86. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

147/2017 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2017-2018 ikasturtean irakasleen etengabeko prestakuntza programan hezkuntza berritzeko proiektuetarako deialdia erregulatzen duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak adierazten duenez, etengabeko prestakuntza irakasle guztien eskubidea eta betebeharra da, baita hezkuntzako administrazioen eta ikastetxeen beren erantzukizuna ere. Era berean, ezartzen du hezkuntza administrazioei dagokiela berrikuntza programak sustatzea, irakaskuntzaren kalitatea eta zentroen funtzionamendua hobetzeko.

Betebehar legal hori betez, Hezkuntza Departamentuak hezkuntza berriztapena sustatzeko jarduketak bultzatzen ditu, berrikuntza proiektuetarako deialdien bidez.

Europar Batasunak hezkuntzarako ezarritako erreferentzia markoak jasoa du Europako gazteek helduarorako prestatzeko gako-gaitasunak garatu behar dituztela. Europako zuzentarau hau betez, deialdi honek oinarrizko gaitasunen curriculumaren garapenerako berrikuntza-proiektuak bultzatzea du helburu nagusia, bai eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak hobetzea ere.

Deialdi honen helburu nagusia hezkuntza berritzeko proiektuak ikastetxeen eguneroko jardunean eta urteko programazio orokorrean sar daitezen laguntzea da. Lagungarria izan nahi du, bestalde, material eta baliabide berritzaileak sor daitezen.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1d) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2017-2018 ikasturtean irakasleen etengabeko prestakuntza programan hezkuntza berritzeko proiektuak egiteko deialdia onestea. Ebazpen honen I., II., III. eta IV eranskinetan ageri diren oinarriek arautuko dute deialdia.

2. Gehienez ere 48.602 euroko gastua baimentzea ikastetxe publikoen proiektuentzat, eta “Hezkuntza berritzeko programak” 2018ko gastuen aurrekontuko edo gaitzen den antzeko kontu-saileko 420004-42730-2269-321200 kontu-sailari egoztea.

3. Gehienez ere 11.227 euroko gastua baimentzea ikastetxe itunduen proiektuentzat, eta “Ikastetxe itunduetan hezkuntza berritzeko programak” 2018ko gastuen aurrekontuko edo gaitzen den antzeko kontu-saileko 420004-42730-4811-321102 kontu-sailari egoztea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaileari, Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuari, Prestakuntza Atalari, Hezkuntzako Teknologiak Txertatu eta Ustiatzeko Atalari, Ebaluazio eta Kalitate Atalari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari igortzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 2an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Roberto Pérez Elorza.

I. ERANSKINA

2017-2018 ikasturtean irakasleen etengabeko prestakuntza planean hezkuntza berritzeko proiektuetarako deialdiaren oinarri arautzaileak

Lehena.–Xedea.

Oinarri hauen helburua da hezkuntza berritzeko proiektuei laguntza emateko eta haiek aintzatesteko neurriak arautzea, Nafarroako Foru Komunitatearen funts publikoak jasotzen dituzten unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan, araubide orokorrekoak edo araubide berezikoak izan.

Bigarrena.–Hartzaileak.

Hona hemen deialdi honen hartzaileak:

a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak.

b) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa).

c) Lanbide Heziketako ikastetxeak.

d) Araubide bereziko ikastetxeak.

e) Hezkuntza bereziko ikastetxeak.

b) Helduentzako ikastetxeak.

Deialdi honetan parte hartzeko, eskaera aurkezten denean eta proiektua egiten den bitartean, irakasleak jarduneko zerbitzuan egon behar du lehenago aipatutako ikastetxeetako batean.

Lehentasunez irakasleek taldean parte hartu beharko dute. Ikastetxe bereko irakasle taldeak zein ikastetxe ezberdinetako irakasleen artean osatutako taldeak aurkezten ahalko dira.

Hirugarrena.–Proiektuetan bete beharrekoak.

Eskatzaileek berrikuntza proiektu bat aurkeztu beharko dute, baldintza hauek beteta:

a) Deialdi honetara aurkezten den proiektua originala izan beharko da, ekonomikoki eta teknikoki bideragarria eta hezkuntza jarduneko prozesuetako eta/edo osagaietako bat kualitatiboki ukitu beharko da.

b) Proiektua jarduketa-lerro hauetakoren batean garatu beharko da:

–Pedagogia aktiboak sustatzea oinarrizko konpetentziak garatzeko: programatzea, ikasgelara eramatea eta proposamena ebaluatzea.

–Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan hezkuntza teknologiak integratzea.

–Konpetentzia soziala eta emozionala indartzea: jasangarritasuna eta ingurumena, erantzukizun soziala, emozioen kudeaketa, elkarbizitza eta tratu ona...

–Konpetentzia komunikatiboa eta informaziozkoa hobetzea.

–Aniztasunerako arreta: aniztasunari erantzuteko estrategia metodologikoak.

–Baterako hezkuntza: genero berdintasuna proiektuaren programazioan, garapenean eta ebaluazioan txertatzea.

c) Proiektuak koordinatzailea izan beharko du. Hura izanen da lantaldearen arduraduna, baita Hezkuntza Departamentuarekiko solaskidea ere. Ordezkatua izan daiteke ikastetxearen oniritziz eta justifikatutako arrazoiak tarteko, betiere Prestakuntza Atalari abisua emanda.

d) Aurkeztutako proiektuak ikastetxeko zuzendaritzaren aldeko txostena izan beharko du, proiektuak ikastetxearen hezkuntza jarduna hobetzeko ekarpena egiten duela adieraziz. Ikastetxe bakoitzeko gehienez ere bi berrikuntza proiektu aurkezten ahalko da, ezinbesteko baldintza izanik independenteak izatea.

e) Proiektua III. Eranskineko gidoiaren arabera idatzi beharko da eta gehienez ere zortzi orriko luzera izanen du bi aldeetatik (16 orrialde orotara).

f) Proiektuek haien lan plana 2017-2018 ikasturtean garatu beharko dute eta amaitzeko epemuga 2018ko maiatzaren 31 izanen da.

Laugarrena.–Eskaerak nola eta noiz aurkeztu.

Koordinatzaileak dokumentazio hau aurkeztu behar du:

Parte hartzeko eskaera, II. eranskinaren araberakoa.

  • Koordinatzailearen eta parte hartzen duten irakasleen datuak.
  • Ikastetxe koordinatzailearen datuak.
  • Proiektuaren datuak.
  • Deialdiaren baldintzak onartzen direla dioen aitorpena.
  • Ikastetxeko zuzendaritzaren txostena.

Proiektua, III. eranskinaren araberakoa.

Ikastetxeek deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dituzte eskaerak.

Dokumentazioa Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko da, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein bulegotan, edo Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan ezarri bezala. Hezkuntza Departamentuko Prestakuntza Atalari zuzenduko zaio.

Edonola ere, behin eskaera erregistro bidez aurkeztuta, II. Eranskina eta proiektuaren kopia bat (III. Eranskina) helbide honetara bidaliko da formatu elektronikoan: sf.programas@educacion.navarra.es.

Euskaraz aurkeztutako proiektuen kasuan, beharrezkoa da Word edo Libre Office formatuan egotea Euskarabidean itzulpena egin dezaten.

Bosgarrena.–Hautapen batzordea.

Proiektuak ondoko kide hauek osatuko duten batzorde batek hautatuko ditu:

–Prestakuntzaren Ataleko burua, batzordeburu lanetan arituko dena.

–Irakasleentzako Laguntza Zentroen eta Berriztapen Proiektuen Bulegoko burua.

–Kalitatearen Bulegoko burua.

–Prestakuntza Programen Bulegoko burua, idazkari lanetan arituko dena.

–Ebaluazioaren, Kalitatearen, Prestakuntzaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Zerbitzuko aholkularia.

Seigarrena.–Hautapen prozesua.

Aurkeztutako proiektuak hautatzeko irizpide hauek erabiliko dira, ondoren ematen den baremoarekin batera:

a) Berrikuntza bidez konpondu nahi den arazoaren definizioa eta proposatzen den konponbidea. Ikasleen gaineko eragina eta bideragarritasuna (10 puntu gehienez).

b) Ikasketa prozesu aktiboak sustatzea: ikaslea da protagonista, proiektuak testuingurua du eta azken produktu bat sortzen du. Ikasketa esperientzia proposatzen du, bizia, egiazkoa, testuinguruan txertatua eta gizartean garrantzia duena (10 puntu gehienez).

c) Proiektua deialdi honetan proposatutako jarduketa-lerroei egokitu beharko zaio (10 puntu gehienez).

d) Proiektuaren originaltasuna: berrikuntza ikastetxe mailan, berrikuntza Nafarroa mailan... (gehienez 10 puntu).

e) Ikasleek gako-gaitasunak (bizitzarako ikaskuntza) garatzea oinarri duen proiektua (gehienez 10 puntu). Oharra: Lanbide Heziketako proiektuen kasuan, gaitasun profesionalak, pertsonalak eta sozialak garatzea oinarri duena.

f) Ikasleen eta irakasleen parte-hartzea eta inplikazioa proiektuan. Talde kopurua eta etapak, diziplina anitzeko irakasleen taldeak... (gehienez 20 puntu).

g) Hezkuntza komunitateko beste kide batzuen parte hartzea eta elkarlana, bereziki familiena, eta beste instituzioena eta erakundeena (konpromiso soziala), esate baterako unibertsitateena eta bestelako entitate sozialena. Ikasgelaz haragoko ikaskuntza (gehienez 10 puntu).

h) Proiektuak erreplikarako aukera eskaintzea: erreplika egiteko material didaktikoak edo gidak egitea. Hezkuntzako teknologiak txertatzea (gehienez 10 puntu).

i) Irizpideak eta aurreikusitako autoebaluazio eta ebaluazio prozesua (10 puntu gehienez).

Guztira: 100 puntu.

Proiektuak, hautatua izateko, gutxienez 60 puntu lortu beharko ditu.

Prestakuntzaren Atalak deialdi honetan hautatutako proiektuei aholkuak eman eta behar bezalako segimendua eta kontrola egiteko neurriak hartzen ahalko ditu.

Zazpigarrena.–Deialdiaren ebazpena.

a) Hautapen batzordeak aztertuko ditu aurkeztutako proiektuak eta Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.educacion.navarra.es) argitaratuko ditu proiektu onartuen zerrenda eta horiek lortutako behin-behineko puntuazioa. Eskaeraren bat akatsekin aurkeztuz gero, akatsen arrazoia azaldu beharko da espresuki.

b) Argitaratu eta hamar egun naturaleko epean, atzemandako akatsak zuzentzen ahalko dira. Epe horretan ere, izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte, edo berariazko ukoa.

c) Behin alegazioak aztertuta, hautapen batzordeak behin betiko zerrenda eginen du, Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.educacion.navarra.es) argitaratuko dena, eta laguntza emateko proposamena igorriko dio organo eskudunari.

Zortzigarrena.–Laguntzen zenbatekoa.

a) Aurrekontuan dagoen diruaren arabera, hautatzen diren proiektuek 1.000 euroko laguntza hartzen ahalko dute, gehienez ere, garapen gastuak ordaintzeko. Laguntzen zenbatekoa modu proportzionalean banatuko da proiektua onartua duten ikastetxeen artean (60 puntu gutxienez). Kopuru horiek 2018ko gastuen aurrekontuko “Hezkuntza berritzeko programak” kontu-sailaren kargura eta 2018ko aurrekontuko “Ikastetxe itunduetan hezkuntza berritzeko programak” kontu-sailaren kargura eginen dira.

b) Gastu justifikagarritzat jotzen dira bidaiak eta dietak, prestakuntza ikastaroak, material bibliografikoa eskuratzea, beharrezko materialak erostea eta antzeko beste gastu arrunt batzuk, proiektua garatzeko beharrezkoak direnak.

Proiektuarekin lotuta dauden irakasleen soldatak eta eskersariak ez dira inolaz ere laguntza honen kargura ordainduko.

Bederatzigarrena.–Laguntzen ordainketa.

Koordinatzaileak berrikuntza proiektuetan 2017-2018 ikasturtean egindako gastuen justifikazio fakturak aurkeztu beharko ditu Prestakuntzaren Atalean, 2018ko maiatzaren 10a baino lehen.

Fakturak aurkezteko epea bukatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Hautatutako proiektua koordinatzen duen ikastetxeak jasoko du dagokion kopurua.

Hamargarrena.–Parte hartzen duten irakasleen egiaztapena.

Hautatutako berrikuntza proiektuetan parte hartzen duten irakasleek egiaztagiri bat jasotzen ahalko dute, 2017-2018 ikasturtean proiektuan gehienez ere 35 orduz parte hartu dutela frogatzeko, egindako lanaren aintzatespen gisa. Proiektuaren koordinatzaileari lan hori aintzat hartuko zaio, gehienez ere 50 orduz.

Hamaikagarrena.–Azken memoria.

Koordinatzaileak 2018ko maiatzaren 31 baino lehen helarazi beharko du Prestakuntza Atalera hautatutako berrikuntza proiektuaren azken memoriaren kopia bat (IV. Eranskina), formatu elektronikoan, honako helbidera: sf.innovacion@educacion.navarra.es.

Hamabigarrena.–Proiektuaren argitalpena eta zabalkundea.

Hezkuntza Departamentuak hautatu diren lanak jendaurrean jartzen ahalko ditu, osorik edo zati bat. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak nor diren aipatu beharko du.

Deialdian parte hartzeak horren oinarriak onartzea eta proiektuaren lehenbiziko argitalpena egiteko behar diren eskubideak lagatzea dakartza berarekin.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua, Hezkuntzako berrikuntza-proiektuen deialdian parte hartzeko (PDFa).

III. ERANSKINA

Gidoia, berrikuntza proiektua prestatzeko (gehienez ere 8 orri bi aldeetatik, 16 orrialde orotara)

1. Proiektuaren izenburua.

2. Proiektua garatuko den ikastetxe(ar)en izena.

3. Koordinatzailearen datuak: izen-deiturak, ikastetxea eta posta elektronikoa.

4. Hitz gakoak (3tik 5era bitarte).

5. Proiektuaren deskripzio laburra (30-40 hitz).

6. Justifikazioa eta testuinguruan jartzea: proiektua justifikatzen duen eduki berritzailea eta harekin sortu nahi diren hezkuntza aukera berriak. Horrek dakarren berrikuntza maila: ikastetxeari dagokionez, Nafarroari dagokionez...

7. Helburuak.

8. Helburuak eta jarduerak.

a) Metodologia:

b) Garatutako gako-gaitasunak.

c) Lotura duten materiak, irakasgaiak edo moduluak.

Faseak eta denboralizazioa.

9. Hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea.

a) Parte hartzen duten irakasleak.

b) Parte hartzen duten ikasleak.

c) Hezkuntza komunitateko beste eragile batzuk: familiak, irakasle ez diren langileak, udalak...

10. Baliabideak.

11. Txertatuko diren hezkuntzako teknologiak.

12. Prestatutako materialak.

13. Urteko proiektua ebaluatzeko prozedura eta irizpideak.

14. Aurrekontua.

IV. ERANSKINA

Azken memoriaren eredua

Memoriek honako atal hauek hartu beharko dituzte kontuan:

1. Berrikuntza proiektuaren fitxa.

a) Proiektuaren izenburua.

b) Proiektuaren koordinatzailea.

c) Sinposia.

d) Testuinguruan jartzea.

e) Ezarritako helburuak.

f) Jardueraren deskribapena:

g) Hiru urteko proiektuaren balorazio orokorra.

2. Proiektuaren garapena.

a) Ezarritako helburuak eta noraino bete diren.

b) Proiektuaren eragina.

i. Irakasleen gainean.

ii. Ikasleen gainean.

iii. Eskolako komunitatearen beste esparru batzuetan.

c) Jardueren eta edukien zerrenda zehatza.

d) Denboralizazioa. Proiektua garatzeko faseak.

e) Erabilitako baliabideak.

f) Proiektuaren ebaluazioa.

3. Eranskinak.

a) Parte hartzen duten irakasleen zerrenda.

b) Prestatutako materiala.

Iragarkiaren kodea: F1704889