83. ALDIZKARIA - 2017ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

160/2017 FORU AGINDUA, apirilaren 6koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, “Alokairu Poltsa” izeneko etxebizitza programan sartzeko Navarra de Suelo y Vivienda SAri (NASUVINSA) etxebizitza lagatzen dioten etxejabeei diru-laguntza emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onesten dituena.

Espainiako Konstituzioko 47. artikuluak aitortzen du espainiar guztiek etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea dutela eta horrek, halaber, botere publikoei esleitzen die eskubide hori gauzatzeko zeregina.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.1 artikuluan ezartzen denez, Nafarroako Foru Komunitateak etxebizitzari buruzko eskumena dauka eta, Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea aplikatuz, etxebizitza duin eta egokiaz gozatzeko eskubide konstituzionala bermatzeko behar diren neurriak hartzen ditu.

Lege horren 13. artikuluak Alokairu Poltsaren programa aurreikusten du; honako hau: etxebizitza hutsak dituzten etxejabeek horiek NASUVINSAri lagatzea, ondoren arrazoizko prezioetan errentan emateko.

Egiaztatu denez etxebizitza babestuaren eskaintza ez dela nahikoa eskaera osoari erantzuteko, ekimen honen bidez Alokairu Poltsako etxebizitzen eskaintza nagusitu edo sustatu nahi da. Beraz, foru agindu honen xedea da Alokairu Poltsan sartzeko eta ondoren arrazoizko prezioetan beharra duten pertsonei eta familiei errentan emateko etxebizitza hutsa lagatzen duten etxejabeei laguntza ekonomiko zuzenak, ordainketa bakarrekoak, emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea.

Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, espedienteak tramitatu eta ebatziko baitira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.

Espedientean dauden txosten tekniko eta juridikoak ikusirik, non agerian gelditzen baita laguntzak ematea egokia eta interes sozialekoa dela eta oinarri arautzaileak legezkoak direla, eta ikusirik, orobat, Nafarroako Gobernuaren 2017ko apirilaren 5eko Erabakia, laguntza hauek banakako ebaluazio araubidearen bitartez tramitatzea baimentzen duena.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. “Alokairu Poltsa” izeneko etxebizitza programan sartzeko Navarra de Suelo y Vivienda SAri (NASUVINSA) etxebizitza lagatzen dioten etxejabeei diru-laguntza emateko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea. Deialdiaren testua foru agindu honen eranskinean erantsi da.

2. 260.000 euroko gastua baimentzea “Alokairu Poltsari atxikitako etxebizitzen jabeendako diru-laguntzak” izeneko 900007-91200-4809-261402 aurrekontuko partidaren kargura.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari, Etxebizitza Zerbitzuari, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuak departamentuan duen Kontu-hartzailetzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2017ko apirilaren 6an.–Eskubide Sozialetako Departamentuko kontseilaria, Miguel Laparra Navarro.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, etxebizitza alokairu poltsarako lagatzen duten etxejabeei diru-laguntza emateko

Lehena.–Erabilera publikoko xede eta helburua.

Oinarri hauen helburua da etxejabe partikularren etxebizitzak lortzeko diru-laguntzen arauak ematea, etxebizitza horiek Alokairu Poltsan sartzeko, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak eta Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko 10/2010 Foru Legearen 13. artikuluak xedaturikoarekin bat.

Etxebizitzak errentan eta arrazoizko prezioetan eskuratzeko eskari handia dago, hazten ari da gainera eskaria, Alokairu Poltsaren bidez etxebizitza hutsak lortzeak ez baititu bilatzen ziren helburuak erdiesten. Areago, Nafarroan alokairuen prezioak igoera nabarmena izan du.

Premia hori asetzea da gaur gaurkoz Nafarroako Gobernuaren etxebizitza politikaren zeregin nagusia. Hori dela kausa, neurri sorta bat hartu da, eskura dauden etxebizitzen parkea zabaldu eta arrazoizko prezioetan errentan emateko. Baina emaitzak ez dira esperotakoak izan.

Horregatik, diru-laguntza honekin xedea da sustatzea NASUVINSAri etxebizitzak lagatzea, “Alokairu Poltsa” izeneko etxebizitza programan sartzeko. Erabilera publikoko xedea da etxebizitzak errentan eta arrazoizko prezioetan eskuratzeko dagoen eskari handiari hobeki erantzun ahal izatea.

Bigarrena.–Pertsona onuradunak eta diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Laguntzen onuradun izanen dira NASUVINSArekin (hura baita Alokairu Poltsaren organo kudeatzailea) etxebizitza lagatzeko kontratua sinatzen duten etxejabeak, Alokairu Poltsan sartua izan dadin, beti ere etxebizitza gehienez ere hiru hilabeteko epean alokatzen bada, bederatzigarren klausulan ezarritakoa alde batera utzi gabe.

Diruz lagundu daitekeen jarduera NASUVINSAren eta lagatako etxebizitzaren maizterraren arteko errentamendu kontratua ikus-onestea da. Lagatze kontratua sinatu eta hiru hilabete joan badira etxebizitza alokatu gabe, ez da diru-laguntzarik ordainduko.

Hirugarrena.–Diru-laguntzaren zenbatekoa.

3.1. Hasiera batez xede honetarako bideraturiko diru kopurua 260.000 eurokoa izanen da. Diru hori 2017ko Gastuen Aurrekontuko “Alokairu Poltsari atxikitako etxebizitzen jabeendako diru-laguntzak” izeneko 900007 91200 4809 261402 zenbakidun aurrekontuko kontu-sailean izanen da eskuragarri.

3.2. Etxebizitza bakoitzaren titularrak diru-laguntza gisa jasoko duen zenbatekoa NASUVINSArekin adosturiko errentaren hiru hileko kuotaren baliokidea izanen da, eta ordainketa bakarrean ordainduko da.

3.3. Etxebizitzaren titularrari hileko errenta gisa ordaindu beharreko kopuruak zehazteko, ondoko prezioak finkatu dira:

UDALERRIAK

ETXEBIZITZA

GARAJEA

TRASTELEKUA

Iruñerria, Tutera, Lizarra eta Tafalla

5 euro/m² erabilgarri

50 euro

2 euro/m² erabilgarri

10.000 biztanletik beherako beste udalerri batzuk

4 euro/m² erabilgarri

30 euro

1 euro/m² erabilgarri

5.000 biztanletik beherako beste udalerri batzuk

3 euro/m² erabilgarri

30 euro

1 euro/m² erabilgarri

Prezio horiek zehaztu ziren Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako Zuzendari Nagusiaren abenduaren 30eko 2587/2016 Ebazpenaren bidez onetsi zenean NASUVINSAri esleitzea erabilitako etxebizitzak alokatzeko programa garatzeko lanak 2017rako, aurkezturiko proposamenarekin eta klausula arauemaileen agiriarekin bat.

Etxebizitzaren titularrari hileko errenta gisa ordaindu beharreko gehieneko zenbatekoa erdietsiko da taulan adierazitako prezioak bider etxebizitzaren metro baliagarriak egitean (90 metro gehienez ere), gehi garaje bakar bati dagokion zenbatekoa (halakorik balego) eta gehienez ere 15 metro baliagarriko trastelekua. Zenbateko hori bider hiru izanen da emandako diru-laguntzaren zenbatekoa. NASUVINSAk ondoren etxejabeei hileko errenta gisa emandako prezioan diren gorabeherek inola ere ez dituzte aldatuko hemen diru-laguntza gisa ezarrita dauden zenbatekoak.

Iruñerrian sartutako udalerriak Iruñea bera eta Nafarroako Lurralde Estrategiako 10. eremuko 10.4 azpieremuan dauden udalerriak dira (Antsoain, Aranguren, Barañain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Zizur, Eguesibar, Galar, Uharte, Noain Elortzibar, Oltza, Orkoien, Atarrabia, Zizur Nagusia).

Udalerrietako biztanleriaren kopuruak zehazteko Estatistikako Institutu Nazionalak 2016ko urtarrilaren 1eko datarekin argitaratzen dituenak hartuko dira.

Laugarrena.–Onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntza jasotzen duten pertsonek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Pertsona fisikoak eta adinez nagusiak izatea, beharkizunak jartzeko gaitasunarekin.

b) Beren jabetzako etxebizitza lagatzeko kontratua NASUVINSArekin sinatua izatea, etxebizitza Alokairu Poltsan sartzeko, behin deialdia (osoa edo laburtua) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren. Egiaztatzeko, eskabidean kontratuaren kopia aurkeztu beharko da.

c) Eskabidea 30 egun naturalen barruan egitea, etxebizitza lagatzeko kontratua NASUVINSArekin sinatu eta biharamunetik kontatzen hasita.

d) Salmenta eta errenta prezioan mugarik ez duen etxebizitza baten titularrak izatea. Salmenta eta errenta prezioa mugatua duten babes ofizialeko etxebizitzen kasuan bost urte iragan beharko dira behin betiko kalifikaziotik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik edo laburturik Oinarri hauek argitaratu aurretik.

e) Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak eta zerga arlokoak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak eguneratuak izatea.

f) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko gainerako betebeharrak betetzea.

Aipaturiko betebeharrak eskabidea aurkezteko unean bete beharko dira. Eskabidea oinarri hauen II. eranskinean dagoen eredu normalizatuarekin bat bete beharko da eta diru-laguntza ordaindu arte iraun beharko dute.

Bosgarrena.–Diru-laguntzak emateko prozedura.

Diru-laguntzak banakako ebaluazio sistemaren bidez emanen dira, eskabideak aurkezteko ordenari zorrozki jarraikiz, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, eta osoki ordainduko dira betebeharrak betetzen dituzten eskabide guztiak, xedaturiko kreditua agortu arte.

Seigarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

1.–Laguntza-eskabideak, eskatzaileak eta, zein den kasua, bere ordezkariak bete eta sinatuak, eredu normalizatuan aurkeztuko dira (II. eranskinean dago), eskatzen den dokumentazioarekin batera.

2.–Eskabideak aurkezteko epea 2017ko abenduaren 1ean bukatuko da. Eskabideak Etxebizitza Zerbitzuaren Erregistroan (Alondegi kalea 1, 1.a, 31002 Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako tokietan aurkez daitezke, Etxebizitza Zerbitzuari zuzenduta.

3.–Eskabidea aurkeztearekin baimena ematen zaio organo kudeatzaileari laguntzari buruzko datuak tramitatu eta egiaztatzeko beharrezko informazioa lor dezan, bai Zerga Ogasunetik, bai espedientearen gaineko ebazpena emateko eta eskatzaileak alegatutako datuak egiaztatzeko baliagarri gerta daitezkeen argibideak eman ditzakeen beste edozein erakunde publikotatik zein pribatutatik, zuzenean nahiz telematika bidez.

4.–Eskaerak aipatu diren baldintzak betetzen ez baditu, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun baliodunetan okerra zuzendu dezan, eta hala egin ezean, eskaera bertan behera geldituko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

Zazpigarrena.–Antolamendua eta instrukzioa.

Etxebizitza Zerbitzuko Laguntzen eta Plangintzen Atalari esleitzen zaizkio laguntzak emateko prozedura antolatzeko eginkizunak eta eskabideen ebaluazioa ofizioz egin beharko du, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat.

Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, hau da, espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Deialdi honetarako aurrekontu erabilgarria agortzen bada, eskaerak ezetsi eginen dira.

Zortzigarrena.–Ebazpena.

Diru-laguntzak Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariak hala proposaturik (azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 7. artikulua, Nafarroako Foru Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluarekin eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren 4. artikuluarekin bat). Eskabidearen sarrera datatik hiru hilabeteko epean arrazoitutako ebazpena eman beharko du. Aipaturiko epean berariazko ebazpenik ez bada, ezetsita geldituko da eskabidea, bederatzigarren klausulan ezarritakoari deusetan kalterik egin gabe.

Bederatzigarrena.–Diru-laguntza nola eta noiz ordainduko den.

Behin diru-laguntzak ematea erabaki dela, ordainketa ofizioz eginen da, ordainketa bakarrean, Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariak hala proposaturik (Nafarroako Foru Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikulua, Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 28ko 128/2015 Foru Dekretuaren 4. artikuluarekin bat), behin NASUVINSAren eta dagokion maizterraren artean sinaturiko errentamendu kontratua ikus-onetsita dagoenean.

Ez da diru-laguntza ordainduko errentamendu kontratua 2017ko abenduaren 20a baino beranduago aurkezten bada, ikus-onetsia izateko. Aipaturiko eperako diru-laguntza emateko ebazpena ez duten eskabideak baztertutakotzat joko dira.

Prozedura hasten duen eskabidea aurkeztu eta hiru hilabete iragan direnean, ez bada errentamendu kontratua administrazioren ikus-onespenerako aurkeztu, ez da diru-laguntza ordainduko.

Hamargarrena.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Nafarroako Gobernuak emandako diru-laguntza bateraezina da berak edo beste erakunde batzuek etxebizitza hutsak merkaturatzea eta errentamenduan paratzea errazteko eman ditzaketenekin.

Hamaikagarrena.–Onuradunaren betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

Etxebizitza NASUVINSAri bost urte eta sei hilabeteko tarterako laga beharko zaio. Maizterrak etxebizitza uzten badu lagatze kontratuko hiru urteko epea iragan aurretik, etxebizitzaren titularrak lagatze kontratu berri bat sinatu beharko du, berriz ere bost urte eta sei hilabeteko tarterako. Bestela, jasotako diru-laguntza itzuli beharko du, bere osotasunean.

Hamabigarrena.–Itzulketa.

Onuradunak oinarri hauetan berariaz ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren gainerako kausak gertatuz gero, hartutako diru kopurua itzuli egin beharko da, osorik edo hein batean.

Hamahirugarrena.–Errekurtsoen araubidea.

1.–Oinarri arautzaile hauen kontra bidezkoa da Administrazio Publiko ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Administrazio Publikoek deialdi honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

2.–Diru-laguntza emateko ebazpen berariazkoaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, jakinarazi eta hilabeteko epean, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoarekin bat.

Hamalaugarrena.–Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen 20. artikuluan xedatutakoarekin bat, Eskubide Sozialetako Departamentuak etxebizitza gaietarako informazio webgunean (www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/) eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiko Atarian (http://gobiernoabierto.navarra.es/eu) argitaratuko ditu 2017. urtean zehar emandako diru-laguntzak, onuradunak (IFZ eta izen-deiturak) eta jasotako kopurua behar bezala identifikaturik.

Hamabosgarrena.–Diru-laguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraituko zaie.

II. ERANSKINA

Etxebizitzak Alokairu Poltsarako lagatzeko etxejabeendako diru-laguntza eskuratzeko eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1704495