105. ALDIZKARIA - 2018ko ekainaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

84E/2018 EBAZPENA, apirilaren 19koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena “Zuluetako ponpatze eta bulkatze lanak (AM273220)” proiekturako, Noain Elortzibarko udal-mugartean. Sustatzailea Servicios de la Comarca de Pamplona SA da.

2017ko azaroaren 22an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan. Espediente hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko N) epigrafean sartua dago (Uraren goi hornidurarako eta saneamendurako hodiak, lurzoru urbanizaezinean paratzen direnean eta dekretu horren beste eranskin batean bilduta ez daudenean). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektua Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planean jasota dago. Proiektuak honako hauek jartzea du helburu: Ø300 mm-ko goi xurgapeneko hodi berri bat, gaur egun dagoen Ø150 mm-koaren paraleloan; beharrizan berrietara egokitutako piezak dituen ponpatze etxola berri bat; eta Ø250 mm-ko bulkatze hodi bat. Horrez gain, Zuluetako biltegia 1.000 m³ handitu nahi da, eta biltegira sartzeko bidea txukundu eta konpondu.

Azpiegiturak handitu behar dira, gaitasun txikia baitute. Udako hilabeteetan, egunean 21 orduz 1.000 m³ baino gehiago ponpatzen dira, eta biltegiak 500 m³-ko edukiera du. Baina normala litzateke egunean 8-12 orduz ponpatzea haraneko orduetan. Bestalde, xurgatze eta bulkatze hodiak duela 31 urte eraiki ziren.

Honako hauek dira lanak:

–FN Ø300 mm-ko xurgapeneko hodia, egungo hodiarekin lotzen den lekutik (Imarkoaingo 3. poligonoko 702. lurzatia) ponpatze etxola berriraino. A-21 Pirinioetako Autobiaren zerbitzu bidearen paraleloan joanen da, Jakarako noranzkoan (3 m-ko tartea izanen du partikularren nekazaritza lurren kanpoko lerrotik), Dorre Elortzibarko industrialdera iritsi arte (hor dago egungo ponpatze etxola).

–10,5 m × 4,5 m-ko ponpatze etxola berri bat eraikitzea, egungoa eraistea eta mantentze lanetarako autoetarako aparkaleku bat egokitzea.

–FN Ø250 m-ko bulkatze hodia, ponpatze etxolatik Zuluetako biltegiraino. Hodiak A-21 autobia gurutzatuko du autobiaren azpiko pasabidetik eta egungo trazaduraren ia-ia paraleloan joanen da, haren ardatzetik 3 m-ra, biltegira iritsi arte.

–Zuluetako biltegia (Zuluetako 6. poligonoko 244. lurzatia) handitzea, 1.500 m³-ko edukierara iritsi arte. Handitze hori egungo biltegiari atxikita eginen da. Bi ontzi proiektatu dira, bakoitza 12 m × 12 m-ko eremu eraginkorrarekin, eta biltegiratutako uraren gehieneko altuera 3,50 m-koa izanen da; hortaz, 504 m³ biltegiratzeko gai diren bi ontzi izanen dira.

–Biltegiaren barneko giltzen ganbera eta hodiak birmoldatzea.

–Biltegira sartzeko bidea egokitzea. Horretarako lan hauek eginen dira: behin-behinean bihurguneak zabaldu kamioiak pasatu ahal izateko, lur arekak birprofilatu eta egungo biltegiaren ezkerraldean dagoen harri lubeta ordezkatu, aparkalekuaren eremuan. Gainera, harri lubeta berri bat eraikiko da bidean, luizi bat gertatu den eremu batean.

Proiektuarekin batera, ingurumen ukipenen azterketa aurkeztu da. Hartan, ingurune fisikoa deskribatzen da, ingurumen ukipenak identifikatzen eta baloratzen dira, eta horietarako prebentzio eta zuzenketa neurriak ezartzen, baita ingurumen zaintzarako eta jarraipenerako plan bat ere.

Hodiaren trazadurak 3.007,25 m-ko luzera izanen du guztira, eta aurreikusi da lanen eremuak 20 m-ko zabalera hartuko dituela gehienez. Lehorreko alorretatik igaroko da gehienbat, eta finken arteko drainatze eta ezpondaren bat ukituko du. Ezpondak honako hauek osatzen dituzte nagusiki: laharra (Rubus ulmifolius) eta elorri beltza (Prunus spinosa). Drainatzeak, berriz, honako hauek: laharra eta ihia (Scirpus holoschoenus). Ez da ukituko trazaduratik hurbil dagoen zuhaitzik. Ez dira ukituko, halaber, ponpatze etxolaren ondoko 10 makal handiak (Populus nigra, P. canadensis).

Biltegiaren inguruan, hodiak 90 m inguru eginen ditu ezkaizko (Thymus vulgaris) eta elorri-triskazko (Genista scorpius) sastraka mediterraneoz estalitako hegal batean barna. Handitutako biltegiaren zatiak 1.250 m²-ko larre mesoxerofilo bat ukituko du, birpopulatutako baso landaketa batek edo pinu (Pinus nigra, P. halepensis) eta haritz (Quercus pubescens) txikiek okupatua.

Ez da espero biltegia handitzeak paisaia ukipen nabarmenik eragitea; izan ere, ontziak erdi-lurpean diseinatu dira eta egungoaren atzealdean jarriko dira. Proposatutako zuzenketa neurrien artean dago, besteak beste, eremu horretako zuhaixka eta zuhaitzen landaketa bat egitea biltegiaren inguruan, eta sortutako ezpondetan hidroereintza egiteko aukera aztertzea.

Proiektuak ez ditu ukitzen Natura 2000 Sarea (naturgune babestuen sarea), hegaztiak babesteko eremuak, sare hidrografikoa, abelbideak eta bide historikoak.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak proiektuaren aldeko txostena egin du, baina ingurumen ukipenen azterketan jasotako neurriak eta ebazpen honen ebazpen zatian biltzen diren neurri guztiak bete beharko dira.

Lurraldearen Antolamendu eta Estrategiaren Atalak 2018ko martxoaren 23an emandako aldeko txosten baldintzatua sartu da espedientean.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretua betez, eta Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren urriaren 4ko 760/2016 Ebazpenaren bidez eskuordetuak ditudan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Noain Elortzibarko udal-mugarteko “Zuluetako ponpatze eta bulkatze lanak (AM273220)” proiekturako. Sustatzailea Servicios de la Comarca de Pamplona SA da.

2. Baimenak neurri hauek aplikatzera behartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Lan eremua balizatu eginen da eta ezinbesteko gutxieneko zabalera izanen du landaredi naturaletatik, ezpondetatik eta finken arteko drainatzeetatik igarotzen den eremuetan.

–Zehazki, lan eremuak ezin izanen ditu 6 m baino gehiago izan biltegiraino igotzen den sasi eremuan.

–Debeku da makinak pasatzea edo materialak biltzea balizatutako eremuetatik kanpo.

–Lehentasuna emanen zaio trazaduraren ondoko adarrak inausteari, zuhaitzak bota beharrean. Nolanahi ere, zuhaitzak moztu baino lehen, Iruñeko Barrutiko Basozaintzari deitu beharko zaio (948 18 86 90 edo 608 062 649; helbide elektronikoa: ogfopamp7@cfnavarra.es), marka ditzan.

–Hodiak ukitutako landarediaren kartografian 3. zenbakiaren identifikatutako drainatzea gurutzatzen duenean, 48 ordu igaro beharko dira sastrakak kentzen direnetik lurra mugitu arte, faunak ihes egin ahal izateko.

–Ingurumen ukipenen azterketan adierazi bezala, ponpatze etxolaren ondoko makalak babestu eta zainduko dira; izan ere, “La Chopera” eremuko azken aleak dira. Gaur egun eremu horren ia zati osoa autobiak eta industrialdeak hartzen dute.

–Zanga egitean, landare lurra kendu eta behar den moduan bilduko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran erabili ahal izateko zangaren goiko betelanetan eta obrek ukitutako gainazalak lehengoratzeko orduan.

–Alorretako lur azalaren gainetik ateratzen diren kutxeten altxaerak landare lurrezko ezponda txiki batekin estaliko dira, eraikuntzako elementu horiek paisaian hobeki integratze aldera. Landaredi naturaleko eremuetan dauden kutxetek lur naturalaren sestrarekin berdinduta gelditu beharko dute.

–Obrak bukatutakoan, horiek ukitutako gainazal guztiak lehengoratuko dira. Landare lurra zabaldu ondoren, eremua profilatu eginen da, inguruko lurrekin modu egokian bat egin arte alderdi fisiografikoari dagokionez.

–Gainera, lehengoratze lanak egitean, makinek zapaldutako lurra destrinkotuko da, eta lanek ukitutako ezponden eta drainatzeen morfologia lehengoratuko da.

–Biltegira igotzen den sasitzan barna doan zatian, lan eremuko landareztatze naturalak ez badu arrakastarik, sustraitze oneko belarkara eta zuhaixka espezieak ereinen dira eskuz, higadura arriskua gutxitzeko.

–Zuluetako biltegia paisaian integratzeko neurri gisa, handitutako zatiaren ageriko aldeak egungo biltegiaren kolore berarekin margotuko dira, ingurunearekin oso ongi mimetizatzen den “oliba berde” kolorearekin, hain zuzen. Bestalde, sortutako ezpondak landareztatu eginen dira.

–Hondeatze lanetatik sobran gelditzen diren lurrak eta gainerako eraikitze eta eraiste hondakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatu beharko ditu.

–Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, obrek iraun bitartean sortutako hondar eta zabor guztiak kentzeko.

–Obrak hasi baino lehen, sustatzaileak Kultura, Kirola eta Gazteria Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren aldeko txostena izan beharko du balio arkeologikoei eta ondare kulturalaren gaineko balizko ukipenei dagokienez.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. artikuluaren ondorioetarako:

–Bide publikoekin gurutzatzean, arestian zeuden baldintzak berreskuratzea eta lur berdinketa eta lehengoratzea bermatuko dira, eta kontuan izanen da hodiarekin lotutako lurraren sestraren gainean elementuak egonez gero, 3 m-ko zortasun eremua errespetatu beharko dutela bide publikoaren kanpoko ertzetik (Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 112.2 art.).

–Azpiegitura egiteko obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratuko dira.

–Esku-hartzearen baldintzak eta lursailaren eta eraikuntzaren bukaerako egoera zainduko dira jarduketak ahalik eta eragin txikiena izan dezan ingurunean eta bertan integra dadin; horretarako, ingurumeneko tramitazioan egokitzat jotzen diren neurriak hartuko dira.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinaren gainean dauden edo horren gainean paratu gogo diren jarduerak azpiegitura honekin lotzea.

–Egin gogo diren lanek ukitzen ahal dituzten edo lanen trabagarri izaten ahal diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

Zehatzago, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren baimena, ukitutako errepideei dagokienez, Nafarroako Errepideei buruzko 5/2007 Foru Legean ezarritakoarekin bat, eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena ubideetara eginiko isuriei eta horien ukipenei dagokienez, urei buruzko indarreko legedian ezarritakoarekin bat.

–Herri-lurren gaineko ukipenari dagokionez, Herri-lurren Atalaren txostenean adierazitakoa beteko da: “Mankomunitateak ezarri nahi dituen hodiek herri-lurrak ukituko dituztenez, Imarkoaingo Kontzejuak eta Udalak, obra lizentzia eman baino lehen, lursail horiek okupatzeko baimena eskuratu beharko dute Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez. Horretarako, aginduzko tramiteen ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluan ezarritakoarekin bat”.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten den jarduera egin edo martxan jarri beharko da baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere 5 urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio ezen aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua lehengoratzeko bost urteko epean gehienez.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita kontatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Noain Elortzibarko Udalari, Basozaintzari (Iruñeko Barrutia) eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2018ko apirilaren 19an.–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendaria, Carmen Ursúa Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1805497