101. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

211/2018 EBAZPENA, maiatzaren 11koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, udal poligono eta lokalak sustatzeko diru-laguntzen 2018ko deialdia onesten duena, haietan ekonomia-jarduerak garatzeko.

Nafarroako Gobernuaren helburu estrategikoetako bat da Foru Komunitateko lurraldearen garapen orekatua, eta, horretarako, ekonomia-jarduerak garatzeko tokiak behar dira udalerrietan.

Orain dela urte batzuk, toki entitateek laguntzak eskatzen zituzten ekonomia-jardueretarako poligonoak sustatzeko edo beren hiri-azpiegiturak hobetzeko eta ez beste ezertarako. Baina azken boladan eskaera horiek gero eta gehiago bideratzen dira higiezinak bulego, lokal edo lantegi txiki gisa erabiltzeko asmoz egokitzera, enpresa hasiberriei lokalak prezio txikian eskaintzearren.

Horregatik, 2018ko deialdi honen xedea ez da bakarrik poligono berrien sustapena eta egun daudenak azpiegitura berriez hornitzeko diru-laguntzak ematea, baita enpresek edo profesionalek erabiltzeko eraikinak gaitzeko eta deslokalizazioa eragozteko beharrezko azpiegiturak egiteko diru-laguntzak ematea ere.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Udal poligono eta lokalak sustatzeko diru-laguntzen 2018ko deialdia onestea, haietan ekonomia-jarduerak garatzeko.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Urte anitzeko honako gastu konpromiso hau onestea:

703.186,82 euro, 2018ko gastuen aurrekontuko “Ekonomia-jardueretako udal poligonoetarako laguntzak” izeneko 810008-81200-7609-458100 partidaren kargura.

200.000 euro, 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako gaitzen den partidaren kargura.

Aurkezten diren eskaera guztiei erantzuteko aski ez bada, zenbateko horiek 1.000.000 euro arte handitzen ahalko dira 2018an eta 500.000 euro arte 2019an, betiere aurrekontuan horretarako dirurik baldin badago.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 11n.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren helburu estrategikoetako bat lurraldearen garapen orekatua da; horretarako, beste neurri batzuen artean, diru-laguntzak ematen ditu Nafarroako toki entitateek edo berariaz eratutako sozietate publikoek sustatzen dituzten tokietarako, haietan ekonomia-jarduerak burutzeko.

Ekonomia-jarduerak egiteko tokitzat hartzen dira bulegoak edo lantegiak jartzeko diren udalaren industrialdeak eta eraikinak, gero bigarren eta hirugarren sektoreko enpresek erabiltzeko, eta diru-laguntza emanen da bai berritik eraikitzeko, bai eraikuntzako akatsak edo instalazioetakoak konpontzeko.

Ez dira diruz lagungarriak izanen abeltzaintzako jardueretarako erabiltzen diren tokiak.

2. oinarria.–Onuradunak.

Entitate hauek hartzen ahalko dituzte deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak:

a) Nafarroako toki entitateak.

b) Toki entitateen menpeko sozietate publikoak.

c) Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA sozietate publikoa.

3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak.

Jarduketa hauek izanen dira diru-laguntzaren xede:

1. Industria edo zerbitzu erabileretarako poligono berriak sustatzea, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Ukitutako lurrek udalaren titulartasun publikokoak izan beharko dute.

Udal entitateak sustapenean parte hartzen badu konpentsazio batzorde baten bidez, gertaera hori justifikatuko da, eta toki entitateari dagokion ehunekoa diruz lagungarritzat joko da, baldin eta oinarri hauen baldintza guztiak eta Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean xedatutakoa betetzen badira.

Kanpoko azpiegituren eraikuntzak ukitutako lurren kasuan, ez da beharrezkoa izanen titulartasun publikoa, baina dagozkien afekzio baimenak, jabetzak sinatuak, aurkeztu beharko dira.

b) Diru-laguntzaren eskaera aurkezten den unean, jarduketaren xedeko lurrek honako kalifikazioa izan behar dute indarra duen udal planeamenduan: industriarako edo zerbitzuetarako hiri-lurzorua.

c) Urbanizatzeko diren lurzatien azalerak bat etorri beharko du udalerriaren benetako beharrekin, eta frogatu beharko da gutxienez horren %30 eskatu dela. Ez da ehuneko hori eskatuko enpresak deslokalizatzeko arriskua dagoenean, baina behar bezala frogatu beharko da.

Udal entitateak sustapenean parte hartzen badu konpentsazio batzorde baten bidez, lurzatien azaleraren %30 hori poligono osoaren gainekoa izan daiteke, edozein dela ere lurzati horien jabetza.

d) Lurzatien eskaera erreala justifikatua egonen da eskatzaileek jarritako fidantzen bidez. Lurzatiak saltzeko aurreikusitako prezioaren %2koa izan beharko du gutxienez fidantzen zenbatekoak.

e) Onuradunak konpromisoa hartuko du jarduketatik ateratzen diren lurzatiak saltzeko gutxienez merkatuko prezioan.

f) Obrak egiten hasteko epea 2017ko urriaren 1etik 2018ko urriaren 1era bitarte izan beharko da.

2. Egun dauden industrialdeak azpiegitura berriekin hornitzeko inbertsioak, bai jada egindakoak zaharkituak gelditu direlako, bai azpiegiturarik ez dagoelako, edo ezohiko mantentze-lanak egitekoak. Jarduketa honek baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Entitate eskatzaileak poligonoaren urbanizazioa sustatu edo hartu izana.

b) Obrak egiten hasteko epea 2017ko urriaren 1etik 2018ko urriaren 1era bitarte izan beharko da.

3. Eraikinak gaitzea gero enpresek edo profesionalek erabiltzeko, baldin eta baldintza hauek betetzen badira:

a) Obrak eginen diren eraikina Udalaren jabetza publikokoa izan beharko da.

b) Obren bidez, bulegoak, lantegiak, nabeak edo antzeko espazioak eginen dira, ekonomia-jarduerak garatzeko, ostalaritzakoak izan ezik. Salbuespen gisa, diruz lagungarriak izanen dira tokiko turismoa sustatzeko jardueretarako gaitzen diren lokalak, baldin eta azpiegitura ezagatik udalerrian ez badago industria jarduera egiteko aukerarik.

c) Obrak egiten hasteko epea 2017ko urriaren 1etik 2018ko urriaren 1era bitarte izan beharko da.

4. Industria prozesuak egiteko beharrezkoak diren azpiegiturez hornitzeko egin beharreko obrak, industria lurzoruan nahiz kanpo; horiek eragin berezikotzat jo beharko dira tokiko ekonomiarako, lagunduko dutelako kolokan dauden industriak finkatzen edo deslokalizazioak eragozten.

Betekizun bakarra da obrak egiten hasteko epea 2017ko urriaren 1etik 2018ko urriaren 1era bitarte izatea.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta lor daitezkeen laguntzak.

1. Aipatu obrak sustatzeko, gastu hauek izan daitezke diru-laguntzaren xede:

a) Poligonoak egiteko lurrak eta, zein den kasua, beharrezkoak diren zortasun-eskubideak erostea. Lurren balorazioa egiteko, onibarren katastroko balioak hartuko dira kontuan.

b) Obrak gauzatzeko proiektuen idazketa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikagarri den udal araudian xedatutakoari lotuko zaiona.

c) Poligonoa urbanizatzeko edo eraikinak altxatzeko obrak; kanpoko azpiegituren obrak.

d) Obra guztien zuzendaritza teknikoa.

Kontuan harturik proiektuen tramiteek denbora luzea har dezaketela, 2018ko ekitaldia baino lehen ordaindutako obra proiektuen eta lurren kostuak ere izanen dira gastu diruz lagungarriak.

2. Diru-laguntzen zenbatekoa honako hau izanen da:

a) Poligono berrien sustapena edo udal eraikinen moldaketa (3. oinarria, 1. eta 3. apartatuak): gastu diruz lagungarriaren %30.

b) Aurretik dauden poligonoetako azpiegituren konponketa edo hiri-zerbitzuen moldaketa, edo eraikinen konponketak (3. oinarria, 2. apartua): gastu diruz lagungarriaren %50.

c) 3. oinarriaren 4. apartatuan deskribatutako obrak: gastu diruz lagungarriaren %80, gehienez ere.

3. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurriak hartu dituzten entitate eskatzaileek %3ko laguntza osagarria eskuratzen ahalko dute. Ondorio horietarako, honako alderdi hauek baloratuko dira:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat prestatua izatea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako irismena eta edukia dituena.

b) Aitortzaren edo bereizgarriren bat lortu izana bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatu dituelako (esate baterako, Osasuneko, Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko Ministerioaren “Berdintasuna enpresan” deituriko bereizgarria edo NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen “Reconcilia zigilua”, eta abar).

c) Bizitza pertsonaleko, laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko neurriak edo berdintasuna sustatzekoak, frogatzeko modukoak, aplikatu izana. Neurri horiek frogatzeko, entitatearen eta langileen ordezkariek sinatutako dokumentua aurkeztuko da.

4. Jarduera ekonomikoetako poligonoak herrietan sustatzeko laguntzei buruzko otsailaren 27ko 2/1997 Foru Legearen 4 c) artikuluan xedatuarekin bat, eskatzaileek %95eko hobaria eskuratzen ahalko dute Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergako kuotan; zerga horrek zergapetzen ditu poligonoak sortzeko helburuz toki entitateei egindako lurzoru eskualdaketak eta toki entitateek bertan kokatzen diren enpresei egiten dizkietenak.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2018ko ekainaren 25ean bukatuko da, egun hori barne.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektronikoa (GHE) eduki beharko da, zeina 10. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Eskaera telematikoarekin batera dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Sustapenak ukitutako onibar guztiek udalaren titulartasuna dutela adierazten duen ziurtagiria. Zortasuna baino ez duten lurren kasuan, jabetzak sinatu dituen afekziorako baimenen kopia aurkeztu beharko da.

b) Jarduketaren xede diren lurraren edo eraikinaren hirigintza kalifikazioaren ziurtagiriak. Helburu horretarako onetsita dagoen hirigintza planik bada, horren aipamena erantsiko zaio ziurtagiriari, eta haren laburpen bat aurkeztuko da.

c) Poligono berri bat egiten denean:

–Lurzatiak erosteko eskaeren zerrenda, gordailuan utzitako fidantzen kopiarekin batera.

–Lurzatiak saltzeko kontratu bakoitzaren kopia edo behar diren dokumentuena, lurzatia erosteko ezarri den prezioa adierazita.

–Entitate eskatzailearen erabakia, non konpromisoa hartzen baitu ateratzen diren lurzatiak merkatuko prezioan saltzeko.

d) Obra proiektuaren laburpena; agiri hauek eduki beharko ditu:

–Jarduketa justifikatzen duen memoria, non beharrezko obrak azalduko diren, bai eta ateratzen diren lurzatien edo lokalen zerrenda ere, azalerak adierazita.

–Jarduketaren dokumentazio grafikoa, hura non kokatzen den eta zein onibarren gainean egiten den adierazita, bai eta aurreikusten den antolamendua ere, ateratzen diren lurzatiak edo lokalak barne.

–Aurrekontuaren kapitulu guztien laburpen-orria.

e) Sustapenaren kostuak, guztira. Kontuan hartu beharko dira lurrak eskuratzeko kostuak, erosi behar badira, obra proiektuen erredakzioa, eraikuntza obrak berak eta obra zuzendaritza.

Ez da kudeaketa edo aholkularitza gastuei buruzko agiririk aurkeztu beharko, ez baitira diru-laguntzaren xede.

f) Obrak egiteko aurreikusitako epeen egutegi eta plangintza xehatua.

g) Bideragarritasunari buruzko aldez aurreko azterlana, sustapen osoaren gastuak eta lurzatien edo lokalen salmenta edo alokairuengatik aurreikusten diren diru-sarrerak jasotzen dituena, finantzabideak zehaztuta eta finantza kostuak adierazita.

6. oinarria.–Diru-laguntza emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Balorazio handiena lortu duten jarduketei 4. oinarrian ezarritako laguntza portzentajeak aplikatuta aterako da eman beharreko diru-laguntza, deialdirako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Hona hemen eskaerak baloratzeko irizpideak, diru-laguntzak emateko:

a) Egun dauden jarduerak lekuz aldatu beharra, bai kokagune desegokian daudelako bai jarduera handitu behar delako, bai eta jarduera berriak instalatzeko eskaerak ere: 10 puntu arte.

b) Gaitutako tokien industriarako hirigintza kalifikazioa: 5 puntu arte.

c) Lurzatien eskaera errealen ondorioz lanpostuak mantentzea edo berriak sortzea: 5 puntu arte.

d) Proiektua tokien edo hiri-zerbitzuen beharretara egokitzea, zehazki, proiektuaren neurriak edo hura egiteko faseak egun dagoen eskariari hobeki egokitzeko, eta lurren, urbanizazio obren eta azpiegituren kostuak ahalik eta apalenak izan daitezen: 5 puntu arte.

e) Udalerrian ez izatea titulartasun publikoko poligonoetan lurzatiak eskuratzeko eskaintzarik: 10 puntu arte.

f) 3. oinarriaren 2. apartatuko obren kasuan, honako puntuazio hau emanen da sustapen entitateak erabaki badu jarduketaren onuradun izanen diren enpresei inbertsioaren gutxieneko portzentaje bat eskatzea: puntu 1 jasanarazitako aurrekontuaren %10 bakoitzeko; gehienez ere 5 puntu.

3. Ez badago behar adinako aurrekontuko krediturik jarduketa guztiak 4. oinarrian ezarritako portzentajeekin diruz laguntzeko, puntuazio bera duten eskaeren artean hainbanatuko da.

7. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

1. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak, laguntzak kudeatzen dituen organoak, txostena eskatuko dio Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari, jakiteko ea toki entitateek ahalmen ekonomiko nahiko duten diru-laguntzaren xedeko sustapenaren ondorioz heldu diren betebeharrei aurre egiteko.

Txosten hori ezin bada egin toki entitateak ez dituelako aurreko ekitaldiko kontuak epe barruan aurkeztu, edo txostena negatiboa bada, ezin izanen da eskatutako diru-laguntza eman.

2. Txostena jaso eta eskaerak baloratu ondoren, laguntzak kudeatzen dituen organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari. Bertan adieraziko da entitate onuradunek diru-laguntza eskuratzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

3. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria.–Justifikazioa eta diru-laguntzaren ordainketa.

1. Onuradunek egindako jarduketa justifikatu beharko dute, baita obrak benetan abiarazi izana ere, epe hauetan:

1.1. 2018ko azaroaren 15a baino lehen, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Obrak gauzatzeko behar diren lurrak erosteko egindako ordainketaren egiaztagiriak eta, zein den kasua, zortasun-eskubideena.

b) Hirigintza planen eta obra proiektuen idazketari buruzko fakturak ordaindu direla frogatzen duten dokumentuak.

c) Obra kontratuen kopiak eta haien zuzendaritza teknikoarenak.

d) Obrak hasi izanaren aktaren kopia, behar bezala sinatua.

e) Ziurtagiria, kontratuak Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz adjudikatu direla frogatzeko.

f) Ekitaldi honetan egindako obren ziurtagiri bakoitzaren ordainketa frogatzen duten dokumentuak eta fakturak.

2018ko azaroaren 15erako diru-laguntzaren xede diren obrak amaitu eta hartu badira, 1.2 apartatuan aipatutako agiriak ere aurkezten ahalko dira.

1.2. Obrak amaitu ondoren, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Obren ziurtagiri bakoitzeko egindako fakturak eta horien ordainketa frogatzen duten dokumentuak.

b) Obren zuzendaritza teknikoaren fakturak eta horien ordainketa frogatzen duten dokumentuak.

c) Obren harrera-akta.

2. Aipatu frogagiriak azterturik, organo kudeatzaileak ordainketa ebazteko proposamena igorriko dio Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiari, eta bertan agerraraziko da onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela.

Oinarri honetan ezarritako epeetan hala justifikatu ezean, diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

3. Ordainketaren ebazpena bi hilabeteko epean emanen da, gehienez ere, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Onuradunek diru-laguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, irailaren 11ko 59/2013 Dekretuan arautu dena eta laguntzen fitxan erabilgarri dagoen ereduaren araberakoa dena, emakidaren ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean.

b) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Emandako diru-laguntzak kobratzeko eskubideak galtzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik kopuru konprometituak askatzen badira, aurrekontuetan behar adina diru ez izateagatik hainbanaketa egin zen eskaeren edo hasiera batean ezetsi ziren eskaeren entitateei ematen ahalko zaie diru-laguntza.

10. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta laguntza-eskaera modu telematikoan aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira entitate eskatzaileen helbide elektroniko gaituaren (HEG) bidez.

Gaitutako helbide elektronikoa Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbide honetan lor daiteke: http://notificaciones.060.es. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki beharko da, eta Nafarroako Gobernuak gaitutako prozeduretan izena eman.

11. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, jarduketa beretarako emandako beste laguntza batzuekin.

12. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Enpresa Sustapenaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

13. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F1806356