86. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ANTSOAINGO, BERRIOBEITIKO, BERRIOZARKO, ITZAKO ETA TXULAPAINGO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, hautaproben bitartez izangaien zerrenda bat osatzeko, famili langilearen lanpostuan aldi baterako kontratuarekin aritzeko, Antsoaingo, Berriobeitiko, Berriozarko, Itzako eta Txulapaingo Udalen Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzura

Mankomunitateko buruak, 2017ko apirilaren 24ko 52/2017 Ebazpenaren bidez, onetsi zituen Mankomunitatearen zerbitzuko famili langilearen lanpostuan aldi baterako kontratuarekin aritzeko izangaien zerrenda osatzeko deialdiaren oinarriak.

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat osatzea, hautaproben bidezko deialdi publikoaren bidez, Antsoaingo, Berriobeitiko, Berriozarko, Itzako eta Txulapaingo Udalen Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Etxeko Laguntza Zerbitzuari (ELZ) atxikitako famili langilearen lanpostuan aritzeko, aldi baterako kontratuarekin, lan edo administrazio araubidean, premien arabera. Deialdi hau eginen da Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuan, 42.2 c) artikuluan, aldi baterako langileen hautapenari buruzkoan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta deialdiaren oinarrietan ezartzen denari jarraituz.

1.2. Izendatuen eginkizuna izanen da Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (ELZ) premia duten pertsonei sostengua eta laguntza ematea bai pertsonala, bai etxekoa, bai teknikoa, bai psikosoziala, baita haien mailaren eta kategoriaren barrenean ematen zaien beste edozein ere.

Eginkizunok gauzatzeko, ibilgailu partikularra eskuarki erabili beharra ekar lezake, Mankomunitatea osatzen duten entitateen lurralde esparruko etxeetara joateko, Zerbitzuari lotutako laguntza emateko.

1.3. Lanpostua D mailako lansariez hornituko da, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako lansarien behin-behineko erregelamenduan eta gainerako xedapen osagarrietan erabakitakoaren arabera; bestetik, Mankomunitateak une bakoitzean ezarri eta plantilla organikoan jasotzen diren osagarriak izanen ditu.

2.–Betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea edo Europar Batasuneko beste edozein estatu kidetakoa izatea. Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, betiere zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izaki, haien kontura biziz gero. Orobat aplikatuko zaie, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen zirkulazio librea onartzen duten herrialdeetako biztanleei.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

c) Mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteko teknikariaren, erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikariaren edo laguntza sozio-sanitarioa emateko teknikariaren titulua izatea, edo horien baliokidea, edo mendekotasuna duten pertsonei gizarte erakundeetan arreta sozio-sanitarioa ematearen gaineko profesionaltasunaren ziurtagiria izatea (Kodea: SSCS0208), edo arreta sozio-sanitarioa etxean ematearen gainekoa (Kodea: SSCS0108) edo etxez etxeko laguntzako laguntzailearena (Kodea: SSCS30), edo horien baliokidea, eta horretaz gainera, Eskola Graduatua, Lehen Mailako Lanbide Heziketako titulua edo titulu baliokide bat izatea, edo eskuratzeko moduan egotea, deialdian parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean. Hortaz, profesionaltasun ziurtagiria duten izangaiek bi baldintzak batera bete beharko dituzte, hau da, profesionaltasun ziurtagiria izatea, bai eta eskola-graduatua, lehen mailako lanbide-heziketakoa edo titulu baliokidea ere.

Atzerrian lorturiko titulua izanez gero, aipatu epea betetzen den egunean, haren homologazioa frogatzen duen agiriaren jabe izatea.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

f) B motako gidabaimena indarrean izatea.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Antsoaingo, Berriobeitiko, Berriozarko, Itzako eta Txulapaingo Udalen Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Kaleberri, 12; 31013 Berriozar), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako bideetako bat erabiliz, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita eta 2017ko maiatzaren 19 arte, egun hori barne.

3.2. Eskaerak Mankomunitate honen Erregistro Orokorrean ez, beste batean aurkezten direnean, eskatzaileak haren kopia eta sartzeko baldintzak betetzen dituela frogatzen duten agiriak, zigilua eta erregistroko sarrera-data dituztela, ssbase@berriozar.es helbide elektronikora igorri beharko ditu, betiere aurkezteko epearen barruan. Nahitaezkoa eta saihestezina izanen da aipatu agiriak posta elektronikoz igortzea, hautapen prozeduraren tramitazioak aurrera egin dezan, baina ez du erabateko baliorik izanen Mankomunitateko Erregistro Orokorrean jatorrizko ereduaren araberako eskabidea aurkezten ez den bitartean.

Igorpen prozedura hori bete ezean izangaia hautapen prozeduratik kanporatua izanen da, baldin eta erregistratutako eskabidea izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendaren argitalpenaren ondotik iristen bada.

3.3. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari jarraituz bete beharko dira; Mankomunitatearen egoitzan eskuratuko dira (Kaleberri, 12; Berriozar) eta haietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

Behar bezala betetako eskabideari dokumentazio hau gehituko zaio:

a) Nortasun agiri nazionalaren jatorrizko agiria edo fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna egiaztatzen duen beste agiri baliokide batena, bai eta B motatako gidabaimenarena ere, betiere indarrean izanda.

b) Deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatzen diren tituluen jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak, edo horiek lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duten gordekinena edo hautaprobak egiteko eskabideak aurkezteko epean haiek eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

c) Lehiaketaldian baliatu gogo diren merezimenduen jatorrizko ziurtagiriak, kopia kautotuak edo kopia konpultsatuak, notario edo administrazio bidez.

3.4. Desgaitasun aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.5. Gainerako betebeharren egiaztagiriak prozesua gainditzen duten izangaiek aurkeztu beharko dituzte, deialdi honen 7. oinarrian ezartzen den epean eta moduan.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Mankomunitateko iragarki oholean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta horiek ebatzi ondoan, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Mankomunitatearen iragarki-oholean argitaratzeko aginduko du. Horrekin batera probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren ere argitaratuko da.

Izangai bazterturik ez bada, Mankomunitateko buruak behin betiko zerrenda zuzenean onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Mankomunitatearen iragarki-oholean argitaratuko da, deialdi honetan aipatzen diren hautaprobak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

4.4. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski ebazpen honen bitartez abiatzen den prozeduran eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Hautapen prozedura gainditu eta dokumentazioa aurkeztutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ikusiz gero, izangaiek prozeduran parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.–Epaimahaia.

5.1. Hauexek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

Mahaiburua: Patricia Abad Encinas, Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Arantxa Gambra García, Mankomunitateko buruordea.

Epaimahaikidea: Ana Lusar Cruchaga, Mankomunitateko gizarte-langilea.

Ordezkoa: Paqui Navarrete Contreras, Mankomunitateko gizarte-langilea.

Epaimahaikidea: Inma Lesaka Iturbide, Mankomunitateko familia-langilea.

Ordezkoa: Yolanda Pintor Santos, Mankomunitateko familia-langilea.

Epaimahaikidea: Fermín Armendáriz Valdemoros, Mankomunitateko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Amaia Álvarez Bravo, Mankomunitateko langileen ordezkaria.

Mahaikide-idazkaria: Alberto Bermejo Adrián, Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: María Concepción Lopetegui Olasagarre, Antsoaingo Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak baino lehen eratu beharko da, buruak deialdia eginda, eta eratu eta jardun ahal izateko kideen gehiengo absolutuak bederen agertu beharko du.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5.5. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 2ko 40/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeraren batean badaude.

5.6. Izangaiek mahaikideak errekusatzen ahalko dituzte Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 2ko 40/2015 Legean ezarritako moduan eta baldintzetan.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.1. Lehiaketaldia.

Izangaiek aurkezturiko merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, ondotik heldu den baremoaren arabera baloratu ere. Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu behar dituzte izangaiek, hautaprobetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

Alegatu eta frogatzen diren merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatu eta puntuatuko dira:

a) Europako Erreferentzia Esparruak finkatu euskarazko A1 mailari dagokion ziurtagiri edo titulu ofiziala izateagatik: 0,50 puntu.

b) Europako Erreferentzia Esparruak finkatu euskarazko A2 mailari dagokion ziurtagiri edo titulu ofiziala izateagatik: 1,00 puntu.

c) Europako Erreferentzia Esparruak finkatu euskarazko B1 mailari dagokion ziurtagiri edo titulu ofiziala izateagatik: 1,50 puntu.

d) Europako Erreferentzia Esparruak finkatu euskarazko B2 mailari dagokion ziurtagiri edo titulu ofiziala izateagatik: 2,00 puntu.

e) Europako Erreferentzia Esparruak finkatu euskarazko C1 mailari dagokion ziurtagiri edo titulu ofiziala izateagatik: 2,50 puntu.

Titulu edo ziurtagiri bat baino gehiago aurkeztuz gero, epaimahaiak maila gorena duena baizik ez du baloratuko.

Euskararen ezagutza-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak ezartzeko, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen 210/2010 Ebazpena.

Jatorrizko tituluaren edo haren kopia konpultsatuaren bidez frogatu beharko dira titulazioak.

Izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpen eta datu osagarriak noiznahi eskatzen ahal ditu epaimahaiak.

6.2. Oposizioaldia.

6.2.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da ariketak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu, arauz egin behar den moduan.

Proba bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena aldean dutela agertu beharko dute eta, eskatzen bazaie, erakutsi egin beharko dute, bestela, kanporatu eta baztertuko baitira, salbu eta zuzenbidean onarturiko beste moduren batean nor diren egiaztatzen badute egintza horretan berean. Probetan oharretatik kopiatzeak zein beste edozein iruzur egiteak berehalako kanporatzea ekarriko du, jarduketa penalak deusetan galarazi gabe, hala behar bada.

Agertzen ez diren izangaiak ere oposiziotik baztertuko dira.

Hautaprobak egiteko, denborak eta baliabideak ahal bezala moldatuko dira horrela eskatzen duten izangai ezgaituentzat, haien eskabidean adierazi dutenaren arabera.

6.2.2. Oposizioak proba bat izanen du:

Test motako proba.

Idatzita erantzun beharrekoa, epaimahaiak hasi aurretik erabakiko duen denboran. Hainbat erantzunetako galderak izanen dira, test modukoak, II. eranskineko gai-zerrendari buruzkoak. Haietatik bat bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrek penalizazioa izanen dute. Gehienez ere 40 puntu emanen dira. Bazterturik geldituko dira gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

7.–Probak gainditu dituzten izangaien zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Probak burututakoan, epaimahaiak Mankomunitatearen iragarki-oholean argitaratuko du gainditu duten izangaien proposamena, oposizio-lehiaketan lortutako azken puntuazioaren araberakoa, handienetik txikienera ordenatuta, eta Mankomunitateko buruari igorriko dio, aurreko zerrendarekin eta espediente osoarekin batera.

Izangairen baten edo gehiagoren arteko berdinketarik suertatuz gero, test motako proban puntuaziorik handiena lortu dutenen alde eginen da eta, berdinketak badirau, zozketa bidez erabakiko da hurrenkera.

7.2. Buruaren ebazpen bidez onetsiko da gainditu duten izangaien behin-behineko zerrenda, puntuazio handienetik txikienera ordenatuta; ondotik, iragarki-oholean emanen da argitara, eta hamar egun naturaleko epea zabalduko, gainditu duten pertsonek Mankomunitatearen Erregistro Orokorrean aurkez ditzaten deialdian eskatu baldintzak eta betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duten eta ordura arte aurkeztu ez dituzten agiriak, bai eta Mankomunitateak eskatzen ahal duen gainerako dokumentazio osagarria ere.

7.3. Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenak, aski justifikatutako ezinbertzekoetan izan ezik, eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien behin betiko zerrendan, eta deialdian parte hartzeagatiko eskubide guztiak galduko dituzte; betiere, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

7.4. Dokumentazioa aurkezteko epea bukaturik, Mankomunitateko buruaren ebazpen baten bidez, aldi baterako kontratuetarako izangaien behin betiko zerrenda onetsiko da, hala behar badu, eta Mankomunitatearen iragarki-oholean argitaratuko.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzok, eta hautapen prozeduraren aldian eta kontratazioak iraun bitartean ere beharko dira bete.

7.5. Gainditu duten izangaien zerrenda, puntuazio handienetik txikienera ordenatua, aldi baterako kontratatuak izatekoa –zerbitzuaren beharren arabera–, 2018ko abenduaren 31ra arte izanen da indarrean, eta luzatzen ahalko da, Mankomunitateko buruaren ebazpen bidez.

Aldi baterako kontratatuak izateko gainditu dutenen zerrenda kudeatzeko irizpideak eta, horren aldaketak, egonez gero, Mankomunitatearen iragarki-oholean paratuko dira (Kaleberri, 12, Berriozar).

Zerrenda hori behin betiko onetsi eta indarra hartzean, lehendik aplikatzen ziren bertze guztiak balio gabe geldituko dira.

8.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, deialdia egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Berriozarren, 2017ko apirilaren 24an.–Mankomunitateko burua, Patricia Abad Encinas.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua(PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia.–Mankomunitatearen estatutuak (2008ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 18koa) eta etxeko laguntza zerbitzuaren prezio publikoak erregulatzen dituen araudia (2015eko 125. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa).

2. gaia.–6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: mankomunitateak (47. artikulutik 53.era). 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa: datu babesaren printzipioak (4. artikulutik 12.era).

3. gaia.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa: eskubideak eta betebeharrak (6. artikulutik 8.era), gizarte zerbitzuen eginkizunak eta programak (30. eta 31. artikuluak) eta gizarte zerbitzuetako profesionalak (62. artikulutik 64.era). 32/2013 Foru Dekretua, maiatzaren 22koa, Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legea oinarrizko gizarte zerbitzuen programa eta finantzaketa arloan garatzeko erregelamendua onesten duena: mendekotasuna dutenei arreta emateko eta haien autonomia sustatzeko programaren edukia (5. artikulua).

4. gaia.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa: autonomiarako eta mendekotasunaren arloko laguntzarako sistemaren prestazioak eta zerbitzuen katalogoa (13. artikulutik 25.bis artikulura).

5. gaia.–Famili langilearen eginkizunak etxeko laguntza zerbitzuan. Talde-lana. Jarduteko printzipio etikoak.

6. gaia.–Etxeko arretan prebentzioa eta zainketa eska dezaketen alderdi sozialak. Arreta eta laguntza psikosoziala.

7. gaia.–Zainketa eta arreta pertsonala. Etxeko arretaren alderdiak eta zainketa sozio-sanitarioak.

8. gaia.–Etxeko arretaren hartzaileak eta hura eskatzen duten egoera sozio-familiar eta sanitarioak. Deskripzioa.

Oharra. Zein egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretako legeriaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Iragarkiaren kodea: L1704967