89. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

14/2017 EBAZPENA, martxoaren 8koa, Nafarroako Ospitaleguneko kudeatzaileak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan haurdunaldiaren borondatezko etendura egiteko kontzientzia-eragozpenen adierazpenak Kontzientzia Eragozleen Erregistroan inskribatzeko eskumena ondoko hauen esku uzten duena: Obstetrizia eta Ginekologia Zerbitzuko burua, Anestesia, Konorteratze eta Oinazearen Terapiaren Zerbitzuko burua, Bloke Kirurgikoko Zainketen Arloko burua eta Nafarroako Ospitaleguneko Erditzeen eta Obstetrizia eta Ginekologiako Larrialdietako Erizaintza Unitateko burua.

Haurdunaldiaren borondatezko etendura dela-eta, profesionalen erregistroa sortzen duen azaroaren 8ko 16/2010 Foru Legearen 3.3 artikuluaren arabera, kontzientzia-eragozpenaren adierazpenak jaso eta legez ezarritako baldintza guztiak betetzen direla egiaztatu ondoren, langileak zerbitzuak ematen dituen zentroko zuzendaritzako titularrak ofizioz aginduko du beharrezkoak diren inskripzioak egin daitezela.

Zerbitzuak azkarrago eta hobeto antolatu eta emateko, beharrezkotzat jo da aipatutako Nafarroako Ospitaleguneko atalburutzen esku uztea haurdunaldiaren borondatezko etendura egiteko kontzientzia-eragozpenen adierazpenak inskribatzeko eskumena, atalburutza horien jarduketa eremuan sartzen diren eginkizunak eta zerbitzuen erantzukizuna direla-eta. Ondorio horietarako, bidezkoa da gogoraraztea aurretik aipatutako 16/2010 Foru Legeak berak atalburu horiei esleitzen diela Erregistrora sartzeko ahalmena, beren eskumenen barnean.

Azaldutakoari jarraituz, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen abenduaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren 69. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 36.1. artikuluarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Ondoko hauen esku uztea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan haurdunaldiaren borondatezko etendura egiteko kontzientzia-eragozpenen adierazpenak Kontzientzia Eragozleen Erregistroan inskribatzeko eskumena:

–Obstetrizia eta Ginekologia Zerbitzuko burua.

–Anestesia, Konorteratze eta Oinazearen Terapiaren Zerbitzuko burua.

–Bloke Kirurgikoko Zainketen Arloko burua.

–Erditzeen eta Obstetrizia eta Ginekologiako Larrialdietako Erizaintza Unitateko burua.

Haien zerbitzuari atxikitako langileen inskripzioak eginen dituzte.

2. Ebazpen hau igortzea interesdunei, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketako Zuzendaritzara eta Profesionalen Zuzendaritzara, Zuzendaritza Batzordera, Nafarroako Ospitaleguneko zuzendariordetza asistentzialetara eta zainketa sanitarioen zuzendariordetzetara, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2017ko martxoaren 8an.–Kudeatzailea, Antonio Merino Díaz de Cerio.

Iragarkiaren kodea: F1703552