89. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1137/2017 EBAZPENA, apirilaren 25ekoa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana. Honen bidez 2017. eta 2018. urteetako deialdia egiten da, Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko zenbait kualifikaziori lotuta dauden lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurarako.

Lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionaleko tresna eta ekintzetako bat da, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 4.1.b) artikuluak ezartzen duen moduan.

Prozedura hori uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan eta abuztuaren 66/2014 Foru Dekretuan arautzen da. Foru Dekretu horren bidez, pertsonek lan-esperientzian edo prestakuntza bide ez-formaletan lortutako lanbide gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura Nafarroako Foru Komunitatean ezartzeko arauak eta horretaz arduratuko den antolaketa egitura finkatzen dira.

Prozedura horren ondorioz lortu beharreko egiaztagiriei dagokienez, Lanbide egiaztagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua da aplikatzekoa.

Aurreko deialdietako zenbaitetan izandako esperientzian oinarrituta, behar adina parte-hartzaile lortu ez baita egiaztatzeko prozeduretan, ondorioztatzen da deialdiak denbora mugatu batean eginda zaila dela hura hedatzea interesa izan dezaketen pertsonen artean eta halako prozesuetan nahi baino bizkorrago egin behar izaten direla prozeduraren faseak. Hori dela eta, bidezkotzat jo da beste deialdi mota bat egitea, izena emateko epe iraunkorra duena (hartan, horretarako ezarritako baliabide ekonomikoak agortu arte dago irekita prozedura). Horrela, izan ere, deialdia hobeki hedatuko da eta interesdunen inskripzioa erraztuko du. Halaber, prozedurek epe zabalagoak izanen dituzte, eta, gisa horretan, arreta pertsonalizatuagoa emanen zaie hautagaien beharrei.

Abuztuaren 27ko 66/2017 Foru Dekretuaren 24. artikulua aipatzen den Egiaztapenerako Batzordeak egindako proposamena kontuan hartuta, prozedura iraunkor baten deialdia egin dadin Nafarroako eremuan, 2017an eta 2018an, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean zehaztutako zenbait lanbide gaitasun ebaluatu eta egiaztatzeko.

Azaldutakoari jarraituz, Nafar Lansare–Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 2ko 263/2015 Foru Dekretuaren 12. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz, abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuaren 10.1. artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean 2017. eta 2018. ekitaldiei dagokien lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurarako deialdia onestea.

a) Lanbide gaitasun hauei lotutakoak (3. eranskina):

–Industria ekipoaren muntaketa mekanikoa eta mantentze-lanak.

–Sorospena ur instalazioetan.

–Sukaldaritza.

b) Enpresa edo gizarte entitateek egindako eta arrazoitutako eskaera baten bidez Egiaztapenerako Batzordeak deialdiari erantsi diezazkiokeen gaitasunei lotuak, gaitasunak Nafarroako Foru Komunitateko zenbait lanbide sektoretarako lehentasunezkotzat jotzen badira.

2. Deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Hona hemen:

–Xedea eta aplikazio eremua.

Ebazpen honen xedea da lan esperientziaz edo bestelako bide ez-formaletatik lortutako lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko 2017 eta 2018ko deialdia arautzea Nafarroako Foru Komunitatean, 1. eta 2. eranskinetan ezarri diren jarraibideen arabera.

–Prozedurarako laguntza.

Egiaztapenerako Batzordeak koordinatuko ditu prozeduraren estrategia- eta antolakuntza-alderdiak.

Prozeduraren planifikazioan, antolaketan eta kudeaketan, abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuan xedatua bete beharko da.

–Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, parte-hartzaileek inprimakien bidez ematen dituzten datuak Nafarroako Gobernuko fitxategietan sartuko dira, prozedura honen ondorioz sor daitezkeen onarpen agiriak kudeatzeko eta horien lanketa estatistikoa egiteko.

Berariaz horrela adierazten duten pertsonek kontra egiten ahalko diote beren datuen tratamenduari, beren egoera pertsonal zehatzari lotutako arrazoi sendoak eta bidezkoak badituzte.

3. 175.000 euroko gastua baimentzea, 2017ko gastuen aurrekontuko “Lan esperientziaren bidez lortutako lanbide gaitasunak egiaztatzeko prozeduren garapena. Konferentzia Sektoriala” izeneko 950002 96200 2276 242100 partidaren kargura finantzatuko da, baita 50.000 euroko gastua ere, 2018ko gastuen aurrekontuko “Lan esperientziaren bidez lortutako lanbide gaitasunak egiaztatzeko prozeduren garapena. Konferentzia Sektoriala” izeneko 950002 96200 2276 242100 partidaren kargura, edo gaitzen den antzeko partidaren kargura, betiere horretarako kreditu nahikoa badago.

Prozedura horretan parte hartzeko izendatutako aholkulariek eta ebaluatzaileek Hezkuntzako zuzendari nagusiaren 90/2015 Ebazpenean ezarritako diru konpentsazioak jasoko dituzte. Konpentsazioak ezin izanen dira 6.000 eurotik gorakoak aholkulari edo ebaluatzaile bakoitzeko eta talde bakoitzeko.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau eta bere eranskinak igortzea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzura, Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zerbitzura eta deialdian jasotako kualifikazioetarako erreferente diren ikastetxe ofizialetara (3. eranskina).

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko apirilaren 12an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández Mendaza.

1. ERANSKINA

Jarraibideak

(Deialdiaren xedeko gaitasunetarako, “a aukera”)

I.–Informazioa.

Deialdiari buruzko informazio, komunikazio, emaitza eta segimendu guztia Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da (Tramiteak): http://www.navarra.es/home_es/Servicios/.

II.–Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan aurreikusitako prozeduran parte hartu nahi duten pertsonek uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 11. artikuluan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko herritartasunaren erregistro-ziurtagiria nahiz Europar Batasuneko herritar baten ahaidearen txartela lortu izana, edo baimen indarduna izatea Espainian bizitzeko, edo Espainian bizi eta lan egiteko, atzerritarrei eta immigrazioari buruzko Espainiako araudian ezarritako moduan.

b) Izena emateko azken eguna baino lehen 20 urte beteak izatea, II. eta III. mailako kualifikazioei dagozkien gaitasun unitateen kasuan, eta 18 urte, I. mailakoen kasuan.

c) Egiaztatu beharreko lanbide gaitasunekin zerikusia duen lan esperientzia eta/edo prestakuntza ez-formala izatea:

–Lan esperientziaren kasuan, frogatu behar da azken 10 urtean gutxienez 3 urte egin direla, eta guztira 2.000 lanordu, II. eta III. mailako gaitasunen kasuan, eta 2 urte gutxienez eta guztira 1.200 lanordu, berriz, I. mailako gaitasunen kasuan, egiaztatu behar den gaitasun unitateari lotuta dagoen kualifikazioan zehaztutako lanbide eta funtzio ingurunean.

–Prestakuntza ez-formalari dagokionez, justifikatu behar da azken 10 urtean gutxienez 300 ordu egin direla II. eta III. mailako gaitasunen kasuan, eta 200 ordu, berriz, I. mailako gaitasunen kasuan, egiaztatu behar den gaitasunari lotuta.

–Egiaztatu nahi diren gaitasun unitateek ez badute osotara kualifikazioa osatzen, prestakuntzako gutxieneko ordu kopurua egiaztatu beharko da gaitasun unitate bakoitzeko, gaitasun unitate horrekin lotutako prestakuntza modulurako ezarritako ordu kopurua adinakoa.

d) Matrikulatuta ez egotea, ebaluazio fasean behin betiko izen-ematea egin behar den unean, egiaztatu beharreko gaitasun unitateari lotutako prestakuntza jasotzen duen prestakuntza eskaintza arauturen batean, eta ebaluatu eta egiaztatu beharreko gaitasun unitatea jasotzen duen profesionaltasun ziurtagiri baterako ikastaroren bat egiten ez aritzea.

e) Gaitasun unitate bereko beste egiaztapen deialdi batean onartua ez egotea.

f) Azken bi urtean parte hartu ez izana gaitasun unitate berak hein batean edo osorik izan dituen egiaztatze prozesu batean, ez bada lanbide esperientzia edo prestakuntza ez-formal berririk erantsi.

III.–Baldintzen justifikazioa.

Lan esperientziaren gaineko baldintzak, aurreko puntuan aipatutakoak, agiri hauen bidez frogatuko dira:

a) Soldatapeko langileen, langile autonomoen edo norberaren konturako langileen kasuan:

–Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren, Itsasoko Gizarte Institutuaren edo afiliatuta dauden mutualitatearen ziurtagiria. Ziurtagiri horrek enpresa, lan kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio aldia jaso behar ditu. Behar izatera, Europar Batasuneko herrialderen bateko ziurtagiri baliokideak.

–Lan esperientzia lortu duten enpresaren edo enpresen ziurtagiria, bertan datu hauek ageri direla: kontratuaren iraupena, egindako lanak eta zenbat denbora egin duen lan horietan, 3c) eranskineko ereduari jarraikiz (lehenago aipatutako webgunean eskura dago eredua). Agiri horiek lortu ezin badira enpresarik ez egoteagatik edo langilea autonomoa izateagatik, hautagaiak lan kontratua aurkeztu beharko du (baldin eta lanpostuan hautapenaren kualifikazioaren izena agertzen bada), edo zinpeko aitorpena, egindako jardueren tipologiari buruzkoa, 3d eranskineko ereduari jarraikiz (lehenago aipatutako webgunean eskura dago eredua).

b) Langile boluntarioen edo bekadunen kasuan:

–Zerbitzuak zer erakundetan eman diren, hark emandako ziurtagiria, berariaz adierazita honako hauek: betetako jarduerak eta eginkizunak, zer urtetan bete diren eta lanaldi osoko egun kopuru zehatza edo, hala badagokio, horietan emandako ordu kopuru zehatza, 3e eranskineko ereduari jarraikiz (lehenago aipatutako webgunean eskura dago eredua).

Prestakuntza ez-formalari buruz II. jarraibidearen c) atalean aipatzen diren baldintzak frogatzeko, agiri bat aurkeztuko da. Bertan adieraziko da hautagaiak baduela egiaztatu beharreko gaitasun unitateekin zerikusia duen prestakuntza, eta datu hauek jasoko dira, gutxienez:

–Prestakuntzaz arduratuko den zentro, entitate edo administrazioaren datuak.

–Prestakuntza noiz jaso den.

–Ikaslearen datu pertsonalak.

–Kurtsoaren edukia eta prestakuntzaren ordu kopurua.

–Zentro edo entitateko arduradunaren sinadura eta zigilua.

II. jarraibidearen d), e) eta f) atalean aipatzen diren baldintzak frogatzeko, zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko da prozeduran onartzen den unean.

Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna azkena izanen da prozeduran sartzeko baldintzak bete direla justifikatzeko behar den dokumentazioa baloratzeko.

Nafarroako Foru Komunitatean ofiziala ez den hizkuntza batean aurkezten diren agiriekin batera, itzulpen ofiziala edo zinpekoa ere aurkeztu beharko da.

IV.–Onartzeko irizpideak.

Eskatzaileen kopurua dela-eta posible ez bada denak prozeduran onartzea, ondotik zehazten diren lehentasun irizpideak aplikatuko dira:

a) Lehentasunezko talde bat eginen da gaitasun unitateen arloan egiaztatutako lan esperientzia duten langileekin, III. jarraibidean ezarritakoari jarraikiz. Deialdi honen aurreko hamar urteetan bi urtez gutxienez jarduera Nafarroako enpresetan egin behar izan dute.

Bigarren lehentasun-taldean sartuko dira Nafarroatik kanpoko enpresetan kasuan kasuko gaitasun unitateen arloan lan esperientzia egiaztatua duten langileak.

Hirugarren lehentasun-talde batean sartuko dira nahikoa lan esperientzia frogatu ez baina boluntario edo bekadunen esperientzia aurkezten dutenak.

Azkenik, laugarren lehentasun-ordenak kontuan hartuko du prozedura honetan sartzeko prestakuntza baldintza baizik betetzen ez duten eskatzaileen taldea.

b) Lehenbiziko, bigarren eta hirugarren lehentasun taldeetako hautagaiak ordenatzeko, hautagai bakoitzari puntu bat emanen zaio lan egindako edo, boluntario nahiz bekadun gisa, zerbitzuan aritutako urte bakoitzeko, eta modu proportzionalean kontatuko dira zatiki laburragoak, egun bat artekoak. Lanean edo zerbitzuan aritutako aldia orduka adierazten bada, baliokidea kalkulatuko da urtetan edo zatikitan, lanbide sektore bakoitzeko hitzarmenetan indarra duen urteko lanaldia aplikatuz. Halaber, 0,2 puntu emanen dira egiaztatze esparruko lanbide sektorearekin lotutako prestakuntzan egindako 100 orduko, gehienez ere puntu bat egin arte.

c) Prestakuntza baldintzak betetzeagatik onartuak izan daitezela eskatzen duten hautagaiak ordenatzeko, 0,2 puntu emanen zaie 100 prestakuntza orduko, eta aldi horren zatikiak, ordu bat artekoak, modu proportzionalean kontatuko dira.

d) Halaber, boluntario/bekadun esperientzia izateagatik aldez aurreko izen-ematea eskatzen duten pertsonei langile gisa duten lanbide esperientzia hartuko zaie aintzat. Prestakuntza baldintza betetzeagatik aurreinskripzioa eskatzen duten pertsonei langile edo boluntario gisa duten lanbide esperientzia hartuko zaie aintzat. Kasu bietan, jarraibide honen c) atalean ezarritako irizpide berak aplikatuko dira.

e) Hautagaien arteko berdinketarik bada, irizpide hauek aplikatuko dira, bata bestearen atzetik:

–Egiaztapen prozeduraren xedeko gaitasun unitateen esparruan, azken hamar urteetan, esperientziarik gehien egiaztatua izatea.

–Hautagaia adinez helduena izatea.

–Zozketa.

f) Hautagai batek justifikatutako arrazoirik gabe uko egiten badio ebazpen honetan araututako antzeko egiaztapen deialdi bateko plaza bati, hautagaien zerrendatik baja emanen zaio automatikoki.

V.–Prozeduraren faseak eta jarduketak.

Lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduran (deialdiaren xedekoan), ondoko jarduketa eta faseak daude, Lan esperientziaren bidez lortutako lanbide gaitasunak onartzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoarekin bat.

1. Aurreinskripzioa, informazioa eta orientazioa: parte hartu nahi dutenek aurreinskripzioa egin dezakete, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Nafarroako Gobernuaren webgunean (Tramiteak, http://www.navarra.es/home_es/Servicios/) ezartzen den moduan eginen da aurreinskripzioa, 3b eranskineko eredua (lehenago aipatutako webgunean eskura dago eredua).

Kontuan hartu: telefono mugikor bat edo posta elektroniko bat jasoko da aurreinskripzioan (bietako bat, nahitaez), harremanetan jarri ahal izateko (SMS bidez edo e-mail bidez) prozeduran beharrezkoak izan daitezkeen zitazioak eta jakinarazpenak egiteko. Datu horiek eman ezean, harremanetan jartzeko baliabideak funtzionamenduan egon ezean edo haiei kasurik egin ezean, prozeduran aurreinskripzioa egiteko eskubideak galduko dira.

Informazioa eta laguntza aurreinskripzioa egiteko: deialdi hau jasotzen duen Nafarroako Gobernuaren webgunean informazioa eta orientazioa ematen duten entitateen eta erakundeen zerrenda bat argitaratuko da, haietara jotzeko.

Aurreinskripzioak ez du bermatzen prozeduran parte hartuko dela.

Onarpen Batzordeak irizten duenean behar adina aurreinskripzio egin direla, hautagai talde bat sortuko da, aurreinskripzioaren hurrenkerari eta lehentasunerako ezarritako irizpideei jarraituz. Haiekin onartu aurreko informazio prozedura hasiko da.

Aurreinskripzioa egin duten pertsonei dei eginen zaie nahitaezko asistentzia duen saio baterako. Han, informazioa emanen zaie prozedurari buruz, sartzeko baldintzei buruz eta egiaztapenaren ondorioei buruz, eta berariaz adieraziko zaie zer agiri aurkeztu behar duten inskripzio eskaerarekin batera, sartzeko baldintzak betetzen dituztela frogatzearren.

2. Inskripzioak eta onarpena: norberaren ustez baldintzak bete, aurreko paragrafoko bilkurara joan dela frogatu eta prozeduran aurrera egin nahi duenak, inskripzioa egiteko, frogagiriak aurkeztu beharko ditu http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ helbidean zehaztutako eta zerrendatutako tokietan edo egoitzetan.

Dokumentazioa:

–Inskripzio egiteko eskaeraren inprimakia (3 f eranskina, lehenago aipatutako webgunean eskura dagoena).

–Nahitaezko informazio saiora joan izanaren frogagiria.

–NANaren, AIZren edo, hala behar denean, pasaporte edo indarreko egoiliar-txartelaren fotokopia.

–Lan esperientzia, boluntario lanak eta prestakuntza frogatzeko agiriak, III. jarraibidean adierazitakoari jarraikiz.

Unean sortuta dagoen taldearen onarpen prozesua eginen da. Horretan, egiaztatuko da baldintzak bete direla eta baremoa eta lehentasun irizpideak aplikatuko dira. Behin-behineko emaitza lehenago aipatutako webgunean argitaratuko da eta interesdunei jakinaraziko zaie.

Onarpen Batzordeak beteko du prozesua. Abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuaren 14. artikuluan ezartzen dira haren ezaugarri eta eginkizunak.

Behin-behineko zerrenden kontrako erreklamazio bat egin nahi dutenek 3 egun balioduneko epea izanen dute, argitaratu eta biharamunetik hasita, alegazioak aurkezteko Onarpen Batzordeari.

Onarpen Batzordeak erreklamazio horiek ebatzi eta onartuen behin betiko zerrenda argitaratuko du (3g eranskina, lehenago aipatutako webgunean eskura dagoena) bost egun balioduneko epean, erreklamazioak egiteko epea bukatzen denetik aurrera.

Egintza horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean behin betiko zerrenda argitaratzen denetik aurrera.

Prozeduran inskribatutako hautagaiak onartuak ez badira, kontuan hartuko dira deialdi berean sortzen den hurrengo taldearen onarpen prozesurako.

3. Aholkularitza fasea: behar bezalako gaikuntza duten aholkulariek eginen dute, abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuaren 15. artikulutik 18.era aurreikusi bezala.

3. eranskinean jasotzen den zentro ofizialean eginen da inskripzioa (3h eranskina, lehenago aipatutako webgunean eskura dagoena). Kontzeptu horren tasak ordaindu beharko dira. Inskripzioa egiteko datak Nafarroako Gobernuaren webgunearen bitartez jakinaraziko dira.

Onartutakoek, justifikaziorik gabe ez badute inskripzioa egiten, prozeduran parte hartzeko eskubidea galduko dute. Automatikoki baja emanen zaie onarpen zerrendatik.

4. Talde berri bat sortzea: sortutako taldearen aholkularitza fasea bukatu ondoren, edo behar adina eskaera bildu badira, onarpen prozesu berri bat hasiko da hurrengo taldearekin. Horrela eginen da deialdiaren epea bukatu arte edo baliabideak agortu arte.

5. Ebaluazio fasea: behar bezalako gaikuntza duten ebaluatzaileek eginen dute, abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuaren 15. artikulutik 18.era aurreikusi bezala.

3. eranskinean jasotzen den zentro ofizialean eginen da inskripzioa (3i eranskina, lehenago aipatutako webgunean eskura dagoena). Kontzeptu horren tasak ordaindu beharko dira. Inskripzioa egiteko datak Nafarroako Gobernuaren webgunearen bitartez jakinaraziko dira.

Onartutakoek, justifikaziorik gabe ez badute inskripzioa egiten, prozeduran parte hartzeko eskubidea galduko dute. Automatikoki baja emanen zaie onarpen zerrendatik.

Ebaluazio batzordeak, ebaluazio tresnak eta ebaluatzaileek egindako jarduketak oinarri hartuta, gaitasunaren balorazioa eginen du hautagai bakoitzak erakutsitako frogen gainean. Gaitasunaren balorazioa modu dikotomikoan adieraziko da: gaitasun egiaztatua edo gaitasun egiaztatu gabea, 3j eranskineko ereduaren arabera (lehenago aipatutako webgunean eskura dago eredua).

Aurreko puntuan azaldutako prozesurako ebaluazio erreferenteak ebaluatu beharreko gaitasun unitateak izanen dira, dagozkien lanbide errealizazioekin, errealizazio irizpideekin eta lanbide inguruneekin.

Gaitasunaren balorazioa adierazten duen agiria hautagaiari helaraziko zaio, emaitzen konfidentzialtasuna bermatuko duen prozedura erabiliz.

Lan esperientziaz edo prestakuntza bide ez-formaletatik eskuratutako lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura osoa bukatutakoan, prozedura horretan parte hartutako pertsona guztiei idazkia bidaliko zaie kasuan kasuan jasoko dituena prestakuntzarako gero dauden aukerak eta egiaztatzeko prozeduraren amaiera.

Ebaluazio batzordeak hartutako erabakien kontrako erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira, hasiera batez batzordeari berari zuzenduta, eta 3k eranskineko ereduan eginen dira (lehenago aipatutako webgunean dago eskura eredua). Erreklamazio hori kasuan kasuko zentro ofizialean aurkeztuko da, ebaluazioaren emaitza hautagaiari jakinarazi ondoko hiru egun balioduneko epean. Ebaluazio Batzordeak hamar egun balioduneko epean ebatziko du gehienez, erreklamazioa aurkeztu eta biharamunetik hasita.

Ebaluazio Batzordearen erabakiaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Gaitasuna egiaztatzeko eta erregistratzeko fasea: Ebaluazio positiboa lortzen dutenei kasuan kasuko gaitasun unitatearen edo unitateen egiaztapena emanen zaie. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari dagozkio egiaztatzeak ematea eta erregistratzea, abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretuaren 19. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

Ebazpen honetan berariaz aurreikusten ez den orotan, honako hau da aplikatzekoa: uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretua, lan esperientziaren bidez eskuratutako lanbide gaitasunak aitortzeko prozedura arautzen duena, eta abuztuaren 27ko 66/2014 Foru Dekretua, pertsonek lan-esperientzian edo prestakuntza bide ez-formaletan lortutako lanbide gaitasunak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura Nafarroako Foru Komunitatean ezartzeko arauak eta horretaz arduratuko den antolaketa egitura finkatu zituena.

2. ERANSKINA

Jarraibideak

(Deialdiaren xedeko gaitasunetarako, “b aukera”)

Gizarte edo enpresa entitateren batek uste badu bere kualifikazioetako bat egiaztatu behar dela zenbait lanbide sektoretarako eta horren deialdia sustatu nahi badu, eskaera bat aurkeztu beharko dio Egiaztapenerako Batzordeari, honako dokumentazio hau aurkeztuz:

–Kualifikazio hori egiaztatzeko premia edo garrantzia arrazoitzen duen idazkia.

–Baldintzak betetzen dituzten pertsonen zerrenda (NANa/AIZ, izen-deiturak, telefono mugikorra eta posta elektronikoa).

–Lan bizitzaren ziurtagiria eta zinpeko aitorpena (3d ereduaren araberakoa), zerrenda horretako pertsona guztiena.

Egiaztapenerako Batzordeak proposamena aztertuko du eta, onartzen badu, eskaini beharreko kualifikazio berria argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren webgunean (Tramiteak, http://www.navarra.es/home_es/Servicios/). Epea etenik gabe egonen da irekita. Kasu horretan, I. eranskineko “a” aukeraren araberako deialdia duten kualifikazioetarako ezarritako jarraibideak beteko dira.

3. ERANSKINA

Gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko deialdi honen xede diren gaitasun unitateak, kualifikazioak eta profesionaltasun ziurtagiriak

LANBIDE ARLOA

KUALIFIKAZIOAK

GAITASUN UNITATEAK

ZENTRO OFIZIALAK

PROFESIONALTASUN ZIURTAGIRIAK

Ostalaritza eta Turismoa

HOT093-2 Sukaldaritza

UC0711–2 Ostalaritzan segurtasunerako, higienerako eta ingurumen babeserako arauak betez jardutea.

UC0259–2 Eskaintza gastronomiko errazak definitzea, hornikuntza egitea eta kontsumoak kontrolatzea.

UC0260–2 Mota guztietako elikagaien aurretiazko elaborazioa eta kontserbazioa egitea.

UC0261–2 Aplikazio anitzeko oinarrizko elaborazioak eta oinarrizko platerak prestatzea.

UC0262–2 Espainiako eskualdeetako sukaldaritzako eta nazioarteko sukaldaritzako jaki adierazgarrienak prestatu eta aurkeztea

“BURLADA FP” IB

Ermitako kalea 28

31600 Burlata

948136628

HOTR0408 Sukaldaritza

Instalazioa eta Mantentze-lanak

IMA041-2 Industria ekipoaren muntaketa mekanikoa eta mantentze-lanak

UC0116–2 Makineria eta ekipamendu mekanikoa muntatu eta mantentzea.

UC0117–2 Produkzio linea automatizatuen sistema mekaniko hidrauliko eta pneumatikoak mantentzea

VIRGEN DEL CAMINO IIP

Imarkoain kalea, 1

31015 Iruña

948136611

IMAQ0108 Industria ekipoaren muntaketa mekanikoa eta mantentze-lanak

Gorputz eta Kirol Jarduerak

AFD096-2 Sorospena ur instalazioetan

UC0269–2 Igeriketaren berariazko teknikak eraginkortasunez eta segurtasunez egitea.

UC0270–2 Istripuak edo larrialdi egoerak prebenitzea ur instalazioetan, erabiltzaileen segurtasuna zainduta.

UC0271–2 Jendea erreskatatzea ur instalazioetan gertatutako istripuetan edo larrialdi egoeretan.

UC0272–2 Lehen esku-hartzaile gisa aritzea istripuetan edo larrialdi egoeretan

ITURRONDO K.

Atarrabiako etor., 1

31600 Burlata

848425825

AFDP0109 Sorospena ur instalazioetan

Iragarkiaren kodea: F1705001