101. ALDIZKARIA - 2018ko maiatzaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

VIANA

Deialdia, izangaien zerrenda bat eratzeko, jarduera artistiko eta kulturaletako ofizialaren lanpostuan aldi baterako kontratazioaren bidez aritzeko

289/2018 Dekretua.

Ikusirik Vianako Turismo eta Kultur Alorrak azken urteetan hartu duen garrantzia, eta agerian gelditu delarik duen lan karga handia areagotzen ari dela. Kontuan izanik, zerbitzua mantendu ahal izateko, urtetik urtera, eta batez ere udan, egin behar izan diren kontratazioen kopurua.

Horrenbestez, alor hori indartzeko beharra ikusita, Vianako Udaleko Osoko Bilkurak onetsi zuen plantilla organikoan 2-02 zenbakiko lanpostua sortzea, “Jarduera artistiko eta kulturaletako ofiziala” izenekoa.

Kontuan hartuz indarrean den araudiak debekatu egiten duela lanpostu hori jabetzan betetzea.

Ikusirik, Turismo eta Kultur Alorrean langileen beharra dagoela,

EBATZI DUT:

Jarduera turistiko eta kulturaletako ofizialaren lanpostuan aldi baterako kontratuarekin aritzeko izangaien zerrenda bat hautaproben bidez eratzeko deialdiaren oinarriak onestea. Hona hemen:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea, bete beharreko eginkizunak eta lanpostuaren ezaugarriak.

1.1.–Honako deialdi honen xedea da, oposizio bidez, Vianako Udalaren zerbitzuko jarduera turistiko eta kulturaletako ofizialaren lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda bat eratzea, Udalean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren. Zerrenda erabiltzen ahalko da lanpostu hutsak bitarteko kontratuez betetzeko, behin-behineko ordezkapenetarako laneko bajak daudenean, oporretarako eta udal zerbitzuak indartu beharra dakarten unean uneko zeinahi premiatarako.

1.2.–Lanpostuak C mailako ordainsariak izanen ditu, Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan ezarritakoaren arabera (maila horretako eginkizunak dituelako) eta plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak, baita hitzarmen kolektiboaren bidez lor daitezkeenak ere.

1.3.–Lanaldiaren araubidea eta ordutegia Vianako Udalak lanpostu horretarako ezarritakoak izanen dira, zerbitzuaren beharretara egokituko dira beti, eta organo eskudunak edozein unetan aldatzen ahalko ditu. Lanaldia osoa nahiz partziala izan daiteke. Zerbitzuaren ezaugarriak kontuan hartuz, asteburuak, festak (uztaila eta iraila), zubiak eta jaiegunak ere hartzen ditu. Horiek guztiak zerbitzuaren beharretara egokituko dira eta noiznahi aldatzen ahalko dituzte administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

1.4.–Kontratudunak bi hilabeteko probaldia gainditu beharko du eta epe horretan bi aldeetako edozeinek deuseztatzen ahalko du kontratua, horren berri modu ofizialean jakinaraziz gutxienez ere hamabost egun baliodun lehenagotik. Lanpostu huts bat aldi batez betetzeko kontratatzen den pertsonak lanpostua utzi beharko du lanpostuaren titularrak lanpostuaren jabetza hartzen duenean edo hautatuak lanpostu hutsaren jabetza hartzen duenean.

1.6.–Oinarri hauetan aurreikusi ez den orotan, arau hauei jarraituko zaie: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua, ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia, irailaren 28ko 68/2009 Foru Dekretua, langileak administrazio araubidean kontratatzeko arauak ematen dituena, eta aplikatu beharreko gainerako arauak.

1.7.–Deialdi honen bidez aldi baterako kontrataziorako eratuko den zerrendak indarra izanen du amaitzen den arte edo lanpostuak behin betiko betetzeko berariazko hautapen prozedurak hasi arte edo aldi baterako kontrataziorako beste zerrenda bat egin arte.

2.–Eginkizunak:

Hona hemen bete beharreko eginkizunak:

a) Jendeari laguntza ematea Udalaren Kultura eta Turismo Zerbitzuaren programa, jarduera eta zerbitzuei buruz, horiekin zerikusia duten gai guztietan bideratuz: ikastaro eta jardueretako inskripzioak eta matrikulazioak; sarreren informazioa eta salmenta; eskura dauden materialen eta instalazioen lagapena edo alokairua eta abar.

Jendeari laguntza ematea turismo bulegoan, eskariei erantzunez bai jatorrian bai helmugan; horiek hizkuntza ezberdinetan egin ahalko dira.

b) Antolatutako jarduera turistiko eta kulturalak hedatzeaz arduratuko da, eskura dauden bideak erabiliz: jardueren agenda, sare sozialak, web-orria, bloga, flyerra, Newsletterra, pantaila elektronikoa eta ezar daitekeen beste edozein.

–Programatutako jarduera kultural eta turistikoak hedatzeko editatzen diren eskuko egitarauak, liburuxkak, kartelak eta gainerako euskarriak idatzi eta zuzentzea.

–Zerbitzuaren datu baseetan, Udalaren web-orrian eta gainerako aplikazioetan jasotako informazioa eguneratu eta aldizka mantentzea, programatutako jarduerak hedatu eta sustatzeko.

–Abiatutako jarduera kultural eta turistikoen publizitatearen hedapena egokitzea: newsletterra, banaketa zerrendak, sare sozialak... Halaber, deialdiak, prentsa oharrak eta komunikabideek eskatzen duten informazio guztia igortzea.

c) Kultur eta turismoko teknikariari laguntza administratiboa ematea Kultur eta Turismoko Batzordearekin zerikusia duten lanetan: batzordeen edo bileren deialdiak eta dokumentazioa prestatu, sailkatu eta igortzea batzordeko kideei.

d) Udalaren Kultur eta Turismo Zerbitzuaren espedienteak administrazioaren aldetik tramitatu eta osatzea, eta ebazteko epeen segimendua eta kontrola egitea.

e) Ebazpenak, jakinarazpenak eta komunikazioak prestatzea; kopiak eta hartu-agiriak jasotzea, zein bere espedienteari lotzeko.

f) Kultur Etxean emanaldiak egiten dituzten artistei eta konpainiei arreta ematea, baita kanpoan antolatzen diren ekitaldietan ere, edo beste ekipamendu batzuetan. Erakusketak muntatzea eta desmuntatzea.

g) Herrian barna bisita gidatuak egitea; gaiak aldatu ahalko dira eta hizkuntza ezberdinak erabili.

h) Egindako kultur edo turismo jarduerak ebaluatzeko bidea ematen duen informazioa biltzea. Estatistikak eta zerrendak egitea.

i) Zerbitzuaren hobekuntza bulkatzea eta hartan laguntzea eta, hartara, lagungarri izan daitezkeen ekintza eta aldaketak proposatzea.

i) Bere eginkizunak bete ahal izateko beharrezkoak dituzten erakunde, enpresa edo entitate profesionalekin harremanetan jartzea.

j) Profesionalen bileretan parte hartzea, zerbitzuko arduradunak deitzen dituenak, koordinatzeko, informazioa trukatzeko eta jarraibideak jasotzeko, xede eta eginbehar zehatz horietarako deitzen zaion aldiro.

k) Udaleko gainerako langileekin elkarlanean aritzea lana metatzen denean edo norbait kanpoan edo eri dagoenean.

l) Aipatutakoez gain, zerbitzuaren beharrak direla eta bere esku jartzen direnak, lanpostuari dagozkion ahalmen eta gaitasunekin bat helduz gero.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen eta haien familiakoen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, abuztuaren 30eko 252/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarri den bezala.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo titulu baliokide bat izatea edo eskuratzeko moduan egotea.

d) Jarduera turistiko eta kulturaletako ofizial baten lanpostuaren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Azterketarako eskubideak izateko, Udalaren Diruzaintzan 7,20 euro ordaintzea.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozedura aldian eta kontratazioak iraun bitartean ere beharko dira bete.

Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

4.–Eskaerak.

4.1.–Eskabideak Vianako Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, bulegoak irekita dauden orduetan, 09:00etatik 14:00ak arte, astelehenetik ostiralera, egun baliogabeetan izan ezik, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako zeinahi modutan aurkezten ahalko dira.

4.2.–Eskabideak deialdi honetako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina).

4.3.–Eskabideari honako dokumentu hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren kopia konpultsatua.

b) Udalaren Diruzaintzan 7,20 euro ordaindu izanaren frogagiria, azterketarako eskubideak izateko. Azterketa eskubideengatik zenbateko hori ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Zenbateko hori ordaintzeko, diru-sarrera edo banku-transferentzia egin beharko da honako kontu hauetako batean:

La Caixa: ES30 2100 4105 1922 0004 4759.

Nafarroako Rural Kutxa: ES64 3008 0061 5207 0236 6329.

Ordainagirian datu hauek adierazi beharko dira nahitaez:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: Azterketa, jarduera turistiko eta kulturaletako ofiziala.

4.4.–Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.5.–Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

4.6.–Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea eta, hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaituak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

5.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1.–Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Vianako alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du. Zerrenda hori Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko da, baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.

5.2.–Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin bada, idatzia aurkezturik Vianako Udaleko Erregistro Orokorrean.

6.–Behin betiko zerrendak

Aurreko oinarrian aipatu epea bukatu eta aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren, alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onesteko; horiek Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Vianako Udalaren iragarki-taulan eta Udalaren webgunean (http://www.viana.es) jarriko dira jendaurrean, hautapen probak egiteko eguna eta tokia adierazita.

7.–Kalifikazio epaimahaia.

7.1.–Osaera:

–Mahaiburua: María Blanca Yolanda González García, Vianako Udaleko alkate udalburua.

–Ordezkoa: Carlos Javier Barragán García, Vianako Udaleko zinegotzia.

–Lehen mahaikidea: Pilar Martínez de Olcoz Esquide, Vianako Udaleko Kultura eta Turismo koordinatzailea.

Ordezkoa: Betisa Anda Arruabarrena, Altsasuko Udaleko dinamizatzaile koordinatzailea.

–Bigarren mahaikidea: Patxi Sáenz Lazcano, Nafarroako Gobernuko Turismoko Marketinaren Zerbitzuko jarduera turistikoetako ofiziala.

–Ordezkoa: María Antonia Bariain (Lizarrako Turismo Bulegoa).

–Hirugarren mahaikidea: Carlos Naranjo Duque, Vianako Udaleko langileen ordezkaria.

–Ordezkoa: María Ángeles López Juntas, Vianako Udaleko langileen ordezkaria.

–Idazkaria: María Asunción Gil Barnó, Vianako Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: Arturo Hernández Armendáriz, Vianako Udaleko administrari-ofiziala.

7.2.–Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin eta indarrean dagoen araudian parte ez hartzeko ezartzen diren egoeraren batean badaude; izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, inguruabar horietako bat izaten denean.

7.3.–Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Nolanahi ere, mahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bestela, haien ordezkoek.

7.4.–Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sortzen diren arazo guztiak, eta berdinketa suertatuz gero, mahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

7.5.–Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baino ez dira arituko, eta epaimahaiari haietan baizik ez diote lagunduko.

8.–Proben nondik norakoa.

8.1.–Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gutxienez ere bi hilabeteren buruan hasiko da oposizioa. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak soilik emanen dira argitara Vianako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian eta aurreko probak egin diren tokian.

8.2.–Oposizioko ariketak plika itxien sistema erabiliz eginen dira, horretarako aukera ematen badute, eta gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira.

8.3.–Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo nortasuna frogatzeko epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste agiriren bat aldean dutela agertu beharko dute. Probetara agertzen ez direnak edo beren nortasuna adierazitako moduan frogatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

Minusbalio frogatua dutenentzat (organo eskudunaren ziurtagiri bidez), ariketak egiteko denborak eta baliabideak egokituko dira, baldin eta eskabidean horixe eskatu badute.

8.4.–Epaimahaiak, egokiera bilatuz eta ariketetan ahalik eta egun gutxien erabiltzearren, erabaki dezake ariketa bat baino gehiago egun berean egitea edo haien ordena aldatzea, eta ariketaren bat egiteko zailtasunagatik, beharrezkoa bada, egun batean edo gehiagotan egiten ahalko dira, kontuan harturik aurreko probak gainditu dituzten izangaiak zenbat diren eta ariketa egiteko zenbat toki behar den.

Oposizioak hiru ariketa hauek izanen ditu:

1. Lehenbiziko ariketa: teorikoa, “test” motako galdera sorta bat izanen da, berrogei galderaz osatua, bai ezagutza orokorrei buruz bai lanpostuko jardueren inguruko berariazko gaiei buruz, eta erantzunetako bakarra izanen da zuzena. Galderak II. eranskinean azaltzen diren gaiei buruzkoak izanen dira. Proba hori 0tik 40 puntura bitarte kalifikatuko da. Galdera guztiek balio bera izanen dute. Ariketa gaindituko dute gutxienez 20 puntu lortzen dituzten izangaiek.

2. Bigarren ariketa: praktikoa, lehenengo proba gainditu dutenek soilik eginen dute. Bi ariketa izanen dira:

1.–Lanpostuko lanetakoren bati buruzkoa izanen da eta gehienez ere 120 minutu emanen dira. Izangaien gaitasunak baloratuko ditu epaimahaiak. Proba hori 0tik 30 puntura bitarte kalifikatuko da. Edukiaz gain, honako hauek ere baloratuko dira: idatzizko adierazpen gaitasuna, izangaiaren ekarpen pertsonala, argitasuna eta ideien ordena, eta sintesia egiteko gaitasuna. Ariketa gaindituko dute gutxienez 15 puntu lortzen dituzten izangaiek.

2.–Bisita gidatuak egitea. Proba hori 0tik 20 puntura bitarte kalifikatuko da. Ez da baztergarria izanen.

Ariketaren garapena izangai kopuruaren arabera programatuko da, eta zilegi izanen da ariketa txanda ezberdinetan egitea, proba hobeki garatzearren.

3. Hirugarren ariketa ez da baztergarria izanen. Hizkuntzen ahozko proba izanen da (ingelesa, frantsesa eta euskara) eta 10 puntu lortu ahalko dira.

9.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

9.1.–Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio hurrenkeraren araberakoa, Vianako Udalaren iragarki-taulan. Gero, zerrenda hori Vianako Udaleko alkateari igorriko dio, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia kontratatzeko proposamenarekin batera.

Probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazioen hurrenkeraren araberakoa, Vianako Udalean maila horretako ordezkapenak egin behar direnerako erabiliko da, zerbitzuen beharren arabera eta deialdiko xedearekin bat, harik eta lanpostuaren jabetza hartzen den arte.

9.2.–Proposatzen den izangaiak, kontratualdia hasi aurretik, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren Erregistro Orokorrean:

a) NANaren fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.

b) Deialdiaren 3. oinarrian eskatutako tituluaren kopia konpultsatua edo titulua lortzeko azterketa eskubideak ordaindu izanaren agiriarena (deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen).

c) Medikuen Elkargo Ofizialak emandako osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena ez duela akats fisiko nahiz psikikorik edo eritasunik administrari-ofizialaren eginkizunak betetzea eragozten dionik.

d) Desgaitasunen bat duten izangaiek, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek egina.

e) Zinpeko aitorpena, bere erantzukizunpean, eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizi ez izanaren gainekoa.

f) Proposatutako izangaiak nazionalitate espainiarra ez badu, zinpeko aitorpena aurkeztu beharko du, bere Estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dion diziplina zehapenik edo zigor penalik ez duela adierazteko.

g) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, egoitza-txartela.

h) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bizitzeko eta lan egiteko baimena.

i) Vianako Udalak eskatzen dituen gainerako agiriak.

9.3.–Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, ezin izanen da kontratatu, eta haren jarduketa guztiak baliogabetu eginen dira, galarazi gabe eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaion erantzunbeharra.

10.–Zerrendaren kudeaketa.

10.1.–Kontratazio zerrendek lau urteko iraunaldia izanen dute, salbu epe laburragoan agortzen badira edo beste deialdi bat egiten bada.

10.2.–Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

A) Deia:

Gainditu duten izangaien kontratazioa, oro har, zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik eginen da.

Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik izan beharko dituzte.

Izangaiei zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera dei eginen zaie. Aurreko hori gorabehera, dei horretan kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bategineko zazpigarren xedapen gehigarrian, 3. atalean, ezarritakoa.

Kontratua telefonoz eskaintzen zaion izangaiari hiru dei, bederen, eginen zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.

Dei bakoitzaren idatzizko oharra eginen da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostu guztiak bete arte.

Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

Deietarako oro har ezarritakoa gorabehera, deialdi honen ondoriozko aldi baterako kontratu bat dela bide, izangai bat lanean ari denean edo aritu denean Vianako Udalean, kontratu hori bukatu eta hurrengo 12 hilabetean Udalean lanpostu berdina bete behar baldin bada, Administrazioak izangai horri berari eskainiko dio kontratua, betiere dei egiten zaionean zerrendan libre baldin badago.

Lan-kontratudun batek muzin egiten ahalko dio kontratuari iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio ordenaren arabera.

B) Uko egiteak:

1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, ondoko egoera batean dagoela frogatu ezean:

1.–Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.

2.–Aldi baterako ezintasun egoeran izatea edo umea izan edo adoptatzeagatik lizentzia izatea.

3.–3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, naturala zein adoptatua, zaindu beharrean egotea.

4.–Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela-kausa bere burua ezin gobernatu duena.

5.–Izangaia ezkondu berria bada edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, balio bereko egoeran sartu berria, hori gertatu ondoko edo gertatu aurreko hamabost egun naturaletan uko eginez gero lanpostuari.

Aitzineko atalean adierazitako egoeretako batean edo kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko dituen gisako egoeretan dauden izangaiek hilabeteko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

Artikulu honetako lehenengo apartatuan aipatutako kasu guztietan izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak aurkeztuko dituzte. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

C) Baztertzeak:

Izangaiak honako kasu hauetan geratuko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:

a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea.

c) Deia eginda lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.

10.3.–Kontratudunak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, behar diren kopuruetan.

11. oinarria.–Kontratazioa eta kontratuaren hasiera.

11.1.–Vianako Udaleko alkate udalburua izanen da organo eskuduna, proposatzen den eta oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaiaren aldi baterako kontratazioa, administrazio araubidekoa, sinatzeko, deialdi honen 1. oinarrian xedatutakoarekin bat.

11.2.–Izangai kontratatuak lanean hasi beharko du formalizatutako kontratuaren arabera hala dagokion egunean.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Vianan, 2018ko maiatzaren 10ean.–Alkate udalburua, María Blanca Yolanda González García.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

II. ERANSKINA

Probak gai hauei buruzkoak izanen dira:

Eranskina: gaitegi orokorra.

1.–Udala. Konposizioa. Kideak hautatzea. Osoko Bilkura, alkatea. Bilkuren araubidea. Informazio batzordeak.

2.–Administrazio agiriak. Ofizioa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra. Artxiboko tratamendua eta antolaketa.

3.–Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Administrazio prozedura. Kontzeptua. Printzipioak. Faseak. Administratua. Herritarren eskubideak. Eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztea. Erregistroak. Epeen kontaketa. Administrazio egintzen jakinarazpena. Epeak eta moduak. Argitaratzea: modua eta kasuak.

4.–Nafarroako toki entitateen kontratuak. Xedapen orokorrak. Prestakuntzako jarduketa administratiboak. Esleitzeko prozedurak eta moduak.

5.–Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hori garatzen duen Erregelamendua (Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua).

Eranskina: kulturako gaiak.

1. gaia.–Zabalkundea, publizitatea, ikusleen arreta eta kudeaketa kultur jardueretan.

2. gaia.–Festetako eta kulturako jarduerak programatu eta gauzatzea.

3. gaia.–Jarduera kultural eta turistikoak programatu eta gauzatzea Vianako Udalean.

4. gaia.–Kultur zerbitzuak. Vianako kultur agenteak. Elkarteak. Sortzaileak.

5. gaia.–Udaleko kultur programetarako finantzaketa eta laguntzak.

6. gaia.–Kultura zerbitzuaren kudeaketa administratiboa.

Eranskina: turismoko gaiak.

1. gaia.–Turismoari buruzko informazioa: turismoari buruzko informazioaren ezaugarriak. Turismoko informazioa. Informazioaren kudeaketa. Helmugen informazio sistemen egitura. Turismo bulegoaren kontzeptua: definizioa. Modalitateak. Eginkizunak. Bulegoak eta haien ingurunea: erronkak eta joerak.

2. gaia.–Helmuga bat jakinaraztea: helmuga bat ezagutaraztea. Informazioa jakinarazpenean. Informazioa elektronikoki ematea. Informazioa eta komunikazioa interneten.

3. gaia.–Turismo eskaintza: orotariko produktu turistikoak eta espezializatuak. Turismo paketeak. Vianako zerbitzu turistikoak. Vianako eskaintza turistikoa.

4. gaia.–Ibilbide kultural eta turistikoak. Donejakue bidea, Gazteluen ibilbidea eta enoturismoaren indarra.

5. gaia.–Nafarroari buruzko ezagutza orokorra. Geografia, biosfera-erreserbak eta naturgune babestuak. Nafarroako helmuga eta monumentu nagusiak.

6. gaia.–Vianako historiaren ezagutza orokorra. Monumentu nagusien deskripzioa.

Eranskina: hizkuntzei buruzko gaiak.

Ingelesa / Frantsesa / Euskara.

Iragarkiaren kodea: L1806345