarien elkarteen batasunen kasuan: batasuna osatzen duten elkarte guztien zerrenda gaurkotua (eskaera aurkezten den egunean), elkarte motaren arabera ordenatuak (gremiokoa edo zonakoa).

Aipatu zerrendak laguntzaren fitxan eskuratzen ahal diren ereduen arabera aurkeztuko dira.

d) Erantzukizunpeko adierazpenak, diru-laguntzaren eskaera-orrian datozenak.

–Erantzukizunpeko adierazpena, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena.

–Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko jasotzen diren beste diru-laguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena. Betiere, entitate eskatzaileak diru-laguntzaren xedeko jarduerak egiteko lortzen dituen diru-sarrerak komunikatu beharko dizkio Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari (Merkataritza eta Artisautza Antolatzeko eta Laguntza Ekonomikoen Atala), haien berri izan bezain laster.

–Erantzukizunpeko adierazpena, non argituko den deialdi honetan aurkeztutako jarduketei aplikatzen zaien balio erantsiaren gaineko zerga eskatzaileak berreskuratu edo konpentsatzeko modukoa den ala ez, eta hainbanaketarik izanez gero, inguruabar hori frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

–“Transferentzia bidez kobratzeko eskaera” izeneko jatorrizko inprimakia, lehenago inoiz Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik lortu ez bada.

2.2. Jarduera diruz lagungarriei buruzko dokumentazioa.

2.2.1. Merkataritza-egiturak sustatzeko programak:

a) Bazkide diren ETE-ei zerbitzuak emateko laguntza teknikorako eskatzen bada diru-laguntza.

–Enpresak berak edo entitate eskatzaileak kontratatutako profesional batek egindako edo egin asmo diren jarduera guztien deskripzio-memoria, 5.2.1.a) oinarrian adierazitako zereginei dagokienez; informazioa emanen da aipatu zerrendan ageri diren baina egin ez diren jarduerei buruz, edo zerrendan jaso ez diren baina garatu diren jarduerei buruz, baldin eta balio erantsia ekartzen badiete erakundearen kudeaketa eta administrazio zereginei.

–Zerbitzua ematen duen enpresaren edo profesionalaren identifikazioa.

–Kontratazio horren kostua diru-laguntza duen garairako (deialdian ezarritakoa).

–Entitate eskatzailearen eta lan horiek egiteko kontratatutako langile berariazkoen arteko kontratuen kopia.

–Lan horiek nork bere langileekin edo kudeatzailearekin burutzen baditu, erantzukizunpeko adierazpena, lanaldiaren zer portzentaje den eta lan horiek dakarten gastua zehazten dituena.

b) Bezeroei zerbitzuak emateko laguntza teknikorako eskatzen bada diru-laguntza.

–Enpresak berak edo kasuan kasuko elkarteak kontratatutako profesional batek egindako edo egin asmo diren jarduera guztien deskripzio-memoria kontzeptu horri dagokionez eta entitate eskatzaileak bezeroei emandako zerbitzu guztiena.

–Zerbitzua ematen duen enpresaren edo profesionalaren identifikazioa.

–Zerbitzuak noiz eman diren, zerbitzu motak eta lortutako helburuen balorazioa.

–Kontratazio horren kostua diru-laguntza duen garairako (deialdian ezarritakoa).

c) Diru-laguntza enpresa elkartea bulkatu eta garatzeko planeko kontzeptuagatik eskatzen bada.

–Egindako edo egin asmo diren jardueren deskripzio-memoria eta lortu nahi ziren helburuen definizioa, erabiliko diren informazio iturrien identifikazioa eta garatu beharreko metodologia.

–Azterlan hori eginen duen enpresaren edo profesionalaren kualifikazio profesionala egiaztatzen duten agiriak, jarduera ekonomiko hori gauzatzeko kualifikazioa baduela egiaztatzen duena. Ondorio horietarako, kontuan hartuko da jarduera ekonomikoen gaineko zergari dagokion epigrafean alta emana egotea –informazio hori ofizioz kontsultatuko da–, edo, bidezko denean, aipatu zerbitzuaren emailearen eskriturak, edo curriculuma eta esperientzia profesionala.

2.2.2. Merkataritza jarduketarako programetarako (PAC):

–Merkataritza jarduketarako programaren jarduketa plana, non deskripzio-memoria bat izanen baita, honako hauei buruz: diruz lagun daitezkeen gastuen aldian egin diren eta egitekoak diren jarduera guztiak, haien egoera, egutegia eta kostua eta aurreikusita dagoen finantzazioa, programan diruz lagun daitekeen gastu bakoitzeko.

–Zerrenda bat, merkataritza jarduketarako programaren jarduketa planean aurreikusita dauden jarduera guztien laburpena jasotzen duena; deialdiaren informazioa jasotzen duen fitxako ereduari jarraikiz aurkeztuko da.

a) Teknika eta merkataritza arloko aholkularitza izeneko kontzepturako diru-laguntzak eskatuz gero: zerbitzua ematen duen entitatea, enpresa edo profesionala jarduera ekonomiko hori egiteko kualifikatua dagoela frogatzen duen dokumentazioa. Ondorio horietarako, kontuan hartuko da jarduera ekonomikoen gaineko zergari dagokion epigrafean alta emana egotea –informazio hori ofizioz kontsultatuko da–, edo, bidezko denean, aipatu zerbitzuaren emailearen estatutu edo eskriturak (hauek aurkeztu egin beharko dira).

–Entitate eskatzailearen eta lan horiek egiteko kontratatutako langile berariazkoen arteko kontratuen kopia.

–Lan horiek nork bere langileekin edo kudeatzailearekin burutzen baditu, erantzukizunpeko adierazpena, lanaldiaren zer portzentaje den eta lan horiek dakarten gastua zehazten dituena.

b) Merkataritza sustatzeko jarduera eta kanpaina berariazko bakoitzerako, bai egindakoetarako bai aurreikusietarako, diru-laguntza eskaeraren xede badira entitate eskatzaileak antolatu eta sustatu baditu, memoria xehakatu bat aurkeztuko da, eta honako atal hauei buruzko informazioa izanen du:

–Jardueraren izenburua.

–Jardueraren deskribapena.

–Jardueraren helburuak.

–Jarduera burutzeko datak eta zer egoeratan dagoen.

–Gastuen deskribapen xehakatua.

–Diru-sarreren deskribapen xehakatua.

–Kanpainak elkarrekin antolatzea eta garatzea: jarduketak zenbait merkatari elkarteren artean batera egitekoak badira edo egin badira, horren berri eman beharko da, eta argi zehaztuko da zer lan eginen edo egin dituen elkarte bakoitzak, eta zer gastu eta diru-sarrera aterako diren kanpainaren ondorioz, eta, bestetik, haietatik zer parte dagokion elkarte bakoitzari.

c) Diru-laguntza elkartegintza sustatzeko eskatzen bada:

–Entitate eskatzailearen eta lan horiek egiteko kontratatutako langile berariazkoen arteko kontratuen kopia.

–Lan horiek nork bere langileekin edo kudeatzailearekin burutzen baditu, erantzukizunpeko adierazpena, lanaldiaren zer portzentaje den eta lan horiek dakarten gastua zehazten dituena.

2.3. Beste agiri batzuk.

a) 2017ko azaroaren 1etik eskaera aurkezten den egunera bitarte egindako jarduketen kasuan, gainera, 10. oinarri arautzaileko 3. atalean adierazten den dokumentazioa aurkeztuko da.

b) Aurreko 11. oinarri arautzailean aurreikusitako diru-laguntzaren aurrerakina ordaintzea eskatuz gero, gainera, behar diren agiriak aurkeztuko dira, frogatzeko ez duela diru-laguntzaren xedeko ekintzen gastuak egiteko aski baliabide edo funtsik. Esaterako, agiri hauek: aurreko urteko kontabilitateko egoera-orriak, 2018ko gastuen eta diru-sarreren aurreikuspenaren kronograma, likideziaren edo diruzaintzako baliabideen bankuko ziurtagiriak, etab.).

c) Aholkularitzako edo laguntza teknikoko enpresek ekipamendu-ondasunen hornidura edo zerbitzu-emate bat egiten duten kasuetan, diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, erantzukizunpeko adierazpen bat bete beharko da, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela adierazteko, eta gutxienez ere hiru eskaintza erantsi. Aitorpen hori diru-laguntza eskatzeko inprimakian sartua dago.

Dokumentazio hori diru-laguntzaren eskabidearekin batera aurkeztuko da, salbu gastua egin bada diru-laguntza eskaera aurkeztu aurretik, edo, diruz lagungarriak diren gastuen ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan ez badago halakorik ematen duen entitate kopuru nahikorik.

Eskaintza merkeena hautatzen ez bada, eta, diru-laguntza kudeatzen duen organoaren ustez, hautaketa ekonomia eta efizientzia irizpideen arabera egin izanaren justifikazioa nahikoa ez bada, eskaintza merkeenaren zenbatekoa bakarrik lagunduko da diruz.

8. oinarria.–Izapidetzea eta laguntzak emateko ebazpena.

1. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua da diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko kudeaketa organoa.

Eskaerak betetzen ez baditu finkatutako baldintzak, edo osorik ez badago, enpresa eskatzaileari eskatuko zaio zuzen dezala gehienez ere hamar egun balioduneko epean, errekerimendua jakinarazten zaionetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, eskaera zuzentzen ez badu, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzen duen ebazpena emanen dela.

2. Diru-laguntza emateko, irizpide hauei jarraituko zaie, betiere onartutako eskaeren artean:

a) Laguntza har dezaketen jarduerei dagokien diru-laguntzaren zenbatekoa 6. arauan ezarritako gehieneko zenbatekoen eta portzentajeen arabera kalkulatuko da.

b) Aurrekontuan dagoen dirua aurreko puntuko diru-laguntzen guztirakoa baino txikiagoa izatera, deialdiaren konpromisoak betetzeko baimendutako gastua hainbanatu eginen da diru-laguntza jasotzeko onartzen den gastu bolumenaren artean (entitate eskatzaileek aurkeztua).

3. Aurkezten diren eskaerak behin betiko azterturik, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak laguntza emateko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari.

4. Diru-laguntza jasotzen ahal duen jarduketa mota bakoitzaren barrenean onartutako jarduera multzoagatik onetsiko eta ordainduko zaio diru-laguntza entitate eskatzaile bakoitzari. Jarduera horiek 5.2 oinarri arautzailean daude zehaztuta.

5. Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusia izanen da diru-laguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena.

Diruz lagungarria den jarduera mota bakoitzaren barrenean onartutako ekintza multzorako eman eta ordainduko zaio diru-laguntza eskatzaile bakoitzari.

Gehieneko epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

6. Diru-laguntza emateko ebazpenen aurka edo berariazko edo ustezko ukoen aurka, entitate eskatzaileek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

9. Entitate onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzen entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebehar orokorrak betetzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, enpresak ez daude beharturik frogagiriak aurkeztera, eta, kasu horretan, deialdia kudeatzen duen organoak kontsultatuko du ofizioz informazio hori.

Ulertuko da ETE onuradunek kontsulta hori baimentzen dutela, salbu berariaz kontra agertzen badira eskaerako formulario berariazkoan; kasu horretan, egoki diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.

2. Egindako gastuak deialdian ezarritako epeetan egin, justifikatu eta ordaintzea. 10.1.b) oinarri arautzailean ezarritako aldian egindako jarduketen frogagiriak 2018ko azaroaren 8a baino beranduago aurkezten badira, jarduketa horietarako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

3. Diru-laguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik hamar egun balioduneko epean aditzera ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, beheranzko aldaketarik gertatzen bada diru-laguntzan aurreikusitako zenbatekoetan. Nolanahi ere, entitate eskatzaileak edo, hala bada, onuradunak inguruabar horren berri emanen du jakin bezain laster, lehen aipatu gehieneko epearen zain egon gabe. Betebehar hori bete ezean, laguntza murriztuko da, 13.1 oinarri arautzailean aurreikusitako moduan.

4. Eskabidea aurkeztu eta biharamunetik 2018ko urriaren 31 arte diruz-lagundutako jarduketetan izandako funtsezko aldaketak gauzatu baino lehen, haiek aditzera ematea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari. Zerbitzu horrek baimendu beharko du edozein aldaketa garrantzitsu, eta eskatzen zaizkion aldaketak baimenduko ditu, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta bermatzen bada betetzen direla bai deialdiaren xedea, bai diru-laguntza jasotzen duten ekintzen helburuak.

Salbuespen gisa, merkataritza sustatzeko berariazko kanpaina bat egitea onartzen ahalko da diru-laguntzaren xede izan den beste baten ordez, aldez aurretik ematen zaio aldaketa horren berri Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, horrexek egiaztatuko baitu kanpaina berriak eskatzen diren beharkizunak eta deialdiaren xedea betetzen ote dituen eta, zein den kasua, aldaketa onartuko du. Aldaketa horien berri emateko eta aipatu Zerbitzuak erantzuteko, scomerci@navarra.es posta elektronikoaren kontua erabiliko da.

Diruz lagundutako jarduketak gauzatzean, amaierako zenbatekoetan gertatzen diren desbideratzeak onartuko dira baldin eta dagozkien gauzatze memorietan arrazoituz frogatzen badira eta deialdiaren helburuak betetzen direla bermatzen bada.

5. Behar bezala hedatzea diru-laguntza honen xedeko jardueren finantzaketa publikoa dela eta, zehazki, Nafarroako Gobernuaren turismo markak edo logo ofizialak egon beharko du agerian, 5.5 oinarri arautzailean ezarritakoaren arabera.

6. Diru-laguntza eman dela jakinarazi eta handik hilabeteko epean, diru-laguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu behar dute enpresa onuradunek, diru-laguntzaren fitxan dagoen ereduaren arabera; hori guztia, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua betetzearren, dekretu horrek arautzen baititu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak. Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, entitate onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko.

Diru-laguntza emateko ebazpenean, deialdi honetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezean, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Ondorio horietarako, zenbat denboran eduki behar dituen onuradunak diru-laguntzaren xedeko ondasunak enpresaren jarduerari atxikirik, horren zuzeneko proportzioan eginen da diru-laguntza itzultzeko kalkulua.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, hala badagokio, behar den zenbatekoa itzuli beharko da, 13. oinarri arautzailean ezarritakoaren arabera.

10. oinarria. Egindako jarduketak justifikatzeko epeak, modua eta dokumentazioa.

1. Justifikazioa aurkezteko epea.

Egindako jardueren frogagiriak epe hauetan aurkeztuko dira:

a) 2017ko azaroaren 1etik 2018ko martxoaren 31ra bitarte egindako jardueretarako, osorik bukaturik eta ordaindurik badaude, laguntza eskatzearekin batera aurkeztuko da justifikazioa.

b) 2018ko apirilaren 1etik 2018ko urriaren 31ra bitarte egindako jardueretarako, 2018ko azaroaren 8a izanen da azken eguna justifikazioa aurkezteko.

2. Justifikazioa aurkezteko modua.

Frogagiriak modu elektronikoan aurkeztu behar dira ezinbestean, dela eskaera inprimakiaren bidez (aurreko a) ataleko jarduerak izanez gero) dela berariazko justifikazio inprimakiaren bidez (aurreko b) ataleko jarduerak izanez gero). Laguntzen fitxan daude eskuragarri bi-biak.

3. Egindako jarduketak frogatzeko dokumentazioa.

Diruz lagundutako jarduketak amaitu ondoren, entitate onuradunek justifikatu beharko dute egin direla, eta, horretarako, justifikaziorako berariazko inprimakia aurkeztu beharko dute, ondoko dokumentazioarekin batera, behar bezala identifikatutako agiri bereizietan eskaneatuta:

a) Azken memoria, egindako jarduera guztiak zehatz-mehatz deskribatzen dituena eta, merkataritza sustatzeko berariazko kanpainarik egin bada, hark 7.2.2.b) oinarri arautzailean ezarritako informazioa jaso beharko du.

b) Aurkezten diren fakturen zerrenda zehatza eta sailkatua, dataren arabera ordenatu eta zenbakituak, datu hauek adierazita: fakturatutako gastuaren kontzeptua, hornitzailearen identifikazioa eta IFZ edo IFK zenbakia, fakturaren zenbakia, igorpen eguna, BEZa gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa eta ordaintzeko eguna eta modua, zerbitzuen katalogoko fitxan eskura daitekeen ereduari jarraituz.

c) Egindako gastuei dagozkien fakturen kopia; fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamenduan ezarritakoaren araberakoak izanen dira fakturak, eta, betiere, diru-laguntzaren entitate onuradunaren izenean jaulki beharko dira; ondorio horietarako, hartu-agiriak ez dira onartuko.

d) Fakturak ordaindu izanaren bankuko frogagiriak.

Ordainketa egiteko, banku bidezko transferentzia, bankuaren ordainagiria, enpresaren kreditu edo zordunketa txartela, txeke izenduna edo zor-agiria erabiliko dira, eta diru-laguntzaren onuradun den entitateak banku kontuaren titularra izan beharko du ordainketak egiten diren eguna baino lehen. Faktura bakoitza bere ordainketa-agiriari lotua egonen da, eta faktura guztiek behar bezala ordenatuta egon beharko dute.

Eskudirutan ordaintzea onartuko da, betiere, hornitzaileak sinatu eta zigilatutako hartu-agiri bat aurkezten badu enpresa onuradunak, non fakturaren zenbakia, ordainketa eta data zehaztuko baitira (sinaduraren azpian, sinatzailearen izena eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia jarriko dira), edo hornitzailearen banku-kontu batean egindako eskudiruzko sarrera justifikatzen bada.

Eragiketaren batean parte hartzen duten alderdietako bat enpresaburu edo profesional gisa ari bada eta hango gastuak eskudirutan ordaindu badira, gastu horiek ez dira inoiz kontuan hartuko 2.500 eurokoak edo hortik gorakoak badira, edo balio bera badute atzerriko monetan, urriaren 29ko 7/2012 Legean ezarritakoari jarraituz (lege hori Tributu eta aurrekontu arloko araudia aldatzeari eta iruzurra prebenitzeko eta haren aurka borrokatzeko jarduketak indartzeko araudi finantzarioa egokitzeari buruzkoa da).

Enpresa onuradunak ez du aurrekoa bete beharko, baldin eta diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo emaile ez badaude, edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada.

f) Adierazpena, diru-laguntzaren xedeko jardueren finantzaketari buruz: diru-laguntza honetaz aparte jarduketak finantzatu dituzten funtsen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa adierazi behar dira; funts berekiak, bestelako baliabideak, bestelako diru-laguntzak edo diruz lagundutako jarduketak sortutako diru-sarrerak izan daitezke. Adierazpen hori justifikazio inprimakian berean eginen da.

g) Merkataritza jarduketarako programako ekintzak (PAC) justifikatzeko kasuan.

–Merkataritza sustatzeko berariazko kanpainak:

  • Erosketak egiten edo zerbitzuak kontratatzen bazaizkie elkartutako saltokiei, horiek emandako fakturetan zehazki adierazi beharko da zer kanpainari dagozkion eta erositako produktuen edo kontratatutako zerbitzuen xehetasuna.
  • Diruz lagundutako ekintza bakoitzari lotutako sustapen, publizitate eta komunikazio material guztien kopia bat: iragarkiak, irratiko iragarkiak, web-orrietan sartutako informazioaren estekak eta antzekoak, eta, oro har, egindako material edo komunikazio guztien erakusgarri bat.
  • Publizitatea helburu duten zozketak dituzten kanpainetan, baldin zerga-oinarria 1.800 eurotiko gorakoa bada: jokoaren gaineko zerga tasa likidatzeko eskaeraren kopia, baita tasa horren ordainketa-gutunaren kopia ere.
  • Publizitate helburua duten zozketak dituzten kanpainetan, baldin zerga-oinarria 1.800 eurotik beherakoa bada: jokoaren gaineko tasa ordaintzetik salbuesteko eskaeraren kopia.

–Diruz lagungarriak diren kontzeptuei dagozkien zerbitzuak ez dituenean zuzenean kontratatu entitate eskatzaileak berak, baizik eta agentzia antolatzaile baten bitartez, horrek kontzeptu horiengatik jasotako fakturak eta ordainketaren frogagiriak.

–Fidelizazio sistemen bidez egindako sustapen kanpainen kasuan, sistema ustiatzeari buruzko txostena, honako hauek adierazita justifikazio aldiari dagokionez: sistemari atxikitako saltokien kopurua, bezero kopurua, egindako eragiketen kopurua, salmenten zifra, egindako sustapenak, trukatutako puntuak, eta abar; gainera, aurkeztu den azken justifikazio aldiarekin konparatuko da.

–Entitate onuradunak sustatutako argitalpenak (aldizkariak, informazio-buletinak, saltokien planoak, eta abar) prestatu diren kasuan, ale bat aurkeztuko da argitalpen bakoitzeko.

–Idatzizko hedabideetan egiten diren publizitate-iragarkietan, azalaren eta argitaratutako iragarkiaren kopia aurkeztuko dira.

–Informazio, komunikazio eta marketin digitaleko ekintzarik egiten bada, horretarako diseinatutako komunikazio eta publizitate planaren kopia bat, baita baliabideen planarena, pantaila-argazkiena eta abarrena ere.

h) Enpresen egiturak bultzatzeko programen jarduerak justifikatzeko.

–Bazkideei zerbitzuak emateko laguntza teknikoa.

Egindako bileren laburpena, bileren datak eta diru-laguntza duen garaian egindako kudeaketa eta administrazio lanak justifikatzeko memoria.

Egindako bileren akten kopia, bazkideei bidalitako komunikazioak, barneko buletinak, aholkularitza eskaini zaien bazkideen kopuruaren adierazleak.

–Enpresaren antolamendua garatzeko planen kasuan.

Egindako planaren kopia bat.

11. oinarria. Diru-laguntza ordaintzea eta aurrerakinak aurreikustea.

Frogagiriak aztertuta, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiari, eta entitate onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebehar guztiak betetzen dituela frogatzen duen txostena gehituko zaio.

Entitate onuradunek, baldin behar bezala justifikatzen badute ez dutela aski funts deialdira aurkeztutako ekintzen gastuei aurre egiteko eta, beraz, diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak behar dituztela, eskatzen ahalko dute onartutako diru-laguntzaren aurrerakina, %25 gehienez.

Diru-laguntza onartzeko ebazpenarekin batera ordainduko da aurrerakin hori, eta diru-laguntzaren azkeneko ordainketa egiten den unean erregularizatuko da.

12. oinarria Diru-laguntzaren bateragarritasuna eta “de minimis” laguntzen izaera.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.

Aurrekoa galarazi gabe, jarduera bera egiteko emandako diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin batuta, entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13. oinarria. Ez-betetzeak mailakatzeko irizpideak.

1. Aurreikusitako eta eskatutako zenbatekoa ez bada betetzen, eta beheranzko aldaketak komunikatu ez badira 9.4 oinarri arautzailean ezarri bezala, laguntza murriztuko da, honela:

a) Diruz lagundutako jardueren frogagirien arabera %50 baino gutxiago egin bada, emandako diru-laguntzaren %30 murriztuko da azken ordainketatik.

b) Diruz lagundutako jardueren frogagirien arabera %30 baino gutxiago egin bada, emandako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, ordaindutako diru-laguntza itzultzeko eskatuko da.

3. Diru-laguntzaren xede diren publizitate, marketin, kartel, argitalpen, iragarki eta abarretan ez bada betetzen Nafarroako Gobernuaren turismo markak edo logo ofiziala txertatzearen betebeharra, komunikazio euskarri horietarako gastutik ez da batere onartuko.

4. Kanpaina edo jarduketa batean marka hori edo Nafarroako Gobernuaren logo ofiziala kanpainaren euskarri edo publizitate-bide bakar batean ere sartzen ez bada, ez da onartuko kanpaina edo jarduketa horri dagokion gastua, edo, bidezko bada, galduko da kanpaina edo jarduketa horretarako onetsitako diru-laguntza ordaintzeko eskubidea.

14. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu ematen diren diru-laguntzak laguntzari buruzko fitxan, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.

15. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatuta.

II. ERANSKINA

Udal eremuko eta hurbileko zonako programak

–Antsoain

–Agoitz

–Azagra

–Barañain

–Iruñeko auzoak

–Tuterako auzoak

–Baztan

–Beriain

–Berriobeiti

–Berriozar

–Burlata

–Bera

–Caparroso

–Zarrakaztelu

–Cascante

–Castejón

–Cintruénigo

–Zizur

–Corella

–Cortes

–Doneztebe

–Eguesibar

–Etxarri Aranatz

–Uharte

–Irurtzun

–Leitza

–Lekunberri

–Lesaka

–Lodosa

–Los Arcos

–Irunberri

–Mendabia

–Milagro

–Murchante

–Noain (Elortzibar)

–Erriberri

–Orkoien

–Azkoien

–Gares

–Ribaforada

–San Adrián

–Viana

–Atarrabia

–Zizur Nagusia

Iragarkiaren kodea: F1806624