105. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

95E/2018 EBAZPENA, apirilaren 26koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena proiektu honetarako: lurpeko linea elektrikoa Antzingo eta Murietako udal-mugarteetan. Sustatzailea Electra J.A. Martinez SL da.

2017ko urriaren 31n, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean (Energiari buruzko instalazioak) sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketak honako hau du helburu: eremu horretan zerbitzuaren kalitatea hobetzea. Horretarako, Mendilibarriko egungo muga puntua kenduko da, eta Mendilibarri transformazio zentroa 13,2 kV-eko lurpeko linea batekin elikatuko da. Horren bidez, Mendilibarri transformazio zentroa eta Murieta maniobra zentroa lotuko dira. Eraiki beharreko linea 912 metro luze da, gutxi gorabehera; 70 metro laborantza lurretatik igaroko dira eta gainerakoak han dagoen bide baten ondotik.

Espedientean, Murietako eta Antzingo udalen txostena jaso da. Halaber, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak emandako txostena jaso da. Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: lurpeko linea elektrikoa Antzingo eta Murietako udal-mugarteetan. Sustatzailea Electra J.A. Martinez SL da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak linea elektrikora lotzea.

–Egin gogo diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren gainerako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Bereziki, lanak gauzatu aurretik, sustatzaileak Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari dagokion baimena eskatu beharko dio, azpiegiturak NA-132 A “Lizarra-Gasteiz” errepidea eta NA-7244 “Mendilibarri” errepidea gurutzatzen dituelako.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen dugu ezen, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko direla, foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko, ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu haiek lehengoratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Azpiegitura Energetikoen Atalari, Antzingo eta Murietako udalei, Basozaintzari (Lizarrako Barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko apirilaren 26an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1805643