95. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

Laburpena, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak apirilaren 26an emandako 16E/2017 Foru Aginduarena. Foru agindu horren bidez “Generazinema garapena: film luzeen proiektuak garatzeko 2017ko diru-laguntzen deialdia” onetsi da.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan aurreikusitakoari jarraituz, argitara ematen da deialdiaren laburpena; horren testu osoa Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index): DDBN (Identifikazioa): 332637.

Lehena.–Onuradunak.

Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako baldintza orokorrak.

Laguntza hau eskuratzeko aukera dute zinema ekoizteko enpresek, Europar Batasuneko estatu batean ezarriak badira eta Europar Batasuneko estatu bateko Zinema Enpresen Erregistroan ekoiztetxe gisa inskribaturik badaude (Espainiako enpresen kasuan, ICAAko erregistroan inskribatuta).

Bigarrena.–Xedea.

1.1 Deialdi honen xedea da laguntzak ematea film luzeak ekoizteko proiektuen garapena prestatzeko, fikziozkoak, dokumentalak edo animaziokoak, ondotik ikus-entzunezko obra bat gauzatzeko eta jendaurrean erakusteko.

Deialdi honen ondorioetarako, “film luzea” izanen da 60 minututik gorako ikus-entzunezko obra oro, zinema aretoetan, telebistan edo Interneteko plataforman merkataritzako ustiapenerako erakustea xedea duena.

Hirugarrena.–Oinarri arautzaileak.

Honako honetan argitaratutako oinarriak aipatzen dira:

http://navarra.es/home_es/Servicios/ficha/6917/Generazinema-Desarrollo-Subvenciones-al-desarrollo-de-proyectos-de-largometraje-2017

Laugarrena.–Zenbatekoa.

Diru-laguntza hauek, gehienez ere 2017 euro, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2017ko gastuen aurrekontuko “Zinema ekoizpenerako laguntzak” izeneko A20002 A2530 4709 334102 partidaren kargura finantzatuko dira.

Proiektu bakoitzerako laguntza 10.000 eurokoa izanen da. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %50 baino handiagoa. Eskatzaileek aurkezten duten aurrekontuari Balorazio Batzordearen ustez proiektua garatzeko beharrezkoak ez diren edo deialdiaren xedekoak ez diren jarduerei dagozkien diru kopuruak kenduta ateratzen den emaitza izanen da onartuko den aurrekontua.

Bosgarrena.–Aurkezteko epea.

Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Seigarrena.–Beste datu batzuk.

Filma garatzeko proiektua bukaturik ordainduko dira laguntzak, Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak aldeko txostena egin ondotik, betiere oinarri arautzaileen 10.1 puntuan aipatzen diren frogagiriak aurkezten badira 2017ko urriaren 31rako (egun hori barne).

Salbuespenez, jarduera egin baino lehen ordaintzen ahalko dira laguntzak, aurrerakin gisa.

Iruñean, 2017ko apirilaren 26an.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

Iragarkiaren kodea: F1705451