78. ALDIZKARIA - 2017ko apirilaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Deialdiaren laburpena, gazteek proiektu kultural eta artistikoak euskaraz sortu eta produzitzeko laguntzena

Oharra: testu osoa Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/index): BDNS (Identifikazioa): 342167.

Deialdi honen xedea da deialdiaren B) atalean ageri diren jarduketak egiteko diru-laguntzak norgehiagokako araubidean emateko prozedura garatzea, Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko ordenantza orokorrean xedatutakoari jarraikiz; hori hasiera batean onetsi zen Udalak 2005eko azaroaren 3an egindako osoko bilkuran, eta behin betikoa bihurtu da, ez baita erreklamaziorik aurkeztu jendaurreko aldian. Deialdi honetan aurreikusi ez den orotan, Diru-laguntzen ordenantza orokorrean ezarritako manuak aplikatuko dira. (2006ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 17an).

A.–Deialdia egin duen entitatea:

1. Deialdia egin duen Administrazioa:

Iruñeko Udala.

2. Organo emailea:

Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzigo delegatua.

3. Alor kudeatzailea:

Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorra.

4. Instrukzio organoa:

Diru-laguntza kudeatzen duen alorreko Idazkaritza Teknikoa.

B.–Diru-laguntzaren xedea, baldintzak, betekizunak eta helburua:

1. Deialdiaren xedea:

Deialdi honen xedea da Iruñeko 16 eta 35 urte bitarteko gazteei laguntza ematea, produktu artistiko eta kulturalak euskaraz sortu eta egin ditzaten.

2. Deialdiaren helburua:

Hirian euskararen erabilera areagotzea sustatzea, produkzio artistikoaren eta kulturalaren esparruan eraginez, hala amaierako produktuan nola sormen prozesuan.

3. Diruz lagun daitezkeen ekintzak/proiektuak/jokabideak/jarduerak egiteko baldintzak, betekizunak eta epea:

Diruz lagunduko diren proiektu artistikoak eta kulturalak 2017an egindakoak eta pleguko baldintzak betetzen dituztenak izanen dira. Laguntzak ezaugarri hauek betetzen dituzten proiektu artistiko eta kulturalendako izanen dira: komunikazio hizkuntza euskara izatea, gazte taldeek antolatuak izatea eta entitate publikoek edo pribatuek dagoeneko antolatutako jardueretan sarturik ez egotea. Proiektuek taldea egonkortzen lagundu behar dute, bai sormen artistikoari eta kulturalari dagokionez, baita taldekideen garapen pertsonalari dagokionez ere, eta proposatutako jarduerak euskaraz garatzea ahalbidetuko dute, taldekideen arteko ohiko harremanerako hizkuntza gisa finkatzeko moduan. Proiektuek sormena lantzeko helburua izan beharko dute eta amaierako emaitza bat erdietsi. Jarduerak sortzailetasun artistikoaren eta kulturalaren ezein esparrutakoak izan daitezke: musika, antzerkia, zinea, ikus-entzunezkoak, dantza, jarduera literarioak, arte plastikoak, berezko ohitura kulturalak, eta abar, betiere hizkuntzaren erabilera jardueraren ardatz izanik. Proiektuan parte hartzen dutenek konpromisoa hartzen dute garapenaren fase guztietan euskaraz aritzeko, ez soilik amaierako produktuan.

Jarduerak norberak sortuak izan behar dute. Edozein kasutan, taldearen berezko lan baten sorkuntza eta garapena izan beharko dute. Proiektuak amaieran jendaurrean aurkezteko moduko jarduera bat izan beharko du.

Kanpo geratzen dira josteta izaera edo jai-girokoa duten jarduerak, helburu bakarra horien beraien antolakuntza denean. Hala berean, sortze prozesuarekin zuzeneko harremanik ez duten desplazamendu eta bidaiak. Laguntza hauek beste entitate batzuen laguntza, diru-laguntza edo sariekin bateragarriak dira, baldin eta proiektuaren kostuaren osotasuna estaltzen ez badute eta jasotako kopurua aitortzen da.

Iruñean, 2017ko apirilaren 10ean.–Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi delegatua, Maider Beloki Unzu.

Iragarkiaren kodea: L1704577