83. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

11E/2017 FORU AGINDUA, martxoaren 31koa, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak emana. Honen bidez onesten da “Sustraiak-Raíces. Herri kultura tradizionalaren zabalkunde proiektuak-2017” egiteko diru-laguntzen deialdia.

Kultur Ekintza Zerbitzuak txostena egin du, eta bertan eskatu du onets daitezela kultur entitateei “Sustraiak-Raíces. Herri kultura tradizionalaren zabalkunde proiektuak” egiteko diru-laguntzak emateko deialdia eta deialdi horren oinarri arautzaileak, 80.000,00 euroko gastua baimen dadila eta foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela; eta, kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintzak eta betebeharrak, eta kontuan harturik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 9ko 199/2015 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. “Sustraiak-Raíces. Herri kultura tradizionalaren zabalkunde proiektuak-2017” egiteko kultur entitateei diru-laguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2530-4809-334100: Kultur entitateentzako diru-laguntzak, herri kulturaren zabalkunderako

2017

80.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2017ko martxoaren 31n.–Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, Ana Herrera Isasi.

KULTUR ENTITATEEI 2017AN DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK, “SUSTRAIAK-RAÍCES” HERRI KULTURA TRADIZIONALAREN ZABALKUNDERAKO PROIEKTUAK EGIN DITZATEN

1. Diru-laguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiaren helburua da arautzea kultur proiektuak egiteko kultur entitateei ematen zaizkien laguntzak. Irismen soziala eta inklusiboa duten elkarteen esparruak gauzatuko ditu proiektu horiek. Gizarte ehuna eta Nafarroako kultura sortzen, mantentzen eta sustatzen lagundu behar dute, eta populazio osoari arreta eman, eta 2016ko azaroaren 10etik 2017ko urriaren 31ra garatu behar dira, biak barne.

Deialdiaren xedea da proiektuei laguntza ematea, baldin proiektu horien helburua bada Nafarroako Foru Komunitateko kultur ondare tradizionalaren adierazpideen sustapena eta zabalkundea egitea, hau da, Nafarroako tradizioari eta folkloreari dagozkienak, kultur ekintzaren arloan. Programa honen ondorioetarako, sustapen eta zabalkunderako jardueratzat hartzen dira ikuskizunak, erakusketak, jaialdiak, jardunaldiak, mintzaldiak eta antzekoak, Nafarroako herri kultur tradizionala zabaltzea bultzatzea.

1.2. Kanpoan geldituko dira herriko festekin, inauteriekin, tokiko festekin, prozesioekin edo agerpen erlijiozkoekin lotutako festak.

1.3. Deialdiaren xedea da Nafarroako kultura tradizionalarekin lotutako kultur ekintza areagotzen laguntzea, hobeki ulertu eta zabaltzeko, eta entitateei laguntzea interes berezia izanik aurreko atalean aipatzen den xedea betetzen duten proiektuak gauzatzeko.

1.4. Entitate bakoitzak proiektu bakar bat aurkezten ahalko du.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Laguntza hauen onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Irabazi asmorik gabeko elkartea edo fundazioa izatea, estatutuetan dauzkana, xede eta helburuen artean, herri kultura tradizionala zabaltzearekin lotutako jarduerak egitea, 1. oinarrian xedatutakoarekin bat.

b) 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen legez eratutako entitatea izatea.

c) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

2.2. Ezin izanen dira onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako kasuren batean dauden entitateak.

2.3. Deialdi honetatik kanpo daude toki entitateak, haien erakunde autonomoak, enpresa entitate publikoak, fundazio eta sozietate publikoak, partaidetzarik handiena Nafarroako Foru Komunitatearena baldin bada, bai eta Nafarroako Gobernuko 2017ko aurrekontu orokorretan partida izenduna duten entitateak ere. Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren titularrak ere deialditik kanpo daude, aldi baterako baimenduta daudenak barne.

3. Aurrekontu egozpena eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

3.1. Deialdi honek, guztira, 80.000 euroko diru kopurua izanen du, Nafarroako Gobernuko 2017ko aurrekontu orokorren kargura.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa. Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diru-laguntzan sartzen ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, 6. oinarrian ezarritakoarekin bat.

Bestalde, entitate eskatzaile bakoitzaren laguntzaren zenbatekoa ez da izanen deialdi honi esleitutako aurrekontu osoaren %12 (9.600 euro) baino gehiago.

8.5 puntuan galdatutako nota gainditu duten irabazi asmorik gabeko elkarteek eskatu dituzten zenbatekoen batuketa txikiagoa baldin bada deialdiko kreditua baino, edo hura adina, eskatzaile bakoitzari eskatutako zenbatekoa emanen zaio, aurreko mugak errespetaturik betiere.

3.3. Proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaerakoa baino txikiagoa denean, onuradunari eskatuko zaio eskaera alda dezala, konpromisoak eta baldintzak ematen ahal zaion diru-laguntzara egokitzeko.

Nolanahi ere, eskaera berregitean diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

Ondoko irizpideei jarraikiz eginen da doikuntza hori:

a) Zenbatekoari eutsiko zaio, enpresaren edo profesionalaren beraren baliabideekin (diru-laguntza jaso dezakeen jarduerak sortzen ez dituenekin) eta jardueraren berariazko baliabideekin (cachea, sarreren salmenta...), hasierako aurrekontua barne.

b) Eskaera berregin ondoren banatzen diren azkeneko diru-laguntzak finkatzean, deialdian ezarritako gehieneko ehunekoak errespetatu beharko dira.

Berregindako proiektuak ebaluazio batzordearen adostasuna beharko du, laguntza ematea proposatu aurretik.

3.4. Hasieran esleitutako zenbatekoak askatzen badira, esleipen gehigarri bat egin daiteke, onetsitako proiektuetarako, lortutako puntuazioaren arabera, betiere eskatzen den gutxienekoa gainditu badute.

3.5. Onuradunen batek uko egiten badio laguntzari, hura hurrengo proiektuei emanen zaie, onetsi badira, lortutako puntuazioaren arabera, betiere eskatzen den gutxienekoa gainditu badute.

4. Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.

4.1. Honako hau ulertzen da proiektutzat: entitateak, proposatutako helburuak lortzeko, epe jakin batean eta ezarritako aurrekontuarekin garatzen dituen jardueren multzoa, horretarako baliabide zehatzak izanik.

4.2. Probak lau zati izanen ditu:

–Proiektuaren izena.

–Proiektuaren deskribapen zehatza.

–Zabalkunde plana.

–Aurrekontua.

Deskribapenean proiektua deskribatuko da, eta haren helburuak eta horiek lortzeko bete beharreko ekintzak zehaztuko dira.

Horrez gain, hauek ere jasoko dira: proiektua noiz eginen den, onuradunen ezaugarriak eta kopurua, lortu nahi den emaitza ebaluatzeko bide emanen duten adierazleak, herri kultura tradizionalaren testuinguruan proiektuak duen garrantzia eta egokitasuna, proiektuaren edukiak eta helburuak bat etortzea, alderdi berritzaileak eta pedagogikoak eta euskara erabiliko den edo ez.

Zabalkunde planean proiektuaren sustapena, komunikazioa eta publizitatea egiteko jarduerak zehatz-mehatz jasoko dira.

Aurrekontuari dagokionez, proiektuaren aurrekontu osoa aurkeztu beharko da, eta bertan argi geldituko da entitateak dituen baliabide ekonomikoak (diru-sarrerak eta gastuak), giza baliabideak (bazkideak, boluntarioak, kontratudunak) eta baliabide materialak (azpiegiturak) koherenteak direla, proiektuari aurre egiteko.

Proiektua II. eta III. eranskinetan jasotako ereduaren arabera aurkeztu beharko da.

5. Eskaeren aurkezpena eta dokumentazioa.

5.1. Laguntza eskaerak, oinarri hauetako I. eranskinean ageri diren ereduarekin bat, eta bertan aipatzen diren agiriak nahitaez erantsita, aurkez daitezke Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroan (Navarrería kalea, 39, 31001 Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 30/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako lekuetako edozeinetan, eta Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.

Postetxean aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehen orrialdearen idazpuruan agerrarazteko bulegoaren izena, harrera data eta tokia. Argibide horiek eskaera aurkeztu dela frogatzen duen gordekinean ere agertu beharko dira.

5.2. Aurkezpena Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egiten denean izan ezik, eskabidearekin batera aurkezten den dokumentazioa paperean eta euskarri elektronikoan (CD/DVD edo USB memoria) aurkeztu beharko da, tramitazioa eta balorazioa errazte aldera.

Eskabidearekin batera (I. eranskina), agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Legez eratutako entitate bat dela frogatzen duen agiria.

c) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen dokumentua.

d) Proiektuaren deskripzio-memoria, II. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa. Proiektuaren deskribapena gehienez ere 30 foliotan egin beharko da, eta, horietatik, zabalkunde planaren deskribapena Din A4 neurriko 6 orritan eginen da, gehienez ere, alde batetik idatzirik, gutxienez ere 11 puntuko letra mota arruntarekin.

Proiektuaren datu ekonomikoak III. eranskinean bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

5.3. Nafarroako Gobernuaren beste deialdi batzuetan aurkeztu diren kultur entitateek ez dituzte aurkeztu beharko aurreko puntuko a, b eta c letretan aipatzen diren agiriak, deialdi horietan ere eskatu baldin badira, salbu eta aldaketaren bat izan badute agiriok.

5.4. Eskabide ereduak, deskripzio-memoria eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios.

5.5. eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.6. Diru-laguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1. artikuluan ezarritako baldintzetakoren bat betetzen ez bada, hamar egun balioduneko epean okerra zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio interesdunari posta elektroniko bidez, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5.7. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

6. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.

6.1. Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntza jasotzen ahalko duten gastuak dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak, behar-beharrezkoak izanik, eta deialdi honetan ezarritako epean egiten direnak. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Entitateak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Zuzeneko kostuak.

–Proiektuko ekintzak egitearekin lotutako kultur taldeen eta arte konpainien, artisten eta hizlarien ordainsariak.

–Egile eskubideen kudeaketarako entitateek sortutako gastuak.

–Aurkeztutako proiektuaren ekintzak gauzatzean eragindako gastuak.

–Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko behar diren langileen lansarien eta gizarte segurantzaren kostuak, barnean direla entitate onuradunaren zerbitzuan ari direnena eta horretarako kontratatzen direnenak, eta ezin izanen da gainditu aurkeztutako aurrekontuaren %15. Lehenbiziko kasuan, proiektuan benetan emandako denboraren proportziozko zatiak egotziko zaizkio proiektuari.

–Proiektuan sartutako jardueren zabalkunderako eta merkaturatzeko gastuak.

–Proiektuko ekintzak egitera zuzendutako kanpoko baliabideak, hala nola toki, ekipamendu eta baliabide materialen alokairuak eta beste batzuk, kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak.

–Proiektuan aurreikusitako ekintzak egiteko behar diren langileen ostatu gastuak, dietak eta bidaia gastuak, barne hartuta entitate onuradunean lanean arintzen direnena eta horretarako kontratatzen direnena, bai eta jarduera egiteko beharrezkoak diren eszenografia, atrezzoa, jantziak, tresnak, eta/edo elementu teknikoak garraiatzea ere, gehienez ere:

–Ostatua eta dietak: Nafarroako Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako eta 2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17an, argitaratutako Erabakian jasotako baldintzetara mugatutako gastuak.

–Garraioa: autoa erabiliz gero, zero koma hogeita hamar (0,30) euro km bakoitzeko, gehi autobideko (bidesariak) eta aparkalekuetako gastuak. Furgoneta edo zamarako beste ibilgailuren bat erabiliz gero, zero koma berrogei (0,40) euro km bakoitzeko, gehi autobideko eta aparkalekuetako gastuak. Kilometro kopurua kalkulatzeko, abiapuntua pertsona fisiko edo juridikoaren egoitza soziala edo establezimendua izanen da.

–Ibilgailua alokairukoa denean, alokairuaren kostua.

–Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere klase turistako txartel arrunta lagunduko da diruz.

Diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera. (282/1997 Foru Dekretua).

Entitate eskatzaileak berari lotutako pertsonak kontrata ditzake proiektua partez edo osoki gauzatzeko, eta kontratazio horrek ez du gaindituko gehieneko laguntzaren zenbatekoaren %15, eta baldintza hauek bete behar ditu:

–Kontratazioa merkatuko ohiko baldintzekin bat egin beharko da.

–Kontratazioak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren adostasuna jaso beharko du.

b) Zeharkako kostuak.

Zeharkako kostuen barrenean daude bai gastu orokorrak, onuradunak betetzen dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera jakin bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz laguntzen den proiektua gauzatzeko.

Proiektu bakoitzean diruz laguntzen ahal diren zeharkako kostuek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira proiektuaren kostu osoaren %10etik gorakoak izanen.

6.2. Gastu hauetarako ez da diru-laguntzarik emanen:

–Herri bazkariak.

–Argitalpenen edo euskarri digitaleko materialaren edizioa.

–Web orrien eta sare sozialen mantentze lanak.

–Ikerketa eta ikasketa programak.

–Kirol edo eskola arloko jarduerak.

–Zinema jaialdiak eta lehiaketak, Foru Komunitatean 2017an egiten direnak.

–Ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak, salbu eta diru-laguntzaren xede den proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarrien erosketarako 6.1 puntuan ezarritakoa.

–Proiektua garatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak. Hortaz, kasu horretan, onuradunari eskatuko zaio eskaera alda dezala, konpromisoak eta baldintzak egokitzeko ematen ahal zaion diru-laguntzara. Doikuntza horretan, hala badagokio, zilegi izanen da diruz laguntzen ahal den jardueraren partidaren bat murriztea.

–Balio erantsiaren gaineko zerga, entitateak berreskura dezakeena, bai eta antzeko zergak ere.

–Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

7. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

7.1. Eskaerak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

7.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horren osatzaileen izenak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Honako hauek osatuko dute:

a) Batzordeko burua: Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria edo, bera izan ezean, Liburutegien/Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendaria.

b) Idazkaria: Kultura Herrikoiaren Bulegoko burua, edo, bera izan ezean, Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Ataleko teknikari bat; hitza izanen du baina botorik ez.

c) Batzordeko kideak: Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua, eta bera izan ezean, Arte Sorkuntzaren eta Hedapenaren Ataleko burua, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiko teknikari bat eta kultura eta/edo ekonomia kontuetan adituak diren beste bi pertsona, Nafarroako Kultura Kontseiluko kideak.

7.3. Balorazio eta esleipen prozesua.

1. fasea.–Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak, eskatzailea deialdian onartu baino lehen, betebeharrei buruzko dokumentazioa aztertuko du. Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, 5.7 puntuan zuzenketa egiteko adierazten dena eginen da.

2. fasea.–Onartutako proiektuak jasoko dituzte ebaluazio batzordeko kideek, balorazioa egiteko.

3. fasea.–Entitate eskatzaileek ebaluazio batzordearen aurrean defendatzen ahalko dituzte beren proiektuak, gehienez ere 15 minutuko azalpenak emanez. Entitate eskatzaile guztiek aukera izanen dute beren proiektua defendatzeko batzordearen aurrean, horrela eskatzen badute. Horretarako, I. eranskinean adierazi beharko dute, dagokion laukitxoan. Halaber, balorazio prozesu osoan zehar, batzordeak entitateen agerraldia eska dezake, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

4. fasea.–Batzordeak bilera eginen du, aurkeztutako eskabideen puntuazioa jarriko du, eta proposatuko du diru-laguntza bana dadila 8. atalean aipatzen den gutxieneko puntuazioa gainditzen duten proiektuen artean, lortutako puntuazioaren ordenan, 3. oinarrian ezarritakoari jarraikiz, deialdiaren partida agortu arte, baldin irizpide horiek gainditzen dituzten eskabideetako zenbatekoen batura txikiagoa bada deialdirako kreditua baino, edo hura adina.

Zenbateko hori deialdirako kreditua baino handiagoa bada, laguntzak hainbanatu eginen dira, balorazio prozesuan lortutako puntuazioaren arabera, 50 puntu baino gehiago izanik diru-laguntza jaso dezaketen eskaeren artean, 8.5 oinarrian adierazi bezala.

Horretarako, gutxieneko baldintzak gainditu eta 50 puntutik gora dituzten eskatzaile guztien arteko puntuak batuko dira. Erabilgarri dagoen kreditua zenbateko horrekin zatituko da, eta, hala, puntuaren balioa lortuko da. Eskatzaile bakoitzak jasoko duen zenbatekoa kalkulatzeko, balio hori lortutako puntuez biderkatuko da.

5. fasea.–Batzordeak irizpen loteslea emanen du.

7.4. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak, batzorde ebaluatzaileak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

8. Proiektuen balorazioa.

Proiektuen balorazioa errazteko, entitate eskatzaileak, I. eranskineko ereduaren araberako eskabideaz gain, deialdi honen II. eranskineko ereduaren araberako deskripzio-memoria aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak. Informazio ekonomikoa III. eranskinean (Informazio ekonomikoaren inprimakia) beteko da. Gastuek eta diru-sarrerek zenbateko bera izan beharko dute.

Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak:

8.1. Entitate eskatzailearen ibilbidea eta jarduna (10 puntu gehienez):

a) Entitatearen ibilbidea: Erakundeak jardunean emandako urte osoak. (2 puntu gehienez).

–10 urtetik gora: 2 puntu.

–Urte batetik 10 urtera bitarte: Puntu bat.

b) Entitatearen jarduera: Azkeneko hiru urte naturaletan egindako eta frogatutako jarduera garrantzitsuen kopurua. (8 puntu gehienez).

–Proiektuaren xedearekin zuzeneko lotura izanik egindako jarduera bakoitzeko puntu bat (erakusketa, ikuskizuna, hitzaldiak, hitzaldi/mintzaldi zikloa...), 8 puntu gehienez. (Jarduera hitzaldi/mintzaldi ziklo bat bada, gutxienez 5 saio izanen ditu; gutxiago baditu, puntuazioa proportzioan murriztuko da).

–Proiektuaren xedearekin zuzeneko lotura izan gabe egindako jarduera bakoitzeko puntu erdia (erakusketa, ikuskizuna, hitzaldiak, hitzaldi/mintzaldi zikloa...), 8 puntu gehienez. (Jarduera hitzaldi/mintzaldi ziklo bat bada, gutxienez 5 saio izanen ditu; gutxiago baditu, puntuazioa proportzioan murriztuko da).

8.2. Proiektua deialdiaren xedearekin, helburuarekin eta eremuarekin bat etortzea. (65 puntu gehienez).

8.2.1. Taldearen osaera eta gaitasuna (5 puntu gehienez). Taldekide bakoitzaren curriculum berariazkoaren bidez frogatuko da. Bakoitzaren curriculumaren gehieneko luzera: 2 folio.

8.2.2. Proiektua (45 puntu arte).

a) Proiektuaren kalitate orokorra: (30 puntu gehienez) (beharrezkoa da atal horretan 15 puntu lortzea gutxienez).

–Proiektuaren izena.

–Proiektuaren deskribapena (10 lerro).

–Proiektuaren helburuak.

–Ekintzak eta jarduerak.

–Proiektua gauzatzeko datak.

–Onuradunen ezaugarriak eta kopurua.

–Alderdi hauek ebaluatzeko bide emanen duten adierazle kuantitatiboak eta kualitatiboak: lortu nahi den emaitza, proiektuaren garrantzia eta egokitasuna kultura tradizionalaren ikuspuntutik eta lurraldean, proiektuaren edukien eta helburuen arteko koherentzia, proiektuaren interes kulturala.

b) Euskararen presentzia proiektuaren edukiak eta/edo haren zabalkundean eta sustapenean (8 puntu gehienez). (8 puntu gehienez).

–Euskara erabiltzea jarduerak zabaltzean, edozein euskarritan.

–Proiektuaren zabalpena ele bitan egitea.

–Proiektu artistikoan euskara erabiltzea.

–Jarduera euskaraz egitea.

–Euskara erabiltzea proiektuko komunikazio-hizkuntza gisa.

c) Proiektuaren zabalkundea: Komunikazio, marketin eta publizitate plana (7 puntu gehienez).

8.2.3. Proiektuaren hartzaileekin loturiko kudeaketa estrategiak (15 puntu).

8.2.3.1. Proiektuari erantsitako ekintza pedagogikoak. (5 puntu gehienez).

8.2.3.2. Zailtasun fisikoak edo psikosozialak dituen jendearentzako irisgarritasuneko ekintzak. (5 puntu gehienez).

a) Proiektuaren publiko objektiboa.

b) Inklusio eta irisgarritasun aktiboa (ekintza zehatzen bidez, zailtasun fisikoak eta psikosozialak dituzten publikoetara iristea): ekintza kopurua, publiko mota, kalkulatutako publikoa.

8.2.3.3. Ekintza berritzaileak (hizkera berriak, ikuspegi berriak...) (5 puntu).

a) Proiektuaren eremuari dagokionez.

b) Elkarte eremuari dagokionez (entitateak egindako jardueran).

8.3. Proiektuaren bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa. (25 puntu gehienez).

8.3.1. Proiektu osoaren kostuarekin alderatuta, eskatzen den diru-laguntzaren portzentajea. (9 puntu gehienez).

–%60ra artekoa: 9 puntu.

–%60tik gora %65 arte: 5 puntu.

–%65etik gora %70 arte: 2 puntu.

8.3.2. Proiektuaren guztirakoaren gainean bermatu edo berretsitako finantzaketaren portzentajea, diru-laguntza hau kenduta. Hurrengo dokumentuetakoren bat beharko da aurkeztu: baliabide berekiak (bankuko dokumentua edo zinpeko aitorpena, entitatearen legezko ordezkariak egina), maileguak, jarduteko kontratuak (kuantifikatuta eta sinatuta), berretsitako diru-laguntzak (haiek ematen dituen ebazpena), entitateari laguntza ekonomikoa emanen dioten entitateen ziurtagiri kuantifikatuak (Vianako Printzea Erakundea-Kultur Zuzendaritza Nagusiarekin hitzarmena sinatuz gero). (8 puntu gehienez).

–%50etik gora: 8 puntu.

–%41etik %50 arte: 6 puntu.

–%31tik %41 arte: 4 puntu.

–%21etik %31 arte: 2 puntu.

–%11tik %21 arte: Puntu 1.

8.3.3. Diru-sarrera eta gastuen egituraren koherentzia. (8 puntu gehienez).

8.4. Proiektuen balorazioa egin ahal izateko, entitate eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriako ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak. Informazio ekonomikoa III. eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian osatuko da.

8.5. Aurreko irizpideak aplikatuta, gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.

Diru-laguntza jasotzeko, proiektuek 50 puntu lortu beharko dituzte gutxienez. 50 puntu horietatik, gutxienez 15 puntu izanen dira proiektuaren kalitate orokorraren atalari dagozkionak (8.2.2 a).

8.6. Betetzen ez diren datuak edo oker betetzen direnak edo neurriz gainekoak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

9. Diru-laguntza emateko ebazpena.

9.1. Laguntzak Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez ere lau hilabeteko epean. Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Diru-laguntza hau emateko prozedurako ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratuko dira (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

Gainera, eskatzaileak berak emandako posta elektronikoaren helbidea baliatuko da eskatzaile bakoitzari jakinarazteko. Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko iragarki oholean ere jarriko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea, 39 Iruña).

9.3. Berariazko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariari zuzendua, noiznahi isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Deialdi honi buruzko komunikazio oro bideratu beharko da Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Erregistro Orokor Elektronikoan.

9.5. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, hura kudeatzen duen organora jo daiteke, posta elektronikoko helbide honen bidez: cooperación.innovacion@navarra.es.

10. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, Kultur Mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuek interes soziala dute foru lege horrek dohaintzei, erabilera mailegu edo komodatuei eta lankidetza-hitzarmenei ezartzen dizkien zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako, baita sozietateen gaineko zergaren araudiak babes-kontratuen ondoriozko publizitate gastuei ezartzen dizkien kenkarien aplikazioaren ondorioetarako ere.

10.2. Kultur mezenasgorako zerga-pizgarriak aplikatuko dira baldin eta onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta aplikatu behar den gainerako araudian ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte. Bereziki, Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen badituzte, alegia, ziurtagiriak luzatzeari eta kasuan kasuko informazioa Nafarroako Zerga Ogasunari bidaltzeari buruzkoak. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10.3. Halaber, proiektuak egiten laguntzeko mezenasgo edo babesletzako ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

–Mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak zehaztea 13.1 oinarrian aipatzen den azken memorian, eta laguntza horiek diruz lagundutako proiektua gauzatzeko izan duten eragina ebaluatzea.

–Diruz lagundutako proiektuaren babesletza-kontratuen kopia igortzea, honako hauek adierazita: kontratugileen eta kontratua sinatzen dutenen identifikazioa, kontratuaren xedea, iraunaldia eta egikaritze-epea, bai eta babesletzaren onuradunak publizitatearen kontzeptu gisa urte bakoitzean guztira jasoko duen zenbatekoa ere.

11. Onuradunen betebeharrak.

11.1. Interesdunek diru-laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dute diru-laguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena eta, hala badagokio, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/. Edo Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalaren bidez, deialdi hau kudeatzen baitu.

Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako diru-laguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.2. Deialdi honen barnean diruz laguntzen den proiekturako soilik erabiltzea laguntza eta, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako beharkizunak betetzea.

11.3. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin den.

11.4. Laguntza jasotzen duten proiektuak entitate eskatzailearen eta Nafarroako Gobernuaren artean lankidetzan egindako proiektuak direla ulertuko da. Bi aldeek proiektuen zabalkunderako ekintzak gauzatzen ahalko dituzte, aldez aurretik adostuta.

11.5. Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Proiektuan edozein aldaketa egiteko organo kudeatzailearen adostasuna beharko da, eta horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak ez badu proiektua funtsean aldatzen.

11.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso duela. Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta jasotako finantzaketa edo diru-laguntza deskribatzen duen testu bat ezarri. Logotipoa jartzeko jarraibideak kontsultatu daitezke Nafarroako Gobernuko web-orrian (http://www.navarra.es/home_eu/Gobierno+de+Navarra/Simbolo+oficial/) eta/edo Argitalpen Atalaren bidez.

Ekitaldia diru-laguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, diru-laguntza eman bezain laster aldatuko da, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartuko, aurreko ataleko baldintzei jarraituz.

11.7. Noiznahi ere onartzea Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten duen egiaztapen lana.

11.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultura Sustapenaren eta Berrikuntzaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

11.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, deialdietako oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.

11.10. Jasotako funtsen aplikazioaren egiaztagiriak, agiri elektronikoak barne direla, behar adina denbora iragan arte gordetzea, egiaztapen eta kontroletan erabili ahal izan daitezen.

11.11. Entitateak garaiz eman beharko du egiten dituen jarduerei buruzko informazioa, aldian behin Nafarroako Gobernuaren web-ean eta beste baliabide batzuetan zabal dadin.

11.12. Entitateak ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko du proiektua amaituta. Txosten horretan, proiektuaren alderdiak noraino bete diren adieraziko du, hasieran aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta.

12. Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

12.1. Oro har:

Oro har, behin entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, aurrekontuaren %25, %50, %75 eta %100 betetakoan, hurrenez hurren.

Entitateak ondoko dokumentazioa aurkeztuko du justifikazio partzialean edo bukaerako justifikazioan:

a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta, egindako gastuen fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko frogagirien eta egindako ordainketen frogagirien zerrenda zehaztua, zenbakiz zenbaki emana, honako hauek adierazita: hornitzailea/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta osoa), ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko frogagiriak eta egindako ordainketen frogagiriak, diru-laguntzaren helburua betetzen dela frogatzen dutenak.

c) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagiriaren bidez frogatuko dira. Zenbateko hori edo txikiagoa duten gastuen kasuan, berriz, fakturen bidez edo balio frogagarri bera duten gainerako dokumentuen bidez frogatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

e) Egindako jarduketak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

12.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren.

Entitateak ondoko dokumentazioa aurkeztuko du justifikazioetan:

a) Gastuen fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailea/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta osoa); zerrenda Excel formatuan igorriko da.

b) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko frogagiriak, diru-laguntzaren helburua betetzen dela frogatzen dutenak.

c) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, baliabide berekiekin, besteren baliabideekin edo beste diru-laguntza batzuekin finantzatu direnean, diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

d) Egindako jarduketak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalak aldeko txostena eman ondoren ordainduko da laguntza.

12.3. Salbuespenez:

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako diru-laguntzaren %50 aurreratuta, gehienez ere.

Horretarako, entitateak Baliabideen eta Garapen Estrategikoaren Atalari eskatu beharko dio, diru-laguntzaren helburuak betetzeko funtsik ez duela frogatzeko dokumentazio egokia aurkeztuz: egoera-balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, ordaintzeko dauzkan gastuak eta jasotzeko dauzkan ordainketak, proiektuarekin lotutakoak.

13. Justifikatzeko epeak eta modua.

13.1. Aurreko atalean aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, diru-laguntzaren likidaziorako onuradunek, 2017ko azaroaren 10a arte, hori barne, aurkeztu beharko dituzte erregistro bidez ondoan adierazten diren egiaztagiriak:

a) Proiektuaren azken txostena eta proiektuan egindako jardueren ebaluazio txostena.

b) Inprimatutako elementuak eta publizitatekoak.

c) Ekitaldiko urteko kontuak.

d) 12.1. oinarrian adierazitako dokumentazioa.

Ordainketa partzialen bat edo konturako ordainketaren bat egina badago, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

13.2. Ezarritako epean, edo zuzenketak egiteko ematen den epean, justifikatu ezean, justifikatu gabeko gastuak eta ordainketak kobratzeko eskubidea galduko da.

13.3. Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

13.4. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Halaber, ordainketaren justifikazioek gastuaren zenbatekoa jaso beharko dute.

13.5. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntzaren kontzesioan aipatzen den portzentajea aplikatuko zaie onartutako gastuen frogagiriei, jarduera egin eta gero onartutakoei, ordainketaren frogagiriak badituzte.

14. Beste diru-laguntza batzuk jasotzea eta haiekiko bateragarritasuna.

14.1. Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak. Bateraezina izanen da proiektu bera Nafarroako Gobernuaren deialdi batean baino gehiagotan aurkeztea. Diru-laguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

14.2. Nafarroako 2017ko aurrekontu orokorretan kontu-sail izenduna duten kultur entitateek ezin izanen dituzte laguntza hauek eskatu.

15. Dirua itzultzea.

Onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatzen ahalko zaio, bai eta diru-laguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 35. artikuluarekin bat.

16. Arau-hausteak eta zehapenak.

16.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

16.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

17. Hornitzaileak kontratatzea.

Diru-laguntza jaso dezakeen kostua 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipamenduko ondasunen horniduraren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresen zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu beharko du, organo emailearen aurrean, hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu duela.

Baldintza hori betetzen dela ulertuko da gutxienez hiru eskaintza eskatu, eta jasotako proposamenetatik onena hautatzen denean, salbu eta, diruz lagun daitezkeen gastuen ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hura hornitu edo ematen duten entitate kopuru nahikoa, edo gastua diru-laguntza eskatu aurretik egina bada.

18. Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

19. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua.

II. ERANSKINA

Proiektuaren deskripzio-memoria.

III. ERANSKINA

Aurrekontua-Laburpena-Proiektuko langileen zerrenda.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1704376