89. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2017ko apirilaren 12an hartua. Honen bidez sortzen da Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Departamentuarteko Batzordea.

Genero zeharkakotasuna eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna Europako agendaren lehentasunetako bat da. Europako zuzentarauak Espainiako araudietara ekarri ondoren, genero berdintasunaren arloko politika publikoaren aurrerapenek inflexio-puntu bat izan zuten Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoarekin. Lege organiko horrek erakundeen esku-hartzea bermatzen duen arau esparru bat finkatzen du, genero berdintasuna maila eta jarduketa-eremu guztietan aktiboki sustatuz.

Nafarroako Gobernuak, bereziki Nafarroako Berdintasunerako Institutua sortu zenetik (1995), pauso handiak eman ditu norabide horretan. Legearen aldetik, Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasuna Sustatzeko azaroaren 28ko 33/2002 Foru Legea nabarmentzen da. Esparru horretan, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak beharrezkotzat jotzen du genero zeharkakotasunaren estrategia aplikatzea.

Orobat, Emakumeen Indarkeriari Aurre Egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legeak azpimarratzen du Nafarroako Foru Administrazioak koordinazioa sustatuko duela lege horretan aurreikusitako gaietan eskumena duten erakundeen artean.

Lege aldaketa horietan, planteamendu berri bat dago berdintasun politiken aplikazio praktikoan, baita emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko politiken aplikazio praktikoan ere, oinarri duena genero zeharkakotasunaren estrategia. Horren ondorioz, generoaren dimentsioa edozein jardueratan txertatu behar da, kudeaketa publikoaren fase eta maila guztietan.

Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen eta gizonen aukera berdintasunerako I. planak indarrean jarraitzen du, arlo horretako beste plan bat prestatu arte. Instituzio publikoei lotutako berariazko helburuetako bat da tresnak eskaintzea genero ikuspegia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bakoitzaren politiken diseinu eta kudeaketan sartzeko, eta departamentuak inplikatzea neurriak abian jar ditzaten, bakoitzak bere eskumeneko arloetan. Bestetik, administrazio publikoei dagozkien berariazko helburuak betetzeko, ekintzetako bat da berdintasun politiketarako unitate administratibo funtzionalak sortzea.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, bere estatutuak arautzen dituen irailaren 30eko 240/2015 Foru Dekretuarekin bat, eskumen hauek dagozkio: emakumeen eta gizonen arteko berdintasun politikak koordinatu eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, eta, horretaz gain, emakumeen kontrako indarkeriari edo genero indarkeriari aurre egiteko jarduketa integraleko neurriak koordinatzea eta kudeatzea. Horretarako, besteak beste, eginkizun izanen du generoaren ikuspegia sar dadila bultzatzea, maila eta fase guztietan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politika, programa eta ekintza guztietan.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Departamentuarteko Batzordea sortzea, laguntza, elkarlan eta koordinaziorako sektore arteko organoa baita, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioa integratzeko eta emakumeen kontrako indarkeria erauzteko, Nafarroako Foru Komunitatearen politika guztietan.

2. Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Departamentuarteko Batzordeak honako eginkizun hauek beteko ditu:

a) Laguntza ematea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko araudia bete dadin.

b) Bidezko jotzen dituen neurriak ezagutu eta sostengatzea, Nafarroako emakumeen desberdintasun egoerari aurre egiteko eta hura hobetzeko.

c) Behar diren baliabideak aztertu eta proposatzea, genero zeharkakotasunaren ikuspegia Nafarroako Gobernuaren departamentu guztietan ezartzeko estrategia garatze aldera.

d) Departamentuarteko plan, programa eta jarduketa ildoak bultzatzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko, emakumeen kontrako indarkeria erauzteko, eta horien ebaluazioa eta jarraipena egiteko.

e) Behar diren departamentu arteko lan talde eta batzordeak ezartzea, lehenetsitako jarduketa ildoak garatzeko.

3. Kudeaketa zuzendaritzen edo zuzendaritza nagusien titular batzuek osatuko dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Departamentuarteko Batzordea, betiere haien lan esparrua estrategikoa bada emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan txertatzeko. Zehazki, hauek osatuko dute:

a) Burua:

Nafarroako Gobernuko lehendakaria izanen da burua.

b) Buruordetza:

Genero berdintasunaren arloko eskumenak esleituak dituen Departamentuaren titularra izanen da buruordea.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen ordezkariak izanen dira batzordekideak:

–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Kudeaketa Zuzendaritzaren titularra.

–Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzaren titularra.

–Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendaritza Nagusiko titularra.

–Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Aurrekontuaren Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Justizia Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Barne Zuzendaritza Nagusiaren titularra.

–Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kudeaketa Zuzendaritzaren titularra.

–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeaketa Zuzendaritzaren titularra.

–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzaren titularra.

–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Sustapenaren eta Kudeaketaren Zuzendariordetzaren titularra.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Plangintzaren eta Programen Zuzendariordetzaren titularra izanen da idazkaria.

4. Indarrik gabe uztea Nafarroako Gobernuak 2016ko maiatzaren 18an hartutako Erabakia, haren bidez onetsi baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Genero Zeharkakotasunerako Batzordea, ulerturik batzorde hura sortzeko arrazoi ziren eginkizunak bere egin dituela.

5. Erabaki hau interesdunei igortzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2017ko apirilaren 12an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria, María José Beaumont Aristu.

Iragarkiaren kodea: F1704983