90. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

190E/2017 EBAZPENA, apirilaren 28koa, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, gizarte-erantzukizunaren arloko proiektuetarako diru-laguntzaren deialdia onesten duena.

Lanaren Nazioarteko Erakundearen iritziz, enpresek haien jarduerek gizartean eragin positiboa izan dezaten kontuan hartzen dituzten ekintzen multzoa da enpresaren gizarte-erantzukizuna. Jarduera horiek enpresaren printzipioak eta balioak berresten dituzte, bai bere metodo eta barne prozesuetan, bai gainerako jarduleekin dituzten harremanetan. EGEa borondatezko ekimena da.

Administrazio publikoek, gizarte-erantzukizunak enpresen lehiakortasunean eta, oro har, gizartean duen eragin positiboa ikusita, beharrezkotzat jotzen dute hura sustatzeko politika publikoak egitea.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak honako eskumen hau du, besteak beste: “enpresaren gizarte-erantzukizuna sustatzea eta koordinatzea [... ]”, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2017 Foru Dekretuaren 8.y) artikuluan ezarritakoaren arabera.

Horregatik, deialdi honen xedea laguntza ematea da Nafarroako Foru Komunitatean gizarte-erantzukizuna sustatu eta ezartzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Gizarte-erantzukizunaren arloko proiektuetarako diru-laguntzaren deialdia onestea.

2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.

3. 100.000 euroko gastua baimentzea, 2017ko gastuen aurrekontuetako “Gizarte-erantzukizunaren arloko proiektuak” izeneko 810012-81500-4819-494102 partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko:

AURREKONTUKO PARTIDA

RCSA KODEA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810012-81500-4819-494102: Gizarte-erantzukizunaren arloko proiektuak

2017

100.000,00

4. Eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik deialdiaren aurrekontua agortzen bada, horren kreditua handitzen ahalko da, gehienez ere 20.000 euro gehituz. Handitze hori eraginkorra izateko, kreditu gehigarria baimendu eta argitaratu beharko da, beste deialdi batzuetan izandako gastua hasiera batean aurreikusitakoa baino txikiagoa izan delako.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2017ko apirilaren 28an.–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Europako Batzordearen arabera, gizarte-erantzukizuna “enpresen erantzukizuna da, gizartean duten eragina dela eta”. Gizarte-erantzukizuna guztiz bereganatzeko, enpresek haien enpresa-estrategian sartu behar dituzte, legeak eskatzen duenaz haratago, gizarte, ingurumen eta ekonomia arloko alderdiak hobetzeko behar diren jarduketak.

Deialdi honen laguntzek jarduketak edo esperientzia pilotuak abiarazten dituzten proiektuak finantzatzen dituzte, hiru alderdietako batekin lotura badute, Nafarroako enpresek lehiakortasun, jasangarritasun, gardentasun eta gobernamendu maila altuagoak izan ditzaten.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Laguntzen onuradun izan daitezke irabazi asmorik gabeko elkarte eta federazioak eta enpresak, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Egoitza soziala Nafarroan izatea.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Deialdi hau argitaratu aurreko bi urtean zehapenik jaso ez izana Langileen Estatutuak edo aplikatzen den kolektiboak ezarritako berdintasun planen arloko betebeharrak ez betetzeagatik edo enpresak hartutako erabakiengatik, sexuarengatik edo orientazio sexualarengatik edo sexu jazarpenagatik zuzeneko edo zeharkako bereizkeria egiteagatik.

d) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan falta oso larri bat edo bi falta larri baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.

e) Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita, betiere zehapen organoaren txosten baten arabera neurri horiek gauzatu ez badira edo aplikatzeko egutegia bete ez bada.

f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debekurik ez urratzea. Eskabideari erantsi beharko zaion erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatzen ahal da hori.

Orobat, eskatzaileek zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzeko, diru-laguntza eskatzeak berarekin dakar departamentu honi baimena ematea inguruabar hori ziurtatzen duten datuak kontsultatzeko, diru-laguntza ebazten duen proposamena egiten denean.

2. 1. ataleko beharkizunak betetzen direla egiaztatzeko, eskabidean datorren erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.

3. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.

1. Gizarte-erantzukizunaren arloko proiektuek jasoko dute diru-laguntza, 2017ko urtarrilaren 1etik azaroaren 15era bitarte gauzatzen badira.

2. Gizarte-erantzukizunaren arloko proiektuek diru-laguntza jasotzeko, enpresek Nafarroan izan behar dute lantokia, eta kategoria hauetako batean garatuko dira:

a) Enpresa-etika eta gardentasuna (kode etikoak...).

b) Pertsonak balio nagusi gisa.

c) Partaidetza eta talde-lana.

d) Lan baldintzei arreta jartzea.

e) Berrikuntza eta etengabeko hobekuntza.

f) Kalitate integrala produktuetan, zerbitzuetan eta prozesuetan.

g) Inbertsio sozialki arduratsua; banka etikoa.

h) Joera berriak enpresaren gizarte-erantzukizunaren arloan.

3. Sentsibilizazioa, prestakuntza eta/edo aholkularitza xede bakartzat duten proiektuek inpaktu-adierazleak eta ekimenaren ebaluazioak izan beharko dituzte, proiektua bermatzeko.

4. Diru-laguntza honen xedeko proiektuen edukia ezin da izan InnovaRSE metodologiaren edozein fase ezartzea.

4. oinarria.–Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

1. Aipatu proiektuetako gastu hauek jaso dezakete diru-laguntza, betiere 2017ko urtarrilaren 1etik azaroaren 15era bitartean fakturatzen eta pagatzen badira:

a) Proiektua zuzenean gauzatzera bideratzen diren langileen gastuak, hartan diharduten bitartean.

b) Proiektuaren ekintzak gauzatzeko aipatu langileen joan-etorrien gastuak.

c) Aurkeztutako proiektuaren ekintzekin zerikusia duten edukiak hedatzea. Hedapen horretan ez da emakumearen kontrako bereizkeriaren irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

d) Kanpo enpresen edo aholkularien gastuak, aurkeztutako proiektuaren esparruan: gastuaren %100era arte, Diru-Laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan aipatzen diren mugak kontuan harturik.

Aholkularitza edo laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, diru-laguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada diru-laguntza eskatu baino lehen.

2. Diru-laguntza finantzatzen duen partidan dagoen aurrekontuaren %60 2. oinarriaren 1. atalean adierazitako irabazi-asmorik gabeko elkarte eta fundazioentzat da, eta gainerako %40 atal horretan aipatzen diren enpresa pribatuentzat.

Enpresentzat erreserbatutako aurrekontua agortzen ez bada, soberakinarekin elkarte edo fundazioen proiektuak finantzatzen ahalko dira, konkurrentzia ordenaren arabera.

3. Diru-laguntzaren zenbatekoa proiektuaren %100 izanen da, eta 20.000 eurokoa, gehienez, proiektuko.

5. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da. Deialdiaren laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da epea, eta hurrengo hilabetean argitalpen-egunaren zenbaki bera duen egunean amaituko da.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskabidean adierazi beharko da jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bat eduki beharko da, zeina 11. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, ulertuko da eskaeraren aurkezpen eguna zuzenketaren eguna dela.

3. Laguntzen fitxan eskura daitezkeen ereduen araberakoa izanen dira eskabidearekin batera aurkeztu behar diren agiriak (eskaneatuta, bereizita eta zein bere izenarekin behar bezala identifikatuta). Hain zuzen ere, agiri hauek:

a) Gizarte-erantzukizunaren arloko proiektua, alderdi teknikoak eta ekonomikoak behar bezala arrazoituta; honako atal hauek jaso beharko ditu:

–Helburuen deskribapena, adierazleak barne.

–Helburuak lortzeko garatu gogo diren ekintzen deskripzioa, aurreikusitako kronograma barne.

–Hala bada, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna bultzatzeko ekintzen deskribapena.

–Memoria ekonomikoa eta aurrekontua.

b) Eskatzaileak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa, proiektuak 6. oinarrian ezartzen diren irizpideen arabera baloratzeko.

4. Aurkeztutako dokumentazioak aipatu beharkizunak betetzen ez baditu, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea ezin da inondik inora zuzendu.

6. oinarria.–Diru-laguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza horiek norgehiagokako prozeduran emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratu duten eskabideei aplikatuko zaie 4. oinarrian ezarritako laguntzaren zenbatekoa, deialdirako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

2. Hauek dira proiektuak baloratzeko irizpideak:

a) Proiektuaren helburuak. Helburuak berariazkoak, neurgarriak, errealistak eta proiektuaren iraupenerako mugatuak izanen dira. 10 puntu.

b) Ekintza plana: planaren edukiaren azalpena eta justifikazioa, ezarritako helburuei begira. Ekintzekin batera bakoitzaren aurrekontua aurkeztu beharko da. 20 puntu.

c) Proiektu-kudeaketaren eredua eta metodologia, eta esleitutako baliabideen egokitasuna. 20 puntu.

d) Emaitzen arloan espero den inpaktua. 5 puntu.

e) Talde sustatzailearen eta kanpo taldearen egokitasuna (kanpo taldearen erreferentziak antzeko proiektuetan, esperientzia profesionala, taldekideen kopurua eta gaikuntza). 10 puntu.

f) Aldez aurretik gatazkaren bat izan duten enpresetako jarduketak. Halakotzat hartuko dira azken bi urtean lan agintaritzan enplegu erregulazioko espedienteren bat aurkeztu dutenak (akordiorik lortu gabe) edo greba egoeraren edo ugazaben itxieraren berri eman dutenak (azkenean gauzatua). 15 puntu.

g) Zenbat enpresatan esku hartu behar den: 10 puntu gehienez.

ENPRESEN KOPURUA

PUNTUAK

Enpresa bat, edo 2 enpresa

0 puntu

3 enpresa

1 puntu

4 enpresa

3 puntu

5 enpresa

5 puntu

6 enpresa

7 puntu

7 enpresa

9 puntu

8 enpresa edo gehiago

10 puntu

h) Proiektuaren %60 100 langile baino gutxiago duten enpresetan gauzatzen bada, 7 puntu.

i) Parte hartzen duten enpresek emakumeen eta gizonen arteko berdintasun proiektuekin duten konpromisoa:

a. Berdintasun plana eta eskumena duten entitateek hori dela-eta emandako ziurtagiri eta aintzatespenak, indarrean badaude. 3 puntu gehienez.

b. Enpresak berdintasuna lortzeko ezarritako praktikak, behar bezala egiaztatuz gero (erantzukizun partekaturako eta familia eta lana bateragarri egiteko neurriak izatea, web orrian eta enpresa zabaltzeko edo sustatzeko iragarki eta dokumentuetan hizkera eta irudi ez-sexista erabiltzea, jazarpen sexualaren kasuetarako protokoloak, etab). 1,5 puntu gehienez.

3. Proiektuei esleitutako puntuazioen berdinketaren bat badago, proiektuaren edukia hartuko da kontuan, eta balio handiagoa emanen zaie 3. oinarriaren 2. ataleko a, b, c eta d letrak garatzen dituzten proiektuei, lehentasun-orden horretan. Berdinketak badirau, aipatutakoen artean atal gehiago jorratzen dituzten proiektuek izanen dute lehentasuna. Berdinketak badirau, oinarri honen a) atalean puntu gehien lortu dutenek izanen dute lehentasuna. Hala ere berdinketak jarraituz gero, hurrengo letretan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

7. oinarria.–Diru-laguntza ematea.

Lan Zerbitzuak aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek diru-laguntza lortzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da diru-laguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

8. oinarria.–Diru-laguntza jasotzen duen jarduketa justifikatzea.

1. Onuradunek 2017ko azaroaren 15a baino lehen justifikatu beharko dute proiektua; horretarako; agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikaren bidez, laguntzen fitxatik:

a) Memoria teknikoa, non justifikatzen baita proiektua egin dela eta zenbateraino lortu den bilatzen zen helburua.

b) Memoria ekonomikoa, honako hauek barne:

–Aurkezten diren nominen eta/edo fakturen zerrenda zenbakitua, kontzeptuen arabera xehakatuak, eta haien ordainagirien zerrenda.

–Fakturak eta ordainagiriak, 2017ko urtarrilaren 1etik azaroaren 15era bitartean egindako ordainketenak. Diru-laguntzaren eskatzailearen izenean egon beharko dute.

c) Proiektuko ekintzak egin dituzten pertsonen izenen zerrenda, haien lanaldia, lan egindako orduak eta diru-laguntzari egozten zaion kostuaren portzentajea adierazita.

d) Bestelako dokumentazioa.

2. Onuradunek aurkezten dituzten frogagiriak hizkera ez-sexistan idatzi beharko dira. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Diru-laguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikaren bidez aurkeztu beharko dute onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Onuradunak informatzeko betebehar hori betetzen ez badu, ez da onartutako diru-laguntza ordainduko.

b) Diruz lagundutako proiektua egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala agertzea zabaltzen den materialean.

d) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea, proiektuaren finantzaketa publikoa dela zabalduz, bai web korporatiboan bai diruz lagundutako proiektuaren gainean onuradunak prestatzen duen dokumentazioan.

e) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako eginbeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Gauzatu den proiektuaren aurrekontua diru-laguntza emateko ebazpenean onartutakoaren %60tik behera bada, emandako laguntzaren %50 ordainduko da.

b) Gauzatu den proiektuaren aurrekontua onartutakoaren %40tik beherakoa bada, deklaratuko da emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela.

10. oinarria.–Diru-laguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela diru-laguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste gardentasunari buruzko aitorpena aurkeztu izana.

2. Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak diru-laguntza ordaintzeko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean frogagiriak aurkezten direnetik.

3. Onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdurik diru zenbateko horiek askatzen badira, behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira diru kopuru horiek.

11. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Administrazio-egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduran egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoan.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretan harpidetuta egon beharko da. Gaitutako helbide elektronikoa eskuratzen den helbide berean egiten da harpidetza.

2. Laguntzen eskaera eta eman beharreko dokumentazio guztia telematikaren bidez aurkeztuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

12. oinarria.–Diru-laguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste diru-laguntza batzuekin.

13. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako diru-laguntzak “de minimis” laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako “de minimis” laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskabide-orrian.

14. oinarria.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Diru-laguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomikorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F1705215