89. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

40/2017 FORU AGINDUA, martxoaren 14koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana. Honen bidez onesten da identifikazio fiskaleko zenbakia frogatzeko txartel eredua.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hamargarren xedapen gehigarriak 1. idatz-zatian ezartzen duenez, pertsona fisiko edo juridiko guztiek eta foru lege horren 25. artikuluan aipatzen diren nortasun juridikorik gabeko entitateek identifikazio fiskaleko zenbakia izanen dute tributu arloko edo eragineko harremanetarako.

Identifikazio fiskaleko zenbakia ematea eta erabilera arautzeko legezko manua betetzen du otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuak, identifikazio fiskaleko zenbakia eta horri lotutako errolda zehatz batzuk arautzen dituenak.

Hala, aipatutako foru dekretuaren 1.2 artikuluak ezartzen duenez, titularrak identifikazio fiskaleko zenbakia frogatzen ahalko du Zerga Administrazioak hori egiaztatzeko eman duen agiria erakutsiz, edo nortasun agiri nazionala edo atzerritarren identifikazio zenbaki pertsonala esleitzen duen agiri ofiziala.

Ondorio horietarako, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren maiatzaren 13ko 128/2002 Foru Aginduaren bidez onetsi zen identifikazio fiskaleko zenbakia eta identifikazio kodea identifikatzeko txartel eredua.

Teknologia berriak erabiltzea komunikazio modu gero eta ohikoagoa da zergadunen eta Foru Komunitateko Administrazioaren artean; horregatik, komeni da, batetik, identifikazio fiskaleko zenbakia frogatzeko txartel eredu berria onestea, eta, bestetik, Internet bidez lortzeko aukera ezartzea.

Otsailaren 22ko 8/2010 Foru Dekretuak baimena ematen dio Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontseilariari beharrezko xedapenak eman ditzan hura garatzeko eta gauzatzeko.

Horrenbestez, eta eskudantzia hori erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Identifikazio fiskaleko zenbakia frogatzeko txartel eredua onestea.

Identifikazio fiskaleko zenbakia frogatzeko txartel eredua onesten da, foru agindu honen eranskinean agertzen dena.

Txartelak frogatzen badu pertsona juridiko baten edo nortasun juridikorik gabeko entitate baten identifikazio fiskaleko zenbakia, honako datu hauek izanen ditu: sozietate edo entitatearen izena edo izen soziala; anagrama, halakorik badu; egoitza fiskala eta egin deneko data.

Identifikazio fiskaleko zenbakia frogatzen duen txartela pertsona fisiko batena bada, datu hauek izanen ditu: identifikazio fiskaleko zenbakia; titularraren izen-deiturak eta egin deneko data.

2. artikulua. Identifikazio fiskaleko zenbakia frogatzen duen txartela eskuratzea.

Identifikazio fiskaleko zenbakia frogatzeko txartela honela eskura daiteke:

a) Aurrez aurre, Nafarroako Zerga Ogasunaren bulegoetako edozeinetan bertaratuta.

b) Nafarroako Ogasunaren web orrian (http://hacienda.navarra.es) horretarako dagoen zerbitzu telematikoa erabiliz. Kasu honetan, eskatzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz (haren bidez arautu zen Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera), edo, bestela, bere identifikazio pertsonalerako zenbakia (PIN), Nafarroako Zerga Ogasunak emana, nortasuna frogatu ahal izateko.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Foru agindu honek indarra hartzen duenetik aurrera, indarrik gabe gelditzen da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak maiatzaren 13an emandako 128/2002 Foru Agindua, identifikazio fiskaleko zenbakia eta identifikazio kodea identifikatzeko txartel eredua onetsi zituena.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2017ko martxoaren 14an.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun.

ERANSKINA

F1705164_0.pdf

Iragarkiaren kodea: F1705164